Hisham
Hisham dut izena eta 15 urte ditut. Najafeko hilerrian lan egiten dut. Erromesentzat perfumea eta intziensoa saltzen ditut bertan. Bisitariek hildakoak omentzeko erosten dituzte.
Kanpo santu hau gogoko dut. Ali eta Hussein imanak bertan daude lurperatuta eta mundu osoko erromesak etortzen dira hona.
Milioika gorpu daude hemen. Munduko xiita guztien ametsa zera da, paradisura bertatik abiatzea. Beste kanpo santu batean lurperatua izanda ere, aingeruek zure gorpua hartu eta hona ekarriko dute, betiere musulman ona izan bazara. Alderantzizkoa ere gertatzen da, hots, bertan dagoen gaizkile baten gorpua desagertzea. Hemendik bi kaleetara horrelako zerbait deskubritu zuten duela gutxi; kripta bat ireki eta gorpu bat falta zela…
Ba al zenekien munduko kanpo santurik handiena dela hau? Gerra garaian, gerlariek (Mehdi milizietakoak) bertako kriptetan ezkutatu eta eraso egiten zieten amerikarrei. Toki benetan izugarria da hau!
Egunsentian iristen naiz nire postura eta ilunabarrean bukatzen dut. Egun arrunt batean 10.000 (9 euro) dinar ateratzen ditut baina ostiraletan, edo jai egun batean, horren bikoitza atera dezaket, erraz.
Kale honetan gaudenok auzo berekoak gara. Ez diogu kanpoko inori bere postua hemen jartzen uzten. Kilometroak eta kilometroak daude hemen, zergatik etorri behar dira hona?
Ikasle txarra nintzen eta laugarren mailan utzi nituen ikasketak. Gainera, nire gurasoek laguntza behar zuten etxean. Gehiago ikasita ere, ez dut uste lan hobeagorik lortuko nuenik.
Aukeran, polizia edo soldadu sartuko nintzateke. Kontua da ez dauzkadala eskaera orria ordaintzeko behar diren 1000 dolarrak. Kontakturik ez badaukazu, senideren bat edo, kantitate hori eman behar diozu funtzionario bati. Eta, ez pentsa, batzutan ez dizute lana ematen.
Interesgarria…kanpu santu “ikaragarria” eta munduko handiena? ez da oso leku alaia izango, ezta? bueno, gero jendea oso alaia eta zabala leku guztietan topa daiteke…
Eskerrik asko eta ondo segi Karlos
Bizimodu miserable bat eramangarriago egiteko balio duen tresna, hori da erlijioa. Hurrengo bizitza horretan paradisuan egongo garenez, hemengo inpernua errezago jasan dezakegu. Herriaren opioa.