Hasiera »
Julen Leuzaren bloga - Zenonen larraindantza
Julen Leuza
Folklorea eta musika, orokorrean. Soinutresnak jotzea, kantatzea eta dantzatzea gustoko dut, eta idaztea baino hobe egiten ditut gauza horiek, beraz blog hau nire errealitatearen isla txiki bat besterik ez da izango. Traizioa tradizio bihurtuko dugu. Iruñea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Julen Leuza(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Iñaki(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Jon Torner(e)k Futbolari buruzko 4 kantu paregabe bidalketan
- Inaxio Esnaola(e)k A ze lotsa bidalketan
- Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz | Hitz eta Pitz(e)k A ze lotsa bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko otsaila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko otsaila
- 2012(e)ko abendua
Hemen da Txirrinka ekimenaren abestia
2016-05-02 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
AHT eta gainontzeko Euskal Herriko proiektu txikitzaileak salatzeko sortu da Txirrinka ekimena. Maiatzaren 20, 21 eta 22an martxa ekologista erraldoia egitea dute helburu, txirrindulaz Bergarara helduko diren lau zutaberekin (Iruñea, Gasteiz, Hendaia eta Muskizetik abiatuko direnak), “Lurra zaindu, eredu soziala borrokatu” lelopean.
Ekimena sustatzeko, Los Zopilotes Txirriaos rantxera talde nafarrak kanta plazaratu berri du: “Txirrinkak hartu ta goazen”. Hona kanta eta ekimenaren bloga.
GEORGE MARTIN HIL DA. BOSGARREN BEATLEA? LEHENA AKASO
2016-03-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
George Martin (eskuinean), Paul McCartney eta John Lennonekin estudio saio batean.
Games of Thrones frankiziaren zaleek susto ederra hartuko zuten gaur, baina ez kezka, ez baikara George R. R. Martini buruz mintza.
The Beatles taldearen ekoizle nagusi izan zen George Martin hil berri da, 90 urte zituela. Taldearen disko guztiak ekoiztu zituen bakarra izan ezik, Let It Be (1970), Phil Spector polemikoak Estatu Batuetan ekoiztu zuena.
Martin zen taldearen aita, maisu eta zuzendaria. Lehen disko eta singleetan bere esku akademikoak izan zituen apaindurak argi ikus daitezke, bera baitzen armonia, konposizio eta kontrapuntuan ezagutzak zituen bakarra. Adibide dugu From Me To You kantuan (DO maiorrean dago) bat-batean agertzen den Sol menor akorde hura, hartara DoM7ra doana FaM-en amaitzeko: (sII – D7)=S notazio funtzionalean. Ziurrenez Help! kantuko #Dom (dIII) eta Yesterday kantuaren Mim – LaM7 (sII – D7) = tVI akordeen atzean bera ere egonen zen, beste aunitz beste. Eta zergatik garrantzi hori eta azalpen pedante hauek akordeen inguruan? Ba, Paul McCartney berak sarritan aitortu bezala, kantu horien akorde miragarri hauek izan zirelako taldearen arrakastaren arrazoi sendo eta nabarmenak The Beatlesen arrakastaren lehen urteetan.
Bera izan zen ere lehen diskoan Twist and Shout sartzera animatu zituena, edo And I Love Her balada Los Panchos taldearena zirudien boleroa bihurtu zuena. Bera izan zen Yesterday bezalako kantu goxoetarako orkestrazioak moldatu zituena, edo All You Need is Love kantuaren hasieran La Marseillaise ereserkia sartu zuena, Penny Lane abestian entzuten dugun tronpeta pikoloaren soloa bezala. Orokorrean, estudioetan hartu izan ziren musika erabaki garrantzitsuenen burua, eta horrek historiak izan duen fenomeno musikal handienaren arduradun nagusi bihurtzen du, musika kontu zehatzetan oinarritzen bagara behintzat.
Hain izan zen musikariaren emate eta laguntza handia, taldeak berarekin lan egin zuela beti, aipaturiko disko bakarrean izan ezik. Baina, zale askok dakiten bezala, Let It Be Liverpoolekoen argitaratutako azken lana izan bazen ere, ez zen azken grabazioa izan. Alegia, McCartney lanarekin kontent ez eta, grabatu zuten azkena Abbey Road (1969) izan zen, Martin aitaren besoetara bueltatuz, eta haien betiko estudioa lanaren izenburu eta portadan hilezkortuz, Let It Beko grabazioak hurrengo urtean argitaratzeko utziz.
Paul McCartney eta John Lennonen talentu nabarmen eta baloratua ezin uka daiteke, baina Caesari quod est Caesaris, lagunok. Ni bezalako graziarik gabeko graziosoek, gure Beatle gustukoena esatera goazenean beti esan eta esango dugu, zalantzarik gabe: George Martin.
Oskorri eta euskara
2015-12-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Aunitz dira Oskorrik euskarari edo euskararen inguruan egindako kantuak. Taldearen amaiera aitzaki, euskararen egunean gogorarazteko aproposak ditugu hurrengoak.
1. Zergatik zara zu mitozale
Musika: Natxo de Felipe / Hitzak: Mikel Zarate / Diska: “…eta Oskorri sortu zen” (1981)
Oskorriren lehenetariko kantu bat, hasierako garaian zentsura arazoengatik grabatu ezin izan zena. Garbikeriaren kontra (taldeak fermuki mantendu duen jarrera), halakoak entzun daitezke: Garbikeri mito motza, hizkuntzen heriotza. / Zarata asko, ekintza gutxi, ametsa ta ametsa.
https://www.youtube.com/watch?v=D4Jy2jFSqMY2- Sautrela
Musika: Natxo de Felipe / Hitzak: Bernat Etxepare-Gabriel Aresti / Diska: “Mosen Bernat Etxepare” (1977)
Azken Korrikaren kantuan erabili den doinua, jakina denez, euskarazko lehen liburuko poema ezagunari Oskorrik egindakoa izan zen. Hona 1987ko zuzeneko bertsioa.
https://www.youtube.com/watch?v=IeUf1jDjboI3- Euskal Herrian euskaraz
Musika: Natxo de Felipe / Hitzak: Xabier Amuriza / Diska: “Adio Kattalina” (1982)
Aurkezpenik ez du behar.
4- Euskaldun berriaren balada
Musika: Natxo de Felipe / Hitzak: Jon Sarasua / Diska: “Badok hamahiru” (1992)
Sarasuak umore handiz islatzen du kantu honetan euskaldun berria izatea zein gogorra eta desesperantea den: Pegatak ipintzen ta dirua biltzen… Nola sartu nintzen ez dut konprenitzen.
Ezin ahantzi Fermin Muguruzak 1996an, taldearen 25 urteurreneko kontzertuan emandako bertsioa.
5- Euskal euskaldunaren balada
Musika: Natxo de Felipe / Hitzak: Koldo Izagirre / Diska: “Landalan” (1995)
Tonoa lasaituz, baina ironia galdu gabe, euskaldun petoei eskeinitako balada xarmanta: Entzuten duzu alboka Durangon dela azoka, hantxe naiz ni ukondoka.
6- Bil bil bil
Musika: G. Lertxundi / Hitzak: J. Diharce “Iratzeder” / Diska: “Marijan kanta zan” (1997)
Kukubiltxorekin egindako bigarren haur ikuskizuneko kantua. Euskara gabe ez bailitaike Euskal Herria Euskal Herri.
https://www.youtube.com/watch?v=4gK_CB7q4087- Bart ikusi dut euskara
Musika: Natxo de Felipe / Hitzak: Unai Elorriaga / Diska: “Desertore” (2003)
Euskarak bete zituen atzo sei milioi urte, beste sei milioi beteta gaztetuko genuke.
https://www.youtube.com/watch?v=7TX71xHNFlcArma politiko bat
2015-11-24 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Ez gaitezen zozoak izan. Artea (musika kasu honetan) arma politiko bat dela diogunean ez gara soilik manifestazioan hitzetan atxiki doan balore iraultzaileari buruz hitz egiten ari. Egia da musika arma politiko nabaria dela guretzat Rage Against The Machine-ek “Who controls the past now controls the future, who controls the present now controls the past” esaten digunean, edo Negu Gorriak-ek “Independentzia, John Wayne naziaren ahoan ximaur usaina hartu arren, utopiarantz mugiarazten gaituen ideia dugu” azaltzen digunean, edo Los Chikos del Maíz valentziarrek “Tengo la frase Socialismo o barbarie tatuada en los genes” botatzen dutenean. Hiru kasuetan, eta ez da kasualitatea rap-a edo rap-ean oinarritutako musika estiloak izatea, artistek ez dute arazorik gauzak zuzen, taxuz, metafora txikirik gabe botatzeko.
Badira hitzekin norabide poetikoen bidez eduki politiko sendoak defenditzen dituztenak, eta noski, badira ere hitzetan oinarritu gabe musika arma politiko bezala erabiltzeko beste hamaika modu: musika estilo konkretu bat egin, zuzenekoetan hartzen den jarrera, autoekoizpena bultzatu, hizkuntza, egile eskubideak…
Ez baina, musikak badu askotan atzematen ez dugun arma izateko gaitasun erraldoi bat, aurreko guztien hamar halako indarrez gizartea lehertzeko gaitasuna duen bonba. Alegia, kontrako helburua duenean: artaldekeria sortzekoa, sendotzekoa. Demagun, konparazio batera, Monsters, Inc. filmean haurren negar eta barreen artean energia lortzeko dagoen aldea dagoela ere musikak masa piztu edo itzaltzeko daukan gaitasunen artean. Esan dezagun akaso “musikak ez du zerikusirik politikarekin” bezalako esaldiak direla, hain zuzen ere, musikari buruzko esaldirik politikoenak. Victor Lenorek hipster eta modernoen inguruan duen gogoeta bat aipatu beharko genuke hau hobe ulertzeko: “Horiek apolitikoak! Horiek dira kapitalismoa eta kontsumo gizartea gehien defendatu eta aldarrikatzen dutenak”, edo lehen aipaturiko Los Chikos del Maízen beste esaldi bat: “Hire rapa ez duk apolitikoa, txo, erreakzionarioa baizik”. Aise garbi aplikatu daitezke hausnarketa hauek oraingo musika hedatuan.
Gaur egun musika industriaren sistemak lortu du guk musika hutsa, eduki literariorik gabekoa eta musikalki sinplea (akordatu lau akordeen formula magikoarekin) azukrea bezala kontsumitzea. Biktimak izatea gutxi balitz ere, orain konplize bihurtu gara, gure taberna eta jai-giroetan musika hau jarriz (jendeak nahi duena da).
Ba hau guztia biribiltzeko, azken hamarkadako euskal musikaren erreferente nabarmen batek Miamitik berriki inportatua dirudien gaztelerazko runba-reggaetón bat (erraz asmatuko duzue, gainera, ze akordeekin) kaleratu du, bere azken diskoaren single moduan. Gaitz erdi, ordea, kantuak lortu baitu musika honen inguruko debatea piztea, eta hori serioski behar dugun hausnarketa da.
Nik, bada ezpada ere, euskara salbu ikusi arte ez dut kenduko bizarra.
ZENONEN LARRAIN DANTZA
2015-06-26 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
SARRERA
Ez zen bortxatzen ninduten lehenbiziko aldia, baina bai oroitzapen txarra eman ez zidan lehenbizikoa. Lehenengo aldia auzoan izan zen, bederatzi urte edo nituen, eta katekesian geunden. Lehenbiziko jaunartzea hurran zela, erretorearen apaizkide bat etorri zitzaigun laguntzaile lanak egitera. Arropa beltz azpiko guztia frogatzera eman zidan, jan behar ere, behin hasita. Minik ez nuen sentitu, bada zerbait, eta eskerrak. Baina nazka, hura amaigabekoa. Hain zen handia sentitu nuen nazka! Enpo nintzen, eta hain zen txarra… Bigarren bortxaketa urte batzuk beranduxeago izan zen, behar baino lehenago heldu egin nahi izan nindutenean. Larunbat arratsa zen, partida bukatu ostean, eta koadrilako mutikotek putetxera eraman ninduten. Pattar urrin pairaezineko ematzar erdi biluzi baten aurrean gizontasuna ezin probatuz, behartu eta guzti egin ninduten hartara. Horrek bai egin zidala mina, fisikoa ez ezik bestea ere bai. Bestea bereziki. Auzoan eztupan suak bezala hartu zuen berriak zalui lasterrean. Oraino senti dezaket orduko min hura, auzoan jada bizi ez banaiz ere, ipurtzuloan bezala ariman ere ongi sustraiuturik baitaukat. Baina hirugarrenean ez nuen halako minik sentitu, halako lotsarik, eta ez gutxitan gomutatzen naiz orduko epelaz. Lehenbiziko amodioarena bezalakoa izan zen niretzat, garrantzitsu.
KARRIKA DANTZA
Hamahiru urte izanen nituen, eta Mañuetako dendan nenbilen maka azken urtean. Lankide berria iritsi zitzaidan, Sakanako herri koxkor batetik, euskaldun peto-petoa. Dendara aunitz euskaldun etortzen ziren larunbatero; ekartzen zuten umerria edo barazkiak Santo Domingo azokako patioan saltzen zituzten eta erdietsiriko sosak gurean uzten zituzten arroza, pimentoia, odolkitarako espezieak, txokoltea, fruitu lehorrak eta hamaika gehiagoren truke. Askok uzten zituzten erosketak dendan bertan, eta San Nikolas aldera jotzen zuten hamaiketako legea egitera. Eguerdi aldera niri egokitzen zitzaidan zama hori guztia gurditzar batean autobus geltokira eramatea. Ni dendan sartu aitzin itxi zituzten Irati eta Plazaolako tren geltokiak, eta eskerrak, baina toki bakarrera joan behar banuen ere, gorriak ikusten nituen larunbateroko txango haietan. Halako batean nire jabea konturatuko zen hamaika-hamabi urteko mukizu hau ez zela gauza gurditzar hura berak bakarrik bultzatzeko, areago Mañueta karrikako zulotik ateratzeko, edozein bidetik joanda ere malda piko zuena, eta bigarren maka bilatu zuen. Egia esateko, kalean ez nuen sekularenean ere arazo handirik izan gurdia mugiarazteko, eta nire nekeak ikusi orduko ondokoren batek edo bestek laguntzen ninduten bulkatzen Gaztelu plazaraino Mañueta eta Txapitelan goiti, baina hasiera batean maka berriarena zinez eskertu nuen, lagun berriak konpainia eginen zidalakoan dendako lan gogorrean. Konpainia baino zerbait gehiago izanen zen.
KATEA
Nire gurasoak Iruñerrikoak ziren, kokuak, Zendeakoak, eta pobreak. Hantxe itxoitean zetzan sekretua, hau da, hirira joan zirenek pobre jarraitu dute, eta herrian geratu zirenak aberats berri bilakatu ziren gero porlanari esker. Edo hala iduri zait niri orain, nire familiaren etxea izan zena herrian geratu zirenen eskutan ikusten dudanean. Aita errekete sartu zitzaigun gerratean 17 urterekin, baina ez zuen borrokarik nozitu, edo gutxi bederen, adiestramenduko maniobratan ez bazen. Halako batean zauritu, eta ospitalean eman zituen ia hiru urteak. Ez zen zauri larria, baina bere herritik hurbilekoa zen sargentu batek estimuan hartu eta berekin eraman zuen ospitaleko zuzkidura arduradun. Hura merkatua, aitak gogoratzen zuenaren arabera. Aita ez zen aberastu baina, nahikoa izan zuen ongi bizirik eta ospitale psikiatrikoan bertan funtzionario postuarekin, alabaina sargentu hark dirutza egin zuen, herriz herri zebilela, hamaika herrixkatan sukaldatzeko behar zen gantza utziz eta magroa eramanez, graduazio altuko militarrentzako kario saltzen zuena. Gerra bukatu zenetik gose garaiek luze jo zuten, eta gurea ez zen salbuespena izan. Ongi dut buruan hamaika urte nituela dendan maka sartzeko aitak esan zidanean. Poztu nintzen. Baneramatzan hainbat urte etxeko txerri bien gorotzak baratzez baratz saltzen eta ateratako diru pixarrekin familia osoarentzako axuri odola erosten. Huraxe zen eguneroko afaria oraino Txantrean bizi ez ginen ama eta bost anaiendako. Aitak ospitalean afaltzen zuen komunzki, ingresatutakoei familiek ematen zienetik puxka bilduz. Behar zen azala horretarako, baina aitak soberan omen zeukan. Dendan hasi nintzenetik, asteko saria amari ematen nion, eta gauero dendan bertan erdi afaldurik iristen nintzaion.
Dendako lana gogorra zen, luzeagatik batik-bat, baina entretenigarria ere, eta eskolara joatetik libratu ninduen; hura pagotxa! Orain damu naiz nire garaian gehiago ikasi ez izanaz, baina garai hartan bazen zerbait maisu erretxinaren ostikoak ez jasotzea, zumeaz gehiago ez gozatzea. Guztiarekin ere inozo xamarra izan naiz beti, eta dendak irekitzen zizkidan aukerez ez nintzen sobera konturatzen, Dani iritsi bitartean bederen. Izan ere, Dani etorri zenean, gauza asko aldatu baitziren niretzat, gehiegi agian, eta neurri batean orain naizena berari esker izan zen.
FANDANGOA
Danielen aita gerran hil zen. Herriko batzuek partida famatu bat osatu zuten, krudel eta basatienetakoa. Halako batean nahiko famatu ziren Sanferminetara etortzeko tren bat bahitu omen zutelako, eta asteburua Iruñean eman ostean, tren beretsuan frontera itzuli zirelako. Ez zituzten zigortu, eta borroka latzenak zeuden tokian paratuz ordainarazi zieten egindakoa. Orduan hil zen Danielen aita. Ez dakit zein nolako lotura zeukan Danielen familiak dendako jabearekin, baina gurekin hasi zenetik osaba-iloba bailiran agertu ziren beste guztion aurrean, nahiz benetako osaba batek iloba zainduko lukeen modu berean ez egin, izan ere, zein benetako osabak utziko luke bere iloba denda zahar baten soto ilunean gauero lo egiten? Gure jabeak bakarrik egin zezakeen hori, Serapio Donezar, ez gaiztoagatik zekenagatik baizik. Alabaina, eta bere deskarguan, beste garaiak ziren horiek, ez horren urrutikoak denboran, baina bai ahanztorraxeak; adimeneko distantzia edo.
Danielekin zortzi ginen dendan geundenok: dendako jabeak ziren senar-emazte Donezar-Garziriain, mostradorearen atzean despatxatzen aritzen ziren Juan, Joxe eta Jabier enplegatuak, eta hiru makok. Hirugarren maka Pedro Fermin jauna zen, Erraondoko indiano erdi itsu bat, erdaraz ia ez zekiena, eta neure ustean ia ezer egiten ez zuena, baina nonbait lan garrantzizkoren bat egiten zuen, neronek ikusten ez banuen ere. Izan ere, ni ez nintzen gauza halako lanik ikusteko, nekien bakarra zen maka deitzen ziotela baina inoiz ez zuela pakete bakar bat ere lurretik jaso. Nik zer gerta ere, eta aitak agindu bezala, nik ikusi eta ixildu. Horixe baitzen ene leloa, ikusi eta ixildu.
Ez zen hura Danielen leloa baina. Harexen leloa zen, orain josta eta gero gerokoak. Bizitzaz jostatu nahi zuen pertsona zen, inondik inora. Gogoan dut sotoan geunden batean nola azaldu zidan koñaka botila bat lapurtzeko plana. Nik pasako nion trastiendako leihotik bera kalean zegoela probestuz. Izkutatuko zuen nonbait, eta bion artean edanen genuen gustora geroxeago. Botila eman nion, baina ez nuen probatu ere egin, dendatik ni atera orduko berak salduta zeukalako. Ateratako diru horiek bien artean partitu genituen. Amari ez nizkion eman, eta bizitza osoan jostatu nuen lehenbiziko soldata izan zen hura. Ez zen azkena ere izanen.
BALTSA
Astea dendan bertan ematen zuen Danielek, Pedro Fermin jaunarekin batera. Lo sotoan egiten zuten, gutti-goitti beheittiko gorputz garbiketa azokako komunetan behar zuen, eta zerabilten arropa gutxiaz jabearen emaztea arduratzen zen, Maria sorgina. Alabaina, gutxi zen dendan behar zen arropa: bata urdin luzea, bonbatxoak eta oihal nabarreko txiruka hotzak; barneko arropez inoiz ez dut gauza handirik jakin. Larunbat arratsaldeetan herrira joaten zen osaba Rafaelenera, hasieran behinik-behin, izan ere, hilabeteak aitzina joan ahala etxerako bisitak bakantzen hasi baitziren nabarmen, bereziki sanferminetakoa gertatu zenetik. Zortzi edo bederatziko goiza zen, guretzat festarik gabeko eguna bederen, eta konpartsa zakatinetik behera zetorkigun. Gaita asotsez besteok baino lehenago konturatu zen Daniel. Dendako lana utzi, eta bikote europarraren bila abiatu zen lasterrean. Iruñeko erraldoiekin hantxe zebiltzan Lizarrako gaitari jaun eta jabe, Montero, Lazarraga eta Romanoren ondorengo beste guztiak, harroxko, txuri-gorriz jantzirik oraino beste inork egiten ez zuenean. Atsedenaldian zeudela probestuz, poltsikotik atera zuen gaita behar zuen zerbait, dendako sotoan gorderik bide zeukana, eta zezen plazan espontaneo batek eginen lukeen modura, jotzen hasi zen. Konpartsari laguntzen zebilen jendeari gustatu zitzaion antza, musikari kasu egin ziotenei bederik ere, baina gaiteroei ez zitzaien grazia zipitzik egin, eta modu zatarrez moztu zioten halako batean, nor zen ongi ezagututa nonbait. –Hi, barrankes, hoa hire zortziko matrakosoarekin Lezizapunttako urdeak zaintzera! Alu zorritsua!
Danielena gaitarien familia zen. Bera hartu zuen osaba Rafael 13 urterekin suertatu omen zen saritua gerra aurretik eginiko gaita leihaketa batean; ohorezko aipamena eta 50 pezeta! Daniel ere sartua zuten ofizioan, eta aparteko trebezia zeukan atabalatzen Mañuetako dendara arribatu zitzaigunean. Hala erakusten zigun, Serapiok ikusten ez zuenean, botila, kutxa zein apaletan eztiaren egurrezko bi kutxetekin joaz. Arratsaldero, eguna bukatzera zihoanean, dendako zakuak bete behar ziren. Babarrunetan saila luzea zen oso: txuri borobilak, luzeak, Barkokoak, gibelekoak, Granjakoak, kanelak, horiak, frijoleak edo indabak, beltzak, gorriak, ñabarrak, palmeñak, kalboteak, pilarikak, txiroarenak…; txitxirioetan edota dilistetan ere baziren ale batzuk: Mexikokoa, pedrosillano, Kordobakoa, Mirafuenteskoa…, Salamankakoak, pardinak, purerako; purea egiteko ere babak eta ilarrak, eta alean berriz baba txikiak eta ur gozoko baba zabalak, alpiste nahasia, alpiste soila, kañamona, artatxikia, arroz txuria, arroz beltz osoa, arroz luzea, artoa, koko xehetua, irinak, semola, patata purea egiteko fekula… Jakiak tamaina ezberdineko zakuetan ekartzen zizkiguten, 25, 40, 50, 60 kiloko zakutan alegia. Dendako zakuak, berriz, guztiak berdinak ziren: berde ilunez tindaturiko arpillerazkoak, luzeak eta meharrak, ahalik eta gehien sartzeko dendako hormaren kontra lerro bakarrean. Hortxe aritzen ginen egunero, itxi aurreko orduetan, zakuak berdintzen, olibak gordetako metalezko lata zahar batez lagundurik. Nagusia gure gainean zegoenean dena zaluiago izaten zen, ez zuen inortxok ere ahoa zabaltzen, eta zintzo-zintzo betetzen ziren zakuak bihirik alferrikan galdu gabe. Hura falta zenean, ostera, Daniel hasten zen bere kontzertuekin, eta lata ezean zakuak ezin berdindu; hura errieta Serapiok egiten ziguna arratsaldeko zortzietarako zakuak bete gabe uzten bagenituen. Behin baino gehiagotan geratu behar izan nintzen Danielekin zaku betetze lanetan denda itxita zegoela. Horrelakoetan ere ez zitzaidan sobera ardura, baina hurrengo egunean epelak entzun behar nituen nagusiarengandik faltan botatzen bazuen bezperan ohosturiko afaria.
JOTA ZAHARRA
Sanferminetakoa Danielen osabarengana iritsi zen. Tontakeria bat izan zen, eta nagusiak ez zuen sobera gaizki hartu makak baimena eskatu gabe dendatik irtetea, areago halako egun batean eta musika konpas dozena pare bat gaitaz jotzeko, areago bezero gehiago erakartzeko baliagarria izan zitekeen neurrian, baina Rafaelek ezin okerrago hartu zuen. Garai horretan Lizarrako familiek kontrolpean zuten Nafarroako gaitaren mundua, eta bokilak zein bestelakoak lortzeko ez omen zegoen beste biderik. Danielekin gertaturikoak arazoak ekar lekizkioke Rafaeli, eta gainera ez zegoen zalantzarik Danielen nortasunaz, nork joko zukeen bestenaz Arbazuko zortzikoaren hasiera ondoko herriko gaitari batek ez bazuen? Danielen etorkizun hurbila garbi zegoen: ez zen familiarekin gaita zein danbor jole denbora luzexka batez aterako. Gainera dendan egonda, etorkizun hori are zalantzagarriago gertatzen zen. Eta etxekoendako ez zen gauza filuse sabel bat gutxiago izatea egunero bi aldiz berdintzeko. Gaitari faltarengatik ez zen behinik-behin. Daniel hobe hirian.
Baina Danielek ez zuen horren errazki onartu. Bere familiarekin ez zen berriz ere gaitari aterako, baina horrek ez zuen esan nahi gaita jotzeko bidea guztiz itxita zeukanik. Bilatu behar zuen beste inor gaitaren arrastoan sartuko zuena, baina nor? Iruñean zail zegoen gaia, bertako azken gaitariek utzia zutenetik bereziki. Eta Lizarrakoekin jai zeukan edozein modutan ere, batzuekin zein bestetzuekin. Konponbidea dendan bertan agertu zitzaion baina, Pedro Fermin Izko, Erraondoko indianoaren eskutik.
Pedro Fermin ez zen gaitaria, baina bai ordea ttunttuneroa. Kaliforniara joan aitzin ttunttuna jotzen ibilia zen Erraondon, bere herrian, Zangotza bideko herrixkan hain zuzen. Asko ziren Pedro Ferminek ezagutzen zituen jotzeak, etxean aitarengandik ikasiak, Ttunttunoineko sukaldean. Aita luze ibilia zitzaion Izaga eta Taxoarez bi aldeetako herrietan mezeten eta bestelakoen animatzaile. Pedro Ferminek ongi zuen gogoan bere aitak kontaturikoak oro, nola Liberriko jauretxean bertakoen afarian ibilia zen musikari, edota nola Elkanon izan zen jotzen hango ingurutxo eta joku dantzak idazlea omen zen herriko apaizaren oniritziz, on Joatxin Lizarragaren abegionez alegia. Pedro Fermini, baina, ez zitzaion halako egoerarik suertatu, eta Ameriketan aitak irakatsitako jotze guztiak ongi errepasatuak bazituen ere, itzulitakoan inork ez zion interes zipitzik agertu. Guztiarekin ere, Pedro Fermini min handien egin ziona euskararen galtzea izan zen, Ameriketara baino lehen lur euskalduna utzi, eta bueltan topaturikoa beste zerbait baitzen; hain denbora laburrean nola alda zitekeen horrenbeste, paisaia eta guzti, sinistezina zitzaion. Baina orain izanen zuen aukera gaitari nahi zuen horri zerbait erakusteko, azken buruan, ttun -ttun edo gaita berdina zen, kontua zen betiko jotzeak gordetzea, betiko jotzeak berrerabiltzea, betiko jotzeekin jendeak dantza egitea eta ongi pasatzea. Zekizkien guztiak Sakanako mutikoari behin erakutsita, lasai har zezakeen azken hatsa.
BOLERAK
Kulantxoren txakolinean inoiz egona nintzen aitarekin. Hark ikaragarri laket zuen Agerre jauretxe zaharreko sotoan sartzea eta orduak ematea txakolin gorri garratza urrupatzen. Etxetik eramaten zuen zerbait jateko, aztura zaharrari jarraikiz, komunzki sardin-zaharrak, eta hantxe egoten zen betiko lagunekin tar-tarrean eta arrain gatzatuak periodikotan zanpatzen garbitzearren. Horiek ziratekeen bere bizitza osoan baliaturiko egunkari bakarrak. Urmeneta alkateak eraikina botarazi zuenean gure aitak nabarmen zahartu zen, etxearekin erori ziren harri puxkak berauk zamatu urteak bailiran. Azken txakolinaren azkena, zihoan mundu baten parabola, etxean arrotz sentitzen hasia zen belaunaldi oso baten akabera. Aitak ez zuen ezagutzen sortzen ari zen hiri berria, ez utzitako herria, eta horren ondorioz gero eta nekezago kokatzen zuen bere burua munduan, gero eta ezezagunagoa egiten zitzaion bere baita. Txakolindegirik gabe, lantoki zuen teilatu gorriko etxean bilatu zuen aterpe, lanean gero eta sartzenago, bezeroengandik geroz eta hurbitzenago. Eroetxea neuretxea zioen askotan etsipen ukitu batez, etxekoengandik urrundu ahala.
Bi urtetara Kulantxorena zena toki apartan berreraiki zuten, ez soto moduan, agerian baizik. Lehen barne zena orain kanpo da, lehen errai zena orain azala. Ikuspegi berria inondik inora ere, baina hutsa. Izen berria jarri zioten, Zaldi Txuriaren ostatua, dena itxura eta handiustea. Dorre txikerra ere ezarri zioten hornitzaile, eta udal beharretarako bideraturik, kaleko jendeari hertsirik eman zioten bataioa. Urmenetak alkatetza utzi baino zerbait lehenago, txakolindegi zaharretako giroa berpiztu nahi izan zuen gau batez bederen. Aitzakia lan etnografiko bat egitea zen, Pregón aldizkarian pediatra gazte batek agertu behar zuena. Tartean ere, eta benetako helburu, sekulako festa egin zuten udalaren kontura, Iltzarbeko Iturrikoan belokitarrek oraino egiten zuten txakolin beltza ekarriz. Festari are itxura folklorikoago emate aldera, gaitari batzuk etorrarazi zituzten. Gaitarien mundua ez zegoen urte haietan bere onenetan Iruñean, eta sanferminetan jotzeko udaletxera iritsia zen Bilboko gazte batzuen eskaintza probestuz, hantxe azaldu zen Bilbotiko taldea frogantza moduan.
Txakolin gauari hasiera eman baino zertxobait lehenago, Bizkaitik etorri ziren gaitari gazteak dendatik pasatu ziren sardin zaharrak erostera. Nonbait txakolindegiko ohituren berri bazuten hauek. Hantxe geunden bi maka gazteok zakuak betetzen, eta askotan bezala, Dani txistuka ari zen Erraondoko ttunttuneroak erakutsitako fistukaren bat. –Hori bai dela fistuka ederra! Non ikasi duzu halako doinu zaharrik? -Ez hemendik sobera urruti jauna, baina berorrek nahiko balu beste zenbait gehiago txistukatuko nizkioke trago baten ordainetan-.
Bilboko gaitariekin izaniko elkarrizketa laburrak fruitu ederra ekarri zion Danieli. Ardo pare bat hartu ostean, eta betiko lagunak bailiran, txakolindegiko festara joan zen danborjole. Hurrengo goizean Dani ez zen dendatik azaldu, eta jabea ikaragarri haserretu zitzaion handik egun pare batera berriz ere agertuko ez zela esan zionean. Ni ere aunitz tristatu nintzen, baina aisa ulertzen nuen Daniren erabakia, hori baitzen bere betiko ametsa. Hilabete batzuk pasatu ziren Dani berriz ere ikusi bitartean. Sanferminetan izan zen, eta konpartsarekin zihoan gaitari, orduko hartan baimen guztiekin eta soldatapean. Ardo pare bat hartzera gonbidatu zidan, eta gehiago izanen ziren dendarako bideak lotuta eraman ez banindu. Orduan esan zidan nik ere gaita jotzen ikasteko aukera banuela, elkarrekin joko genuela, denda malapartatu hura uzteko eta bizitzaz zertxobait gehiago jostatzeko. Hasiera batean ez nion kasu handirik egin nahi izan, baina ideia hori itzuli-mitzulika hasi zen ene kaskoan pakerik eman gabe. Udazken hartan, Oberenak antolaturik, gaita klaseak Labriten hasi behar zirela irakurri nuen afitxa batean, eta bi aldiz pentsatu gabe, izena eman nuen damutu aitzin. Ikasi ikasi eginen nuen, agian, baina denda oraino utzi gabe; ez nintzen guztiz ausartzen, ezagun zitzaidan mundu ia bakarra bainuen, eta etxean ez zuten halakorik ulertuko, ez baimenik emanen.
BUKAERAKO KALEJIRA
Gaita klaseak hasi baino egun pare bat lehenago Dani dendara etorri zen. –Itxi ostean Marzelianon, hi. –Hantxe izanen nauk-. Ardo beltza ebaki zitekeen, ardoa baino, gelatina zirudien. Birikak ostera goxoak ziren, bero zirauteno behintzat. –Aixkol y birika cosa rica. –Zer diok, hik jan al duk inoiz aixkola? Ardi kaka hobea duk eta aixkola baino. Hi mutur fin askoa haiz horrelako jakietarako, musu ederregia daukak horrelako janak desitxuratzeko-. Isilik bukatu nuen azken birika muturra ezpainak pega-pega likatsu nituela. –Zer nahi duk? Zertarako deitu didak? –Izena eman duk gaita akademian, zergatik? –Ikasi nahi diat. –Zertarako baina?-. Ez nuen erantzun argirik. Daniren kasuan, emanda zetorkion, halako egurra halako ezpala, baina nirean ez zen musikari bat ere familia osoan. Marzelianotik atera eta Jarauta aldera jo genuen. Urrizelki, Orexa, Ronkal, Goal, 84… Aitzurtzen ari nintzen, malamaneran gainera. –Aurkeztu behar diat lagun bat-. Txakolin gauerako Bilbotik etorririko gaitari horietakoa zen. Huntaz eta hartaz jarduki ginen solas aspertuan Paris-Nizari ekiten geniola. Halako batean, eta osoro arraildurik nengoela, zuzenean galdetu zidaten ea gaitaria izan nahi nuenentz. Jakina. Zergatik. Ez nuen sobera argi, baina bazen zerbait geroz eta garbiago neukana, eta mozkorrak lotsatu gabe esatera ahalbidetzen zidana: Danielekin nahi nuen. Maka edo gaitari, Danirekin maka edo Danirekin gaitari nahi nuen. Hala behar zuen zoriontsu izanen banintz. Orduan, eta Danielen oniritziz, Bilboko maisuak bedeinkapena eman zidan, gotzaiak sendotza legez. Ez nuen minik sentitu, hain nengoen ttottal eginda, baina harrez geroztik familia berri batean sartu nintzen, inoiz ezagutu gabeko kofradia berri batean. Ordutik aurrera gaitari izanen nintzen, Daniren bikotea, Bilboko lagunaren maisutzapean, Bilboko maisuaren laguntzapean. Hura gaita-logia.
Urteak pasatu dira, berrogei inguru, eta egun oraino hemen nauzue, gaitari profesionala, oraintxe Sanferminetako zezen ostea musikaz betetzen, arratsaldeko dantzaldiari bukaera ematen. Ondoan nire Dani dago, lehenbiziko gaitarena jotzen, eta ni bigarrenarena. Gaurkoan Daniren iloba dugu danborjole, Rafaeltxo, herritik espreski etorria horretarako. Inoiz dendarekin gogoratzen jarraitzen dut, baina ez naiz damu bere momentuan utzi izanaz. Aspaldixkoan joan zitzaidan aita ere askotan izaten dut gogoan, ez bainuke bera bezain txoraturik bukatu nahi izanen. Bizitza honetan ahal dena baino, nahi dena egin behar baita. Mugak muga, oztopoak oztopo. Ni Zenon Iribarren nauzue, Iruñeko azken gaitaria. Nork esanen lidake?
Joxe Miel Bidador
Karmel aldizkaria, 2009-4
Oskorriren altxorrak Youtuben
2015-06-18 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Duela oso gutxi arte Youtuben “Oskorri” jartzerakoan ohikoena bizkaitarren edozein kantu ezagun irudi baten laguntzaz topatzea zen. Karaokearekin, askoz jota.
Kasualitatez (edo ez), Oskorrik agur esan baino bi hilabete lehenago “Anbune” deituriko aingeru bat erori zen bideoen sare sozial erraldoian. Igo dituen bideoi altxor deitzea motz geratzea da. Hala ba, eta beste artista euskaldunen bideokin batera, 1980 eta 1990. hamarkadetako kontzertu ezberdinen irudiak igo ditu. Oskorrirenak, dozena inguru. Hona denak, “Pello Garcia” deituriko kontuak igotako beste batekin.
A MEDIA VOZ saioa, TVE, 1988
Oskorrik 1987. urtean “Hamabost urte…eta gero hau!” zuzeneko diska atera zuen, haien hamabosgarren urtemuga zela aitzakia. Diskan, ordea, ez zuten urte bat lehenago argitaratutako “In Fraganti” diskoko kantu bakar bat ere sartu. Ez da kasualitatea urtemugako bira amaitu ondoren haien estudiozko azken disko elektriko horren errepertorioa jo nahi izana. Espainiar telebistako saio honetan “In Fraganti“ko Aita San Miguel, Hau Da Debilidadea, Ostatuko Neskatxaren Koplak, Hiri Porru, Biolin Musikaz, Atzo Goizean eta Arin Bero kantuak jotzen dituzte, 80etako formazio klasikoarekin (taldeak izan duen hoberena): Natxo De Felipe, Anton Latxa, Bixente Martinez, Fran Lasuen, Joserra Fernandez, Jose Urrejola, Txarli De Pablo eta Kepa Junkera.
DONOSTIA, 1988-12-4
Formazio berarekin, hiru kantu: Itsasotik Ilargira (bertsio zaharra, 1996 arte jotakoa), Aita Semeak (berdin) eta Sautrela (gaitarik gabe, eta kasu, Kepa Junkera akordeoiarekin!).
Gora Eta Gora Beti, 1991-5-4
BILBO, 1991-5-10
Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Hertzainak-ek eta Oskorrik La Casillan emandako kontzertu baten irudiak ditugu. 6 egun eskaseko aldearekin, bada aldaketa bat formazioan aurreko irudiekin: Joserra Fernandezen ordez Aitor Gorostiza dago txirula eta flautekin. Gorostizak bi disko grabatu zituen Oskorrirekin; “Hi ere dantzari” (1991) eta “Badok hamairu” (1992). Azkeneko honetan agertuko ziren Mode (hemen, bai bideoaren izenburuan bai bideoan bertan Fularra izenarekin agertzen dena), Bilbo-Bilbao eta Haur Baten Beharra (Bixente Martinezek kitarra akustikoarekin paregabeko maila adieraziz) kantuak agertzen dira bideo hauetan, eta amaitzeko, publiko guztiz entregatu batekin, Euskal Herrian Euskaraz.
GETXO, 1996-9-13 (25. urteurreneko kontzertua)
Kontzertu honen zuzenekoa (estudioan egindako doikuntza aunitzekin, dena aitortu behar da) izanen da ziurrenez taldeak gehien saldu duen diska. Askoren esanetan, urte horretako Durangoko Azokan ez zen beste ezerrik entzun!
Errepertorioan, hamabosgarren urteurrenean egin ez zuten bezala, haien temazo, greates hits eta klasiko guztiak sartu zituzten, gonbidatu ezagun askoren laguntzarekin. Gonbidatua erdalduna zenean, kopla edo estrofa bat aipatutako musikariaren jatorrizko hizkuntzan abesten zuten.
Formazioan, aldaketak: urte gutxiz egon zen Juantxe Aguiar dago denbora luzez Fran Lasuenek bete zuen biolin eta ahotsaren postuan, eta bestetik, gaur arte iraun duen Josu Salbide gazte bat ageri da ordurarte Joserra Fernandez eta arestian aipaturiko Aitor Gorostizak jotzen zituzten txirula, alboka eta flautekin (Joserra Fernandezek, hala ere, armonika sartu zuen disko batzuetan, eta kontzertu honetan ere lagundu zuen, naiz eta bideoetan ez agertu).
Kontzertu horretako hiru kantu ageri dira hemen: Topa Dagigun, Liam O´Flynn gaita irlandarrekin kolaboratzaile, Kattalin, De Feliperen bukaera operistiko ezagunarekin eta Intsumisoarena, letraren egile den Jon Sarasua kantari dela.
Diska Euskal Herriko etxe askotan aurkitu daitekeen arren, bideoa, bere garaian ETBk grabatu eta sarri jarri bazuen ere, ahanzturan erorita zegoen dagoeneko. Berriro ere, mila esker, Anbune!
Bertsioak: Molinatxo habanera
2015-02-27 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Inauteri astea pasa berri, aurten Tolosan jotzen aritzeko aukera izan dut, eta nola ez, oraindik Gipuzkoako herri honen jai handien doinuak ezin burutik kendu.
Dudarik gabe, habanerak dira nagusi, kalejira eta elkarteen himnoak kontuan hartzen ez baditugu (Euskal Herrian txarangek karriketan jotzen dituzten doinu gehienak batik bat). Habanera hauetako bat “Antolinatxo” edo “Molinatxo” izenekoa dugu. Doinu goxoa, atsegina, lehen partea menorrean eta bigarrena, oraindik politagoa , errelatibo maiorrean.
Hona hemen aurkitu ditudan Molinatxo habaneraren interpretazio ezberdinak, nahierara entzuteko.
Incansables txaranga
Tolosan 20 elkarte inguru dira, eta bakoitzak bere txaranga propioa darama, zuzendari banarekin. Txaranga hauek hainbat emanaldi dituzte egunean, diana, goizeko kalejira, arratsaldeko bigantzak edo arratsaldeko kalejira. Errepertorioa mugatua da, alegia Tolosako inauteri-doinuak kontsideratuak direnak. Bertan sartzen da gure Molinatxo.
Gauetan, ordea, Tolosako txarangak ateratzen dira jotzera, eta inaute asteleheneko gauean tokatzen zaio Incansables txaranga mitikoari (gaur egun batez ere nafarrez osatuarik).
Bideoaren kalitatea ona ez bada ere, Tolosako txarangek habanerak jotzeko duten modua hauteman daiteke, bai eta txaranga honek bereziki duen gustu eta soinu propioa.
Et Incarnatus soka orkestra
Zeberiotarrak Tolosako musikari familia ezaguna dugu gaur egun, duela gutxi Teleberrian ere atera ziren. Hauek sortua da Et Incarnatus orkestra, Miguel Zeberio zuzendari dutelarik. 2005ean Troika, Tolosako inauteriak diska argitaratu zuten, hain zuzen ere inauterietako doinuetan oinarritua dagoena. Bertan hainbat habanera ezberdinei kanta ugari eskeintzen badizkiete ere, Molinatxok du Habanera izena izateko ohorea.
Kasu honetan, habanerari kubatar doinu ezaguna den Son de la loma kantarekin hasiera ematen diote, hartara Molinatxoren bigarren partearekin jarraitzeko, errepikapenean goiko zortzidunera igoz. Ondoren, lehenengo partea bals erritmoan egiten dute, txeloek melodia hartuz, Shostakovich bera gogoraraziz, eta berriro bigarren partera jauzi. Xarmant askoa.
Haizaldi gaiteroak
Goazen Iruñera orain. Sanferminetan. 6an kenduta, goizero ateratzen da Zigante eta Kilikien konpartsa Hiri Buruzagiko karriketan barna (6an arratsaldez karrikaratzen dira). Erraldoiek geldialdiak egiten dituzte maiz, eta hauetan elkarte, taberna, peña, familia edo komertzio ezberdinei egiten diete dantza.
Haizaldi gaitero taldeak urteak daramatza erraldoiekin jotzen, baina azken hauetan beti prestatu izan du pieza bereziren bat Desacalzos kaleko haien lokalean geldialdia egiten denerako. Normalean bals baten konponketa berri bat izaten da, baina azkenekoan, baltsa eta gero zer jo eta Molinatxo jo zuten. Formazioan bi gaita, gaita danborra, pianoa, zeharkako txirula eta biolina (azkeneko bi hauetan Josu Salbide eta Xabier Zeberio oskorritarrak). Bai opari polita han geundenentzako. Erraldoiak dantzara animatu ziren ere. Hura bai unetxoa.
Argia dantza taldea
2008an estreinatu zuen Argia dantza taldeak Axeri Boda ikuskizuna, J.A. Urbeltzen zuzendaritzapean. Esaera zaharrak, metaforak, mitoak edo sinbologia bezalako gaiak nagusi, Beterri baiara izan zuen ikuskizunak ardatz dantza eta musikari zegokionez. Akabera aldera zetorren habanera itzela, nola ez, Molinatxoren doinupean. Kasu honetan arrabitak, akordeoia, harpa eta perkusioa ditugu orkestra eredu. Bideoan estreinaldiko irudiak dira, 2008ko otsailan Arriaga antzokian emana.
Bertsioak: Gnossienne Nº 1
2014-12-21 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hona proposamena. Kanta, melodia edo pieza baten bertsio ezberdinak aurkeztuko ditugu hemen. Bakoitzak erabakiko du zein den bere gustukoena.
Gaurkoan, Gnossienne Nº1 (1890), Erik Satie frantziar konpositore minimalistarena.
Pianozkoa (originala)
1890 urte aldera konposatuak izan ziren bere Trois Gnossiennes-ak, eta 93an argitaratuak. Lehena izanen da, ziurrenez, ezagunena. Berez, konpasak bereizten dituzten barrarik gabe idatzi zituen Satiek, hau da, tenpo librean. Hona Alessio Naniren interpretazioa.
Gitarra klasikozko bertsioa
Greates Hits klasiko asko daude gitarrarentzako moldatuak, soinutresna honek ematen dituen aukera tinbriko eta polifonikoak probestuz. Hona Otto Tolonen finladiarraren Gnossiennearen bertsioa.
Seth Ford-Young
Estatu Batuetatik dator Gypsy Jazz Quartet eder hau, Seth Ford-Young baxujotzailearen izenean. Hemen, gitarra, kontrabaxu, akordeoi eta biolinarekin egindako Gnossiennearen moldaketa, Ford-Young berak egina. Kutsu balkanikorik ez zaio falta.
Chicha Libre
Brooklynekoa (New York) dugu hainbat erritmo latino pop eta musika klasikoarekin uztartzen dituen talde hau, Frantzia, Venezuela, Mexiko eta AEBtako musikariz sortua. 2009an atera zuten ¡Sonido Amazonico! diska, eta diskoko azken kantua, nola ez, Satieren piezaren bertsio amazoniko hau. Gozatu.
Futbolari buruzko 4 kantu paregabe
2014-12-05 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Egia esan, honek ez du zer ikusirik aste honetan, igandean Madrilen gertatukoaren ondorioz, futbolari buruz egon den debate guztiarekin. Hori Jon Tornerrek ederki azaldu du bere blogean.
Ez, aspalditik nuen nik post bat futbolari eskaintzeko nahia. Nola ez, musikan aurkitu dut nik ongi esaten ez dakidan guztia.
Ez dira asko futbolari buruzko kantuak. Ez behintzat, futbolismoak dakarren artaldekeriari buruzkoak. Hona nik ezagutzen ditudanak. Gutxi, baina apartekoak:
BURUBALL
Tapia eta Leturia Band / Tapia eta Leturia Band (1995)
– Ze musika talderen buelta estimatuko zenuke gehien?
– Tapia eta Leturia Band
– Nola baina; Hertzainak? Negu Gorriak? Genesis? Rainbow?
– TAPIA ETA LETURIA BAND
Euskarak ezagutu duen musika esperimentaleko talderik handienak bi diska atera zituen. Hala nolako rock, ska, metal eta musika tradizionalarekin egindako entsalada ederra, hitzei esker gatz faltarik ez zuena.
Lehengo diskan daukagu Buruball abestia, Joseba Tapiaren musikarekin eta Jon Sarasuaren hitzekin. Halako perlak uzten dizkigu kantuak:
Burutxo bat belar hotzaren gainean, ala!
Erreglamentuzko hogeitabi baloi, irribarrez, lepogainean.
Ostikoa eta estadio guztian oihu
Ostikoa baina, zeinek egin du oihu?
ARDIAK BEZALA
Betizu Taldea / BT – 1.0 (2002)
Guk ere izan genituen gure haur mirariak. Betizu Taldearen lehen promozioak 2002an atera zuen diska, telebistan arrakasta itzela izan ondoren. Bertan, hainbat lelo marxista-leninistaren artean (Ama, ez dut ohea egin nahi) aurkitzen dugu nahita edo nahi gabe, nork daki, kirol erregea bizitzaren elementu nagusitzat duten guztiei ematen dien ostikada ederra, kantu bihurtuta.
Burua non nekatu bada munduan
baina ia denek gauza bat buruan
ardiak bezala denak talde baten inguruan
Beste taldearen zalea etsai,
eta nirearen zale bazara, laguna.
Non duzu garuna?
Hau da egunero kirol honek eskaintzen dizuna.
ERROR 404
Bi Bala / Watsabi (2014)
Ataun ingurukoak ditugu Bi Bala gazteak (ez dakit denak ataundarrak ote diren). Bertsolaritza rockarekin ederki uztartu dute haien lehenengo diskoan. Burua ezagutzera eman dute Besarkadak eta labankadak bideokliparekin, baina benetan txalotzekoa diskoko azken kantu hau iruditu zait. Letra guztia jarriko nukeen arren (horretarako bideoa ikusi, edo diskoa erosi!), hona lagin txiki bat:
Golak eta resumenak
Iganderoko zakarra
Hauxe da inporta zaigun
Atez ateko bakarra
Zein inportanteak diren
Dauzkazun idoloak
Mukizu analfabeto
Multimillonarioak
BONUS TRACK:
ODIO EL FUTBOL
Lendakaris Muertos / Lendakaris Muertos (2005)
Gazteleraz bada ere, nola ez akordatu ironiaren erregeekin? Iruindarren lehen diskoko 23 kantuetatik (disko osoak ez du ordu erdia gainditzen, lasai) bi dira futbolari buruzkoak. Gora España batetik, jada ereserki bihurtu dena, eta Odio el futbol hau bestetik. Hona letraren laburpena:
No tenemos conciencia, no tenemos dinero,
no tenemos vergüenza, pero tenemos futbol.
No tenemos principios ni otro pito que tocar,
tenemos un principio grave de anormalidad.
Chuta, remata y gol!
A ze lotsa
2014-11-26 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Ez dut nahi nire alaba edo seme bat lehiaketa bateko entzunaldi batean ilaran zain egon, azkenik aberats okitu batek ez dela kantari ona esan diezaion. Horrek ez du zerikusirik musikarekin.
Dave Grohlen hitzak dira, Nirvanako bateria-jotzaile ohia eta egun Foo Fighters taldeko kantari eta buru denaren hitzak. Motz geratu da, nire ustez.
Azkeneko urteetan arrakasta nabaria izan dute Youtuben munduko edozein telebistako talentu lehiaketek. Hauetan haur, lodi, itsusi edo frikiek ezustean txunditzen dituzte epai-mahaia eta publikoa. Zirku honen aurrekariak, noski, American Idol tankerako musika lehiaketak dira. Hegoaldean Operación Triunfo izan genuen. Hortik atera ziren oraindik musikarekin eta publizitatearekin bizitza irabazten duten Bisbal, Chenoa, Manuel Carrasco eta abar.
Oraindik gogoratzen dut hauek guztiak erditu zituzten urte berberean agertu zela ere Alex Ubago gasteiztarra. Noski, ez naiz ni honen musika eta Warnerren produktuen defendatzailea izanen, baina garai hartan egunkariren bateko gehigarri batean irakurri nuen titular batek harritu ninduen: “Alex Ubago: triunfo, sin operación” Esanen nuke esaldi horrekin argi geratu zela hortik aurrera telebistako lehiaketa kirasdun horietatik pasatzea izango zela musikaria izateko modu bakarra, eta hori gertatu ezean, salbuespen anekdotikoa izango zela.
Urteak pasa dira, eta mota hauetako saioak biderkatu zaizkigu. Dave Grohlek dioen bezala, bertara aurkezten den orok bere etorkizun artistikoa bideratuko duen lau aberats edo sasi-musikariren iritzi pertsonal eta subjektiboa jasotzen du. Mundu honek dituen 7.000 milioi lagunetik, lau. Hau guzti hau musika ez dela esatea motz geratzea da, hau guzti hau artearen hondamena baita.
Hiztun gutxi dituen hizkuntza bat hitz egiteak baditu bere abantailak, alegia ez dugula telebistako zabor gehiegirik kontsumitzen, honek ez bailuke behar adina dirurik emanen. Salbuespena egin dute honekin: ETBk musika lehiaketa bat sortu du. A ze banda!
Kritikatu nahi den hori aurretik ezagutu behar omen da, baina nik ezin izan dut 15 segundu baino eman telebista aurrean A ze banda! ikusten. Tarte hori aski izan dut nuen ideiarekin oker ez nengoela frogatzeko.
Epaileak, Alex Sardui eta Zuriñe Hidalgo dira. Exkixuko kantari ohiak jakingo du zer egiten duen hor, baina benetan aztertzekoa nafarraren partehartzea dugu. Euskarak eman duen talderik txarrenetariko baten kantariari eman diote erabakimena lehiaketara aurkezten diren taldeek balio duten edo ez esateko. Musika ikasle eta irakasle bezala, negargarria iruditzen zait. Kantatu, ongi kantatzen du, baina apostu egingo nuke ez dela hori ETBk Hidalgo anderea kontratatzeko izan duen irizpiderik sendoena. Beti bezala, matxismoa aurretik, badaezpada ere. Dena den, epaileak musikologoak balira ere, berdina irudituko litzaidake talde bat ona delaren erabakia bi pertsonen artean hartzeak.
Musika munduak, rockak, ez du inoiz gaur egungoa bezalako gatazkarik ezagutu. Alde batean dira dirua helburu bakarra duten disketxe multinazionalak eta Payola behin eta berriz egiten duten musika-trafikanteak, arrakasta nork lortuko duen erabakitzen. Bestean, informatika aro berri honek eman dizkigun herramintak beste era batera ulertu dituzten geroz eta talde eta mugimendu gehiago ageri dira.
Euskal Herrian, independienteak ziren disketxeek orain menpekotasuna nozitzen dute edo kalitate urriko -18 talde tronpetadunak fitxatzen dituzte dirua irizpide bakarra dutelarik.
Lehiaketa hauek ez dute ezertan laguntzen.