Ikusi al dituzu Eroskiren esne kaxak? Bi modelo behintzat baditu: CAV-erako bata, honen mapa, Trebiñuko zulo eta guzti, eta ‘EUSKADI’ hitzarekin. CFN-rako bestea, bere mapa eta ‘NAVARRA’rekin. Ez dut uste esne txarrarekin egindako bereizketa denik, baina ez digu euskaldunoi onik egiten.
Anariren ‘Zure aurrekari penalak’ eta Pettiren ‘Manipulazio estrategiak’ itzelezko bi diska dira. Bata bestearekin kateatuz, saiakera honetan eskubideak, aurrekari penalak dituzten manipulazio estrategiak ez ote diren iradokitzen dut, beharrei dagokien lekua itzultzeko.
Eskutik doaz eskuburdin eta eskubidea. Batak ekarri zuen bestea. Gaztelako erresuma, Espainia izango zen inperioa eratzen ari zen, bostehun urte badirela. Amerika zein Nafarroa(ren beste zati bat) konkista bidez bereganatzen, jatorrizko herritarrak menpean hartuta.
Antza denez, bazen inperioaren baitan kontzientzia lasai ez zeukanik, errudun sentitzen zenik. Salamancako Unibertsitateko Francisco de Vitoria fraide domingotarra, kasu. Esklaboak animaliak bailira eskuburdinekin lotuta zerabiltzatela jakitean hozka egin bide zion moral kristauak. Bere hausnarketekin, espainiarren Amerikako ekintzen zilegitasuna ezbaian ipini zuen. Egungo nazioarteko zuzenbidearen oinarriak ezarri zituen, eta horrela aitortzen dio NBEk Genevako kongresu gelari bere izena emanez.
Zuzenbideak eskubideez dihardu. Orduko esklabutza seinalatzen zuten eskuburdinen oinordeko ez al dira egungo eskubideak? Ez al ditu eskubide aldarrikatzeak egungo botere gabetuak seinalatzen? Biek ala biek, eskuburdin zein eskubide, ez al dute kontzeptu bera -menpekotasuna- adierazten? Ez al da bigarrena, lehenengoaren aro modernorako bertsio leundua? Desiragarri egindakoa?
Gure beharrak asetzeko gai ez garenean, edo ardura hartu nahi ez dugunean, aldarrikatzen ditugu eskubideak. Horrela gabiltzan itxura hartzen diot kale, hedabide zein sare sozialetan erreparatzean: konzentrazio, manifa, komunikatu, agerraldi, pegatina, pintaketa, eskaera, exijentzia… adieraz penak, aldarrika penak fin batean. Zilegiak eta menpekotasunetik.
Botere gabeziak eramaten gaitu eskubideen aldarrika penetan makurtzera. Nekez ikusiko dugu botereduna eskubideen aldarrika penetan. Eskubideak aitortzen dion hori lortzeko boterea badaukalako, gai delako bere beharrak bere kasa asetzeko. Botererik gabekoon kontua dira beraz eskubideak. Menperatzaile katolikoen erruduntasun sentimentuak eragindako errukiz asmatutako kontzeptu zuritzailea direlakoan nago. Aurrekari penalak dituzten, eta egun ere menpeko egiteko balio duten manipulazio estrategiak, beraz.
Kontua da, espainiarrak Amerika eta Nafarroa konkistatzen ari zirela 1512.aren bueltan. Beste kontinentekoen sufrikarioak mugitu zuen Vitoriaren kontzientzia. Ez dakit jakingo ote zuen, gurasoak euskaldunak izanda, Fernando Katolikoak penintsulan bertan konkistatu zituen bere anai arrebek bazutela sutsuki defendatzen zuten zera preziatu bat: herritarren mendetako elkarbizitza ohituretatik eratorritako Konstituzio propio bat, izan ere. Askatasunean mendez mende osatutakoa. Ahozko tradiziotik Foru Orokorrean idatziz jaso zutena, 1238.ean. Nafar estatuko ordezkariek, erregea aukeratzen zutenean, Foruei zin egitera behartzen zuten: nagusi baino, Foruaren araberako bizikidetasunaren defentsaren buru izendatzen zutela adierazteko.
Lagun Marianek esan zidan, Foru Orokorra osotasunean irakurrita, arreta deitu ziola ‘eskubide’ hitza behin ere ez agertzeak. Forua pragmatikoa da: eskubidea aitortu baino, herritarren beharra nola ase zehazten du, baliabide komunalak erabiliz, sarri. Alegia, gure gosea asetzeko, jateko eskubidearen aitortza baino, janaria lortzeko lurra behar dugula. Eta hala bermatzen zitzaigula.
Gure beharrak asetzeko, geure neurri eta erara antolatutako egiturak behar ditugu, menpekotasunik gabeak. Eskubideek estali egiten dituzte duin bizirauteko beharrak. Beharrez gabe, eskubideez ari gara. Beharrez jabetu gabe, eskubideak aldarrikatzen. Nori, baina? Vatikanoak askatasun espiritualik emango ez digun bezala, NBEk ez digu askatasun politikorik emango. Beraien estatusa babesteko instituzioak direlako, eta ez dutelako han beste inor nahi.
Askatuko bagara, geure boterean behar dugu fedea. Geuk sentitu behar dugu. Kolonizatuta daukagun buruaz jabetu behar dugu, ekintzak beharrak asetzera zentzuz bideratzeko. Jabetzeko, baina, ohartu egin behar dugu lehenik, eta onartu ondoren, kolonizatuta gaudela. Boterekeriaz okupatuta daukaten gure etxeaz jabetzen garenean izango gara aske. Mendetako menpekotasun penak atzean utzi eta gure komunitatearen behar eta desirak ase betetzeko. Bizi irauteko.
Katolizismoak goraipatutako errukiaren erroak boterekeriak errutako erruduntasunean daude. Amerikako konkistak eragin minetik Salamancako hausnarketara, eta handik berriro Amerikara, NBEn eskubideak aitortuz. Inperiotik, inperioen zilegiztatzera. Zerua eskaintzea bezain merkea ez al da aitortza? Ez al du -protestaz haratagoko- ekintza ekiditen? Eskubideen zerumugak utopia dirudi, errealitate baino: ‘ondo legokeena’.
Beharra baina, lurrean bertan daukagu, etxean, gorputzean, buruan: okupatua gutxi ez, eta zatikatua ere badaukagu eta. NBEren atea jo aurretik, geure nazio batuaren erakundea berreskuratu beharra daukagu: Nor izan. Aldarrika penez inor baino, guk geuk eginez. Gu geu izanez.
Ez egina da ezina. Egitearen erregai, gogoa. Gogoaren pizgarri, zentzuetatik gogora ekarria. Zentzuz, gogoz eta ekinez. Nor bere bizi legez.
Borobila da Amalurra. Barruan sua, kanpoan airea, eta azaleko ur eta lurrek osotzen dute lau burudun ekosistema.
Bizitza sortu da bertan, milaka eratan, espezietan, oreka sineskaitzean. Espezie horietako bakoitzak bere lekua egin du ekosistema batean ala bestean. Lekua egin ez duena, ez da bizi. Hil zen ala akabatu zuten. Ekosistemak, bizi beharrak gidatutako prozesuaren produktu dira. Hartueman justuan oinarritutako ekonomiaren sistema dira: justizia ekologikoa, orekaren fruitu. Eremu batean batutako espezieen babesleku dira ekosistemak, biziraupenerako berme. Bateragarri ez diren espezieak ekosistema desberdinetan bereiziz, aniztasuna ahalbidetzen da, biodibertsitatea posible eginez. Ekosistema bakoitza bere eremuan da.
Berdin gertatzen da kulturekin ere: hizkera eta mundu ikuskera propioak zituzten gizakiak geografikoki kokatu ziren, bakoitza bere eremuan. Ondorengoak dira inbasio eta konkistak, esku-sartze eta bortxaketak, kultura inposaketak. Milaka kultura erahil eta ehundaka dira arriskuan. Gure euskararena tarteko. Hizkuntza eta beronen inguruan mendez mende eratu dugun kultura (foruak, batzarrak, auzolana…) arriskuan dira. Lauburudunon kultura eri da, berriro. Behinolako babesleku Nafar Estatua galdurik, ekosistema propiorik gabe.
Panpako mustukak eta Asiako liztorrak, beste hainbaten artean, gure ekosistemendako espezie inbasore bezala jo dituzte adituek, ekologista zein zientzilari. Ekosistemaren balioa eta beronen arriskuaren jakitun, espezie inbasoreen kontrako politikak aldarrikatu dituzte. Eta neurri batean, instituzioek esku hartu ere bai. Naturaltasunez ikusten ditugu neurriok. Logikoa baita, bertokoa zainduta, mundu mailako biodibertsitatea babestea. Munduarentzat da on.
Kulturen esparruan baina, ondo ikusiko al genuke kultura erdaldun nagusiak espezie inbasoretzat jotzea? geurea babesteko, munduko aniztasunerako, espainiar eta frantsesaren kontra egitea? Aipatze soilak hautsak harrotuko lituzke. Berehala esango ligukete aniztasuna zein guay den, elkarbizitza, bizikidetasuna, aldebikotasuna… dena eremu berean. Baina inori ez zaio okurritzen, aniztasuna aldarri, grizzly hartz talde bat Piriniotara ekartzerik. Grizzlyak bere eremuak dauzka, eta hartz arreak, bereak, nekez uzten diogun arren. Horrela, munduan bi hartz motak ditugu, besteren artean. Aniztasuna eremuetan babesten da, elkar zapaldu gabe, inor desagerpenera kondenatu gabe. Denek elkar bizitzeko eremua Amalurra da, bakoitza bere txokoan.
Arlo kulturalean, espainiera eta frantsesa osasuntsu dira estatu (ekosistema) propioen babespean. Harreman justurik posible al da gure lurretan erderen eta euskararen artean? Ba ote dago orekarik? Bistan da ezetz. Nola elkar biziko gara liztorrekin? Gurea dena ahotik kentzen digute. Ezin dugu euskaraz ere egin. Ahuleziak jota daukagu gure erlea, euskal kultura. Galduko bada, humanitateak galduko du aniztasunean. Arazoa beraz, gurea eta internazionala ere bada.
UNESCO da mundu mailako ondarea zaintzeko elkarte internazionala. Bere zeregina da bake iraunkorraren bila, kultura desberdinak sustatu eta duintzea. Bere bisioan onartzen du dibertsitate kulturalaren aurkako erasoak badaudela. Badauka ondare inmateriala gordetzeko arduratzen den lan-taldea ere. Ez dugu baina bere laguntzarik. Zerk egiten du kale? Bada, bertako partaide estatuak direla, eta zapaldutako herriok botererik gabe gaudela. Nekez espero genezake ezer inbasoreek ezarritako instituzioetatik. Etxekoez ere.
Hil ala bizikoa dugun honetan bizirautea nahi badugu, nola aktibatu gure sistema immunologikoa? Nola defendatu liztorrengandik? Erasoa militarra zenean, Nafar Estatua eratu eta ehundik gora gazteluk saretutako defentsa sistema antolatu genuen. Mende batzuetarako balio izan zuen, baina zoritxarrez men egin zion erasotzaileen oldarrari, eta dozena erdi inguru besterik ez daude zutik. Erasoa kultural eta politikoa den honetan, nola babestu? Nola biziraun?
Euskaraldia eta gisako ariketak ez dira nahiko. Heldu diezaiogun afera internazionalari: gogoratu dezagun Europan nor ginen, nola antolatuak geunden, nola egurra jaso eta jasoten dugun… eta berreraiki dezagun suntsitutako ekosistema, Nafar Estatua izan zen hura eraberrituz. Horrela antolatu ahalko ditugu bizirauteko babes neurri kultural eta politikoak.
Amalurra borobila da. Oro biltzeko eta babesteko gaitasuna dauka. Ez daigun humatitateak euskara, gure mundu ikuskera propioa, gal. Euskaldunona da ardura. Iraganean ere egin dugu. Ekidin dezagun munduko kultura hilen zerrenda beltzean sartzea. Ez dezagun ahalbidetu humanitatearen aniztasun bizia gure lepotik murriztea. Gure lurrek, eta munduak, euskaraz entzun dezaten. Euskara bizi dezagun.
Bittor Kapanagak ‘Euskera, erro eta gara’ liburuan dioskun bezala, GO, IZ eta AR fonemak izatasun kontzeptua adierazteko erabiltzen zituzten gure arbasoek. Bere ustez, hiru giza multzoren biltzeak eratu zuen gureganaino iritsi den euskera. Hau da, kontzeptu bera adierazteko hiru erro ditugu.
Zenbat hitz eder sortzen diren hiru multzo horietatik: GOIZ, IZAR, ARIZ… eta GOGO. Azken hau fonema beraren errepikapen soil bat dugu: GO-GO. Badirudi, denbora aurrera joan ahala, aitzin euskaldun multzo bat ohartu zela bazela beste izatasun bat, aurrekoaren gainean eraikia.
Lehen soinua, GO, naturaren izatasuna izendatzeko sortuko zuten. Sentitzen zuten oro hartzen zuen bere baitan. Baita gabea iristen zenean iluntasunak ekarritako hutsa ere. Oraindik aitzin euskalduna ez zen gai bere burua naturatik bereizteko. Bat zen dena, gizaldi luzez.
Gizaldien poderioz eta gertatzen zenari arreta eskeini ahala, GO handi horren tankerako beste izate bat aurkitu bide zuten aitzin euskaldun horiek. Beren burua aurkitu eta ezagutu zuten: beren materia eta beren hutsarekin. Beren haserre, tristura, poztasun eta beldurrekin. Aurkikuntza berriari GOGO izena ipintzea deliberatu zuten. Izatasun identifikatu berri bat, izatasun handiaren baitan: aitzin euskalduna, naturaren baitan.
Ustea da orduan ez zutela idazten. Keinuak eta soinuak zituzten komunikabide. Nola baina soinuei kontzeptuak lotu? Nola kontzeptu berriak soinukatu? Komunikatzeko beharra zen gara bide. Oinarrizko hizkuntza aberastu beharra. Aurkikuntza berria burmuinean egosi, eta nola albokoari esplikatu? Ahots korda honezkero bazen GO ahozkatzeko gai. Fonema bakarra. Berori errepikatuz komunikatu zuen aitzin euskaldun aitzindariak aurkitu berria: GOGO. Bere burmuina garatu zuen agindua errepikatzeko, beharraren poderioz. Beharra, gara bide.
Bi kontzeptu ahoskatu ahal zituen: Natura, eta gizakia. Gizakia natura da, aro berri batekoa. Oinarrizko naturaren bigarren generazio bat, GOGO, lehen generazioan, GO, bizi behar duena. Ez al da ederra?
Naturak ziklo errepikakorrak ditu: Ura erori, bidea urratu, itsasoratu, lurrundu, hegan egin, erori… Eguna argitu, gabetu, argitu… dena dabil biraka. Ilargia lurraren bueltan ere bai, eta lurra eguzkiaren bueltan.
Gizakiok ere beharrak eta GOGOak gidatuta gabiltza, memoria (gogora ekarri) eta borondatea (gogotsu egin) lagun, kontzientzia (gogoa bera) osotuz.
Bizi dugun arrisku egoerak gogoeta eragin dit. Nork kudeatzen ditu arriskuak egokien? Goikoak? Behekoak? Behekoak ez dauka behar besteko ikuspegirik, eta goikoari, errealitatearen detaileak falta zaizkio. Eta badakigu detaileak zein garrantzizkoak diren. Beraz, ondorioztatu dezakegu arrisku kudeaketarik egokiena, eraginkorrena, arazoa bera dagoen mailan ematen dela.
Arriskuak arduraz hartzekoak dira. Bizia bera egon daiteke jokoan. Burugabea da arriskuak ikusi nahi ez dituena. Burujabea, bere egiten dituena. Kulturaren baitan doa arazoak dauden tokian arduraz konpontzearena, gora ala behera desbideratu gabe.
Kezka daukat euskaldunok, mailako inor ez, eta behera bideratzen ote dugun ondoren azaldutako arriskua. Eta eraginkortasun ezaren ondorioz, frustrazioak jota dabil euskalgintzan franko.
Gure kulturari egindako hainbat urratu ikusi ditugu krisialdian: BBVAren ‘euskarazko’ web orria, ETB1en gainbehera, erdarazko komunikatu ofizial elebakarrak, ordezkariak euskara traketsean komunikatu ezinik… Euskarari 155 bat aplikatu diote krisiaren kudeatzaileek.
Baina nago, gertakariok ez direla krisiak eragindakoak izan. Bistaratutakoak baino. Bejondeizula, Covid, gauzak diren bezala erakustearren, makillajerik gabe. Erakundeek eta ETBk ez dute euskeraz sortzen. Jasotzen duguna, itzulitakoa da: diferituan bizi gaituzte. Gure autogobernua, Madrilek nahi duenaren araberakoa da, eta ez gobernutik saltzen diguten adinakoa. Makillatua eta makilatua dago euskaldunon aldeko konpromezua. Makillaje gabe ikusi dugunak izutu egin gaitu: osasun eskaseko kultura, menperakuntza birusak larriki eritua, heriotzera bidean.
Ba al daukagu erakunderik honetaz arduratuko denik? Euskal Herria zatikatuta daukagu, mendeetako konkistaren eraginez. Zatietako erakundeak, arrotzei menpekotuta. Arrotzei bost gure kulturak.
Zer espero dezakegu gure omen diren erakundeongandik? Izango dira hitzarmenak, argazkiak, titularrak, hirurak bat eginda dabiltzala erakusteko. Eragina baina, hutsala da hilzorian dagoen gure kultura biziberritzeko. Txantxangorria mutu dago. Euskaraldia proposatu digute, etxetik hasita. Ez dago soberan, baina ez da nahikoa. Ez al da ardura behekoei pasatzea?
Zer espero dezakegu alderdi politikoengandik? EAJ-k begirada lausoz gogoratzen ditu bere JEL-eko ‘lege zaharra’ defendatu zuten arbasoak. ‘Lege zaharra’ gure Foruak ziren. Ebatsitako Konstituzioa. Karlistaldietan eskumen guztiak kendu zizkiguten, inposatutako zergak -hortik ‘impuesto’- batzekoa izan ezik. Zertatako, eta batutakoa beraiei, espainiarrei emateko, militar, tribunal eta gartzelak finantzatzeko. Hortik dator egungo Kontzertu Ekonomikoa. Honen txin-txin soinuak liluratuta bizi dira gure omen diren erakundeen kudeatzaileak. Kontzertua zuzentzen duena Madrilen dagoela jakinda; hark aukeraturako partitura joko duten instrumentu soil direla jakinda, AHT gora behera. EH Bildu berriz, EAJren gobernuari laguntzen dioten alderdi espainiar berekin ardatz ezkertiar euskalduna (sic) osatu nahian dabil, norgehiagokan. Ez dago batasunik. Zatituta hemen ere, ikuspegi nazional murritzarekin.
Ez dut ikusten ez erakunde ez eta alderdirik ataka honetan bizi dugun arrisku egoerari aurre egiteko behar den ardurarik hartuko duenik. Behar den maila -nazionala- eta boterea falta dute. Konplexuz beteak sumatzen ditut, erderaz franko. Ez ote ligukete mesede egingo aldarri soberanistak bazterrean utzita? Horrela, herritarroi antolatzeko beharra eta gogoa piztuko litzaigukeelakoan nago. Burujabetza erdiesteko.
Ardura kolektiboz helduko diogu aferari, iraungo badugu. Lehen ere, krisi egoeran, eraso frankoen meatxupean, altxatu zuten Eneko Aritza erresistentzia antolatzeko. Erresumak balio izan zuen zenbait mendez, Espainiak 1200 eta 1512an eta Frantziak 1620an menpeko hartu gintuzten arte. Ez genuen baina, likidazio agiririk sinatu.
Juridikoki bizirik dira erakundeok. Badugu nondik birsortu. Zatiketak de facto gaindituz, ‘elkartuta, aterako gara’ esango dugu geuk ere. Gaitz hilkorra analizatu, tratatu eta erregistroa eramanez. Amildegian behera garamatzan kurba motelduko dugu, lautada aurkitu eta apurka goraka ekiteko, normalitate zaharberritura.
Herri honen misterioa iraunkortasuna bada, ez dezagun katea orain eten. Sahiestu dezagun Herri europar honen suizidioa. Belaunaldiak beharko ditugu, bai. Geureari, aurrekoei bezalaxe, erresistentzian aritzea dagokigu, etenik gabeko lan arduratsuan.
Horrela baino ez dugu euskaldunok munduko aniztasunaren mapa koloreztatzen jarraituko. Europaren baitan argi propioz ñir-ñir egingo dugun ondare zahar-berritu izan gaitezen, osasuntsu eta bizi. Badiraugu, eta izan gogo gara.
Jesusek iraultza ekarri zuen. Erromatarren zapalkuntzari intsumisioz erantzun zion. Biolentzia gabeko konfrontazioz. Erahil egin zuten, eta herriari bere hilotza erakutsi, halako jarrerak nola zigortuko zituzten eredugarri. Herriak ez zuen Jesusen gogoa ahaztuko.
Historia errepikatu egiten da, forman bederen. Menperatzailea, menperatua, askatasun gogoa, ekina eta zigorra. Menperatzailea inoren gaindi, lege. Herriak baina, gogoan izan, eta berriro ere, gogora ekarriaz, gogotik ekin askatasun borrokari. Zigorra berriro, eta buelta. Gogoa, memoria, baden bitartean, errepikatzen den zikloa, menperatzailea ahul aurkitu arte. Eta orduan, menperatuaren garaipena. Askatasuna.
Menperatzailea baina, zitala da, eta badaki bere burua berrasmatzen. Nola ekidin zuen Erromak porrota? Inperio militarra iltzear zela, menperatuen gogoaren baitan erein zuen hazia: gogo hura, kristautasun deitua, ofizializatu egin zuen. Bere egin. Instituzionalizatu. Estrukturatu. Eta estrukturaren gorenean, Aita Santua. Inperio erlijiosoaren burua.
Erabakigune ziren lekuetan, auzo batzarrak egiten ziren horietan, elizak eraiki zituzten. Haritzaren pean eta zutik, borobilean parez-pare elkartzetik, pulpituari behetik gora begiratu eta goitik behera zetorrena aditzera pasa ginen, elizen handitasunak eta mezuen ederrek itsututa. Pentsamentu kritikoa alboratu eta etortizun espirituala ‘goiko’ apaizen esku utziz. Trukean, elizari ordaina: sosak, eta apaizaren jatekoa,sexua barne.
Elizak, berak esandakoa eginez gero askatasun espirutuala promestu zigun. Hil ondorenerako, bistan da, kontrakorik frogatu ahal ez izateko.
Ez al dira gure alderdi politikoak Elizaren pare? Elizak jarraitzaileen espiritualtasunarekin bezala, alderdiek gure erabakimenarekin jokatuz? ‘Bozka niri, nik eramango zaituztet eta ongizatera’.
Orduko kristauenak bezala, gogo askatzaile batek bultzatu zuen oraingo alderdien jatorrizko mugimendua. Gero baina, beren burua arriskuan ikusten zuten inperio zaharrek hazia erein zuten mugimendu askatzaile haietan, beren sistemara erakarriz, alderdi eran. Lurraldeak instituzionalizatu, sistema estrukturatu, botere kuota eman, eta gure sosak, kupora, erdibana.
Elizako sapaian nekez irekiko zaigu zerurik. Nekez gorpuztuko askatasun gogorik, alderdien jarraitzaile izanik. Elizalako izateaz gain, bildu ezinezko alde erdi direlako. Eta askatasunak, osotasuna ezinbesteko. Orduan, auzo batzarretan bilduko gara berriro, zutik, borobilean eta parekidetasunean, burujabe.
Gogoan ditut Goenaga zenaren Ikastolako klaseak. Fisika arazoak konpontzen hasi aurretik, erreferentzi puntu egokia aukeratzearen garrantzia azpimarratzen zigun klarionez arbel berdean. Erreferentziari arretarik eskeini gabe, errealitatea oker interpretatzeko arriskua baitugu.
Frantziapean daudenek Piriniotara begira dituzte etxeetako lehioak. Españapekooi ez digu baina, erreferentzia horrek balio, argia maite badugu bederen. Leihoen arazoa konpontzeko, erreferentzia egokia eguzkia da, argi iturri bera izanda. Pirinioei bizkar emango diete pirinioz azpiko etxeek. Eguzkiak, lehioak -eta eguzki plakak- berari zuzenduta ikusiko ditu.
Zein ikuspuntutatik konpontzen ditugu bizitzan sortzen dizkiguten eta sortzen ditugun arazoak? Neuretik? Zeuretik? Geuretik? Haienetik? Konpontzen al ditugu, zinez? Ai ene… nago sarri haienetik konpontzen saiatzen garela, aienaka entzuten baititut barruak, sufrimenduz.
Fisikatik psikologiara egin dugu salto, gorputzez baino, gogoz ari garelarik. Euskaldunok, non dugu erreferentzia puntua? Ohiko ditugun lelo gutxi batzuei arreta ipini, eta ia ezer ondorioztatzerik daukagun.
Kooperatibetan, adibidez, ‘Giza BALIABIDEak’ terminoa erabiltzean… norentzako dira baliabide enpresako jabe direnak?
Kooperatiba mundutik atera gabe, geure kutxak zera dio marketinean: ‘bada BESTE modu bat’, ‘bere/geure’ izaera azpimarratzeko, ‘beste’ erabiliz. Badirudi leloa ez dugula geuk esaten, arrotz batek baino, zeren eta arrotz horrek iada badu ‘bere’ modua; gurea, ‘beste’.
Etxe berean ‘Euskaraz ERE, naturaltasunez’ leloa irakurri dut bulegoko mahaigainean. ERE horren itzalean baina, española entzuten eta irakurtzen dut. Euskaraz, ez beti. Aukerakoa baita, ERE horrek garbiro erakusten digun bezala. Irudikatzen horrelakorik, español ala frantsesez?
Abertzaleok, SEPARATISTA omen. Gu, separatistak, zazpitan zatikatuak batu beharrean garenean? Haiendako izango gara separatista.
Bildu nahi omen gaituen alderdia, BAGOAZ! lemarekin. Nora, baina, hemengoak gara eta? Madrileko kongresura? Nork joan behar du nondik? Gure lurra hau da.
BESTE, ERE, SEPARATISTA, BAGOAZ, eta antzekoz beteriko hamaika esaldi eta topikok adierazten digute erreferentzia ez daukagula geuregan, gure menperatzaileengan baino. Euren ikuspuntutik hitzegiten dugu. Eurak garelako, mentalki. Geure buruaren menperatzaile. Eguzkitzat dauzkagu arrotzak, eta haiei so itsututa gabiltza, eguzki minez.
Anarik dioen bezala, buruaz beste… buruaz beste bat egin beharrean gara.
Erreferentzia puntua aldatu. Nortasuna dugu geure arazoak konpontzeko erreferentzia punturik aproposena. Geuretik sentitu, geuk pentsatu, eta geuretzako egiteko.
Arreta eskaini diet Oñatiko herri egun eta errosarixotarako hiru bat lekutan zintzilikatuta ikusi ditudan ikurrei. Poztu nau ikurriña eta presoak herriratzea aldarrikatzen duenarekin batera, nafarra ikusteak. Zenbatetan eskatzen dugun ikurriña CFNko udaletxetan, eta zein gutxi nafarra CAVen! Zatikatuta gaude administratiboki, eta mentalki ere, memoria urriarekin.
Baina, Nafarra gurean ikusteak kontzientzia bizitzen ari denaren seinaletzat hartzen dut nik. Borrolakarien gertukoen zigorra arintzea du aldarrikapen‘izara’k. Ikurriñak berriz, hiltzear zen euskal nortasuna hauspotu zuen garaia dakar gogora, Aranak gidatutako indar berritze bat. Gogo bat, garena duintasunez izateko, menpekotasunetik askatzeko. Kulturalki, politikoki eta militarki mugitu zuen giroa: euskal berpizkundea.
Fruitu ugari emandako loraldia, hamarkada batzuz. Ezin, baina, amestutako heldutasunik erdietsi! Harenak egin du. Berriro gainbeheran goazelakoan nago. Barrakeroen eremuan, autotxoke pistaren frisoan, ikurriñaz margotuta zegoen CAVeko mapa. Hori baita CAVeko gobernuaren -eta herritarron- mezua: gu gara Euskadi, zuek nafar-español eta haiek iparraldeko-frantsez.
Ez gara hiruak bat, ez gara zazpiak bat. Zazpitan zatikatutako bat gara. Gaitz honen aurrean daukagun errealitate historikorik probetxuzkoena Nafarroako Erreinuarena da. Mende batzuk badira, bai: zortzi gurean. Baina ahaztezinak beharko dute izan, gure izaerarekin globalizatu nahi badugu. Erro sakonik gabe, haize arrotzek nahieran erabiliko gaituzte, morroi, beraientzako fruituak batzen.
Horregatik poztu nau bandera nafarra gure kaleetan ikusteak. Bat eta Nor izan gineneko garaiak -orduan modernoak- adierazten dituelako. Erromatarren inperio ostean, eta espainar eta frantsesaren aurretik, burujabe izan ginen europako estatuarena, erreinuarena. Euskaldunok geure osotasunean bildu ginena, eta behetik gorako botore legegilea (foruak) izan genuena, egun Zuzenbide Piriniarra bezala ezagutzen dugun hori.
Nafarra da euskaldunon gogoa osotasunean gorpuztu duen izatea. Eguneratu daigun.
Kulturalki ez ezik, administratiboki eta juridikoki ere euskaldunok bat ginen garai batean. Mundu ikuskera propioa eta beronen araberako antolaketa eta ordenantza geneukan.
Nafar erresumaren garaia zen. Alboetako errege asekaitzen erasoen aurrean geurea defendatzeko bitartekoa. Lortu genuen tarte batean. Gure legean, foruan, jasota genuen inor ez erasotzerik, defendatu besterik. Gure izaeraren erakusgarri.
Alboetakoek baina, horrelakorik ez, eta kolpatu gaituzte, zatikatu, 1200, 1512, 1521, 1640, 1833, 1936… gutako milaka hilez, menpean hartu. Erreinu ziren horiek inperio bilakatuz, eta ondoren, aro modernoan, estatu bana sortuz. Demokratikoak, beren legerako. Gure foruak ezaren hurrenean utziz, autoritarioak, guretako.
Ikuskera honetatik, zentzu honetan, azken defentsa saiakera militarra dugu berriki desegindako erakunde armatua. Ongi etorri Xabier, gorputzez preso eduki zaituzten barrotezko espetxetik, gogoz preso gaituzten eremu ustez librera.
Beste ikuskera batetik, epe laburrekoa, mina besterik eragin ez duen erakundea izan da. Militarrak horretantxe baitu bere izatea: mina eraginez bestea makurtzea. Mina jasan dugunok sarri jo ohi dugu ordain gisa mina eragitera. Etengabeko zurrunbilo mingarrian itotzeraino.
Menperakuntza zahar honek makina bat orbain utzi dizkigu, pertsonetan, antolakuntzan eta batez ere memorian. Izan bedi memoria hau zentzuzko bide baten gidari, argi. Mendeetako zapalkuntzaren ondotik ere, erroetatik elikatuz, barru barruan daramagun izaeraren duintasuna loratuko duen bide.
Izenarena, non edo non irakurri dut. Eneko, Iñigo, Inazio, Iñaki… bada eztabaidarik. Proposatzen duzun Iñigo erabiliko dut, hala izan zelako, bilaketen harira. Eta zentzurik badu.
Ez da baina, izena, eztabaidaren muina. Izana bazik. Izanaren gaineko gogoeta eta memoria. Eta hauen erabilera: zertarako gogora ekarri?
Herri menperatua garen aldetik, askatasun faltaren kontzientzia hartu eta zabaltzeko erabili nahi nuke nik. Ohartzeko. Jabetzeko. Ahaldundu eta egiteko. Gure kulturatik, burujabetza. Askatasuna.
Nola ikusi ote zuten orduko Iñigo gaztearen herriko lagunek bere egunerokoa? naturalki jolasten ote zuen besteekin batera? ala etxean kultura arrotzaren doktrinan hezi zuten?
Nola ikusi ote zuen Iñigok bere burua, herrikideetatik banatua, dorrean ‘babestua’? Ama galdu berritan, nola bizi izan zuen aitak Valladolidera atzerriratzea?
1521ean, nola bizi izan ote zuen bere hizkera jatorrean ari ziren haien aurka borrokatzea, bere nortasuna kolpatuz, arrotzen ejerzitotik?
Bizipen horiek guztiak kudeatzeko gai denak badauka meriturik. Lekuz kanpo sentitzea baino nortasun krisi larriagorik ba ote? Kemena izan zuen ibilbidez aldatzeko; unibertsal bati ekiteko, izatasunaren bideetatik. Espiritualtasunetik.
Orduan nekez izango zen psikologorik, eta etxean topatu erlijio katolikoaren liburuak promesten zuen argiaren indarrak erakarriko zuen. Izakion zoritxarrerako, baina, Iñigoren garairako kristautasun jatorra -erromatar garaiko intsumituak, kasu, Iruña-Veleian ikasi bezela- gizon ase ezinek bere egina zeukaten, beren neurri gabeko botere desirak lortzeko bitarteko gisa.
Ezagutuko ote zituen, baina, gure Iñigok, itzaletik bere hariak mugitzen zituzten haien asmoak? Cisneros kardenal eta inkisidorea, Fernando Katolikoa erregea, hau hil ondoren, 1516an, zerua erosteko testamentuan zer jasoko zuen ziurtatu zuen Adriano. Nor zen baina, Adriano hau? Herbereetakoa jatorriz, orduko potentzia militar handienera, Gaztelara, etorri zen ‘jainkoak’ bidalita limosna eske. Tortosako apezpiku lehenik, Aragoiko inkisidore gero, Kastillakoa ondoren… eta… ta-txan… 1521-1522ko konklabean Adriano VI.a aita santu izendatua! Gure Iñigoren krisi pertsonalarekin batera. Eta Nafarroako konkista ‘jainkoaren izenean’ zilegiztatzeko momentu aproposean.
Lehen Fernando Katolikoaren bandoan, eta gero honen ‘gaineko’ Vaticanoarenean, ‘Sacro Imperioan’… karrera militar nabaria egin zuen Iñigok. Ezpataz eta gurutzez. Nola ez zuen bada, Vaticanoak santu izendatuko 1622an! egindako mesede guztien ordain. Eta euskal herritarroi keinu, bere alboan oparotasuna eta zerua ziurtatuta ditugunaren promesa gisa. Liburuez, santu izendapenez, prentsa oharrez… komunikabideez baliatzen baita boterea bera elikatuko duten leialez inguratzeko. Eta bere legeaz, kuestionatzen duen edonor lurperatzeko, Iruña-Veleian bezela.
Badator Iñigoren krisiaren 500. urteurrena. Greziar mitoak Fenix hegaztia bere errautsetatik nola biziberritzen den kontatzen du. Biziberritu dezagun Ignatius, Inazio, Iñigo… euskal hizkera jatorrera. Eneko.
Ez dezagun onartu arrotz zapaltzaileek ezarritako santurik. Vaticanoak berak oniritzi zituen Gipuzkoa eta Bizkaiko patroi izendatzeak ere, geurean saldukeriatan ibili ohi direnek proposatu ostean.
Susmoa daukat ez ote garen denok Iñigo txiki batzuk, kapital arrotzen mesedetan bizitza ematen duguna, nortasuna arroztasunez barnizatuta. Denok gara Iñigo Loiolako! Gogoratu ditzagun Iñigoren drama, haren patroien zitalkeria… eta ariketa xume bat egin geure baitan.
Gipuzkoar eta bizkaitarroi, horrelako patroirik behar ote dugun erabakitzea.
Iñigo arroztutik Eneko jatorrera, jatorrira bira. Gure estatu zaharrera, Nafarroakora. Baliatu ditzagun Iñigoren indarra eta kemena Eneko Aritzak 824an egin bezala, geure askatasunaren kultura biziberritzeko. Arrotzen bandoan etxekoak kolpatuz losintxak eta botere kuota handiagoak bilatu baino, jatorki geure kulturan sakondu eta berau bultzatzeko bidea egin dezagun.
Herriatar, alderdi eta instituzio gaixoetatik, terapia komunitario diren batzarren bidezko osasunera, osotasunera, euskera.
Euskararen eguna, Nafarroarena
2020-12-03 // estatugintza, euskara, haserre // Iruzkinik ez
Ikusi al dituzu Eroskiren esne kaxak? Bi modelo behintzat baditu: CAV-erako bata, honen mapa, Trebiñuko zulo eta guzti, eta ‘EUSKADI’ hitzarekin. CFN-rako bestea, bere mapa eta ‘NAVARRA’rekin. Ez dut uste esne txarrarekin egindako bereizketa denik, baina ez digu euskaldunoi onik egiten.
(gehiago…)
Eskubide penalak
2020-10-21 // emozioz, estatugintza, euskara, feminismoa, humanismoa, intentzioa // Iruzkinik ez

Espezie inbasoreak
2020-07-03 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
Borobila da Amalurra. Barruan sua, kanpoan airea, eta azaleko ur eta lurrek osotzen dute lau burudun ekosistema.
Bizitza sortu da bertan, milaka eratan, espezietan, oreka sineskaitzean. Espezie horietako bakoitzak bere lekua egin du ekosistema batean ala bestean. Lekua egin ez duena, ez da bizi. Hil zen ala akabatu zuten. Ekosistemak, bizi beharrak gidatutako prozesuaren produktu dira. Hartueman justuan oinarritutako ekonomiaren sistema dira: justizia ekologikoa, orekaren fruitu. Eremu batean batutako espezieen babesleku dira ekosistemak, biziraupenerako berme. Bateragarri ez diren espezieak ekosistema desberdinetan bereiziz, aniztasuna ahalbidetzen da, biodibertsitatea posible eginez. Ekosistema bakoitza bere eremuan da.
Berdin gertatzen da kulturekin ere: hizkera eta mundu ikuskera propioak zituzten gizakiak geografikoki kokatu ziren, bakoitza bere eremuan. Ondorengoak dira inbasio eta konkistak, esku-sartze eta bortxaketak, kultura inposaketak. Milaka kultura erahil eta ehundaka dira arriskuan. Gure euskararena tarteko. Hizkuntza eta beronen inguruan mendez mende eratu dugun kultura (foruak, batzarrak, auzolana…) arriskuan dira. Lauburudunon kultura eri da, berriro. Behinolako babesleku Nafar Estatua galdurik, ekosistema propiorik gabe.
Panpako mustukak eta Asiako liztorrak, beste hainbaten artean, gure ekosistemendako espezie inbasore bezala jo dituzte adituek, ekologista zein zientzilari. Ekosistemaren balioa eta beronen arriskuaren jakitun, espezie inbasoreen kontrako politikak aldarrikatu dituzte. Eta neurri batean, instituzioek esku hartu ere bai. Naturaltasunez ikusten ditugu neurriok. Logikoa baita, bertokoa zainduta, mundu mailako biodibertsitatea babestea. Munduarentzat da on.
Kulturen esparruan baina, ondo ikusiko al genuke kultura erdaldun nagusiak espezie inbasoretzat jotzea? geurea babesteko, munduko aniztasunerako, espainiar eta frantsesaren kontra egitea? Aipatze soilak hautsak harrotuko lituzke. Berehala esango ligukete aniztasuna zein guay den, elkarbizitza, bizikidetasuna, aldebikotasuna… dena eremu berean. Baina inori ez zaio okurritzen, aniztasuna aldarri, grizzly hartz talde bat Piriniotara ekartzerik. Grizzlyak bere eremuak dauzka, eta hartz arreak, bereak, nekez uzten diogun arren. Horrela, munduan bi hartz motak ditugu, besteren artean. Aniztasuna eremuetan babesten da, elkar zapaldu gabe, inor desagerpenera kondenatu gabe. Denek elkar bizitzeko eremua Amalurra da, bakoitza bere txokoan.
Arlo kulturalean, espainiera eta frantsesa osasuntsu dira estatu (ekosistema) propioen babespean. Harreman justurik posible al da gure lurretan erderen eta euskararen artean? Ba ote dago orekarik? Bistan da ezetz. Nola elkar biziko gara liztorrekin? Gurea dena ahotik kentzen digute. Ezin dugu euskaraz ere egin. Ahuleziak jota daukagu gure erlea, euskal kultura. Galduko bada, humanitateak galduko du aniztasunean. Arazoa beraz, gurea eta internazionala ere bada.
UNESCO da mundu mailako ondarea zaintzeko elkarte internazionala. Bere zeregina da bake iraunkorraren bila, kultura desberdinak sustatu eta duintzea. Bere bisioan onartzen du dibertsitate kulturalaren aurkako erasoak badaudela. Badauka ondare inmateriala gordetzeko arduratzen den lan-taldea ere. Ez dugu baina bere laguntzarik. Zerk egiten du kale? Bada, bertako partaide estatuak direla, eta zapaldutako herriok botererik gabe gaudela. Nekez espero genezake ezer inbasoreek ezarritako instituzioetatik. Etxekoez ere.
Hil ala bizikoa dugun honetan bizirautea nahi badugu, nola aktibatu gure sistema immunologikoa? Nola defendatu liztorrengandik? Erasoa militarra zenean, Nafar Estatua eratu eta ehundik gora gazteluk saretutako defentsa sistema antolatu genuen. Mende batzuetarako balio izan zuen, baina zoritxarrez men egin zion erasotzaileen oldarrari, eta dozena erdi inguru besterik ez daude zutik. Erasoa kultural eta politikoa den honetan, nola babestu? Nola biziraun?
Euskaraldia eta gisako ariketak ez dira nahiko. Heldu diezaiogun afera internazionalari: gogoratu dezagun Europan nor ginen, nola antolatuak geunden, nola egurra jaso eta jasoten dugun… eta berreraiki dezagun suntsitutako ekosistema, Nafar Estatua izan zen hura eraberrituz. Horrela antolatu ahalko ditugu bizirauteko babes neurri kultural eta politikoak.
Amalurra borobila da. Oro biltzeko eta babesteko gaitasuna dauka. Ez daigun humatitateak euskara, gure mundu ikuskera propioa, gal. Euskaldunona da ardura. Iraganean ere egin dugu. Ekidin dezagun munduko kultura hilen zerrenda beltzean sartzea. Ez dezagun ahalbidetu humanitatearen aniztasun bizia gure lepotik murriztea. Gure lurrek, eta munduak, euskaraz entzun dezaten. Euskara bizi dezagun.
Gogoaren haritik
2020-07-03 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Bittor Kapanagak ‘Euskera, erro eta gara’ liburuan dioskun bezala, GO, IZ eta AR fonemak izatasun kontzeptua adierazteko erabiltzen zituzten gure arbasoek. Bere ustez, hiru giza multzoren biltzeak eratu zuen gureganaino iritsi den euskera. Hau da, kontzeptu bera adierazteko hiru erro ditugu.
Zenbat hitz eder sortzen diren hiru multzo horietatik: GOIZ, IZAR, ARIZ… eta GOGO. Azken hau fonema beraren errepikapen soil bat dugu: GO-GO. Badirudi, denbora aurrera joan ahala, aitzin euskaldun multzo bat ohartu zela bazela beste izatasun bat, aurrekoaren gainean eraikia.
Lehen soinua, GO, naturaren izatasuna izendatzeko sortuko zuten. Sentitzen zuten oro hartzen zuen bere baitan. Baita gabea iristen zenean iluntasunak ekarritako hutsa ere. Oraindik aitzin euskalduna ez zen gai bere burua naturatik bereizteko. Bat zen dena, gizaldi luzez.
Gizaldien poderioz eta gertatzen zenari arreta eskeini ahala, GO handi horren tankerako beste izate bat aurkitu bide zuten aitzin euskaldun horiek. Beren burua aurkitu eta ezagutu zuten: beren materia eta beren hutsarekin. Beren haserre, tristura, poztasun eta beldurrekin. Aurkikuntza berriari GOGO izena ipintzea deliberatu zuten. Izatasun identifikatu berri bat, izatasun handiaren baitan: aitzin euskalduna, naturaren baitan.
Ustea da orduan ez zutela idazten. Keinuak eta soinuak zituzten komunikabide. Nola baina soinuei kontzeptuak lotu? Nola kontzeptu berriak soinukatu? Komunikatzeko beharra zen gara bide. Oinarrizko hizkuntza aberastu beharra. Aurkikuntza berria burmuinean egosi, eta nola albokoari esplikatu? Ahots korda honezkero bazen GO ahozkatzeko gai. Fonema bakarra. Berori errepikatuz komunikatu zuen aitzin euskaldun aitzindariak aurkitu berria: GOGO. Bere burmuina garatu zuen agindua errepikatzeko, beharraren poderioz. Beharra, gara bide.
Bi kontzeptu ahoskatu ahal zituen: Natura, eta gizakia. Gizakia natura da, aro berri batekoa. Oinarrizko naturaren bigarren generazio bat, GOGO, lehen generazioan, GO, bizi behar duena. Ez al da ederra?
Naturak ziklo errepikakorrak ditu: Ura erori, bidea urratu, itsasoratu, lurrundu, hegan egin, erori… Eguna argitu, gabetu, argitu… dena dabil biraka. Ilargia lurraren bueltan ere bai, eta lurra eguzkiaren bueltan.
Gizakiok ere beharrak eta GOGOak gidatuta gabiltza, memoria (gogora ekarri) eta borondatea (gogotsu egin) lagun, kontzientzia (gogoa bera) osotuz.
Arriskuaren jabetzaz
2020-05-23 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Bizi dugun arrisku egoerak gogoeta eragin dit. Nork kudeatzen ditu arriskuak egokien? Goikoak? Behekoak? Behekoak ez dauka behar besteko ikuspegirik, eta goikoari, errealitatearen detaileak falta zaizkio. Eta badakigu detaileak zein garrantzizkoak diren. Beraz, ondorioztatu dezakegu arrisku kudeaketarik egokiena, eraginkorrena, arazoa bera dagoen mailan ematen dela.
Arriskuak arduraz hartzekoak dira. Bizia bera egon daiteke jokoan. Burugabea da arriskuak ikusi nahi ez dituena. Burujabea, bere egiten dituena. Kulturaren baitan doa arazoak dauden tokian arduraz konpontzearena, gora ala behera desbideratu gabe.
Kezka daukat euskaldunok, mailako inor ez, eta behera bideratzen ote dugun ondoren azaldutako arriskua. Eta eraginkortasun ezaren ondorioz, frustrazioak jota dabil euskalgintzan franko.
Gure kulturari egindako hainbat urratu ikusi ditugu krisialdian: BBVAren ‘euskarazko’ web orria, ETB1en gainbehera, erdarazko komunikatu ofizial elebakarrak, ordezkariak euskara traketsean komunikatu ezinik… Euskarari 155 bat aplikatu diote krisiaren kudeatzaileek.
Baina nago, gertakariok ez direla krisiak eragindakoak izan. Bistaratutakoak baino. Bejondeizula, Covid, gauzak diren bezala erakustearren, makillajerik gabe. Erakundeek eta ETBk ez dute euskeraz sortzen. Jasotzen duguna, itzulitakoa da: diferituan bizi gaituzte. Gure autogobernua, Madrilek nahi duenaren araberakoa da, eta ez gobernutik saltzen diguten adinakoa. Makillatua eta makilatua dago euskaldunon aldeko konpromezua. Makillaje gabe ikusi dugunak izutu egin gaitu: osasun eskaseko kultura, menperakuntza birusak larriki eritua, heriotzera bidean.
Ba al daukagu erakunderik honetaz arduratuko denik? Euskal Herria zatikatuta daukagu, mendeetako konkistaren eraginez. Zatietako erakundeak, arrotzei menpekotuta. Arrotzei bost gure kulturak.
Zer espero dezakegu gure omen diren erakundeongandik? Izango dira hitzarmenak, argazkiak, titularrak, hirurak bat eginda dabiltzala erakusteko. Eragina baina, hutsala da hilzorian dagoen gure kultura biziberritzeko. Txantxangorria mutu dago. Euskaraldia proposatu digute, etxetik hasita. Ez dago soberan, baina ez da nahikoa. Ez al da ardura behekoei pasatzea?
Zer espero dezakegu alderdi politikoengandik? EAJ-k begirada lausoz gogoratzen ditu bere JEL-eko ‘lege zaharra’ defendatu zuten arbasoak. ‘Lege zaharra’ gure Foruak ziren. Ebatsitako Konstituzioa. Karlistaldietan eskumen guztiak kendu zizkiguten, inposatutako zergak -hortik ‘impuesto’- batzekoa izan ezik. Zertatako, eta batutakoa beraiei, espainiarrei emateko, militar, tribunal eta gartzelak finantzatzeko. Hortik dator egungo Kontzertu Ekonomikoa. Honen txin-txin soinuak liluratuta bizi dira gure omen diren erakundeen kudeatzaileak. Kontzertua zuzentzen duena Madrilen dagoela jakinda; hark aukeraturako partitura joko duten instrumentu soil direla jakinda, AHT gora behera. EH Bildu berriz, EAJren gobernuari laguntzen dioten alderdi espainiar berekin ardatz ezkertiar euskalduna (sic) osatu nahian dabil, norgehiagokan. Ez dago batasunik. Zatituta hemen ere, ikuspegi nazional murritzarekin.
Ez dut ikusten ez erakunde ez eta alderdirik ataka honetan bizi dugun arrisku egoerari aurre egiteko behar den ardurarik hartuko duenik. Behar den maila -nazionala- eta boterea falta dute. Konplexuz beteak sumatzen ditut, erderaz franko. Ez ote ligukete mesede egingo aldarri soberanistak bazterrean utzita? Horrela, herritarroi antolatzeko beharra eta gogoa piztuko litzaigukeelakoan nago. Burujabetza erdiesteko.
Ardura kolektiboz helduko diogu aferari, iraungo badugu. Lehen ere, krisi egoeran, eraso frankoen meatxupean, altxatu zuten Eneko Aritza erresistentzia antolatzeko. Erresumak balio izan zuen zenbait mendez, Espainiak 1200 eta 1512an eta Frantziak 1620an menpeko hartu gintuzten arte. Ez genuen baina, likidazio agiririk sinatu.
Juridikoki bizirik dira erakundeok. Badugu nondik birsortu. Zatiketak de facto gaindituz, ‘elkartuta, aterako gara’ esango dugu geuk ere. Gaitz hilkorra analizatu, tratatu eta erregistroa eramanez. Amildegian behera garamatzan kurba motelduko dugu, lautada aurkitu eta apurka goraka ekiteko, normalitate zaharberritura.
Herri honen misterioa iraunkortasuna bada, ez dezagun katea orain eten. Sahiestu dezagun Herri europar honen suizidioa. Belaunaldiak beharko ditugu, bai. Geureari, aurrekoei bezalaxe, erresistentzian aritzea dagokigu, etenik gabeko lan arduratsuan.
Horrela baino ez dugu euskaldunok munduko aniztasunaren mapa koloreztatzen jarraituko. Europaren baitan argi propioz ñir-ñir egingo dugun ondare zahar-berritu izan gaitezen, osasuntsu eta bizi. Badiraugu, eta izan gogo gara.
Bildu Elizara
2019-11-08 // beldurtuta, emozioz // Iruzkinik ez
Jesusek iraultza ekarri zuen. Erromatarren zapalkuntzari intsumisioz erantzun zion. Biolentzia gabeko konfrontazioz. Erahil egin zuten, eta herriari bere hilotza erakutsi, halako jarrerak nola zigortuko zituzten eredugarri. Herriak ez zuen Jesusen gogoa ahaztuko.
Historia errepikatu egiten da, forman bederen. Menperatzailea, menperatua, askatasun gogoa, ekina eta zigorra. Menperatzailea inoren gaindi, lege. Herriak baina, gogoan izan, eta berriro ere, gogora ekarriaz, gogotik ekin askatasun borrokari. Zigorra berriro, eta buelta. Gogoa, memoria, baden bitartean, errepikatzen den zikloa, menperatzailea ahul aurkitu arte. Eta orduan, menperatuaren garaipena. Askatasuna.
Menperatzailea baina, zitala da, eta badaki bere burua berrasmatzen. Nola ekidin zuen Erromak porrota? Inperio militarra iltzear zela, menperatuen gogoaren baitan erein zuen hazia: gogo hura, kristautasun deitua, ofizializatu egin zuen. Bere egin. Instituzionalizatu. Estrukturatu. Eta estrukturaren gorenean, Aita Santua. Inperio erlijiosoaren burua.
Erabakigune ziren lekuetan, auzo batzarrak egiten ziren horietan, elizak eraiki zituzten. Haritzaren pean eta zutik, borobilean parez-pare elkartzetik, pulpituari behetik gora begiratu eta goitik behera zetorrena aditzera pasa ginen, elizen handitasunak eta mezuen ederrek itsututa. Pentsamentu kritikoa alboratu eta etortizun espirituala ‘goiko’ apaizen esku utziz. Trukean, elizari ordaina: sosak, eta apaizaren jatekoa,sexua barne.
Elizak, berak esandakoa eginez gero askatasun espirutuala promestu zigun. Hil ondorenerako, bistan da, kontrakorik frogatu ahal ez izateko.
Ez al dira gure alderdi politikoak Elizaren pare? Elizak jarraitzaileen espiritualtasunarekin bezala, alderdiek gure erabakimenarekin jokatuz? ‘Bozka niri, nik eramango zaituztet eta ongizatera’.
Orduko kristauenak bezala, gogo askatzaile batek bultzatu zuen oraingo alderdien jatorrizko mugimendua. Gero baina, beren burua arriskuan ikusten zuten inperio zaharrek hazia erein zuten mugimendu askatzaile haietan, beren sistemara erakarriz, alderdi eran. Lurraldeak instituzionalizatu, sistema estrukturatu, botere kuota eman, eta gure sosak, kupora, erdibana.
Elizako sapaian nekez irekiko zaigu zerurik. Nekez gorpuztuko askatasun gogorik, alderdien jarraitzaile izanik. Elizalako izateaz gain, bildu ezinezko alde erdi direlako. Eta askatasunak, osotasuna ezinbesteko. Orduan, auzo batzarretan bilduko gara berriro, zutik, borobilean eta parekidetasunean, burujabe.
Buruz ere, beste
2019-10-15 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Gogoan ditut Goenaga zenaren Ikastolako klaseak. Fisika arazoak konpontzen hasi aurretik, erreferentzi puntu egokia aukeratzearen garrantzia azpimarratzen zigun klarionez arbel berdean. Erreferentziari arretarik eskeini gabe, errealitatea oker interpretatzeko arriskua baitugu.
Frantziapean daudenek Piriniotara begira dituzte etxeetako lehioak. Españapekooi ez digu baina, erreferentzia horrek balio, argia maite badugu bederen. Leihoen arazoa konpontzeko, erreferentzia egokia eguzkia da, argi iturri bera izanda. Pirinioei bizkar emango diete pirinioz azpiko etxeek. Eguzkiak, lehioak -eta eguzki plakak- berari zuzenduta ikusiko ditu.
Zein ikuspuntutatik konpontzen ditugu bizitzan sortzen dizkiguten eta sortzen ditugun arazoak? Neuretik? Zeuretik? Geuretik? Haienetik? Konpontzen al ditugu, zinez? Ai ene… nago sarri haienetik konpontzen saiatzen garela, aienaka entzuten baititut barruak, sufrimenduz.
Fisikatik psikologiara egin dugu salto, gorputzez baino, gogoz ari garelarik. Euskaldunok, non dugu erreferentzia puntua? Ohiko ditugun lelo gutxi batzuei arreta ipini, eta ia ezer ondorioztatzerik daukagun.
Kooperatibetan, adibidez, ‘Giza BALIABIDEak’ terminoa erabiltzean… norentzako dira baliabide enpresako jabe direnak?
Kooperatiba mundutik atera gabe, geure kutxak zera dio marketinean: ‘bada BESTE modu bat’, ‘bere/geure’ izaera azpimarratzeko, ‘beste’ erabiliz. Badirudi leloa ez dugula geuk esaten, arrotz batek baino, zeren eta arrotz horrek iada badu ‘bere’ modua; gurea, ‘beste’.
Etxe berean ‘Euskaraz ERE, naturaltasunez’ leloa irakurri dut bulegoko mahaigainean. ERE horren itzalean baina, española entzuten eta irakurtzen dut. Euskaraz, ez beti. Aukerakoa baita, ERE horrek garbiro erakusten digun bezala. Irudikatzen horrelakorik, español ala frantsesez?
Abertzaleok, SEPARATISTA omen. Gu, separatistak, zazpitan zatikatuak batu beharrean garenean? Haiendako izango gara separatista.
Bildu nahi omen gaituen alderdia, BAGOAZ! lemarekin. Nora, baina, hemengoak gara eta? Madrileko kongresura? Nork joan behar du nondik? Gure lurra hau da.
BESTE, ERE, SEPARATISTA, BAGOAZ, eta antzekoz beteriko hamaika esaldi eta topikok adierazten digute erreferentzia ez daukagula geuregan, gure menperatzaileengan baino. Euren ikuspuntutik hitzegiten dugu. Eurak garelako, mentalki. Geure buruaren menperatzaile. Eguzkitzat dauzkagu arrotzak, eta haiei so itsututa gabiltza, eguzki minez.
Anarik dioen bezala, buruaz beste… buruaz beste bat egin beharrean gara.
Erreferentzia puntua aldatu. Nortasuna dugu geure arazoak konpontzeko erreferentzia punturik aproposena. Geuretik sentitu, geuk pentsatu, eta geuretzako egiteko.
Nafarroa eguneratu
2019-10-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Arreta eskaini diet Oñatiko herri egun eta errosarixotarako hiru bat lekutan zintzilikatuta ikusi ditudan ikurrei. Poztu nau ikurriña eta presoak herriratzea aldarrikatzen duenarekin batera, nafarra ikusteak. Zenbatetan eskatzen dugun ikurriña CFNko udaletxetan, eta zein gutxi nafarra CAVen! Zatikatuta gaude administratiboki, eta mentalki ere, memoria urriarekin.
Baina, Nafarra gurean ikusteak kontzientzia bizitzen ari denaren seinaletzat hartzen dut nik. Borrolakarien gertukoen zigorra arintzea du aldarrikapen‘izara’k. Ikurriñak berriz, hiltzear zen euskal nortasuna hauspotu zuen garaia dakar gogora, Aranak gidatutako indar berritze bat. Gogo bat, garena duintasunez izateko, menpekotasunetik askatzeko. Kulturalki, politikoki eta militarki mugitu zuen giroa: euskal berpizkundea.
Fruitu ugari emandako loraldia, hamarkada batzuz. Ezin, baina, amestutako heldutasunik erdietsi! Harenak egin du. Berriro gainbeheran goazelakoan nago. Barrakeroen eremuan, autotxoke pistaren frisoan, ikurriñaz margotuta zegoen CAVeko mapa. Hori baita CAVeko gobernuaren -eta herritarron- mezua: gu gara Euskadi, zuek nafar-español eta haiek iparraldeko-frantsez.
Ez gara hiruak bat, ez gara zazpiak bat. Zazpitan zatikatutako bat gara. Gaitz honen aurrean daukagun errealitate historikorik probetxuzkoena Nafarroako Erreinuarena da. Mende batzuk badira, bai: zortzi gurean. Baina ahaztezinak beharko dute izan, gure izaerarekin globalizatu nahi badugu. Erro sakonik gabe, haize arrotzek nahieran erabiliko gaituzte, morroi, beraientzako fruituak batzen.
Horregatik poztu nau bandera nafarra gure kaleetan ikusteak. Bat eta Nor izan gineneko garaiak -orduan modernoak- adierazten dituelako. Erromatarren inperio ostean, eta espainar eta frantsesaren aurretik, burujabe izan ginen europako estatuarena, erreinuarena. Euskaldunok geure osotasunean bildu ginena, eta behetik gorako botore legegilea (foruak) izan genuena, egun Zuzenbide Piriniarra bezala ezagutzen dugun hori.
Nafarra da euskaldunon gogoa osotasunean gorpuztu duen izatea. Eguneratu daigun.
Etorriak badakar zentzua
2019-08-26 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Kulturalki ez ezik, administratiboki eta juridikoki ere euskaldunok bat ginen garai batean. Mundu ikuskera propioa eta beronen araberako antolaketa eta ordenantza geneukan.
Nafar erresumaren garaia zen. Alboetako errege asekaitzen erasoen aurrean geurea defendatzeko bitartekoa. Lortu genuen tarte batean. Gure legean, foruan, jasota genuen inor ez erasotzerik, defendatu besterik. Gure izaeraren erakusgarri.
Alboetakoek baina, horrelakorik ez, eta kolpatu gaituzte, zatikatu, 1200, 1512, 1521, 1640, 1833, 1936… gutako milaka hilez, menpean hartu. Erreinu ziren horiek inperio bilakatuz, eta ondoren, aro modernoan, estatu bana sortuz. Demokratikoak, beren legerako. Gure foruak ezaren hurrenean utziz, autoritarioak, guretako.
Ikuskera honetatik, zentzu honetan, azken defentsa saiakera militarra dugu berriki desegindako erakunde armatua. Ongi etorri Xabier, gorputzez preso eduki zaituzten barrotezko espetxetik, gogoz preso gaituzten eremu ustez librera.
Beste ikuskera batetik, epe laburrekoa, mina besterik eragin ez duen erakundea izan da. Militarrak horretantxe baitu bere izatea: mina eraginez bestea makurtzea. Mina jasan dugunok sarri jo ohi dugu ordain gisa mina eragitera. Etengabeko zurrunbilo mingarrian itotzeraino.
Menperakuntza zahar honek makina bat orbain utzi dizkigu, pertsonetan, antolakuntzan eta batez ere memorian. Izan bedi memoria hau zentzuzko bide baten gidari, argi. Mendeetako zapalkuntzaren ondotik ere, erroetatik elikatuz, barru barruan daramagun izaeraren duintasuna loratuko duen bide.
Badiraugu, eta izan gogo gara.
Eneko zana, San Ignatius (II)
2019-07-30 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
[Uztarriarako erantzuna]
Esker mila ekarpenengatik.
Izenarena, non edo non irakurri dut. Eneko, Iñigo, Inazio, Iñaki… bada eztabaidarik. Proposatzen duzun Iñigo erabiliko dut, hala izan zelako, bilaketen harira. Eta zentzurik badu.
Ez da baina, izena, eztabaidaren muina. Izana bazik. Izanaren gaineko gogoeta eta memoria. Eta hauen erabilera: zertarako gogora ekarri?
Herri menperatua garen aldetik, askatasun faltaren kontzientzia hartu eta zabaltzeko erabili nahi nuke nik. Ohartzeko. Jabetzeko. Ahaldundu eta egiteko. Gure kulturatik, burujabetza. Askatasuna.
Nola ikusi ote zuten orduko Iñigo gaztearen herriko lagunek bere egunerokoa? naturalki jolasten ote zuen besteekin batera? ala etxean kultura arrotzaren doktrinan hezi zuten?
Nola ikusi ote zuen Iñigok bere burua, herrikideetatik banatua, dorrean ‘babestua’? Ama galdu berritan, nola bizi izan zuen aitak Valladolidera atzerriratzea?
1521ean, nola bizi izan ote zuen bere hizkera jatorrean ari ziren haien aurka borrokatzea, bere nortasuna kolpatuz, arrotzen ejerzitotik?
Bizipen horiek guztiak kudeatzeko gai denak badauka meriturik. Lekuz kanpo sentitzea baino nortasun krisi larriagorik ba ote? Kemena izan zuen ibilbidez aldatzeko; unibertsal bati ekiteko, izatasunaren bideetatik. Espiritualtasunetik.
Orduan nekez izango zen psikologorik, eta etxean topatu erlijio katolikoaren liburuak promesten zuen argiaren indarrak erakarriko zuen. Izakion zoritxarrerako, baina, Iñigoren garairako kristautasun jatorra -erromatar garaiko intsumituak, kasu, Iruña-Veleian ikasi bezela- gizon ase ezinek bere egina zeukaten, beren neurri gabeko botere desirak lortzeko bitarteko gisa.
Ezagutuko ote zituen, baina, gure Iñigok, itzaletik bere hariak mugitzen zituzten haien asmoak? Cisneros kardenal eta inkisidorea, Fernando Katolikoa erregea, hau hil ondoren, 1516an, zerua erosteko testamentuan zer jasoko zuen ziurtatu zuen Adriano. Nor zen baina, Adriano hau? Herbereetakoa jatorriz, orduko potentzia militar handienera, Gaztelara, etorri zen ‘jainkoak’ bidalita limosna eske. Tortosako apezpiku lehenik, Aragoiko inkisidore gero, Kastillakoa ondoren… eta… ta-txan… 1521-1522ko konklabean Adriano VI.a aita santu izendatua! Gure Iñigoren krisi pertsonalarekin batera. Eta Nafarroako konkista ‘jainkoaren izenean’ zilegiztatzeko momentu aproposean.
Lehen Fernando Katolikoaren bandoan, eta gero honen ‘gaineko’ Vaticanoarenean, ‘Sacro Imperioan’… karrera militar nabaria egin zuen Iñigok. Ezpataz eta gurutzez. Nola ez zuen bada, Vaticanoak santu izendatuko 1622an! egindako mesede guztien ordain. Eta euskal herritarroi keinu, bere alboan oparotasuna eta zerua ziurtatuta ditugunaren promesa gisa. Liburuez, santu izendapenez, prentsa oharrez… komunikabideez baliatzen baita boterea bera elikatuko duten leialez inguratzeko. Eta bere legeaz, kuestionatzen duen edonor lurperatzeko, Iruña-Veleian bezela.
Badator Iñigoren krisiaren 500. urteurrena. Greziar mitoak Fenix hegaztia bere errautsetatik nola biziberritzen den kontatzen du. Biziberritu dezagun Ignatius, Inazio, Iñigo… euskal hizkera jatorrera. Eneko.
Ez dezagun onartu arrotz zapaltzaileek ezarritako santurik. Vaticanoak berak oniritzi zituen Gipuzkoa eta Bizkaiko patroi izendatzeak ere, geurean saldukeriatan ibili ohi direnek proposatu ostean.
Susmoa daukat ez ote garen denok Iñigo txiki batzuk, kapital arrotzen mesedetan bizitza ematen duguna, nortasuna arroztasunez barnizatuta. Denok gara Iñigo Loiolako! Gogoratu ditzagun Iñigoren drama, haren patroien zitalkeria… eta ariketa xume bat egin geure baitan.
Azpeitiarroi dagokizue saninazioak eraberritzea, izenetik izanera.