Li Bai txaboloan
Ilargiarekiko miresmena ez da oraingoxea. Haren dirdirak lurrak, urak, ileak eta pertsonen gogoak erakartzen ditu, inguratzen duen misterioak pertsonak berezkoa duen jakin min eta zalantzak elikatuz.
Adin txikiko seme-alabak eta ilobak ditugunontzat aitzakia erabilia izaten da fantasiazko mundua sortu eta umeak txunditzeko, bide batez atzera egin eta alboratzen joan garen inozentzia pusketak berreskuratzeko.
Iloba zaharrenari, magalean Tintinen ipuina kontatzen niola, hitza emandakoa naiz: behin sudur parera ailegatzen zarenean suzirian sartu eta elkarrekin bidaiatuko dugu bertara.
Iloba gazteari, kartzelatik, “collage” koloretsua igorri nion. Bere eskuekin eta nire laguntzarekin ilargia harrapatzen genuen.
Topikoak topiko, semeari esan izan diot ilargia begiratzeko gauean, ni ere begira egongo naizela, eta haren islan biok elkar ikusiko dugula; edo sentitu behintzat.
Oroitzapen propioak ere etortzen zaizkit. Adibidez, ilargiaren betetasunak gidatuta, Aralarko Guardetxetik Igaratzako bordara gauez joan ginenekoa. Hankaz gora belazean etzanda, lagunarte jatorrean eta haxix porroa ezpainez ezpain, ezpainik gabe, egungo amets gaizto hauei bide eman dieten ametsen txinpartak sugar bihurtzen zirela.
Berriki, Mikel Orbegozo kide eta lagun minak “ilargiraino” bidali ditu senide eta lagunak bere komiki bihurrietan. Saturnoraino joango lirateke bisitara.
Eta presooi ilargiraino joaten zaigu bista, modulu eta txaboloko kokapenak ahalbidetzen duenean. Behin ilunabarreko kontaketa ostean, leihotik leihorako builak eta musika aparatuen zalaparta isiltzen denean, itxita nuen leihoa ireki eta aldamenean dudan kide ilustreari poema bat errezitatzera ausartu naiz:
“Gaualdea da
Ilargia bete antzera pareko murruaren gainean.
Gaztelako lur eremu lau eta arreetan
Zerua oskarbi, freskura lehorra, ihintza pilatzen teilatuan;
Barruan, babes bila eperra goiko apaleko txokoan.
Burua okertu eta zeharka
Barrote tarte beretik ilargia osorik dakusat”
Li Bai izena du kideak. Txinatarra da, VIII. Mendean sortua, poeta. Lagun onak, natura, ardoa eta autoritate eza maite ditu. Desterrua eta kartzela ezagutzea tokatu zaizkio. Soberako apaindurarik gabe “Gauaren erdian gogoeta” egin du berak ere.
“Ilargi distiratsuaren isla ohatze aurrean,
Antzigarra bailitzan lurraren gainean;
Burua jaso ilargi distiratsuari begira,
Burua makurtu jaioterria gogoan.”
Ai, Mintegiaga, lagun… Vangelisek Li Bairen (Li Pohren) ilargiari buruzko beste poema batekin egindako zati eder hau oroitarazi didazu…
http://www.argia.eus/blogak/jon-mintegiaga/2016/01/12/li-bai-txaboloan/
Baina nola iritsarazi zuri musika hau kanpotik?
“”I take a bottle of wine and I go drink it among the flowers.
We are allways three … counting my shadow and my friend the shimmering moon
Happily the moon knows nothing of drinking, and my shadow is never thirsty
When I sing, the moon listens to me in silence. When I dance, my shadow dances too.
After all festivities the guests must depart. This sadness I do not know.
When I go home, the moon goes with me and my shadow follows me””
Hartu dut botila bat ardo eta loreen artera joan edatera. Beti gara hiru… kontatuz nire errainua eta nire lagun ilargi distiratsua. Zorionez ilargiak ez daki edaten, eta nire errainua sekula ez da egarri. Kantatzen dudanean ilargiak isilik entzuten nau. Dantzan ari banaiz, nire errainuak ere dantza egiten du. Festa egin ondoren gonbidatuek alde egin behar dute. Horrelako tristurarik ez dut ezagutzen nik. Etxera noalarik, ilargia nirekin doa eta errainuak jarraitzen nau
Besarkada bat hemendik.