Aurpegi bat gogoratu nahian
Aurrekoan esan nizuen martxa eta protesta ugariak ikusten ari nintzela Bagdaden. Bada, Basoran eta Najafen fenomeno berarekin topo egin dut eta, diotenez, herrialde osotik zabaltzen ari dira oldarraldiak.
Bagdadera goizean goiz iritsi naiz gaur Najafetik. Hotelerako bidean, bertako Tahrir plazatik pasa naiz lehendabizi, huraxe baita egun etengabe berotzen ari den egoera honen termometroa. Aurrekoetan bezala, bertan zeuden manifestari batzuk inguratu zaizkit azken albisteak emateko. Antza, hildako bat eta zortzi zauritu izan ziren hemen astelehenean. Igandean, “Gune Berde†aurretik abiatu omen ziren, Tahrir-era iritsi eta bertan denda handi bat altxa zuten gaua pasatzeko.
“Asteleheneko goizeko ordubatetan etorri ziren, 60 bat, denak oso gazteak. Labanak zeramatzaten; denda eta musika aparatua txikitu zuten. Borrokan hasi ginen… Lagun bat akabatu zuten eta beste zortzi zauritu. Azken hauek etxean dira, ez baitira ausartzen ospitalera joatenâ€, esan dit Kemal izeneko ekintzaile batek. Negarrez hasi da segidan. Ez Kemalek, ezta beste inork ere, ez zeukan zalantzarik: “hiltzaileak gobernuak ordaindutako mertzenarioak zirenâ€.
Esan didatenez, hildakoak “Rabih†izena zuen, “udaberria†arabieraz. Albisteak inpresio handia egin dit, dagoeneko Tahrir-en biltzen direnen aurpegi gehienak ezagunak egiten baitzaizkit. Ez da harritzekoa, Bagdaden eman ditudan egun guztietan hemendik pasa naiz eta bertan biltzen zirenek, direnek, oso esker onez hartu dute beti nire bisita bakoitza.
Hotelerako bidean, Rabih hura ezagutzen ote nuen galdetu diot nire buruari.
Bostekoa eman al genion elkarri Rabihk eta biok inoiz? Bere etxera bazkaltzeko gonbita luzatu zidana ote zen? Akaso bere boligrafoa oparitu zidana? Ezin korapiloa askatu…
Izen eta aurpegiekin oso txarra izan naiz beti baina nire ezintasun honek ez dit inoiz hainbesteko amorrua eman. Egunotan atera ditudan argazki guztiak miatzen hasi naiz; alperrik, badakit. Baina baliteke horietako batean egotea gerra madarikatu honen azken biktima. Rabih izena zuen.
Ez naiz bere aurpegiaz gogoratzen baina bere izena ez zait inoiz ahaztuko.
Oin dala 5 urte edo Afrikatik egin genuen bidaia luzea; Senegal, Gambia, Mali, Burkina eta Ghana. Malin geundela,Dogon herrian, neska bat hurbildu zitzaigun laguntza eske. Zauri bat zeukan hankan, odoletan, zikin, azala baltzituta…eta guk zer egin ez genekiela…pilula bat eman, zauria garbitu, txankletak eman eta ospitalera joateko esan genion…joan ote zen? ez dut uste, han kilometroak luzeagoak baitira…Neska horrek oina edo hanka galduko zuela uste dut. Gauean konturatu ginen ez genekiela zelan zeukan izena…eta izena ipini genion: “Afrika”
Zurea irakurtzen honekin gogoratu naiz eta neska horren aurpegia ez dut inoiz ahaztuko. Zure kasuan kontrakoa.
Benetan unkigarria Rabih-ren argazkirik gabeko artikulu hau.
Bere izena behintzat honaino iritsi da.
Badirudi Rabih askorekin elkartu zarela hiru aste hauetan.
Endrike
Erlantz,
Eskerrik asko istorio hori konpartitzeagatik! A ze inportanteak diren izenak eta irudiak halakoetan, ezta?
Hala dirudi, Endrike…Milesker hiri ere jarraipenagatik!