Hasiera »
Iraitzen bloga - Titarea eta orratza
Iraitz Agirre Aranguren
Argiakoen sarea ehuntzen diharduen arrasatearra. Zeharkatzen nauten gaiak josteko ditut Titarea eta Orratza. Besteak beste, feminismotik. Sor(g)uneez, kulturez eta jendeaz oro har. Seguruenera, bidean okurrituko zaidan horretaz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Angel Ugarteburu(e)k Historiarik ez duen denborari begira bidalketan
- Angel Ugarteburu(e)k Historiarik ez duen denborari begira bidalketan
- Angel Ugarteburu(e)k Ternuatik, ahanztura eta ausentziez bidalketan
Errusiako Iraultza Emakumeen Nazioarteko Egunean hasi zeneko hura
2017-11-02 // Errusiar Iraultza, Feminismoa, historia // Iruzkinik ez
Petrogradoko kaleetako denda eta biltokietan ogia erosteko ilara bukaezinetan bat egiten zuten egunero milaka emakumek; goseak eta gerrak sortutako ezinegona nagusitzen ari zen. Zerbait handia zetorrela susmatu zitekeen 1917ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperatan, baina inork ez zion garrantziarik eman. Errusiako Iraultzaren eztandaren zuzia piztu zuten emakume haiek.
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Clara Zetkin ekintzaile alemaniarrak zazpi urte lehenago Kopenhagen ospatu zen Emakume Sozialisten Nazioarteko Bigarren Konferentzian, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko mozioa aurkeztu zuen. Emakumeen boto eskubidearen aldeko borroka bultzatzeko neurriak hartu, emakumeen sufragioari izaera internazionalista aitortu eta ikuspegi sozialista batetik eztabaidatzearen beharra azpimarratzen zuen. Arazo hauen inguruko interesa pizteko, manifestazioak eta ekintzak antolatzea proposatu zuen. Bere idatzi eta hitzaldietan, sozialismoa berez feminista dela aldarrikatuko du, berdintasuna lortzeko ezinbesteko tresna.
Errusiako kasuan, Alderdi Langile Sozialdemokratak 1913an ospatu zuen eguna lehen aldiz eta Errusian ezarritako egutegi julianoaren araberako otsailaren 23a aukeratu zuten horretarako, egutegi gregoriarrean, martxoaren 8a. Aurreko urteetan bezala, Emakumeen Nazioarteko Eguna asanblada, hitzaldi eta manifestuek ardaztuko zutela pentsatzen zuten denek, baina 1917ko hura ez zen aurrekoak bezalakoa izan.
Lehen Mundu Gerraren ondorioz gosea eta prekarietatea ziren nagusi Petrogradoko (egun, San Petersburgo) kaleetan. Gizonezkoak frontera joatera behartuta, emakume langileen kopurua biderkatu egin zen, lan baldintzak okertu ziren eta inflazioaren eraginez elikagaien garestitze izugarria eman zen. Ehun-lantegietako emakume langileak izan ziren egoera jasanezin honen aurrean antolatzen hasi ziren lehenak; Emakumeen Nazioarteko Eguna aukeratu zuten lehen greba deialdia egiteko.
Ogia eta bakea
Erakunde bat berak ere ez zuen greba deialdiarekin bat egin. Leon Troskik idatzitako Errusiako Iraultzaren Historia (1932) liburuan, talde boltxebike borrokalariena ere, Viborgeko langile auzoko komitea, greba ez egitearen alde agertu zela aipatzen da. Ez omen zen horretarako momentu egokia. Hurrengo egunean ordea, Komitearen erabakia desobedituta, hainbat ehun-lantegitako milaka emakume grebara irten eta lantegiz-lantegi, beharginak mobilizazioetan parte hatzera gonbidatzera atera ziren.
Ogia, bakea eta Zar-aren kanporatzea exijitzen zituzten. Duma (1905ko nekazarien protesten ondorioz ezarri zen parlamentu zarista) zaintzen ari ziren kosakoei, indar armatu errepresiboenak bezala ezagun ziren horiei, aurrez-aurre begiratuta esaten zieten: “Gure senarrak, aitak eta nebak frontean ditugu. Eta guk, gosea besterik ez dugu, lan karga itzelak, erasoak, gutxiespenak eta gehiegikeriak. Zuek ere badituzue amak, emazteak, arrebak eta alabak. Ogia eta gerraren amaiera eskatzen dugu”.
Lehen eguna lasai joan zen eta agintariek ez zioten protestari berebiziko garrantziarik eman. Baina hurrengo goizean, metalurgiako enpresa erraldoietako beharginak grebara batu ziren eta hauekin batera, beste hainbat eta hainbat auzo eta lantegietako komiteak. Inork ezin izango zuen imajinatu Emakumeen Nazioarteko egun hura, Errusiako Iraultzaren lehen eguna izango zenik. Ez eta, gainerako herrialdeetako komite sozialistek Emakumeen Nazioarteko Eguna behin-betiko finkatzeko mugarria izango zenik ere.
Emakumeen bozka eskubidearen aldeko manifestazioa Petrogradon
Ondorengo egunetan gertaerak bata bestearen atzetik lotu ziren. Masa iraultzaileak bost egunez kaleak hartu zituen eta ofizial zaristen desarmatzea, erakunde publikoen okupazioa zein preso politikoen askapena lortu zuten, besteak beste. Zarra abdikatzera behartu eta erregimen zaharra, behin-behineko gobernu batek ordezkatu zuen. Gora behera handiko hilabeteak izan ziren haiek eta 1917ko urrian gobernu hau kendu eta boltxebikeek (Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokratako fakzioa, Leninek gidatutakoa) hartu zuten boterea.
Aurrekaririk gabeko eskubideen jabe
Iraultzak segituan bereganatu zuen eraldaketa sozial eta politiko handiek emakumeen emantzipazioari lotuta joan beharko zutenaren ideia. Urte luzez emakumeen eskubideen alde aritutako kamarada ugari sartu ziren gobernu berriko komiteetan, besteak beste:
Hauen lanak eta egunetik egunera antolatzen ari ziren milaka emakume langileren ekarpenak eragin nabarmena izan zuten 1918ko Kode Zibilaren idazketan. Gaur egungo ikuspegitik, sinestezinak dirudite lortu zituzten hainbat eskubidek. Abortu eskubidea, doakoa eta librea; dibortzioarena, kideetako bakarrak nahiez gero bideratuko zena; ezkondu eta ez-ezkonduen eskubideak parekatzeko neurriak; aitaren derrigorrezko abizena jartzearen debekua; haurtzaindegi eta zaintza zerbitzu komunitarioen sorrera; maitasun eta batasun librearen aldeko aukeren eztabaida; homosexualitatea eta genero identitateen gaineko hausnarketa aurrerakoiak; eta batez ere, emakumeen ahalduntze eta emantzipazioa sustatzeko sare eta taldeen antolaketa, atez-ate, auzoz-auzo, lantegiz-lantegi eta herriz-herri egin zena.
Cinzya Arruzak “Las sin parte: matrimonios y divorcios entre feminismo y marxismo” (2015) liburuan dio, gerra zibilak eta egitura ekonomikoen itotzeak sortutako zailtasunak, erresistentzia kontserbadoreak eta bestelako oztopoak handiak izan ziren arren, ez dela emakumeek garai eta leku hartan lortu zuten askatasun eta duintasun maila ahalbidetu duen gertaera historiko antzerakorik eman historian. Eskubide osoko subjetuak, bizitza publiko eta sozialean parte hartzeko aukera guztien jabe, bestelako ordena sozial eta politiko bat eraikitzeko aukera izan zuten emakume errusiarrek. Boltxebikeen ekintzen kontraesanak ukatu gabe, Errusia Iraultzailean, hogeigarren hamarkadaren amaiera arteko garaian behinik behin, aurrekaririk gabeko askatasun aukerak lortu zituzten. Emakumeen emantzipazio eta auto-antolaketa eta langile mugimenduaren arteko loturak inoiz baino agerikoago egin eta horrela artikulatzearen aldeko apustua egin zen. Laster etorriko zen ordea estalinismoa eta berarekin, dagoeneko burokratizatutako Hirugarren Internazionaleko alderdi komunisten politika, zeinak lotura hauek guztiz suntsituko zituen.
Liburuen paradoxa
Jardunaldiak Oñatin
Hauetaz eta bestelakoez arituko gara datorren azaroaren 5etik 19ra Oñatin Errusiako Iraultzaren mendeurrenaren harira antolatu diren jardunaldietan. Hemen ARGIAn argitaratutako berria, film labur umoretsua (ez galdu!!) eta egitaraua.
Eta hemen, Ahoz Aho saioan gai honen inguruan egindako sinadura (53.40 minututik aurrera).
Eskuz ehundutako iraultzak
2017-08-21 // artea, Feminismoa, historia, sormena // Iruzkinik ez
Titare, orratz eta hari biloek ez dirudite iraultza bat egiteko tresna egokienak beharbada. Metalezko hatz estalkia batetik; azala zeharkatuz gero odol tanta bakar bat sor dezakeen puntadun orratza bestetik; artiletik eratorritako matazak azkenik. Baina brodatuak eta ehungintza, boteretsuen indarkeriaren kontra egiteko elementuak izan dira historian zehar. Iraultza iruditegi belikoaren neurrira eta arabera ikusten ikasi dugun garaiotan, burdinazko ezkutu eta lantza bat bezain iraultzaileak izan daitezke titare eta orratz bat.
Les Tricoteuses Jacobines ou de Robespierre
Esan Frantziako Iraultza (1789-1799) deitutako horren karietara sortu ziren tricoteuses-ei bestela. Estatu liberalaren zimentuak ezartzen ari ziren garaietan, erabakigune eta asanbladatara joan eta ehuntzen edo puntua egiten egon ohi ziren emakumeak ziren. Ildo jakobinoaren alde kokatuak, kontra-iraultzak sorgin maltzurrak bailiran irudikatu zituen emakume talde hauek. Robespierren ehuleak bezala egin zituzten ezagun, Les Tricoteuses Jacobines ou de Robespierre. Gillotinaren aurrean josten agertzen ziren andrezko beldurgarriak bezala erretratatzen zituzten, urkamendiaren alboan gozatu ohi zuten munstroak. Erreformaren kontrakoen hitzetan, emakume frantses goxo eta sentiberak hotz eta odolzale bihurtzen ziren jendaurrean josten. “Pribatuan egin beharreko hori, jostea hain zuzen, publikoki egiten dute”. Tricoteuses esatea, beste edozein birao baino okerragoa bihurtu zen XVIII. mende buelta horretan.
Amerikako Estatu Batuak sortzea ahalbidetu zuen Independentzia Gerran ere (1775–1783), jostea jarduera politiko bihurtu zela esan daiteke. Ezagun ditugu “Daughters of Liverty” izeneko emakume taldeak, besteak beste, britainiarren produktuei boikota egiteko sortutakoak. Oihal britainiarrak erosteari utzi eta eskuz egindako jantziak egiten hasi ziren. Spinning bees edo ehuntzeko bilerak, aberriaren aldeko jardueratzat hartu ziren. Euren ekintzek hainbat aldaketa eragin zituzten estatubatuarren bizimoduan, hala nola, ingelesen bereizgarri zen tea edateari utzi eta kafearen kontsumoa sustatu zuten. Massachusettseko “askatasunaren alaba” batek, Alice Brown deitutakoak, honakoa idatzi zuen: “Nahiago dut gutako bakoitza ardi ilez edo ahuntz ilez jantzita ibiltzea, hain modu ikaragarrian birao egin digun herri ingelesaren produktuak erostea baino”. Euren aldarriak eragina izan zuen jendartean.
AEBko “Daughters of liverty”-ak.
Denboran gertuxeago, Hego Amerika osoan zehar azken hamarkadatan izandako indarkeria politiko eta sistematikoari aurre egiteko balio izan dute hariek. Oskorri musika taldeak gurean ezagun egin zuen Violeta Parra artista txiletarrak, adibidez, urte luzez ehundu zituen arpilla izeneko tapizak. Herri sinboloak eta ikur garaikideak uztartuta, poroto, lenteja eta arroz alez josita bere herriaren injustiziak eta errealitateak kontatu zituen. Bere lanak Louvreraino iritsi ziren 1964an.
Hain ezagunak izan barik, arpillera txiletarrek, Pinochet diktadore faxistaren aroan bizi izandakoak marraztu zituzten oihaletan. Estatuaren indarkeria salatu eta izendatzeko erabili zituzten titare, hari eta orratzak. Bakarkako ariketa barik, ekintza kolektiboa izan ohi da arpilatzearena eta taldekatze horretan, bakoitzari jazotakoak hitzez adierazi eta artilez harilkatzerakoan, etxeko eta kaleko dinamikak eraldatzen zituztela esan daiteke. Txileko desagertutakoen arropa zatiak josiz, Santiagoko emakumeek erregimenak burututako krimenak salatu zituzten.
1. Violeta Parraren tapiza. 2. Pinocheten diktaduraren aurkako manifestazioa, arpillera batek irudikatua
Hego Amerika guztian zehar topa ditzakegu antzerakoak. Brasilen transnazionalek eraikitako presek sortutako indarkeriak azaleratu dituzte ehuleek. Kolonbian, herritarren kontrako sarraskiak salatzeko eta azken urteotan, bake prozesuaren baitako elementu garrantzitsu bihurtu dira emakumeek jositako oihalak. Elkartzean ahaldunduta, erresistentzia jarrerak hartu eta eremu intimoa politizatzeko gai izan dira. Gainera, egunerokoan tabu izandako gaiez mintzatzeko aukera eskaintzen diete horrelako espazioek emakumeei, hala nola, hilekoa, amatasuna, zahartzaroa edo emakumeen kontrako indarkeria. Gaian tesia argitaratu duen Mariana Garcia Rivero antropologoaren arabera “ehungintza modu kolektiboan egiten denean, sormena sustatzeaz gain, kideen arteko elkartasun sareak indartzen dira. Oihalak, bateratzeko gaitasuna dauka”. Historia osoan elkartu dira emakumeak josteko, bakardadean kudeatzeko zailak diren bizipen zail eta gogorrak elkarrekin osatzeko.
Oaxakako komunitateko emakumeak jatorrizko alkandorarekin. Bigarren argazkian, Isabel Marant diseinatzaileak plagiaturikoa.
Gaur egun ehungintzak erresistentzia eremu izaten jarraitzen du. Tradizioz jasotako jakinduriaren isla, herri artean elkar bereizteko ikur, ehunka urtean perfekzionatutako teknikaz egindako puntadak ikus daitezke munduko hamaika txokotan, balio sinboliko handiko oihalak. Merkatu kapitalistak negozio ederra ikusi du honetan ordea. Apropiazio kulturala deritzo dominatzailea ez den eta norberarena ez den kultura bateko elementuak hartu eta erabiltzen direnean, mozkinak ateratzea beste helbururik ez dagoenean.
Santa Maria Tlahuitoltepecen, Oaxakako Mixe mendikatean dagoen komunitate indigena bateko emakumeei horixe gertatu zaie adibidez azkenaldian. Isabel Marant izeneko diseinatzaile frantsesak, komunitate honetan ehunka urtez ehundu duten oihal motaren irudiak kopiatu eta alkandora batean plagiatu ditu. Mexikarrek 300 – 370 pesotan saldutako oihalak 5.000 pesotara ekarri ditu Marantek, jatorrizko oihalari eta artisauei inongo aipamen edo etekinik aitortu gabe.[1] Eta hau bezala, beste hamaika ere badira. Eta beste hamaika, horrelakoen aurrean antolatzen hasi direnak, asko baitira emakume brodatzaile edo ehuleen interesak defendatzeko sortzen hasi diren kooperatibak adibidez. Auto-antolaketa eta eraketatik abiatuta, euren lanari balio sinboliko eta materiala aitortzeko lanean ari dira kontinente osoko milaka emakume.
Iraultza eskuz ehundua izango dela dioen kartela.
Historian transgresiorako, erresistentziarako eta nortasuna sortzeko josi izan dute emakumeek. Modu kolektiboan, publiko zein pribatuan, baina komunitatea garatzeko bide bezala; eraldatu eta iraultzeko. Brodatuaren hizkuntzek, oihalean sartzen diren orratzen eta berau zeharkatzen duten harien soinua dute. Gaur egungo ehuleok bestelakoak josteko hautua egin dugu beharbada, istorioak, kontuak eta bitxikeriak lotzekoa. Bestelako eremu eta jardueren inguruan batzen eta elkartzen hasi gara. Eta badakizue zer den onena? Ehuntzen gertatu ohi den bezala, haria galduz gero luzeago bat hartu, orratz begian sartu eta josten jarraitzea besterik ez dagoela denak zentzua berreskuratu dezan. Iraultza, nolabait izatekotan, eskuz ehundua ere izango baita, azken puntadara arte.
1. Cuando lo “étnico” se pone de moda http://www.proyecto-kahlo.com/2016/01/cuando-la-cultura-dominante-se-apropia/
Teila gorriak eta dabiltzan harriak
2017-07-27 // artea, historia, Ondarea, Ternua // Iruzkinik ez
Ez hartu harririk, ez teila zatirik, ez lorerik… ezer! Gure zapatilen arrastoa da zapalduko dugun lurrean utziko dugun bakarra. Ez egin harri pilarik, etorkizuneko arkeologoen lana baldintzatuko duzue eta. Horixe esan zigun Jason Edmundsek ondare kulturalaren zaintzaren inguruan emandako hitzaldian, Ocean Endevour ontziko kide eta Euskal Baleazaleen arrastoen atzetik espedizioko buruak. Hitzok entzun ahala listua irentsi behar izan nuen zintzurretik, hitz-hartzeak aurrera jarraitu ahala deseroso xamar sentitzen hasi nintzen nire besaulkian eta.
Teila gorriak
Urteak dira gutxiegi berrikusiko ditudan milaka argazkiren bilduma egin beharrean, atzerritik harriak eta teila zatiak etxeratzeko joera dudala. Harriak, naturaren eta inguruaren arrasto gisan; teilak, giza abereon ekintzaren adierazgarri. Horiek osatzen dute nire bilduma turistiko partikularra. Egongelako saskitxo batean ditut denak nahastuta, bakoitza nondik ekarria den ezin asmatzeko moduan. Ternuan ekin nion nigan tradizio bihurtu den honi.
Red Bayko hondartzetan euskaldunek urtero eraikitzen zituzten txaboletako teilatu izandako milaka teila zatixka daude. Horiek topatuta kokatu zituzten zientzialariek euskaldunen XVI. Mendeko arrastoak Ternuan eta Labradorren. Batzuek diote herrixkaren izena teila gorri hauei zor diela Red Bayk – bertako jendeak kontatu zigun “harri” bitxi horiekin jolasten zutela umeak zirenean, teila zatiak ur gainean saltoka jarriz -, baina badia inguratzen duten mendietako harri gorriek ere izango dute zerikusirik. Gogoan dut lehen aldiz Red Bay bisitatu eta Saddle izeneko irlan lehen teila zatia eskuetan hartu nuenean, poltsikoan sartu eta etxera doa bueltan pentsatu nuela. Zer diren gauzak baina, hamabi urte beranduago, Ocean Endevour itsasontzian, berak jakin gabe ere, Jasonen hitzak errieta tonuan zetozen. Argi galdetzen zuen espedizio buruak: Red Bayen lurra hartzen duen orok teila, harri edo lore bat hartuko balu, zer eskainiko dio leku honek ostean bertaratuko denari? Listua berriz zintzurretik.
Ondareaz
Manu Eizagirre arkeologoak Red Bayen San Juan baleontzian egindako ur azpiko indusketen inguruan zioen: Eskerrak San Juan nao-a Kanada bezalako herri serio batean hondoratu zen, bere ondarea zaindu eta errespetatzen den herrialde batean. Ez beste herrialde batzuetan bezala.. Ez zuen beste herrialderik aipatu, baina ez zen horretarako beharrik egon. Kontutan hartu behar da Kanadako gobernuak dirutza erraldoiak inbertitu zituela San Juanen lan arkeologikoetan. Eizagirrek eta Robert Grenierrek, biak zazpi urte iraun zuen itsas indusketa ikaragarri honetan aritutakoak eta adituak, munduan inoiz egin den itsas arkeologiako indusketarik zehatzena dela aipatzen zuten. Euskaldunentzat ez ezik, Ternua eta Labradorreko biztanleentzat oso bereziak dira bai San Juana eta baita Red Bay ere, UNESCOk gizateariaren ondare izendatu baitzuen duela urte pare bat. Hemen Urko Apaolaza ARGIA kidearekin gaiaren inguruan idatzitako erreportajea: Euskal baleazaleen portua, gizateriaren ondare bihurtua.
Baina ondarea, ondare gisa aitortua izatea eta zeren arabera aitortzen den zehaztea, guztiz erlatiboak direla ezin da ahaztu. Ternua eta Labrador Kanadako probintziarik zaharrenak dira adibidez. Horrela esan izan digute behin eta berriz bidaian zehar eta bitxia da, asko baitira Kanada osoan dauden europarren arrastoen aurretiko elementuak. Paradoxikoa da ordea nola jotzen den Europa iparraldeko bikingoen sagatara edo Selma Huxleyek definitu zuen bezala euskaldunen egunerokotasunaren epopeiara, probintziaren “zahartasuna” justifikatzeko. Izan ere, Mendebaldeko kulturan, gure ustezko zibilizaziora lotzen gaituzten aurri eta arrastoak bihurtu ohi dira erreferentziazko markoa. Bide horretatik, Kanada ekialdean ehun eta berrogeita hamar urte dituen eraikin batek betetzen du Ipar Ameriketako egurrezko etxe zaharrenaren lekua, St Johns hiriburuko Quidi Vidi auzoan dagoen Mallard Cottage jatetxearen etxe-aurreak hain zuzen. Milaka kilometratara dagoen Kanada mendebaldeko probintzietan ordea, berrogei urte besterik ez dituen eraikin batek ondare historiko izaera hartu dezake.
Non eta noiz hasten da beraz ezer ondare izaten? Noiz hartzen dute teila pila batek ukitu ezin daitekeenaren izatea? Nola eta non bihurtzen dira harri pilak lurralde zabal batean ez-koordenada?
Harri gara
Bisitatuko genituen guneetatik ezer ez hartzeko gonbidapena jasota ere, ez ginen gutxi izan Red Bayeko hondartzan makurtu eta teila edo harri zatitxoren bat poltsikoan sartuta itzuli ginenak. Egin ezin denaren aurrean igartzen den sentsazio bihurri edo pikaro horretatik egin genuen. Baina ez denok, pikardia, gaiztakeria puntua duen gaitasun edo jarrera bezala, guztiz kulturala baita. Zeintzuk izan ginen asmatzerik?
Harriez eta herriez mintzo, Ternuatik urrun, oso urrun, Txile eta Bolivia igurzten diren Atacamako desertuan ikusi nuen inoiz eliza batean ikusi dudan lemarik ederrena. Tú eres piedra. Harriak garela alegia. Rolling stones-ak gainera (horrela entzun nion bertako apezari) zilipurdika doazen haitzak, dabiltzan harriak. Bertan ezagututako txiletarrari esan nion orduan “gure hizkuntzan espero ez dugun zerbaiten aurrean, harritu egiten gara; nos convertimos en piedra” eta hark harriduraz begiratu.
Honetaz eta hartaz pentsatzen, aste honetan lagun batek bidali didan Woodkid taldearen bideoklip harrigarri hau etorri zait bada gogora bat batean. Auskalo zergatik.
Historiarik ez duen denborari begira
2017-07-07 // historia, Ondarea, Ternua // 2 iruzkin
Bertaratutako euskaldunek Gran Bahia deitu zioten duela mende asko Ternua eta Labrador kasik bateratzen diren Belle Isleko itsasarteari. Arrantzaleek ustezko badia erraldoiaren sarrerako penintsula eta irla-artean ezarri zituzten baleak ehizatu eta euren olioa ateratzeko denboraldiko herrixkak. Hilabeteak ematen zituzten bertan, ontziak ahalik eta olio gehienarekin bete eta Euskal Herrira buelta egin aurretik. Red Bay dugu gurean porturik ezagunena, baina Chateau Bayen ere topatu dira euskaldunen arrastoak.
Xateo
Itsasontziz bakarrik hel daitekeen Labradorreko penintsulako badia honek, gaztelua du ikur. Lanbro etengabeak ezkutatzen duen basaltozko mendi ederrak ematen dio izena inguru osoari, bata bestearen aldamenean organo erraldoi baten gisan lotzen diren zutabe pentagonalek, izaera fantasmagorikoa ematen diotelarik. Hala ere, ez da zaila imajinatzen Europatik zetozen marinelentzat zergatik izan zen hau erreferentziazko gunea; itsasertzera iritsita ikusten zen lehen mendi esanguratsua behar zuen izan harritzar eta atalaia honek.
Euskarazko liburu zaharrenetakoa den Libvrv hau da Ixasoco Nabigacionecoa itsasoan ibiltzeko gidan, Bordelen 1677an argitaratua, lur berriak nola bilatu azaltzen da. Bertan nabigazioko arauak eta bideak deskribatu zituen Piarres Etxeberrik eta bereziki interesgarria da mapa gaineko ariketak barik, inguruaren azalpenetatik ematen dituen batera edo bestera iristeko informazioak. Kuriosoak dira itsasertzera heltzeko koordenadak.
Chateau Bayen ere bada xori xuri eta beltzik, akaso Etxeberrik deskribatu zituen horiek berberak. XVI. mendeko euskal baleazaleek Xateo bezala ezagutzen zuten hamarkada luzez bizitoki izan zuten kokapen lasai hau. Oñatiko dokumentuetan askotan aipatzen den lekua da, mic mac eta innuitekin tratuan egin ohi zen elkargunea. Egun estalita dauden arren, 80. hamarkadan egindako indusketetan balearen industriarako beharrezkoak ziren labeak, kupelak, aroztegia eta teila pilak topatu zituzten arkeologoek bertan. San Juan ontzia urperatuta dagoen Red Bayen bezala, badia zabal honetako ur izoztuetan ere bi euskal nao daudela baieztatu dute adituek. Gunean ikerketak aurrera eramateak dakarren kostuaren erraldoitasunak ordea, bostehun urtez hondoratutako egurrezko arrastoak bertan geldi lagatzea esan nahi du ezinbestean.
1989. Chateau Bayen egindako indusketen argazkiak. Bale olioa urtzeko labeak eta aroztegia. (1)
Hego-iparra
Ipar-hegoa logikak beste zentzu bat hartzen du Iparralde handian. Gero eta gorago, orduan eta gogorragoak dira bizi baldintzak. Mendiaren magalean bada hilobi harrigarriki berriak dituen hilerri zahar bat. Hildakoen adinak salatzen du inguruaren gogortasuna.
Gaur egun eraikin gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen gaztelu azpiko herrixkan. XX. mende hasierako biztanleen azken bizi arrastoak, denborara abandonatuak. Manu Izagirre arkeologoak jakinarazi zigun duela hiru hamarkada Red Bayen San Juan ontziaren indusketa arkeologikoak egiten aritu zirenean bazegoela oraindik jenderik bertan. Ordurako jakina zen herria hutsik geldituko zela ordea, joan den mendeko berrogeita hamargarren bueltan, Ternua eta Labrador Kanadara batzerakoan, hau bezalako 300 herri inguru birkokatu baitzituen Konfederazioko gobernuak hegoalderagoko lur populatuagoetan. Estatuak ezin zituen oinarrizko azpiegiturak hain urruneko herrietan bermatu eta berrantolaketa demografikoa bultzatu zuen.
Dennis Minty eta Dani Munten irudiak.
Denborari begira
Eraikinak jausita, egur xaflak ustelduta, irlatik irlara pasatzeko zubiak puskatuta… Ekain hasiera izanik, Groenlandiako glaziarretatik askatutako izebergak ur gainean kulunkan dabiltza, korrontearen indarrak eroan zain, banaka zein multzoka. Behe lainoa momentuka agertu eta desagertzen da. Itsasoa zakar eta aldakor dago. Haize fina ipar ekialdetik dator. Duela hamarkadak eta mendeak bezala agian?
Hondatutako eta hondoratutako mundu hauen aurrean, Marc Augé antropologoaren El tiempo en ruinas liburuko ideiak estimulagarriak iruditu izan zaizkit beti. Augék dio aurriei begiratzea ez dela historian zehar bidaia bat egitea, denboraren esperientzia bizitzea baizik, denbora purua sentitzea. Ez dago begiradarik gabeko paisaiarik, paisaia horren gaineko kontzientziarik gabe. Entzulerik ezean, basoan erori den zuhaitzak soinurik ez duen bezala. Historiarik ez duen momentuaren kontzientzia besterik ez da, iraganeko mundu horiek eskaintzen duten ikuskizunari begira sentitzen den intuizio bizkor eta laburra.
(1) Azkarate A., Hernández J.A., Nuñez J. Balleneros Vascos del siglo XVI. Estudio arqueológico y contexto histórico. Chateau Bay, Labrador. Amerika eta euskaldunak. Eusko Jaurlaritza. 1992.
Ternuatik, ahanztura eta ausentziez
2017-06-15 // Feminismoa, historia, Ondarea // Iruzkin bat
Ternuan, St Johns hiriburuan, 2017ko ekainaren 15ean
Europako ontziak Ternua eta Labradorreko kostetara baleak eta bakailua arrantzatzera etortzen hasi zirenean, duela jada bost mende, ba omen zen Atlantiar kostetako badiatan nolabaiteko ohore kode bat. Galeoi edo ontziak leku bat hartu eta izendatzen bazuen, beste inork ezingo zuen ostean berau erabili. Horri tiraka nonbait irakurria dut Kanada ipar ekialderen dagoen probintziako hiriburu honen izena, St Johns, Pasaiako Donibaneko arrantzaleek jarritakoa dela, San Juan izenaren moldaera anglosaxoian. John Cabot kapitain ingelesak ezarri zion izena ofizialki. Eta egia esan, Signal Hill izeneko muinora igotzea besterik ez dago bi badiek antzekotasunik badutela konturatzeko. Lagun ternuarrari ere erakutsi diot Pasaiako badiaren argazkia eta bere harridura begiradak baieztatu dit ustea. Omen dena guztiz izan daitekeela sentitzearen zirrara ederra da benetan.
Hamabi urte pasa dira eta bizitzaren jira-buelten ondorioz, berriz itzuli naiz mapan hain handia ez dirudien irla honetako hiriburua. Gogoan dut Ternuan izan nintzen lehen aldi hartan egun bakarra igaro nuela bertan. Aldatuta topatu dut hiria, mendebaldeko edozein hiritako tankera gehixeagorekin. Hipster itxurako tabernak, osagai organikoekin egindako pastelak saltzen dituzten kafetegi txit politak, bigarren eskuko liburu denda erraldoiak, graffitigilea izandako norbaitek egindako mural moderno bat… Kuriosoa da taberna batean sartu eta garagardo bat hartzen ari zarela, St Johnsen bezala Donostian, Londresen edo Bangkoken berdin egon zintezkeenaren sentsazioa edukitzea.
Hirian zehar gidari izan dudan lagunak kontraesan itzel bezala bizi du hiriaren eta herrialdearen bilakaera. Gero eta globalago, gero eta berdinagoak gara. Lehen bagenuen ternuarrok egiteko beste modu bat, mundua ikusteko beste era bat, mainland-etik isolatuta bizitzeak zekarren izaera berezi bat. Orain? Atsegin dut kafetegi eder batean jesarri eta kafe bero goxo bat hartzea, lehen hori pentsaezina baitzen. Baina horrek, sortzen dit halako ezinegon bat. Gentrifikazioa aipatu eta berak buruarekin baietz, ezagutzen duela berba. Kolonialismo berria, borobildu du berak. Bai, gurean bezala munduko hamaika txokotan ere, kontraesan eta erronka berdinek mugitzen gaituzte.
Kolore biziz margotutako etxeak dira hiriaren ezaugarri nagusia, portura doazen kale aldapatsuetan eraikitako bina pisuko etxeak. Jatorriz marinelen etxeak izandakoak, antzina okre kolorez margotzen zituzten eraikina babesteko egur xaflak, itsaslehoien koipea eta mineraletik ateratako hautsa nahastetik lortzen zutena. Hiriaren ezaugarri ez ezik, jatorrizko ternuarren bereizgarri ere izan omen zen okre kolorea, bertako beothuk herriko kideek azala babesteko pigmentu honekin estaltzen baitzituzten euren gorputzak. Esaten denez, arrazoi horregatik eman zieten ingelesek azal gorri izen eta definizioa Amerikako jatorrizko herritarrei.
Bigarren eskuko liburutegia aipatu dut eta duela hamabi urte ongietorria eman zidan poeta xelebreak bertan jarraitzen duela jakin dut. Denbora tarte luzea igaro nuen orduan gizon harekin berbetan (edo elkar ulertzen saiatzen) eta onartu behar dut, hark esandako zerbaitekin, betirako zeharkatuta gelditu nintzela. Hara, euskalduna! Ederra behar du duela ehunka urte jaio izan bazina, lur hauetatik ibiliko zinela jakitea, ezta? Aipamenak apur bat harritu ninduen, baina emandako zer pentsatua ez zen nolanahikoa izan.
Ez, ni ez nintzen duela bostehun urte St Johns, Ternua edo Labradorreko itsasertzetan ibiliko. Ibiltzez gero, Pasaiako edo Euskal Herriko portuetan ibiliko nintzen, bale olioa saltzeko tratuetan edo bakailaoa areatzetako txaboletan sartzen; hamaika hizkuntza hitz egiten ziren tabernetan sagardoa banatzen edo galeoietan iritsitako bidaiariak porturatzeko bateletan arraunean; itsasontziak mugitzeko gabarretatik tiraka edo espedizio bat finantzatzeko dirua batzen; Ternuarat joango ziren marinelentzako linuzko arropak egiten edo ontzian jangai izango zuten bi egosi aldiko ogia prestatzen; josten eta josten edo beharbada, nire gorputza saltzen. Auskalo!
Eta bi aldiz pentsatzen jarrita, hori ere ez. Izan ere barnealdekoa naiz ni. XVI. mendean Euskal Herria aberastu zuen enpresa erraldoi honetan ere izango nuen akaso lekurik (duela bostehun urte zer izango ginatekeenaren inguruko hipotesiak egitea bere horretan absurdua izan arren), baina beste langintza batzuetan. Jakina da Debagoieneko burdinolatako altzairu ekoizpenaren finantzazioan eta merkaturatzean paper garrantzitsua bete zutela emakumeek. Altzairutan ezagunak dira Ana Ugalde historiagileak topatutako hainbat erreferentzia, hala nola, Arrasateko Francisca de Basterra, Catalina eta Maria de Francia, Mari San Juan de Bedoya edo Ana de Mitarte. Hala ere eta ordukoek egungoen tankera gehiegi izango ez bazuten ere, aukeran, burdingintzan baino hobe ariko nintzateke tabernan, nire herrikide Magdalena de Mendibil edo Catalina de Vergara bezalaxe.
Jose Antonio Azpiazuk “Mujeres Vascas, sumisión y poder” liburuan dioen bezala, XVI. mendeko euskal emakumeen bizitzetan ausentziak dira zehar-lerro nagusia. Pentsa, Ternuarako bidaia ohiko batek bederatzi hilabete iraun zezakeen eta marinelak hamar aldiz egiten bazuen joan-etorria, zenbat denbora emango ote zuten herrian? Garai hartako emakumeek ausentziek markatutako gizarte bat eraiki zutela dio Azpiazuk eta horrek, euskal emakumeak sendoak, ekintzaileak eta izaera indartsukoak bihurtu zituela, erabakiak euren kabuz hartzeko gai zirenak, gizonik gabe ere portuetako ekonomiari eutsi ziotenak.
Garai hartako emakumeen bizitzak ausentziez beteta bazeuden, gure historiaren orriak eta gure iraganaren narratiban emakumeen ausentzia da ardatza. Sentipena daukat azken hamarkadan hona ekarri nauen baleazale eta arrantzaleen historian sakontzen joan garela eta ordura arte zabaldu ez zaizkigun euskal historiaren orri batzuk idazten joan garela. Baina sentsazioa daukat halaber, ariketa hauetan maiz gertatzen den bezala, gizartearen erdiak gutxienez, ikusezin izaten jarraitzen duela. Historia ariketa erreflexibo eta dinamikoa da, agerian dagoena zein ahanzturan gelditutakoa josi eta desjosteko ariketa dialektikoa. Eta behin ausentziak ikusteko betaurrekoak jarrita, ezer ez da berdin ikusten.
Abiapuntu honetatik egin gura dut honaino ekarri nauen Euskal Baleazaleen arrastoen atzetik izeneko espediziorako ekarpena, gaiaren inguruko hitzaldi eta bisitek emango baitiote forma abentura honetako hariari. XVI. mendeko emakumeen bizitzak erdigunean jartzen saiatzea, horixe nire aletxoa. Zazpi egunetan zehar Ternua eta Labradorreko kostak bisitatuko ditugu The Ocean Endeavour izeneko itsasontzian eta datozen asteotan, Titarea eta Orratza izeneko leiho honetan argitaratuko ditut azalpenen laburpenak, bisitatuko ditugunen ingurukoak eta batez ere, itsas bidaia honetan mugiaraziko nauten kontuek sortutakoak. Aingurak altxatzeko ordua da. Ongi etorri izotzaren lurraldera.
Eta Armintzako artistak gure amonak izan baziren?
2016-10-16 // artea, Feminismoa, historia // Iruzkinik ez
Lekeitioko Armintza koban, berrogeita hamar grabatu baino gehiagoz osatutako marrazki multzo paleolitiko paregabea topatu dutela jakin dugu aste honetan. Bobeda itxurako horma fosildu batean trazatuta agertu dira grabatuok, kareharri ezegonkorrean silex harriarekin marraztuta. Duela 14.000 urte bertan izandako artistek, bisonteak, zaldiak, ahuntzak, lehoiak edo zirkulu erdi zein lerroak, irudi abstraktu zein zehatzak egin zituzten. Euskal Herrian ditugun beste hamaika margolan eta grabatu gordetzen dituzten kobazuloen zerrendara gehitu behar dugu Armintzaren izena: Atxurra, Ekain, Santimamiñe, Altxerri, Alkerdi.. Ezingo ditugu bertatik bertara inoiz ikusi (ondarearen zaintzaren izenean, zorionez), baina ederra da marrazki multzo hauen argazkiei begira galtzea.
Eduardo Galeanoren Ispiluak liburuan jasotzen den Edertasuna Sortu ipuinean, irudi hauek ez dutela adinik zioen idazle uruguaiarrak. Duela milaka urte jaio arren, norbaitek begiratzen dituen bakoitzean berriro jaiotzen direla. Antzerako aurkikuntza baten berri izaten dudan bakoitzean, ipuin hartako galdera da nigan berriz jaiotzen dena ordea.
Eta amonak izan baziren?
Xabier Alegriak euskarara ekarritako ipuin hau, jatorrizko hizkuntzan irakurri nuen lehenengoz. Gazteleraz ¿Cómo pudieron ellos… ? galderak gidatzen ditu narrazioa eta gure gogoa, unibertsal bihurtutako genero maskulinotik kontatuta, bukaeran ¿o fueron ellas? galderarekin, ipuinaren esanahia behetik gora eraldatzen den arte.
Zirrara sentitu nuen lehen aldi hartan, nik ere gizon indartsuak imajinatzen bainituen langintza horietan. Nolatan hori? Historiako museoetako argizarizko panpinak eta historiaurrea kontatzeko erabiltzen diren irudietan gizonak bakarrik agertzeak izango ote du loturarik? Edo giza espezieen eboluzioa irudikatzeko erabilitako gizon gorputz hurrenkera lineal zentzugabe batek? Bakarka zein talde txikian aritzen ziren ehiztari eta harrapakariaren mitoak? Genero ikuspegirik batere ez duten historiaurreari buruzko arratsaldetako dokumentalek? Edo Bazen behin bizitza bezalako marrazki bizidunek? (Gazteleraz Érase una vez el hombre zuen izena haurrak ginela emititzen zen telesail honek). Bai, maiuskulaz idatzitako Historian subjektu bakar bezala hartua izan den ar eta gizonaren lekutik kontatu zaigu iraganaz dakigun eta uste dugun guztia.
Literaturak oparitutako galdera horren erantzuna, baieztapen eran aurkitu nuen National Geographic aldizkariak argitaratutako erreportaje honetan. Dean Snow arkeologoak Frantzia eta Espainiako estatuen mugaren bi aldeetako ehunka kobetan egindako azterketaren ingurukoak jasotzen ziren bertan. Algoritmo bat aplikatuz ehunka esku marka aztertu zituen Pensilvaniako Unibertsitateko doktoreak, eta duela hamabi mila eta berrogei mila urte arteko aztarnen hiru laurdenak, nagusiki emakumeek egindakoak direla ondorioztatu zuen.
Ezkerrekoa gizonarena eta eskumakoa emakume batena dela diote azterketek.
Snowren azterketa John Manning biologo britainiarrak gizon eta emakumeen hatzen luzeraren gainean egindako ikerketan oinarritu zen. Honen arabera, hatz luzea eta nagia oso bertsuak zituzten emakumeek; gizonezkoen kasuan ordea, hatz erakuslea nagia baino dezente luzeagoa zen. Ehunka esku ahur eta hatzen ezaugarriak konparatu ostean, lehen artistak emakumeak izan zirela ondorioztatu zuen ikerlariak. Bada teoria hau ezbaian jarri edo osatzen duen azterketarik ere, besteak beste, margolanak haurrek edo txamanek egindakoak izan daitezkeela diotenak.
Galderak
Esku marka hauek eta gure kobetan aurkitu diren margolan eta grabatuak ez dira beharbada berdinek eginak izango. Edo agian bai. Nola jakin nork eginak diren Armintza, Atxurra, Ekain eta gainerako hamaika kobetan agertutako margolan eta grabatuak? Nola jakin zergatik eta zertarako egin zituzten gure arbasoek langintza horiek? Eta Snowdenen teoriari tiraka, Euskal Herriko kobazuloetan aurkitzen eta ezkutatzen diren labar artearen egileak gure amonak izan baziren?
Teoriarik txalotuenak edo enpirikoki baieztagarrienak edozein direlarik ere, ezin da ukatu, begirada fintzera garamatzaten galdera hauek, bestelako moduak, munduak eta protagonistak badirela eta izan direla erakusten laguntzen digutela. Non eta nondik sortzen den artea? Ba besteak beste, seguruenera, galdera bat eta ugariren erantzunetan arakatu gura izatetik.