Slump doktorearen zaintiratua
Hasiera »

‘SOS Pirineus’ koordinadora, 2030eko proiektu olinpikoaren aurka

2019-04-11  //  Kirola  //  Iruzkinik ez

Herrialde Katalanetako hainbat kolektibo ekologistak SOS Pirineus koordinadora sortu dute, borroka guztien topagune izan eta Pirinioetako ingurumena eta bizi baldintzak mehatxatzen dituzten arriskuez ohartaraztea helburu. Begi-puntuan duen proiektuetako bat 2030eko Neguko Joko Olinpikoena da, ‘Pirineus-Barcelona’-k bere hautagaitza aurkeztu baitu.

Coll de Pal (Bagá), koordinadorak babestu nahi duen espazioetako bat | Ivan Sanz. Lugaresdenieve.com

Eski pistak zabaltzearen, errepide berriak eraikitzearen, autopista elektriko berrien edota meategien gehiegizko ustiatzeen aurka dauden kolektiboek, SOS Pirineus plataforman bilduak, herritarren artean galdeketa egitea nahi dute, baita sakoneko eztabaida publikoa ematea ere, “Pirinioetan egingo liratekeen Joko Olinpikoaren ingurukoak ez daitezen erabaki mendialdeko errealitatea ezagutzen ez duten bulegoetan”, Fosbury.cat agerkari digitalak jaso duenez.

Proiektuak eragin ditzakeen ingurumen kalteez gain, “enplegu artifizial, prekario eta aldi baterakoa” sortuko duela ere kritikatu du kolektibo ekologistak. Halaber, eraikiko liratekeen azpiegiturak Jokoen ostean abandonaturik geratuko liratekeela diote –beste leku batzuetan gertatu den moduan–. Zentzu horretan, “elur turismoaren aldeko apustu irmoa” birplanteatu egin behar dela uste du.

2030eko hautagaitzaz gehiago:

– Juan Antonio Samaranch (COI), Kataluniak bizi duen egoera politikoaz, La Vanguardian: “El proyecto Pirineus-Barcelona puede ser un gran catalizador y aglutinador” (“Pirineus-Bartzelona proiektua katalizatzaile eta bateratzaile handia izan daiteke”).

– Barcelona 2030, la candidatura a los Juegos Olímpicos que debe sortear al ‘procés’ (Bartzelona 2030, ‘procés’-ari iskin egin beharko dion hautagaitza). El Confidencial.

– Llum verda a uns Jocs Olímpics al Pirineu (Argi berdea Pirinioen hautagaitzari). Ara.cat.

Euskal Herriko Itzulia: 1. etapa [Argazki galeria]

2019-04-09  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Ramon Emazabel-ek atera ditu astelehenean argazkiok, Eitza eta Antigua bitartean ia denak.

 

 

 

 

 

 

 

Flandriako Tourra: hamaika bitxikeria eta une gogoangarri gordetzen duen monumentua

2019-04-05  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Harbideak eta aldapa labur baino tenteak ikur dituen Flandriako Tourra txirrindularitza monumentuaren inguruko hainbat datu eta azalpen bildu dut artikulu honetan. Saiatu naiz ohiko informaziotik apur bat aldentzen…

Iazko irabazle Niki Terpstra, erdian (urdinez) / Velonews, BTM

Oinarrizko datuak

Herrialdea: Flandria (Belgika)
Data: Igandea, 2019ko apirilak 7
Luzera: gizonezkoenak 267 km, emakumezkoenak 152 km
Lehen edizioa: 1913an gizonezkoena, 2004an emakumezkoena
AKA: De Ronde, Ronde van Vlaanderen, RVV

De Ronde (ere bai), egunkari baten gerizpean

Karel Van Wijnendaele flandriarrak ‘SportWereld’ kirol egunkaria sortu zuten 1912an. 1913an, egunkaria sustatu asmoz, De Ronde Van Vlaanderen antolatzea erabaki zuen. Nekez imajinatuko zuen egutegiko lasterketarik entzutetsuenetakoa bihurtuko zela. 1939az geroztik ‘Het Niewsblad’ egunkariak antolatzen du Flandriako Tourra.

Paul Demane, fusilatua izatetik bi bider salbatu zen ziklista

1913an egin zen lehenbiziko edizioa. Paul Demanek (BEL)  irabazi zuen. 37 ziklistak irten zuten Gantetik. 324 km egiteko 12 ordu, 3 minutu eta 10 segundo behar izan zituen Demanek. 1.100 franko irabazi zituen. I. Mundu Gerran, Belgikako zerbitzu sekretuentzako espioitza lanetan aritu zen. 15 misio burutu ostean alemaniarrek atxilotu egin zuten, eta heriotzara kondenatu. Deman fusilatzera zihoazenean, ordea, armistizioa sinatu zen, eta txirrindularia onik atera zen presondegitik. Britainiarrek, baina, espia alemaniarra zela pentsatu zuten, eta belgikar agintarien azalpenengatik ez balitz, fusilatu egingo zuketen. 1961ean hil zen, Flandriako Tourraren fundatzaile Karel Van Wijnendaele bezala.

Datu/une gogoangarriak

Mendea baino gehiago duen arren, bost Monumentuetan gazteena da Flandriako Tourra. Aurtengoa 103. edizioa izango da (I. Mundu Gerran etenaldia sufritu zuen)

Flandriak 6,5 milioi inguru biztanle dauzka. 800.000 bilduko dira errepide bazterrean, ziklistak bertatik bertara  ikusteko.

Garaipen gehien (hiru) dituzten txirrindulariak sei dira: Fiorenzo Magni (Ita), Fabian Cancellara (Sui), eta Achiel Buysse, Eric Leman, Johan Museeuw eta Tom Boonen belgikarrak.

Parte hartze gehien: Briek Schotte (Bel), 20 edizio. 16 bukatu zituen.

Edizio gehien bukatu dituena: George Hincapie (AEB), 17 hasi eta bukatu zituen.

Tarte txikienarekin (fisikoki) irabazi duena: Gianni Bugnok (Ita) 7 milimetroko tartea atera zion helmugan Museeuw-ri, 1994an.

1985eko edizioan 173 txirrindulari irten eta 24 besterik ez ziren helmugaratu, euriak eta hotzak behartuta. Eric Vanderaerdenek (Bel) irabazi zuen.

1987an, auto batek Jesper Skibby lurrera bota zuen Koppenberg-en, lehena zihoanean. Antolatzaileek erabaki zuten hurrengo edizioetan aldapa hori kentzea. 2002an hasi ziren berriro hura igotzen.

2010ean, monumentu honetako protagonista handienetako bi, Fabian Cancellara eta Tom Boonen, Kapelmuur aldapan gora, lasterketa buru. Suitzarraren erasoa gogoan dugu askok.

Emakumezkoetan, 16. edizioa

Lehen edizioa 2004an egin zen, eta orduz geroztik ez du hutsik egin. Bost monumentuen artean, Flandriako Tourra eta Liege-Bastogne-Liege besterik ez dira egiten, bigarren hori duela bi urte eskasetik. Milano-San Remo 1999tik 2005era artean egin zen, eta Paris-Roubaix eta Lombardiako Giroa sekula ere ez. Bada emakume bat, halere, Lombardiako klasikoan parte hartu duena: Alfonsina Strada mutilekin batera lehiatu zen 1917ko eta 1918ko edizioetan; baita 1924ko Italiako Giroan ere.

2016an Lizzie Deignan britainiarra nagusitu zen. Bera da urte berean Flandriako Tourra eta Omloop Het  Nieuwsblad irabazi dituen ziklista bakarra, gizonezkoak ere kontuan hartuta.

2018an, Van der Breggen herbeheretarrak irabazi zuen De Ronde, gerora Munduko Txapelketa ere irabaziko zuenak:

“Unisex” garaikurra

Azken edizioetan, Fernand Vanderplancke eskultoreak bi garaikur desberdin egin ditu: gizonezko onenarentzat bata, eta emakume onenarentzat bestea, apur bat txikiagoa. Diseinu bereko bi egin ditu aurten, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzea helburu, Het Nieuwsblad egunkarian irakurri daitekeen moduan.

Fernand Vanderplancke eskultorea, Flandriako Hezkuntza ministroa Hilde Crevits-ekin, RVV-ko garaikurrarekin / Kurt

Garaikurra bai, sari ekonomikoa ordea…

De Ronde irabazten duen gizonezkoak 20.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 10.000, hirugarrenak 5.000, laugarrenak 2.500,  bosgarrenak 2.000, sei eta zazpigarrenek 1.500, eta bederatzi eta hamargarrenek 1.000.

Aldiz, emakumezkoetan irabazleak jasoko ditu 1.265 euro, bigarrenak 935, hirugarrenak 625, eta lautik hamargarren postura bitartekoek 375 eta 165 euro artean.

2019an, bi euskaldun

Bi euskaldunek parte hartuko dute aurten Flandriako Tourrean, banak gizonezko eta emakumezkoetan. Imanol Erviti hamabosgarrenez lehiatuko da (emaitzarik onena 2016an lortu zuen, meritu handiko 7. postua), eta Ane Santesteban seigarrenez. Behin amaitu du lasterketa: 2013an 50. izan zen.

Informazio iturriak:

PEZ Cycling

Cyclingtips

Twitter: #rvv #rvv19 #rvvwomen

Runner astakirtenari gorazarre

2019-03-22  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Uste nuen, kirol munduarekin lotuta, geroz eta gauza gutxiagok harrituko nindutela. Baina, oraindik ere, makina bat kontuk bultzatuko gaituzte eskuak kopetara eramatea: “Ez, mesedez, hau ez…”. Keinu hori egin dut Xabi Zalbide @xalbide-ren txioa ikustean. Lasarte-Oria Trail taldearen mezua, “Txomin” izeneko runner kataluniarraren argazki hori… Zer da hau?!

Subnormalidad runner en estado puro. pic.twitter.com/iGwOVPYFJs

— Xabi Zalbide (@xalbide) 2019(e)ko martxoaren 21(a)

“Kirola, hobetzeko grina eta  kronometroaren eta norberaren aurkako borroka” atsegin duelako eskaini dio omenalditxoa Lasarte-Oriako taldeak “Txomin” kataluniarrari, Cursa del Sot maratoi erdia egin duena argazkian ikus daitekeen moduan, eskalatzen erorketa “arriskutsua” sufritu zuelako egun batzuk lehenago. “Errazena denean gizarteak esaten dizuna egitea, eta erotzat hartuko zaituzten arren, asetzen zaituen hori egiten jarrai ezazu, sekula ez utzi borrokatzeari. Animo txapeldun”.

“Txapeldun”…

Ez dakit zer gehiago esan, benetan… sakrifikazioa (-edo) horrela goratzea… ez dut ulertzen.

Oharra: Cursa del Sot lasterketa irailean egin ohi da. “Txomin”-en argazkia, beraz, 2018koa izango da ziurrenik.  Lasarte-Oria Trail taldearen Facebook orrian ez dut testu hori topatu.

Gizonezkoak espazioaren jabe, igerilekuetan ere bai?

2019-03-14  //  Generoa, Igeriketa  //  2 iruzkin

Igerileku estaliak ez dira nire habitat naturala, inola ere ez. Aspaldian ez dut silikonazko txano profesional horietako bat jantzi, luze bakoitzaren ostean igerileku ertzean atseden hartzeko, poker aurpegia mantenduta, hori bai. Bazterretako kaleak aukeratzen nituen igeri egiteko, erdikoak uzteko jende zailduagoari. Badakit, behin kalea hautatuta, eskuinetik joan beharko nukeela. Igeri “normal” egitean (krol estiloan) zintzo betetzen nuen araua, baina bizkarrez nindoanean ipar-orratzak ez ninduen oso zuzen eramaten, egia esan.

Igerilariren bat ikusten baduzu gainerakoei enbarazu egiten diena, gizonezkoa izango da ia ziur,  Fosbury.cat-eko kazetariak dioenez / Alacanteko Udala

Hain justu, igerilekuetako kale bakoitzean zein pertsona dabiltzan eta igeri nola egiten duten abiapuntutzat hartuta, El “Manspreading” també es viu a les piscines del nostre país (“Manspreading”-a, baita gure herrialdeko igerilekuetan ere) artikulua plazaratu du Marc Martinez kazetariak Fosbury.cat webgunean. “Manspreading”, badakizue, metroan, trenean edota autobusean gizonezkoak hanka-zabalik esertzearen fenomenoa.

Zer lotura dago, baina, igerilekuetako zirkulazioaren eta “manspreading”-aren artean? Martinezek dioenez, albokoak aintzat hartu gabe igeri egiten dutenak, orohar, gizonezkoak dira: “Emakumezkoek zergatik jotzen dute eskuinaldetik igeri egitera, zirkulazioa erraztuz? Zergatik ez dugu gizonezkook gauza bera hain sarri egiten? Ez da kasualitatea. Faktore ugari daude, eta generoa da horietako bat: gizonezkoek, inkontzienteki –txikitatik hala jaso dugulako– espazio handiagoa betetzeko eskubidea daukagula pentsatzen dugu”.

Kale bakoitza, norentzat? (Zarautz, eredu)

Ez dut oroitzen herriko igerilekuan pertsona bakoitzak desberdin igeri egiten ote zuen gizonezkoa ala emakumezkoa izan. Litekeena da kontziente ez izatea –bizkarrez egitean, ziur enbarazu egingo nuela noiz edo noiz–, baina zentzu horrretan ezerk ez zidan atentzioa eman.

Onintza Irureta lankide akuatikoari galdetu diot, ea Zarauzko igerilekuan-eta halakorik sumatu ote duen. Ezetz. Kale bakoitzeko zirkulazioa lotua dago igerilariaren mailarekin, generoarekin baino. Zarauzko bi igerilekuetan, norberak badaki kale zehatz batean murgiltzean nola igeri egin behar duen. Izan ere, batak “kale azkarra” kartela du paratua, bigarrenak “ertaina”, besteak “motela”, laugarren batek “entrenamenduak”, besteak “librea” (igeri/jolas askeago egiteko), hurrenak “materiala bai” (eskuko palekin edota aletekin aritzeko)… Kale bakoitzean, emakumea ala gizona izan, berdintsu. Agerikoa da “kultURa” handia dutela han.

Eta, zuek, inguruko igerilekuetan sumatu al duzue kazetari katalanak hizpide duen “manspreading” fenomenoa?

(Igerilekuez ari garela, bada fenomeno bat artikuluak dioenarekin lotura izan dezakeena, uda garaian-eta sumatu dudana. Oro har, “bonbak”, zilipurdiak eta horrelakoak egiten dituztenak mutilak dira. Eta, hondartzan, uretara korrika sartzen direnak, olatuak “hartu” eta parean suertatzen zaien bainularia kolpetik kentzen dutenak, gabarroian indioarena egiten dutenak… Nire irudipen erabat subjektiboa da, oinarrituta batez ere gazte garaiko pasadizoetan, baina esango nuke ez nabilela oso oker, ala?)

Marrazki bizidun matxistak: dekonstrukzio-lanaren balioa

2019-03-07  //  Kulturgintza, Matxismoa  //  Iruzkinik ez

'Shin-Chan' eta 'Doraemon' marrazki bizidunak dira zerrendako lehenbizikoak.

‘Shin-Chan’ eta ‘Doraemon’ marrazki bizidunak dira zerrendako lehenbizikoak.

Adolescents.cat webgunean topatu dugu “Sekula ikusi dituzun bost marrazki bizidun matxistenak” zerrenda. Eta, hara non, lehenbiziko biak euskaraz ere eman/ematen ditu ETBk. Besteak ere, aski ezagunak dira gurean.

1. Shin Chan

2. Doraemon

3. The Simpsons

4. SpongeBob

5. Phineas & Ferb

Amaren figura maiz aipatzen da artikuluan. Ez da gutxiagorako. Zenbat eta zenbat marrazki bizidun edota telesailetan, ama da (etxekoandre) ipurterre zorrotz bat, eta aita eguna lanean (-edo) pasa ostean etxean kolpe zorrik jotzen ez duen tipo (pailazo) “enrrollatu” hori?

Baditugu, era berean, Doraemon saileko Shizuka moduko emakumezko pertsonaia “hiper-sexualizatuak”, aipatu artikuluan irakurri daitekeen moduan. Marrazki bizidunok ezagutzen badituzue, ziur badakizuela zeri buruz ari garen. Merezi du, halere, Pakito Ganbelaik Zuzeu agerkarian idatzitako artikulua irakurtzeak: Doraemon, sexua, drogak eta matxismoa.

Dekonstrukzio lan apur bat

Gisa honetako artikuluak irakurtzean, beti oroitzen naiz bere garaian Iban Zaldua idazleak elkarrizketa batean esandakoez, komikietan emakumeek duten presentzia/paperaren inguruan. Seme-alabekin dekonstrukzio lana egiteak duen balioaz mintzo zen.

“(…) Ez da ezer bereziki konplikatua: kontua da ohartaraztea emakumeen urritasuna, alde batetik, ez dela naturala, eta, bestetik, emakumeen rola, komiki askotan, estereotipatua dagoela (…) Azkenean iristen da une bat non alabek berek barneratzen duten ikuspegi hori, gauzak ez direla “naturalki” horrela, beste era batean izan zitezkeela alegia. Zorionez emakumeen rol ezberdinak areago azpimarratzen dituzten gero eta komiki gehiago dago eskura –gehienak, esan behar da, emakumeek idatzi edo marraztuak–, oraindik, maila absolutuan, gutxi izaten jarraitzen duten arren”.

Elkano ‘around the world’, pedalkadaz-pedalkada zuritua

2019-03-01  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Andaluziako Itzuliaren txioa irakurrita jakin dut Euskadi-Murias taldeko ziklistek “ELKANO-Elkanofundazioa.eus” logoa daramatela mallotaren atzealdean. Lehen etapa San Lucar de Barramedan hasi zen, eta hango Udalak Euskadi-Murias –txirrindulari talde bat (!)– omendu zuen, Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionetik 500 urte igaroko direla-eta.

Homenaje al Euskadi – Murias por el aniversario de la #circunnavegación y Elcano #sanlucarbarrameda #vueltaciclistaandalucia2019 #65rds pic.twitter.com/t3fHxjGKC6

— Vuelta a Andalucía (@VCANDALUCIA) February 20, 2019

Bitxia da. Elkanoren izena eramateagatik Muriasek ez du dirurik jasoko. Mundubira 500 Elkano Fundazioaren helburua da “ezagutza historikoa lantzea eta arakatzea, gaur egungo gizartearen erronkak aztertu eta baloratzeko, eta eredu sozioekonomikoak birpentsatzeko”. Horretarako, “beharrezkoa da gizarteari estimuluak ematea, haren jakin-mina pizteko”, Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek adierazi duenez. “Nahi dugu jendeak bere buruari Elkanori buruz galdetzea. Zalantzarik gabe, marka hori urtean batez beste 30.000 kilometro egiten dituen kirolari baten bizkarrean joateak –600.000 kilometro taldeari bagagozkio– segurtatu egiten digu pertsona askok ikusiko dutela, galdetu egingo dutela Elkano zer edo nor den, eta gehiago jakin nahi izango dutela”. Euskadi-Murias taldearen webgunean irakurri daitekeenez, hitzarmen honi esker lortuko da “Elkanoren arimak berriz ere munduari buelta ematea”.

Euskadi-Murias taldeko txirrindulariak. “ELKANO. Euskadi around the world” dute idatzita mallotean.

Helburuetako bat denez gero Elkanoren figura sakonago ezagutzea, merezi du irakurtzea horretan lagundu dezakeen erreportaje bat, Axier Lopez kazetariak plazaratua Argia aldizkarian: Zer dugu ospatzeko? Zer dute ezkutatzeko?. Berton irakurri dugu Euskadi-Murias zergatik omendu duten San Lucar de Barrameda herrian:

Espeziak urrearen pareko ziren garai hartan, nola edo hala Espezien Uharteetarako bidea osatzea zen helburu nagusia. Eta hala, 1519ko abuztuaren 10ean, abiatu ziren bost itsasontzitan nazionalitate askotako 234 gizon. Elkano Concepción ontziko maisu jarri zuten (…) 1522ko irailaren 6an heldu ziren Sanlucar de Barramedara. Hiru urte lehenago abiatutako 234 gizonetatik 18 baino ez ziren itzuli – lau euskal herritarrak ziren–. Tira, hori da historia ofizialak dioena, baina errealitatea da 21 pertsona itzuli zirela. Elkanok bidean gatibu ekarritako hiru indigena ere bizirik heldu baitziren.

Beste pasarte hau aipatzea ere harira dator. Espainiar nazionalismoak Elkanoren figura nola zukutzen duen aipatzen du:

“Elcanoren espedizioa Espainiako Armadaren aparteko balentria izan zen”. Espainiako Erregearen hitzak dira, Elkanoren V. Mendeurrenari babesa adierazteko urtarrilean Madrilgo Zarzuelan egin zuten ekitaldian esandakoak. Espainiar nazionalismoari beti baliagarri gertatu zaion pertsonaia da Elkano, baita diktadura frankistari ere. (…) Ikuspegi horretatik bakarrik uler daiteke, Espainiako Gobernuak Elkanoren V. Mendeurrena antolatzeko ardura Defentsa Ministeriori eman izana, kultura sailarekin batera. Elcano markaren helburu politikoak oso argi azaldu zituen Odon Elorzak bere blogean 2017ko azaroan: “Espainiako herrien historia komunaren pasarte garrantzitsu hau hauspotu behar dugu. Oso komenigarria da gogoraraztea euskal herritarrak izan zirela punta-puntako protagonistak, Espainiako Koroak sustatutako enpresa kolektibo horretan (…)”.

Eta beheraxeago, mundu biraren inguruko ekintzez:

Espainiako Gobernuak “aparteko interes publiko” izendatu du mendeurrena eta pizgarri eta hobari fiskalak eskaini dizkie –%90era artekoak– mundu birari buruzko ekintzak antolatu edo hedatuko dituzten elkarte eta enpresei. Elkanoren balentriak mundura saltzeko lehen proiektuetako bat martxan da jada: 25 milioi euroko aurrekontua duen Sin límites filma (…) Miguel Menéndez de Zubillaga filmaren ekoizle bilbotarraren hitzetan, “Elkano da Espainiako konkistatzailerik garbiena, ez baitu alde negatiborik. Ez zuen ezer txarrik egin, aurkitzaile bat izan zen, heroi outsider bat da, Blas de Lezo eta Don Pelayoren parekoa”. Paraleloki, Andaluzian eta Euskal Autonomia Erkidegoan mendeurrenari heltzeko ekimen propioak sortu dituzte.

“Zer edo nor” izan zen Elkano?

San Lucar de Barramedako Udalak txirrindulari talde bat omentzeak, Espainiako Erregeak edota Odon Elorzak Elkano modu horretan goratzeak, mendeurrena antolatzeko ardura Espainiako Defentsa Ministerioari eman izanak… zer pentsatua eman beharko lukete horiek guztiek, jakin-mina piztu, Elkano “zer edo nor” izan den galdetzera bultzatu.

Kirol taldeak baliatzeaz marka edota mezu bat zabaltzeko, uste dut (ia) dena esana dagoela jada. Baina, aizue, Murias-Elkano akordio hau ez dela politika eta kirola nahastea, e!

Kalean baloiarekin jolastu ahal izatearen alde; futbolzentrismoaren aurka

2019-02-21  //  Gizartea  //  Iruzkinik ez

“Baloia, azkenean ere, Bartzelonako kaleetara itzuli da”, irakurri dugu Panenka aldizkariaren webgunean. “Bartzelonako Udalak bertan behera utzi du kalean baloiarekin jokatzea eragozten zuen debekua. Ume askok irri egiten du berriro ere”.

Gisa honetako seinalerik ez da gehiago ikusiko Bartzelonako plazetan / Àlex Garcia, La Vanguardia

“Proiektuaren helburua da umeen jolaserako eskubidea bermatzea”, azaldu dute Ana Colau buru duen udal-gobernuko ordezkariek. “Nahi diogu hiria zabaldu umeen jolasari, eta gehiago ez kriminalizatzea, orain arte egin den bezala”. Diotenez, jolasa ez dute espazio itxietara mugatzerik nahi.

Apurka-apurka, baloiarekin jolastea debekaturik dagoela dioten seinaleak kendu eta beste batzuk jarriko dituzte, albokoak errespetatuz jolastera dei egingo dutenak. Proiektuak makina bat neurri gehiago jasotzen du: igandeetan kale batzuetako trafikoa moztea, eskoletako patioen erabilera sustatzea, jostailuak maileguan hartzeko guneak jartzea, jolas inklusiboa bultzatzea… helburu izanik umeen jolaserako eta esploraziorako aukerak biderkatzea.

Jolasa, espazio seguruago baterako bitartekoa

“Baloia kaleetara itzultzea lagungarri izango da jokalariek hainbat gauza ikasteko, bereziki barkamena eskatzen jakiteari dagokionez”, idatzi du Andrés Gil kazetariak Panenkan. “Guztioi gertatu zaigulako, jolasean ari garela, nahi gabe baloiak norabide okerra hartzea eta bere lagunekin bankuan eguzkia hartzen ari den emakume gaixoa jotzea. Une horretan, beti ere baloia bota duena kikilduz gero, ausartenak  joan beharko du barkamena eskatu eta baloia hartzera. Modu horretan, Udalaren helburuetako bat ere beteko da: errespetua eta elkarbizitza oinarri dituen jolasa sustatzea”.

Proiektuak izan ditzakeen aldeko eta aurkako argudioekin, Gilek dio une egokia dela protagonismoa emateko honen guztiaren onuradun nagusiei, umeei alegia. “Sedentarismoa eta pantailatxoekiko adikzioa ikur dituen gizartean, proiektu honek bilatzen du, baloi bat bezalako gauza soil baten bitartez, txikienek lagun berriak egitea eta jolaserako ilusioa elkarbanatuz dibertitzea”.

Bartzelonako Udalarena bezalako ekimenak txalotzea besterik ez dago, bereziki bilatzen badute ez soilik jolaserako-eremuak zabaltzea, baita, esaterako, ingurune parekideagoak sortzea edota futbola ez beste jarduerak ere sustatzea, Bartzelonako Gràcia auzoan egin bezala. “Kalea guztiona da eta elkarbizitzak du lehentasuna, baina baita espiritu ludikoak ere, zeinak espazio publikoari ematen dion ez soilik bizitasuna, baita segurtasuna ere”, zioen horren haritik El Periódicoren editorialak. Interesgarria iruditu zait segurtasunaren inguruko aipua. Pentsatu gabe nengoen horretan…

Futbolzentrismoaren aurka

Futbolaz gaindiko jarduerak izan dituzte kontuan Gràcia auzoan. Hain justu, Bartzelonan baita ere, Equal Playgrounds proiektua jarri dute abian, ikastetxeetako patioak parekideagoak bilakatzea xede, ikusi dutelako patioen %75 inguru “futbolzentrikoak” direla. Alegia, pista nagusiak hartzen du eremu ia osoa, eta beste jolas batzuetan aritu nahi duten neska eta mutikoak alboratuta geratzen dira, jarduera estatiko eta pasiboagoetan murgilduaraziz. Futbol zelai batean jolas dezaketen bitartean ikasleen %30 inguru, proiektuko kideek egindako esperimentuak (eremu-banaketa berria proposatu dute) erakutsi du %85ak jolastu ahal duela arazorik gabe. Helena Cardona arkitektoaren hitzetan, “harreman zuzena dago ikastetxeetako patioen eta genero desberdintasunen artean, gure kulturan futbolak inbaditzen duelako espazio ia osoa, non mutilak aritzen diren bereziki –eta baloia ongi ukitzen duten neskak–”.

Burlatan ere, debekuaren aurka

Duela urtebete, Bartzelonak orain hartu duen erabakiaren ildotik, aldaketak izan ziren Burlatako zenbait karrika eta plazetan. Ordura arte haurrek debekaturik zuten baloiarekin edo bizikletan jolastea, eta orduz gero Errespetuz jolasten gara goiburua duten xaflekin egiten dute topo.

La señal ha sido diseñada por Aitor Unzu y puede leerse en español y en euskera

“Kalea denona da” ekimenaren baitan onartu zituzten neurri berriak.

Ez da ekimen txarra, baloiaren bueltakoa jolas den bitartean, eta ez joko…

Komikiak zapata zolaren azpian: klasismoa? ezezagutza?

2019-02-14  //  Komikiak  //  2 iruzkin

Doraemon katu kosmikoa eta Nobita.

Doraemon marrazki bizidunen eszena batean, komiki bat irakurtzen ari da Nobita bere gelan, katu buruhandiak haserre bizian eteten duen arte: “Zer ari zara komikiak irakurtzen!? Har ezazu liburu serio bat, pertsonaia historiko baten biografia adibidez!”. Liburu “serio” bat…

Ia oharkabean igarotzen den pasadizo inuzentea da, ados, baina irudipena daukat Doraemon marrazkietan sarri xamar errepikatzen den diskurtsoa dela: komikia = gauza ez serioa. Diskurtso hori gidoilariek –pertsona helduek– dute erreproduzitzen eta normalizatzen. Doraemon manga Hiroshi Fujimotok sortu zuen; hortaz, pentsatzekoa da marrazkion asmoa ez dela, inondik ere, Komikia desprestigiatzea. Halere, eszena hori abiapuntu egokia iruditu zait komikien inguruko usteez idazteko, Miss_Adler78-ren txio batek bultzatuta: “Komikia ez daukat artetzat, Arde Eder bakar baten zapata zolara ere ere ez baita heltzen”.

Hablemos de esto. pic.twitter.com/pkHH863LRU

— Nacho 🗯 (@Nacho_MG) February 5, 2019

Baieztapenak, zer nahi duzue esatea, ez hotz ez bero, lehen kolpean epel laga nau. “Bakoitzak pentsa dezala nahi duena”. Baina @Nacho_MG-ren txio-hariak eta erantzunetako batzuk irakurri ostean, uste dut badagoela non harraskatu, hasita askok Miss_Adler78-ri leporatu dioten “elitismotik” edota “klasismo kulturaletik”.

Zentzu horretan, hala dio @Nacho_MG-k: “Klasismo kulturalak kezkatu egiten nau, diziplina batzuen garapen ekonomikoari oztopoak jartzen dizkiolako, eta kategoria eta klase helezinak ezartzen dituelako, zeintzuetan pribilegioak babestu nahi diren”. Klasismo edo mailaketa hori non isla daitekeen pentsatzen jarrita, kulturaren esparruko jauregi eta zokoetatik haratago, hezkuntza-sistema etorri zait gogora.

Esango nuke ikastetxeetan alboratuta geratzen dela komikia. Zeren eta, literatur klaseetan-eta, zenbat komiki irakurri eta analizatzen dituzte ikasleek? Zenbat komikigileren –gidoilari zein ilustratzaileren– biografiak ikasten dira? Zenbat komikigilek eman ohi dituzte hitzaldiak? Zenbat etsaminetan ageri dira komikiari buruzko galderak?… Beldur naiz erantzuna ez ote den izango nik espero baino are tristeagoa.

Zorionez, liburutegietako apaletan geroz eta komiki gehiago aurki daiteke / zallainfo.zalla.eus

Zergatik ez da, boteprontoan bururatu zaizkidan lan batzuk aipatzearren, Santa Familia jorratzen? Edo Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak? Haur Besoetakoa, Pololoak, Justin Hiriart, Pilula urdinak, Gerezi Garaia,  Zubigileak…? Orotariko lanak argitaratzen dira euskaraz (zer esanik ez erdaraz), bide ematen dutenak hamaika konturi buruz hitz egiteko, izan barne-sentimenduez zein gizartean pil-pilean diren gaiez. Ahaztu gabe tresna paregabea daukagula ikasleak komikiaren munduan barneratzeko: Xabiroi komiki-aldizkaria, Ikastolen Elkarteak argitaratua hain zuzen ere.

Pentsatzen dut hezkuntza-sistemak (ez dakit ziur nola izendatu) zehaztu edo gomendatuko duela zein libururen inguruko lanketa egin. Litekeena da irakasle bakoitzaren esku geratzea apur bat. Beraz, sistema-buruek eta irakasleek nahikoa ezagutzarik/borondaterik ez badute…

… ezagutza handitzeko urratsak eman beharko dira 😉

 

Kirol apustuak: Aragoik arriskua usaindu du; Carlos Soberak zabor gehiago bota du

2019-02-12  //  Gizartea  //  Iruzkinik ez

Helburuetako bat izanik “gizarteko sektore zaurgarrienak, gazteak esaterako, kirol apustuen mendera eror ez daitezen lortzea”, Aragoiko (Espainiako Estatua) Gobernuak lege berria onartu du, jokoaren sektoreko enpresen iragarkiak (kirol instalazioetan) eta babesletzak debekatzeko kirol-maila guztietan.

Codere enpresak Arrasaten zuen egoitza, Jaiki taldekoek duela bi aste jarritako pankartekin / GOIENA

Codere enpresaren Arrasateko egoitza oihan pankartak jarri zituzten Jaiki taldekoek duela bi aste / GOIENA

Legea (2018ko abenduaren 19ko buletin ofizialean jasoa) urratzen duenak 6.001 eta 60.000 euro arteko isuna jasoko du, eta litekeena da kirol-lizentzia kentzea edota instalazioak ixtea, Ricardo Uribarri kazetariak azaltzen duen moduan CTXT webgunean plazaratutako artikuluan. Oraindik zehazteke dago legeak klub guztiei eragingo ote dien ala txapelketa profesionaletan –futboleko 1. eta 2. mailetan edota ACB saskibaloi ligan– salbuetsiak geratuko diren (badirudi hala izango dela); baita Aragoira jokatzera doazen talde aurkarien kasuan ere aplikatuko den ala ez (badirudi baietz).

Italiako ereduari jarraitzen dion lege honek aurre hartu dio Espainiako Gobernuaren (PSOE eta Podemosen) balizko araudi berriari, Palco123 agerkarian irakurri daitekeenez.

Carlos Sobera: “Publizitateak ez ditu ludopatak sortzen, utzi tontakeriak esateari”

Aragoiko legeaz idazten ari nintzela, txio hau topatu dut. Zera, Carlos Sobera jauna, utzi-utzi-utzi tontakeriak esateari, faborez.

Un amigo psicólogo que trata a ludópatas me contaba lo mal que lo pasan con algo que, para los que no lo somos, parece una chorrada: el "juega, juega, juega… gana, gana, gana" de @888sport_es es una auténtica tortura. Y @Carlos_Sobera un mierda. https://t.co/XIIAkx3Gir

— El Teleoperador (@teleoperador) February 9, 2019

 

2 / 47« Aurrekoa1234102030Hurrengoa »

Jon Torner Zabala

Goiburua irakurtzean barre egingo duzue nire belaunaldiaren biktima zaretenok. Komikiak eta kirola esaldi berean uztartzeko modurik onena iruditu zait. Arale hiperaktiboaren sortzailea batetik, eta kirolariak aulkira eramaten dituen lesioa bestetik. Funtziona dezake.

@jtorner Twitterren

Jarraitu @jtorner

Tweets by @jtorner

Azken bidalketak

  • Zein kirolek dute arrakasta gehien emakumeen artean eta zergatik?
  • Prentsaurrekoan katalanez ari diren kazetariak, ofizio-kide “txarrak”
  • Arrazakeria futbolean | Ezertxo ere pasa ez balitz bezala…
  • Celtic-eko zaleen erantzuna italiar faxistei: Mussolini buruz behera zintzilik
  • Euskal txirrindularitzaren egoerari tiraka: Diru publikoa, zertarako?

Iruzkin berriak

  • Jon Torner(e)k Aita baten harribenturak gertatu ahala jasoak bidalketan
  • Nerea(e)k Aita baten harribenturak gertatu ahala jasoak bidalketan
  • Jon Torner(e)k Bibradore bat eta depilatzeko argizaria, squash torneo batetako emakumezkoentzako sariak bidalketan
  • Nerea(e)k Bibradore bat eta depilatzeko argizaria, squash torneo batetako emakumezkoentzako sariak bidalketan
  • Jon Torner(e)k Gizonezkoak espazioaren jabe, igerilekuetan ere bai? bidalketan

Artxiboak

  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko abuztua
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko apirila

Kategoriak

  • AEB
  • Antzerkia
  • Argentina
  • Arrauna
  • Artea
  • Athletic Club
  • Atletismoa
  • Automobilismoa
  • Azpiegiturak
  • Beisbola
  • Bideo-jokoak
  • Boxeoa
  • Brasil
  • Brasilgo Munduko Kopa 2014
  • Chiapas
  • Dopina
  • Eibar
  • Ekonomia
  • Errefuxiatuen krisi globala
  • Errugbia
  • Errugbia
  • Errusia
  • Eskozia
  • Euskal selekzioak
  • Euskara
  • Feminismoa
  • Frantzia
  • Futbola
  • Galizia
  • Generoa
  • Gizartea
  • Hedabideak
  • Herri kirolak
  • Herri kirolak
  • Herrialde Katalanak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntzak
  • Hungaria
  • Igeriketa
  • Internet
  • Islandia
  • Israel
  • Italia
  • Joko Olinpikoak
  • Kirol psikologia
  • Kirola
  • Kirola eta politika
  • Kolonbia
  • Komiki kritikak
  • Komikiak
  • Kulturgintza
  • Literatura
  • Maroko
  • Matxismoa
  • Mendia
  • Mexiko
  • Mugikortasuna
  • Musika
  • Natura
  • Nazioartea
  • Osasuna
  • Osasuna
  • Palestina
  • Pilota
  • Politika
  • Reala
  • Sahara
  • Saskibaloia
  • Sokatira
  • Teknologia berriak
  • Telebista
  • Txile
  • Txirrindularitza
  • Ukraina
  • Umorea
  • Uncategorized
  • Ustelkeria
  • Zientzia eta teknologia
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren RSSa
  • Iruzkinen RSSa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA