Hasiera »
JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
@Ortubekoa
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
Eskubideak eta betebeharrak
2021, 01, 8 // Hizkuntza eskubideak // Iruzkinik ez
Dagoeneko ia inork (%1,7) ikusten ez duen ETB1n, Kontseiluko idazkari nagusia, Paul Bilbao, gonbidatu dute Ahoz-aho saiora eta elkarrizketan entzundakoak lerro hauek idaztera bultzatu gaitu.
Azken urteotan EAEko Euskalgintzan nagusitu den diskurtsoaren zenbait ezaugarri oso eztabaidagarriak iruditzen zaizkigu. Pandemiaren ondorioez diharduena berbarako. Batetik entzun behar izaten dugu pandemia garaian, euskara zaurgarria edo zaurgarriagoa dela. Euskara ez da ezer euskaldunok gabe; beraz, euskaldunok izango gara zaurgarriak, izatekotan?
Eta zer esan nahi du horrek: euskaldunok besteak baino ahulagoak garela?
Bai, badakigu ez dela hori aditzera eman nahi, baina gaude laguntzen duela lehendik ere badaukagun gizagaixo eta gajo konplexua areagotzen.
Haur askok euskararekin daukaten harreman bakarra eskolan dela esaten zaigu , eta nola aurrez aurreko eskolak mugatu edo kendu behar izan diren, bada, ingurune erdaldunean bizi diren haur eta gazte horiek bestela baino euskara dosi txikiagoa jaso dutela, eta, horrenbestez, atzendu / moteldu egin zaiela askori.
Ados, baina orduan, esan dezagun ingurune erdaldunetako eskola-ume edo gazteek hizkuntza-galera izan dutela pandemia dela medio. Eta ez dezagun hortik kanpora atera, diskurtso biktimista ustelean jausi gabe… errukiak predikamendu gutxi baitu.
Eta esan dezagun argi eta garbi, EiTBk ez duela betetzen bete beharko lukeen funtzioetako bat, hots, haur eta gazteei euskarazko helduleku eroso eta gustagarri bat eskaintzea, areago inguru erdaldunduetakoei.
Bestetik, eskubideak bakarrik aipatzen dira: euskaldunok euskaraz egiteko ditugun eskubideak. Baina inposizio kontuak ez dira aipatzen, ez baita hori diskurtso zuzena eta salgarria, antza denez. Baina hitz egiteko modu horrekin, kanpoko geruza mehea pittin bat urratu orduko, berehala egiten dugu topo eskubide eta betebeharren dialektikarekin.
Zeren eta, baldin eta guk eskubidea badugu euskaraz egiteko, gurean bizi den orok euskara jakiteko betebeharra du; bestela, ezinezkoa baita. Eta esan behar da era berean, EAEn indarrean dauden lege guztiek bermatzen dutela erdaraz egiteko eskubidea, bai pribatuki, bai administrazioetan, edonon eta edonoiz. Baina euskararekin ez dela gauza bera gertatzen; euskaldunok ez daukagula euskaraz egiteko eskubidea bermatuta eremu asko eta askotan, EAEn ez, baina are gutxiago Nafarroan eta Iparraldean.
Honaino ados egongo gara. Orduan, zergatik ez dugu aipatzen ez dakitenek ere euskaraz ikasteko betebeharra dutela, eta betebehar hori pertsonala eta kolektiboa dela, eta hala denez, erakunde publikoek neurriak hartu behar dituztela euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea arlo guztietan bermatua izan dadin. Eta, halaber, erdaraz egin nahi duenak dituen eskubide berberak izan behar ditugula gutxienez, eta horretarako ezinbestekoa da EAEn bizi garen guztiok euskara derrigorrez jakitea, euskaldun bat bera ere derrigortu gabe erdaraz egitera ezein arlotan. Laburbildurik, eta sinple-sinple esanda, euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea bermatzeko, argi esan behar da EAEko herritar guztiok dugula eskubidea eta betebeharra euskaraz jakiteko, españolez / frantsesez jakiteko betebeharra daukagun bezala.
Ez dela mezu sinpatikoa? Ez du zertan sinpatikoa izan!
Inposizio mozorrotua dela? Euskal Herrian euskaraz egiteko eskubidea bermatzea ez da inoiz inposizioa izango; Espainian espainiera erabiltzea ez den bezala, eta Frantzian frantsesa ez den bezala.
Gauzak argi esan ditzagun inor engainatu gabe eta eufemismo lauso eztietan galdu gabe. Euskaraz egiteko eskubideari denok jakiteko betebeharra datxekio, nola huntza hormari!
Eta hori bermatzeko neurri publikoak premiazkoak dira arlo guztietan, EiTBtik hasita!
Pako Sudupe eta JJ Agirre (Plazara gatoz!)
Elikagai-saltoki handiak, edo españolizazio sakona low-cost
2020, 12, 5 // Españolizazioa // Iruzkinik ez
EAEko Hizkuntza politika orokorraren adibide bikaina dira elikagai-saltoki handiak: euskaldunok bigarren mailakoak gara bertan ere, baina ele bietako afitxa handiak jarrita edota megafonia bidezko iragarki grabatuak ele bietan emanda disimulatzen dute.
Beste errotulazio guztia español hutsez dago: leche, pan, yogur, jamón, lechuga, pimiento morrón, manda güevos, eta abar…
Saltzaile euskalduna aurkitzen baduzu, bingo!, eta erdalduna bada baina erdaraz eginarazi nahi ez badizu, pozik, ze asko dira “egun on” zer den ere “ez dakitenak”.
Erdaldunak bermatua du españolaren erabilera %100. Euskaldunarentzat, eskupekoak onenean. Hego “Euskal” Herrian!
Eroski nuen nik salbuespentzat-edo. Euskaldun nahi nuen ikusi, oso nagusiki erdaldun jokatzen badu ere. Eroski ez baita Mercadona baino askoz hobea hizkuntzari dagokionez. Badira gaiztoago jokatzen dutenak: Carrefour, Dia, Lidl, Alcampo…, baina dagoeneko
@BMSupermerkatua adibidez, @EROSKI baino euskaldunagoa da. Ez da askorik behar horretarako.
Eroskik (edo Mercadonak), webgunea euskaraz baina Twitter eta Facebook español hutsez daukate. BM-k hirurak ele bietan. Euskaraldiarekin bat egin omen du BM-k, ergelak ez direlako seinale. Bestela, afitxa handiak eta iragarki grabatuak ez, baina errotulazio guztia español hutsez daukate, Eroskik bezala, eta saltzaileekin ere berdintsu, loteria…
“Gure” Eroskik, Nafarroan, probintziako produktuei Nafarroako ikurra jartzen die; “Euskadikoak” aldiz, ikurrik gabe gelditu dira, Albacetekoak edo Bordelekoak bailiran. Eta “Euskadin” alderantziz jokatzen du. Hau da, irizpide erabat unionista darabil.
Bai hizkuntzaren, bai ikurren erabileraren bitartez, espainieraren eta Espainiaren nagusitasuna eta euskaldunon menpekotasuna nabarmentzen dute saltoki handiok, goxo-goxo, diskurtsorik eskaini beharrik gabe, zaratarik alxa gabe. Gure egunerokotasunean txertatu da espainiazaletasun hori, ez soilik saltoki arrotzen eskutik, baizik eta “guretzat” ditugun saltokien eskutik ere.
Erabaki politikoak daude horren atzean. Ondo (anker) hausnartuak, Espainiako (a)normalizazioan gero eta gehiago urperatzen gaituztenak, erarik eraginkorrenean: gu horretaz konturatu gabe, matxismoarekin eta beste zapalkuntza molde batzuekin gertatu bezala.
Eroskiri, BMri eta areago beste saltoki handi horiei guztiei ere, gabonak “zoriontzeko” eta euskaldunak errespeta gaitzaten exijitzeko garai aproposa da hau, ezta?
Animatzen?
“Euskararen egunean”, euskaldunon egunaren zain
2020, 12, 3 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Abenduaren 3 honetan, laneko bilera telematikoa izan dugu goizean “Euskadiko” Administrazio Orokorreko ELAko liberatuek. Hamar bat lagun bildu gara, gehienak gehiago edo gutxiago elebidunak, eta bizpahiruk euskara ulertu bai, baina bilera izerdi patsetan eman ohi dutenak, gero eta gehiago euskaraz egiten baita bi / hiru ordu luzeko saiootan. Bihoakie nire esker ona lerroon bitartez.
Hilean behin egin ohi dugun bilera hau euskaraz burutzea pentsaezina zen duela urte bete, demagun. Baina aitortu behar dut, ELA, sindikatu erdaldun izatetik sindikatu euskaldun izatera heltzeko erabakiak hartzen ari dela, eta erabaki horiek betetzen ari dela, izerdiak izerdi, lan mundua (eta sindikalgintza) eremu oso erdaldundua den arren. Goitik behera eta bilgunetik bilgunera, gero eta ohiko bilera gehiagotan nagusitzen ari da euskara ELAn, gunetik gunerako aldeak alde. Harrituta eta eskertuta nago, nire begi-belarrien aurrean gertatzen ari den aldaketaren aurrean, oztopoak oztopo eta nahi baino motelago jazo arren. Aldaketa hori bizkortzeko probestu du ELAk Euskaraldia ere.
Askoz baliabide gehiago eta baldintza arean hobeak dituen Eusko Jaurlaritza baino ahalegin serioagoa egiten ari da ELA, zalantza izpirik gabe. Lakuako Euskaraldia horren lekuko.
Gatz gutxirekin joan da aurtengo ariketa Jaurlaritzaren egoitza nagusian. Lan zama, euskara teknikarien bizkar eta euskaldunez osatutako unitate jakinetako langileen borondatearen lepo utzi dute arduradun politikoek. Sindikatu euskaltzaleak ez gaituzte ezertara gonbidatu, ezta Euskaraldia sustatzeko eta bizkortzeko ere, ustez partehartzailea eta zeharkakoa den ahalegin kolektibo honetan. Nolako prozedura, emaitza halakoa.
“Euskararen egunean” telebista piztu dut arratsaldean.
Ustekaberik ez. Euskarazko kate bakarrean, ETB1 txirotuan, Euskaraldia gora eta behera ari ziren, oraindik euskarazko kate baztertuari eusten diogun euskaltzale temationtzako bazka. ETB2ra egin dut atoan salto, baina euskaldunak españolizatzeko kate aberastuan, berririk ez: ¿Qué me estás contando? kastillano garbian, eta ondotik “A bocados”, españolez. Herritarron euskaltzaletasuna elikatzeko modu bitxia…
Herri gogoa ez baitator zerutik
Ondo merezita Abadia saria jaso berri duen Pello Jauregiren hitzak dira: “Ez du zentzurik neurri politikorik hartzeak, edo plangintzak egiteak, gero ez badago hizkuntza praktika koherente bat. Eta hizkuntza praktika ez badago lotuta ezarritako planekin, neurri horiek zilegitasuna galtzen dute”. Eusko Jaurlaritza ispiluaren aurrean jarri duela ematen du.
Pellorenak dira ondoko hauek ere: “Aldi berean, herri gogo edo behar hori hizkuntza praktikatik sortzen denean, aukera eman beharko luke erabaki politiko instituzional edo sozioekonomiko ausartagoak hartzeko. Ez badago herri gogo bat, garbi ikusten da zailagoa dela neurri politiko sozial ausartagoak hartzea”.
Nire aburuz, ezin zaio mendetan eta gaur arte zigortua, zatitua eta baztertua izan den euskararen herriari eskatu, oro har hain aurkakoak diren baldintzetan, euskaraz jardun dezan kosta ahala kosta, herriaren baliabideak kudeatzen dituzten agintari ustez abertzaleek “neurri politiko sozial ausartagoak” har ditzaten baldintza gisa. Ez da bidezkoa, jakin badakigun arren, gure agintari “neurtuek” aski erakutsi dutelako, herritik eragin beste aukerarik ez zaigula geratzen. Gu geu antolatu eta geronek ekin, agintari hauekin ez dago beste biderik. Agintari ustez abertzaleek ez digute emango euskaldunoi, agintari unionistek espainiarrei edo frantsesei ematen dieten babesaren laurdenik ere.
Euskaldunon “herri gogoa” urtzeko ahaleginean, Espainiaren eta Frantziaren laguntzaile fidelak bihurtu baitziren aspaldi. Ikus EiTB, Noticias taldea, Onda vasca, eta EAJrenak ez diren beste hedabide “oso abertzale” bat edo beste.
Euskaldunon eguna noizbait helduko bada, ELAk, LABek eta beste eragile euskaltzale batzuek euskaldun izateko erabakia hartu, eta horretarako ekimen antolatua abiarazi dutelako izango da. Lakuako edota Ajuria Eneako Euskararen egunaren antolatzaileen eskutik, nekez.
Aski eskarmentu badaukagu.
https://www.ela.eus/eu/euskara/albisteak/euskaraldia-amaitzean-ela-eta-lab-ek-lan-mundua-euskalduntzeko-konpromisoa-berresten-dute
Eroski (ere) Espainiakoa da, unionista
2020, 11, 21 // Koxkorretaraino // Iruzkinik ez
Aski daukat. Ez naiz itzuliko. Ez behintzat politika españolizatzaile lotsagabea alde batera uzten ez duten arte.
Eroskin euskaldunak beti izan gara bigarren mailako bezeroak, katalanak edota galegoak bezala. Eta zer esan Espainiako erreinuan azkenetan dauden beste herrietako bezeroez… Horiek bigarren mailakoak ez, egon ere ez daude Eroskiren radarrean.
Eroskin erosten nuen sarri, Euskal Herriko enpresatzat neukalako, areago, euskaldunon enpresatzat irudikatzen nuen, ebidentziak kontrakoa esan arren. Luze jo du, baina agortu zait pazientzia. Eroski Espainiakoa bada, berdin dio beste edozein saltoki arrotzera jotzea.
Eta aukeran noski, bertoko saltoki txiki euskaldunetara, askoz hobeto.
Eroskin zelofana ele bietan, baina edukiak español hutsez daude. Produktu guztien izenak español hutsez, langileetako asko ez dira elkarrizketarik xinpleenak ere ulertzeko gauza, eta españolez eginarazten diete bezeroei. Eta azkena, banderitak jartzeko moda unionista…
Ikurriñak haizeak eraman ditu Nafarroako Eroskiren saltokietatik. Aldi batez, ikurriñak eta Nafarroako banderitak, biak zeuden (tristea hori ere), baina beste urrats bat eman du Eroskik españolizaziorantz. Ikurriñak erautsi ditu “Euskadiko” produktuetatik, eta Albacetekoei, Zamorakoei edo Madrilekoei ematen dien tratu bera ematen die. Banderatxoekin nabarmendutako produktu bakarrak Nafarroakoak dira.
“Euskadin” alderantziz. Nafarroako banderatxorik ez, ikurriñak soilik, eta bakarrik “Euskadiko” produktuetan.
Gipuzkoarrak, bizkaitarrak, arabarrak, eta zer esanik ez Bidasoaz besteladeko euskal herritarrak, kanpotar gisa hartuak dira Nafarroako Eroskin. EAEn aldiz, nafarrak (eta Bidasoaz bestaldekoak beti) dira arrotzak.
Despeditzera joan naiz gaur herriko Eroskira, eta kexa jartzera, baina esaten didate hemen ez, gisa horretako kexak “bezeroarekiko arreta” delakoaren bitartez kudeatzen direla, eta Bizkaiko telefono bat eman didate: 944.943.444. Deitu dut bertara, eta hara “ustekabea”, erantzungailu automatikoak españolez hartu nau, euskarazko arreta jasotzeko aukerarik eman gabe gainera. Robot castellanoaren atzetik telefonoa hartu duen pertsona ere, erdaldun elebakarra. Esan diot euskarazko arreta nahi nuela, eta erantzun dit telefonoa emateko, handik tarte batera euskaldun batek (zer daukate, bakarra?) deituko zidala. Eta handik ordu laurdenera edo deitu dit Eroskiko euskaldunak, emakume gazte jator askoa. Esan dizkiot gutxi gorabehera hemen idatzitakoak, eta barkamena eskatu dit, “Eroskiren izenean”. Eskertu diot barka eskea, baina uste dut berea zela, eta ez Eroskirena.
Sentitzen dut Eroskikide diren euskaldunengatik, baina banoa. Eta gure etxekoak ere bai, ziurrenik. Itzul gaitezen inongo interesik balute, badakite / badaukate zer egin.
Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak
2020, 11, 18 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuak dio Euskaraldia “tresna ezinbestekoa” dela euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko, euskararen erabileraren eta normalizazioaren ikuspegitik une kritiko bat dela, baina estrategikoa ere izan daitekeela, eta garrantzi berezia hartzen duela euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko gaitasuna duten pertsonek osatzen dute komunitatea trinkotzeak.
Eta bai, arrazoi du. Alabaina, une kritiko / estrategiko honetan gaudela, ez da ulertzen zergatik ez duen Eusko Jaurlaritzak askoz ahalegin handiagoa egiten, eta zergatik uzten duen erabileraren ardura hiztunen borondatearen eta grinaren lepo erabat. Horixe baita Euskaraldia: borondate erakustaldi erraldoia, euskaraz jarduteko baldintza gero eta zailagoetan, herritar euskaltzaleen egun batzuetako ariketa saiatua, haize kontra gehienetan.
Euskaraldiak albo kalterik bai? idatzian Pako Sudupek aipatu bezala, “Gobernu autonomikoak askoz gehiago egin dezake … Justizian, Osakidetzan, Ertzaintzan… eta euskararen normalizaziorako hain garrantzizkoa den EITBri gagozkiola, oraindik orain izendatu dute zuzendari pertsona bat euskaraz (ondo) moldatzen ez dena. Zergatik jazotzen dira gurean Espainian eta Frantzian pentsaezinak eta guztiz onartezinak izango liratekeen gertakariak? Zenbat egiten da euskaraz Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan, udaletan? Eta zenbat gehiago egin dezakete politikariek euren praktikarekin etsenplu emanez? Askoz errazagoa da, noski, hamabost eguneko epean itxura egin, edo gehixeago erabili, onenean, eta handik hamabost egunera betikora itzultzea”.
Bide beretik ekin dio Karlos Gorrindok ere Itxurakeria eta plantak iruzkinean “Euskaraldiarekin inoizkorik presentzia handiena erakutsi nahi izan dute erakundeek. Oso ekimen erosoa da, erdaltzaleei molestatzen ez diena… Plantak baino ez dira, ordea, erakunde nagusietatik euskararen inguruan egiten dituztenak. Egiten dutena baino askoz gehiago egin dezaketelako eta egin beharko luketelako. Esaterako, euskarak, eskubide hutsa izatera mugatu barik, gaztelaniak duen balio legal bera izan dezan galdegitea. Zertan da Euskararen erabilera normalizatzeko Legea, berrogei urte dituena (1982)? Zer da normalizazioa, ez bada gaztelania / frantsesa bezala euskara ere nonahi erabili ahal izatea?”
Suduperen hitzei helduz berriro, “baldin eta Euskaraldiak aitzakia bezala funtzionatuko balu politika ausartagoak ez hartzeko eta politikariek beren ardurak hobeki ez betetzeko, zinez, albo-kalte larria izango litzateke. Aitzitik, politikariak zirikatzeko balioko balu… azkenaldian izan dugun euskararen aldeko dinamika eraginkorrena bilakatuko litzateke”.
Euskararen erabileraren normalizazioan, EAJ-PSOEren Jaurlaritzak erantzunkizun zuzena dauka. Ezin dute ardura hori besterendu eta herritarron gain utzi beti, batez ere, Estatuaren politikek bai baina bertoko Administrazioenak ere bai, eragin zuzena dutelako herritarron hizkuntz jokabidean, bereziki euskaraz jardun ahal izateko baldintzak bermatzeko eta euskara prestigiatzeko garaian.
Jaurlaritzak ETB-1 ia hiltzen utzi badu eta baliabideak ETB-2 erdaldunera bideratzen baditu; euskalduntzen ez duen hezkuntza-eredu hirueledunaren alde egiten badu; Lanbide Heziketako eskaintzaren %70 A eredukoa bada; Erakunde Publikoetan sailburu, zuzendari eta bestelako arduradun askok euskaraz EZ badakite oraindik ere… alferrikakoak dira Euskaraldia, Korrika eta Herri-urrats guztiak. Jaurlaritzak Euskaraldia sustatzeko borondate zintzoa balu, aipatutako hutsuneak osatzeari helduko lioke astirik galdu barik.
Hizkuntz politika eta baliabide duinak dira ezinbestekoak. Euskal hiztunen komunitatearen trinkotzea ondoren etorriko da, Sailburu jauna.
JJ Agirre (Plazara gatoz!)
Altsasun gazteleraldia indar betean
2020, 10, 31 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Altsasu, Nafarroa “baskofonoko” herri ustez menderagaitza.
Benemeritoen “gurutze” bidea? Bai zera! Benemeritoen hizkuntzan bizi gara gozo.
Altsasu “indomitoan” españolez bizi gara, goitik behera eta ezker eskuin, salbuespen oso bakanak salbu.
Udalak eta Iortia (espainiar) Kulturguneak hizkuntz politika sendoa egikaritzen dute gainera… españolaren alde, jakina.
Hona hor, euskaraldiaren bezperatan, Altsasuko Udal “abertzaleak” Iortia akulturaziogunearen eskutik eskaintzen digun egitaraua:
Un poyo rojo, vidas enterradas, calma, juntos, Alicia en el país de las maravillas…
Geroa Bai-ri esker onez.
Euskadi irratian musika batik bat erdaraz… zergatik???
2020, 07, 12 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Euskadi irratiaren entzule fidelak gara etxean. Altsasun “garbi” harrapatzen den euskarazko irrati-kate “generalista” bakarra delako batetik, eta oro har saio interesgarriak eskaintzen dituelako, bestetik.
Altsasuko euskaldunontzat arnasgune ezinbestekoa da Euskadi irratia, gainera.
Ia erabat españolez bizi den herrian, euskaraz bizi nahi genukeenon gotorlekua etxea da, eta etxean ere, hedabideetako españolezko eskaintza izugarri zabala eta askotarikoa delarik, Euskadi irratia eta ETB1 ditugu ezinbesteko tresna ia bakarrak, egunerokoan euskarari eutsi ahal izateko, eta ETB1eko programazioa, gozo esateko, hain gorabeheratsua izaki, Euskadi irratia gertatzen da euskarri nagusi eta ia bakar, euskarazko edukiez gozatzeko etengabe ahalegin konszientean ibili barik.
Abantaila handi hori baitauka irratiak, sukaldean piztuta utzi, eta ia beste edozein jarduerari ekiteko aukera ematen baitu.
Ez dago albaitari izan beharrik, euskarazko kalitatezko hedabide askotarikoak eskura izatearen garrantziaz jabetzeko, eta beraz, euskarazko irratien erabateko garrantziaz ohartzeko.
Alabaina, egundoko pitzadurak dauzka uhinez osatutako gure “arnasguneak”.
Izan ere, euskarazko musikarik apenas eskaintzen du. Ia musika guztia erdal musika da Euskadi irratian. Esango nuke, Radio Euskadi erdaldunean euskarazko musika gehiago entzuteko aukera ematen dutela, Euskadi irratian baino. Ulertezina eta eramanezina gertatzen zait.
Nora jo behar dugu euskal musikaren bila? Euskarazko irrati kateek eskaintzen ez badute, nork eskainiko du?
Nola ezagutuko dugu euskarazko eskaintza (oraindik) oparoa? Internetera eta lagunen arteko trukera jo behar dugu derrigor?
Non geratzen dira euskal musikariak? Nola liteke halako arreta eskasa jasatea euskarazko irrati publiko nagusiaren aldetik eta EiTBren aldetik oro har?
Ez da “asko/gutxi” pertzepzio kontu bat. Belarria jarri eta jarraipena egitera gonbidatzen ditut, exajeratzen ari naizela pentsatzen ari diren horiek.
Eskainitako kantuen zerrenda ere, eskuratu daiteke interneten, bide ezberdinetatik. Spotifyn eskainitako kantu-zerrendak dira aukeretako bat. Hortik ateratako datuak dira ondokoak, Kantu-kontari saioari dagokionez izan ezik, ezbaitut bertan aurkitu honi dagokion kantu-zerrenda, eta Euskadi irratiaren webgunetik bertatik atera ditut azkenean.
Portobello saioan, %90 baino gehiago musika ingelesa izan ohi da. Geratzen den apurra, euskarazkoak eta españolezkoak partekatzen dute.
Zidorrean saioaren eskaintza %75 ingelesez, %15 euskaraz eta %10 españolez izan ohi da, gutxi gora behera.
Kantu-kontari saioan, %80tik gora ingelesez , euskaraz %10etik behera, eta españolez berdintsu.
Faktoria saioan bertan eskainitako musika-zerrendan, euskarazkoa %10era ere ez da heltzen…
Esan gabe doa, gurea bezalako Estaturik gabeko herrietako musika oso nekez, zerotik gertu, entzuten dela Euskadi irratian (musika katalanetik zeozer, oso gutxi, entzun daiteke Radio Euskadin, ostera).
Erdarazko hedabideen itsasoan ez itotzeko, ezinbesteko helduleku dira euskal hedabide bakanak. Baina euskal musikari erabateko lehentasuna eskaini beharrean, erdal musika ematen badigute jatera, helduleku ustel bilakatzen dira eta epe ertainera galbide.
EiTBko eta Euskadi irratiko arduradun, programatzaile eta esatariek badute hausnarketarako gaia, nahi izanez gero.
“Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…”
2020, 07, 5 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
“Yo creo que por supuesto que tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero a la vez entender que la barrera idiomática hace que no lleguéis a muchos que por esa barrera no nos enteramos ni papa, no se puede tener todo”.
Bertoko erdaldun “txit kosmopolita” baten hitzak dira. Oso ohikoak bestalde; nonahi eta noiznahi entzun daitezkeen horietakoak, euskaldun bat, “kosmopolita” erdaldun elebakarren aurrean euskaraz hitz egitera ausartuz gero.
Bertoko erdaldun gehien-gehienek, euskaraz hitz egiteko baimena ematen digute… “baldin eta”.
Baldin eta, euretariko bat inguruan ez badabil. Baita hamarreko koadrilla batean “kosmopolita” hori bada euskaraz ulertu ere egiten ez duen bakarra. Edo ulertu arren, ahalegina eskatzen dionez gero, ulertu ere egiten ez duela esaten duen horietakoa bada.
Bertoko erdaldun “progreenek” ere, euskaraz egiteko baimena ematen digute… baldin eta intimitatean egiten badugu euskaraz. Horrela pentsatu, eta sarri, esan ere egiten dute.
Okerrena da, euskaldun askok onartu egiten duela irizpide hori, baita hezurretaraino barneratu ere.
Euskaraz jarduteko eskubidea daukagu erdaldunek emandako neurrian. Kitto. Erdaldunak molestatu gabe beti ere. Ugazabak eurak baitira, eta morroiak gu geu, onartzea atsegina ez bada ere.
Arazorik handiena ez da ugazaba erdaldunen nagusikeria baina.
Lanpostu batean jarduteko euskara exijitzea “inposaketa eta diskriminazio” onartezinak ei dira, baina lanpostu guztietan jarduteko española edo frantsesa exijitzea, naturala, bidezkoa eta logikoa, denok baitakigu erdaraz… mendetako inposaketa-politikaren ondorioz.
Euskaldunon artean hain zabalduta dagoen morrontzarako joera da arazorik handiena halere. Sumisioari “edukazio” esateko ohitura hedatua. Arrotza beti eroso senti dadin, burua makurtu eta gure eskubide oinarrizkoenak bazterrera uzteko jardun madarikatua. Halanola, oraindik euskaldun izatearen harrotasuna gordetzen duten euskaldun apurrak gaitzestekoa, harrapazank!
Noiz arte Tom Osabarenak egitea? Noizko INTSUMISIOA?
Eusko Jaurlaritzan gezurra ari du (etengabe)
2020, 06, 21 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Gobernuak, “langile publikoek alarma egoera bukatuta ere telelanean jarraitu ahal izatea adostu” duela iragarri du ekainaren 19an. Ez da egia baina.
Jaurlaritzak CCOO eta UGTrekin (gutxiengo sindikalarekin) adostu dituen neurriek EZ diete eragiten “langile publikoei”, bere eragin zuzenpeko langile publikoen proportzio urri bati baizik. Telelanean aritzeko luzapenak KANPO uzten ditu Eusko Jaurlaritzaren ardura zuzenpeko herri-langileen %98 inguru.
Plantillako 80.000 langile baino gehiagok dihardugu Eusko Jaurlaritzaren aginduetara (milaka eta milaka langile azpikontratatuak zenbatu barik). Horietatik 7.300 langile inguru gara Administrazio Orokorreko plantillako langileak. Bada, azken hauen arteko laurden bati, asko jota, eragiten diete gutxiengoan adostutako neurriek; ondokoei hain zuzen: Covid19aren krisiaren ondorioz bereziki “zaurgarritzat” sailkatutako langileei, 14 urtez beherako haurren zaintzaz arduratu behar direnei, menpekotasuna duten adinekoen zaintzaz arduratu behar direnei, eta Telelanean jarduteko baimena zeukaten 202 langileei. Kitto.
Hortaz, honakoa litzateke goiburu zuzena:
Jaurlaritzak, bere menpeko langileen %2 baino gutxiagori eman die teleLANEAN jardunez, zaintza-lanak eta lan jarduna kontziliatzeko aukera
Bestalde, Zearreta sailburuordeak dioenez “Egoera honetan ez dago zentral sindikal batzuen jarrera ulertzerik. … administrazioak ahalik eta zerbitzurik onena eskaini behar du… Guk lanean jarraituko dugu, administrazioa herritarrengandik hurbil egon dadin beti, egoera horretan laguntzen. Konpromiso bera eskatzen diegu Mahai Sektorialean ordezkaritza duten zentral sindikal guztiei…”
Ohituta bezain gogaituta gaude Gobernantza Saileko buruen ateraldiekin.
Gobernantza Sailak, Eusko Jaurlaritzak, ezikusiarena egin digu sindikatuei (guztiei) eta langileoi krisi hau hasi zenetik (eta lehenagotik ere). Ez du gurekin bildu nahi izan. ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak bi gutun igorri dizkio Andres Zearretari egoera gogor honetan elkarlanerako gonbitea luzatuz eta Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko deialdia egin dezan eskatuz. Sailburuordeak, ordea ez die erantzunik ere eman gonbiteei eta ez du Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko deialdirik egin ( Nafarroakoa behintzat, birritan bildu da ).Ez digu informaziorik eman. Ez die gure proposamenei erantzun ere egin… Eta azken minutuan deitu gaitu bilera askoz mugatuago batera ( mahai sektorialera) , gizartearen aurrean bere jarrera zurruna eta kudeaketa eskasa zuritzeko, akordio oso eskas bat proposatuz.
Zearreta sailburuordearen eta Jaurlaritzaren manipulaziorako joera ez da berria
Hedabide nagusien laguntzaz, gure agintariek herri-langileez eta zerbitzu publikoez errealitatearekin zer ikusi gutxi duen irudi bat zabaltzen dute sarri-sarri.
Krisialdi honetan mozorro guztiak erantzi, eta lotsagabe aritu dira gezurretan. Hain agerikoa izan da ze, maiatzaren 12an, krisiadi betean, EAEko Administrazio Orokorreko Alorreko Mahaian ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok (ELA, LAB, CCOO eta UGT), Zearretari idatzi publikoa helarazi baikenion, gezurrak esateari uzteko exijituz eta negoziatzeko batere borondaterik ez zutela salatuz.
Urkullu Lehendakariari berari ere, gezurretan ez aritzeko eskatu behar izan genion duela egun batzuk!
Bitxia bada ere, ez batak eta ez besteak ez digute erantzun…
Sailburuordeak eskatu bezala, ELAk lanean jarraituko du, denona den Administrazio Publikoa herritar guztien zerbitzura egon dadin beti.
Konpromiso bera, eta zintzotasun apur bat, eskatzen diegu Gobernantza Saileko eta oro har Eusko Jaurlaritzako buruei ere.
Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua
2020, 06, 11 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
Ekainaren 4an, Madrilgo Senatuan jazotako pasartea da beste adibide esanguratsu bat.
Darias ministroaren agerraldian izan zen. Galderetarako txandan, EAJren ordezkariak galdera zuzena luzatu zion ministroari*. (5:24 minutuan):
“Por último, Señora ministra, me voy a referir al euskera, y a su utilización por los funcionarios de la Administración del Estado con presencia en Euskadi…
¿Qué medidas ha adoptado para que la cooficialidad lingüística sea una realidad en la Admnistración del Estado, en Euskadi?
¿Qué medidas ha adoptado para que los funcionarios de su Administración vayan aprendiendo el euskera, y sean así capaces de atender en euskera?
¿Tiene intención de ofrecer a la ciudadanía de Euskadi, la posibilidad de poder dirigirse a la Administración del Estado (en Euskadi), en euskera?
Darias PSOEko ministroaren erantzuna*: (27:30tik aurrera)
“La idea del fomento de la formación a través del INAP tiene que ver con asegurar la atención de la ciudadanía en su lengua materna (?) … pero también, respetando el ámbito de cada empleado público… hacer algo así como de incentivación, especialmente en el caso de la atención al público, sin que en ningún caso suponga otra cosa que eso, porque entenderá que también es un derecho utilizar la lengua castellana…”
Okerrena ez zen izan ministro espainiarraren erantzun negargarria.
Okerrena EAJren ordezkariaren azken erantzuna izan zen, agertutako disposizio onarengatik ministroari eskerrak emanez. Eskerrak zergatik?
Espainiako Administrazio Publikoek ez digute euskaldunoi beren gazteluetan euskarazko arreta jasotzeko eskubidea bermatzen labur esanda, indarrean diren legeei irri eta barre eginez 1982tik gutxienez (lehenago are okerrago zen, esan gabe doa).
Espainiako “Ley 30/1992 de Régimen Jurídico de las Administraciones Públicas y del Procedimiento Administrativo Común delakoak adibidez, honakoa dio 35. eta 36. ataletan:
“Los ciudadanos, en sus relaciones con las Administraciones Públicas, tienen los siguientes derechos:… A utilizar las lenguas oficiales en el territorio de su Comunidad Autónoma, de acuerdo con lo previsto en esta Ley y en el resto del Ordenamiento Jurídico…
Lengua de los procedimientos. … los interesados que se dirijan a los órganos de la Administración General del Estado con sede en el territorio de una Comunidad Autónoma podrán utilizar también la lengua que sea cooficial en ella. En este caso, el procedimiento se tramitará en la lengua elegida por el interesado”.
Bada, ugazabek ez dute euren hitza bete sekula. Lege hori ez dute betetzen sortu zen egunetik bertatik gaurdaino. Ia hogeitahamar urte igaro dira.
Alabaina, gure erakunde txit autonomoetatik edota gure alderdi eta bestelako eragile abertzaleetatik erantzunik ez, eskubide aldarrikatzerik ez, isiltasuna…
Menpekotasun gorria finean. Edo are okerragoa dena, utzikeria?
Epi eta Blasen beharrik ez dugu.
http://www.senado.es/web/actividadparlamentaria/actualidad/video/index.html?s=14_S011021_003_01