Suntsipenaz
Nassar dut izena eta hauxe nire semea da, Mohamed. Minbizia dauka.
Izurrite honek ume asko eraman ditu Basoran, nire alabatxoa horien artean. Duela bi urte hil zen. Zazpi urte zituen.
Mohamedi iaz diagnostikatu zioten minbizia. Hasieran gorputzak erantzun zion tratamenduari baina okerrera jo du berriki. Bere prozesua hasi zenean, ezin nuen ospitalera bueltatu; eraikina ikuste hutsak nire alabarekin bizi izandakoa ekartzen zidan gogora. Ez nintzen gai hona etortzeko. Nire lagun batek bere semea zuen bertan eta berak zaindu zituen biak, berea hil zen arte.
Igeltseroa naiz baina lana utzi behar izan dut Mohamedekin egoteko. Anaiak eta lagunek ematen didaten diruaz bizi gara emaztea eta biok. Nire hiru seme-alabetatik bi jo ditu jada gaixotasun honek. Baina, esan dizudan bezala, honelako kasu asko daude hemen. Basora izan da gerra gehien pairatu duen eskualdea: Iranen kontrako gerra, 91koa, eta 2003koa. Bonbak toki guztietatik iritsi zaizkigu; bestetik, hemen daude Irakeko petrolio hobi handienetakoak. Haizea edonondik ibilita ere, petrolio usaia dago beti airean.
Hala ere, hemen denok dakigu izurrite hau nondik etorri den nagusiki. 91ko gerran, amerikarrek uranio zuten bonbak bota zituen hemen. Basora arma berriak probatzeko gunea bilakatu zen. Diotenez, euren soldadu asko ere minbiziak harrapatu zituen baina beraiek bota zituzten arma haiek, beraiek aukeratu zuten hona etortzea. Nire seme-alabek, aldiz, ez dute inoiz ezer aukeratu.
Joan zen urtean, amerikarrek umeentzako ospitale hau eraiki zuten. Egun batean nahi nuke hau guztiaren errudunak hona etortzea, Basorako umeak berta-bertatik ezagutzeko. Mohamed besapean hartzeko esango nieke, azaltzeko berari zergatik dago gaisorik.
“Suntsipen handiko arma†haien bila etorri ziren baina dena gezurra zen. Beraiek zeuzkaten, gure gainean bota zituzten. Gure bizitza desegin dute.
Ikaragarria. Gerra jolasa eta heroientzako eszenatokia dela pentsatzen duenarentzako zer pentsa eman behar lukeena. Tamalez holako gutxik hartuko dute halakoen zer edo zer jakiteko astirik. Hobe Cristianok eta Messik egiten dutenaz kezkatzea.
Puff, ze gogorra….
Ze lan ona egiten ari zean Karlos!Zorionak.