Irakiar “trantsizio”aren arrasto bila

Gezurrik gabe amaitu

"Haserre-eguna" Bagdaden

"Haserre-eguna" Bagdaden

“Sarraskirik egon al da gaurko manifestaldian? Orduan ez zaigu kronikarik interesatzen. Eskerrik asko.”

Honako hau esan zidan, telefonoz, Alemaniako erredaktore-buru batek duela astebete.

Jende askok galdetzen dit beti ea nola ausartzen naizen honelako bidaiak egiten, herrialde haietatik “leherketak eta bahiketak” besterik ez dela entzuten… Eta egia da, hori baino ez zaigu iristen.

Irakera azkeneko aldiz joan aurretik, Basorari buruzko dokumental bat ikusi nuen telebistan. Informazio aldetik nahiko argigarria izan arren, ikus-entzunezkoak honako mezu hau ere igortzen zion ikusleari: “Basorako jendeak oso begi txarrez ikusten ditu atzerritarrak eta nazioarteko kazetariak ez dira ongietorriak”.

Bagdaden nengoela, aldiz, kontrakoa entzun nuen. Basorako jendea oso jatorra omen zen eta berebiziko suntsipena jasan arren, oso hiri atsegina eta abegitsua zela Pertsiar golkoko hura. Norbaitek gezurra zioen, argi zegoen.

“Irakeko hiri jatorren ranking” bat egitea tontakeri hutsa liteke baina, agian, hainbat balore objektibo kontuan har genitzake honelako zerrenda bat osatzeko: etxerako gonbiten kopurua, ordaindu gabeko taxi-txangoak, “welcome” hitza zenbat aldiz entzun duzun kaletik… Bagdadiarrek arrazoi zuten, eta ez dokumentalak. Tamalez, gatazka-kazetariak honelako mezuak transmititu behar izaten ditu maiz bere produktua saltzeko; bisitatu duen toki hura “oso arriskutsua” dela, eta “oso gaiztoak” bertakoak.

Kazetaritzan dauden trikimaina eta azpijokoen artean, honako hau nazkagarriena iruditzen zait, eta oso arrazoi sinpleagatik: kazetariak egia esan beharko luke beti eta, kasu honetan, gezurra ezin mingarriagorik izan; biktima deabrutzen da poltsikoa betetzearren.

Ez pentsa, ez da nirea Irakera oporretan joateko gonbita. Urteak beharko dira oraindik Mesopotamiako hamaika altxorrez ardurarik gabe disfrutatu ahal izateko.

Baina, funtsean, ez naiz gauza berririk kontatzen ari. Euskaldunok ederki asko dakigu norainokoa izan den “leherketa, bonba eta tiroketa” horien eragina kanporantz esportatu ohi dugun irudian; beti azalpenak eman behar, askotan eskatu ez badizkigute ere. Nork esan zuen euskalduna izatea “oso nekagarria” zela? Bat nator.

Laburbilduz, Iraken deabruak ez, gizaki xumeak topatu ditut nik. Hausnarketa honekin itxi nahi nuke asteotako lana.

Beti bezala, eskerrik zintzoenak zuei, irakiarrei eta ARGIAri nire lana (gezurrik gabe) bideratu izanagatik.

Gernika gogoan

Falujako hiribide nagusitik

Falujako hiribide nagusitik

Faluja da bidaia honetan bisitatuko dudan azken hiria. Ez pentsa, ez da nirea hasieratik lotutako ibilbidea izan; logistika baldintza hutsek erabaki dute Faluja bukaerarako uztea, ez besterik.

Kontua da hiru aste hauetan Iraken jasotako inpresioa indartu eta borobildu duela bisita honek. Udaberrian zortzi urte beteko dira Irak inbaditu zenetik baina ezer gutxi altxa, eraiki edota berreraiki da denbora tarte honetan. Eta Faluja dugu, hain juxtu, horren adibide garbiena.

Hiri suni honek Irakeko azken gerraren erasorik bortitzena jaso zuen 2004ko azaroan. “Irakeko Hiroshima” deitu ohi diote Bagdadetik 70 kilometro eskasera dagoen Falujari. “Irakeko Gernika” deituko diot nik, gertutasunak, enpatiak, sufrimendua ulertzen laguntzen baitu beti.

Amerikarrek “Operation Phantom Fury” deitu zioten azaroko operazio basati hari. “Vietnameko Hue hirikoaz geroztik ez da honelako eraso bortitzik izan”, esan omen zuen, harro, euren generaletako batek.

Italiar dokumental bikain batek azaldu zuenez, Falujan ere napalma erabili zuten, baita fosforo zuria, edota giza arraza akabatzeko beste hainbat tresna. Antza, Faluja amerikarren arma-laborategia izan zen.

Washingtonek zera argudiatu zuen: “Argitasuna lortzeko” erabili zuela fosforo zuria. Baina “gau argitsu” haietan hildakoen kopuru zehatzik ez da inoiz jakin. Eta zaila da frogatzea fosforoaren erabilera eta bertako minbizi kasu (Irakeko tasarik handiena) ugarien arteko loturarik ote dagoen.

2011n ere, Falujako kaleak sarraski haren lekuko mutuak dira. Zortzi urte igaro arren, falujarrak, irakiarrak, errautsetan bizi dira oraindik.

Tentsioa baretu nahian

Falujako sarbidea

Falujako sarbidea

Baten batek honako hau bota dit berriki: “Istorio oso gogorrak hireak, Zuru; utzidak arnasa hartzen”. Konforme.

Hori bezala, beste gauza asko leporatu ohi didate nire testuetan, hots, “txekpoint” hitza gehiegitan azaltzea; Afganistanen, Iraken edo Osetian izanda ere, askotan agertzen dela ingelesetik mailegatutako berba.

Kontua da honelako kontrol-postu mordo bat zeharkatu ditudala azken urteotan. Afganistanen, esaterako, euren zorroztasun ezak harritu ninduen joan zen udazkenean; Kurdistanen, ordea, estuagoak gertatu zaizkit beti, bertako soldaduekin tea hartzea ezinbestekoa izan arren maiz. Gogoan dut 18 “te une” izan zirela egun bakar batean; Dohuk hiritik Makhmur errefuxiatu gunera joan-etorrian. Egin ezan/k lo gero “hamar” litro te edan ostean…

“Txekpoint” batean bizi izandako momenturik xelebreena? Bada, zalantzarik gabe, Georgia eta Hego Osetiaren arteko muga hartan, Urtzi Urrutikoetxea eta Borja Portuondorekin, hain juxtu: Neguko egun gorri-zuri batean, georgiarrek pasatzen utzi ez eta, ordainetan, mandarinekin elikatu gintuzten euren txabolan. “C” bitaminaz hainbat orduz hornitu ondoren, igarotzea lortu genuen azkenean. Istorio hark, baina, beste “post” oso bat mereziko luke abentura haren nondik norakoak txukun azaldu ahal izateko. Beste baterako.

Gaurko hau Falujako txekpoint-a duzue. Badakit oso argazki txatxua dela baina erretratuak ezkutuan atera behar izaten dira tokiotan. Gainera, hauxe duzue, hain juxtu, Irakeko tokirik arriskutsuenetako bat bertan goardia egiteko. Ez da harritzekoa, “hiruki suni”an dagoen Faluja, irakiar erresistentzia eta al-Qaedaren gotorlekuetako bat izan baitzen urtez. Bertan dauden soldaduek (xiitak gehienak) ederki asko dakite ongi etorriak ez direla .

Espero ez bezala, arin igaro gara zubi horren azpitik Falujarantz. Hori bai, ez da terik izan, ez mandarinarik ezta bestelako anekdota sinpatikorik ere…

Oraintxe konturatu naiz azken egunotako blogaren “tentsioa” jaistea zela post honen helburu nagusia. Alperrik, txekpoint bat gurutzatzeko tentazioa handiegia da beti, norberak bere buruari jarritakoa bada ere.

Irakiarren haserreaz

Tahrir plaza atzo

Tahrir plaza atzo

Pasa da “haserre-eguna” Iraken eta, oldarraldiak oldarraldi, hau ez da beste Egipto edo Libia bat bihurtu. Egia da jendea kalera atera zela atzo; milaka ikusi nituen bertako Tahrir plazan baina, inola ere, ehun milaka, edo batzuk iragartzen zuten “milioiaren martxa” hura.

Iraketik iritsi diren albiste urriak jarraitu badituzue, jakingo duzue Bagdaden ez, Kurdistanen eta inguru sunietan bizi izan direla biolentzia episodio bortitzenak, hainbat hildako eta zauritu tarteko.

Agian goiz da oraindik “haserre-eguna”ri buruzko balantzea ateratzeko baina niri oso begi bistakoa egiten zait gauza bat: hain zuzen, protesta bortitzenak goian aipatutako tokietan gertatu izana.

Batetik, kurduek euren agintariekiko nekea eta haserrea oso agerian utzi dute. Bertako askoren ustetan, Barzanik (Kurdistango eskualdeko presidentea), eta Talabanik (Irakekoa) urte gehiegi eman dituzte agintean dagoeneko. Ustelkeria eta oposizio ororen zanpaketa izan da ohiko lider tribal hauen firma azken hogei urteotan eta jendeak “aski” esan du. Berehalako ordaina, oldarraldietan izandako hainbat hildako eta hamaika zauritu.

Bestetik, Mosul, Samarra eta beste hainbat eskualde sunietan ere protesta oso gogogorrak bizi izan dira. Toki hauexek dira, hain juxtu, egungo Irakeko etnien arteko gatazkaren termometro nagusiak. Irakeko arabiar suniak ere kexu dira; Iranerantz jotzen ari den Gobernuak bizkarra eman omen die eta, espero bezala, bigarren mailako biztanleak bilakatzen ari dira Iraken. Ez dira administrazioko goi karguetara iristen, armadak eta poliziak ez dituzte nahi… funtsean, langabetu suni gehiago dago xiitak baino, portzentualki behintzat bai.

Laburbilduz, “haserre egun” honetan ez dugu ikusi inguruko herrialdeetan gertatutakoa. Herria batera inoiz atera ahal izateko, Egipton edota Tunisian ikusi bezala, irakiarren arteko zauri zaharrak sendatzea ezinbestekoa izango da.

Hiri zuria

Kemal Jassim

Kemal Jassim

Nola duzu izena?
Kemal Jassim.

Denbora asko daramazu lanean kanpo santu honetan?
2004an hasi nintzen. Hau Falujako futbol zelaia zen baina amerikarren inbasioa eta gero hona etorri ginen. Amerikarrek ez ziguten ohiko kanpo santura joaten uzten eta honako hau inprobisatu behar izan genuen. Gaur beteta dago.

Beteta?
Bai, 3.700 gorpu daude eta ez dago toki gehiagorik. Nik zaintza lana besterik ez dut egiten orain, tokia txukun mantendu.

2004ko urriko erasoaldi erraldoian Falujan zeunden?
Amerikarrek ospa egiteko esan ziguten bertakoei, sekulako eraso bortitza izango zela. Nik alde egin nuen baina segituan bueltatu nintzen, ezin nuen hau bere horretan utzi orduko egoerarekin. Askotan gauez eta guzti aritzen nintzen lanean, hurrengo egunetarako zuloak egiten.

Falujatik buelta bat eman dut gaur eta txikizioa da nagusi oraindik…
Sarraski hutsa izan zen hura. Fosforo zuria erabili zuten Faluja errausteko eta, diotenez, debekatuta dago horrelakorik erabiltzea. Hasieran amerikarrek ezetz esaten zuten baina atzerritar batzuk dokumental bat atera, edo horrelako zerbait eta, azkenean, onartu behar izan zuten arma haiek bertan erabili izana. Hori gutxi ez eta jende arruntarekin mesprezuz eta bortizkeri handiz jokatu zuten amerikarrek: etxeetako miaketa basatiak, jipoiak… milaka istorio kontatuko nizkizuke. Begira, lursail honetantxe, hain zuzen, bonbardaketa bakar batek eragindako 37 hildako daude. 2004ko apirilean izan zen. Gogoan dut zeren neronek hilobiratu nituen denak. Hango koadro horretan, umeak, eta izengabeak beste hartan.

Izengabeak?
Fosforo zuriak armak eta munizioa erre ditzake, pentsa ezazu gugan eragin dezakeena.

Mezulariaren beldur

Hadik Jalu prentsa nahiz adierazpen askatasunaren aldeko borrokan erreferentzia da Iraken

Hadik Jalu prentsa nahiz adierazpen askatasunaren aldeko borrokan erreferentzia da Iraken

Bagdaden lurreratu berritan ezagutu nuen gizon hau. Hadi Jalu du izena eta Irakeko kazetaririk ezagunenetakoa da. Izan ere, Hadik urteak eman ditu prentsa nahiz adierazpen askatasunaren aldeko borroka sutsuan eta aktibismoaren erreferente bilakatu da herrialde osoan bere lanagatik.

“Edozein gauza behar duzula, lasai deitu. Bertako nahiz kanpoko kazetariak laguntzeko gaude hemen, JFOko bulegoan”, esan zidan elkar ezagutu genuen egun hartan.

JFO sigla horiek Journalistic Freedoms Observatory-ri egiten diote erreferentzia, Kazeta Askatasunen Behatokia euskaraz. Hauxe da Hadi eta bere lankideak duela urte batzuk martxan jarritako GKE ausarta eta berritzailea.

Bagdaden eman ditudan egunetan ia egunero pasa naiz bere bulegotik. Batetik, oso toki estrategikoan zegoen, Saddam Husseinen estatua bota zuten zutoinetik metro eskasera. Interneteko konexioa ere nahiko ona zen, baina gehien gustatzen zitzaidana zera zen: egun osoa lanean aritu ondoren, handik pasa eta tea hartzea lankide irakiarren artean. Iraken lan egiteko duten zailtasunez asko ikasi dut bilera horietan: poliziak jartzen dizkien trabak, toki beroenetara iristeko zailtasunak (eta trikimailuak!), jasotzen dituzten mehatxuak…

Bada, gaur ez naiz bulegotik pasako. Atzo arratsaldean honako dei hau jaso nuen: “Goizeko ordu bietan sartu dira bulegoan; dena txikituta dago eta ordenagailuak eraman dituzte”. Hadik ez zeukan zalantzarik zein zegoen horren atzean. “Gobernuko paramilitarrak izan dira, beti bezala. Biharko “haserre eguna” deialdia dela eta, oso urduri daude.

Beldurtuta ote zegoen galdetu nion Hadiri.

“Gu ez, beraiek baizik!”, erantzun zidan kazetari ausartak.

Aurpegi bat gogoratu nahian

Aurrekoan esan nizuen martxa eta protesta ugariak ikusten ari nintzela Bagdaden. Bada, Basoran eta Najafen fenomeno berarekin topo egin dut eta, diotenez, herrialde osotik zabaltzen ari dira oldarraldiak.

Bagdadera goizean goiz iritsi naiz gaur Najafetik. Hotelerako bidean, bertako Tahrir plazatik pasa naiz lehendabizi, huraxe baita egun etengabe berotzen ari den egoera honen termometroa. Aurrekoetan bezala, bertan zeuden manifestari batzuk inguratu zaizkit azken albisteak emateko. Antza, hildako bat eta zortzi zauritu izan ziren hemen astelehenean. Igandean, “Gune Berde” aurretik abiatu omen ziren, Tahrir-era iritsi eta bertan denda handi bat altxa zuten gaua pasatzeko. Gehiago irakurri…

Hisham

Hisham dut izena eta 15 urte ditut

Hisham dut izena eta 15 urte ditut

Hisham dut izena eta 15 urte ditut. Najafeko hilerrian lan egiten dut. Erromesentzat perfumea eta intziensoa saltzen ditut bertan. Bisitariek hildakoak omentzeko erosten dituzte.

Kanpo santu hau gogoko dut. Ali eta Hussein imanak bertan daude lurperatuta eta mundu osoko erromesak etortzen dira hona.

Milioika gorpu daude hemen. Munduko xiita guztien ametsa zera da, paradisura bertatik abiatzea. Beste kanpo santu batean lurperatua izanda ere, aingeruek zure gorpua hartu eta hona ekarriko dute, betiere musulman ona izan bazara. Alderantzizkoa ere gertatzen da, hots, bertan dagoen gaizkile baten gorpua desagertzea. Hemendik bi kaleetara horrelako zerbait deskubritu zuten duela gutxi; kripta bat ireki eta gorpu bat falta zela… Gehiago irakurri…

Seguru ote nagoen

Najaf bidean

Najaf bidean

Azken lau egunak Basoran eman ondoren, Najafera iritsi naiz gaur. Ali eta Hussein hementxe daude hilobiratuta. Gauzak honela, mundu osoko erromes xiiten gunerik preziatuenetakoa da Najaf.

Egunotan, batek baino gehiagok galdetu dit ea nola moldatzen naizen herrialdetik mugitzeko, Irak “segurua” ote den ni bezalako atzerritar batentzat.

Egia esan, ohiko furgoneta, autobus edota taxi “komunitarioetan” bidaiatzen ari naiz, misterio handirik gabe. Gidari bat kontratatzeko dirua izanda ere, ez nuke irakiarrekin bidaiatzeko aukera galduko. Orain arte jende jatorra bezain abegitsua besterik ez dut aurkitu bidean. Atzerritarrik, ordea, bat ere ez. Gehiago irakurri…

Suntsipenaz (eta II)

Burnette

Burnette

Nongoa zara?

Denmark, Hego Karolina (AEB).

Zergatik sartu zinen soldadu?

Norbaitek babestu behar du herria, ezta?

Nola ikusten duzu Irakeko egoera?

Segurtasuna asko hobetu da azken urteotan. Gehiago irakurri…