LOADING

Type to search

27zapata Gizartea Hezkuntza Hizkuntza

Badakigu dakiguna dakigula

Guk asko dakigu. Hainbesteraino non geure buruari… Homo sapiens deitzen diogun. Homo sapiens, bai. Izaki jakintsu. Umiltasun pixka bat eskertuko genuke akaso baina, nola inor ez zaigun kanpotik etorriko kontuak eskatzera… Hor konpon Mari Anton!

Gainera, egia esan, asko dakigu. Badakigu esaterako, egitura linguistiko konplexuak eraikitzen. Kapazak gara esateko adibidez: oraintxe bertan bidaliko nuke kantauri itsasoa zuregana belarri atzeko azkurak kentzera. Argi eta garbi motzean esan beharrean, oraintxe bertan egingo nukeela zurekin larrutan dinbi ta danba, ta dinbi ta danda…

Bai, badakigu egitura linguistiko konplexuak erabiltzen. Badakigu logika erabiltzen ere, Baztango behi batek inoiz egingo ez lukeen moduan. Badakigu hipotenusa, logaritmoak eta erro karratuak kalkulatzen. Eta sortu ditugu bankuak, patatak zuritzekoa bezalako tresnak eta hondartza artifizialak. Kontatu gabe smartphone, GPS eta Google Glass betaurrekoak.

Asmatu ditugu erlijioak, fundatu elkarte gastronomikoak, eta badakigu, orain bai badakigula, lurra limoi baten formakoa eta gustukoa dela.

Badakigu eta hauxe da akaso inportanteena…
tortila patatak egiten.
Badakigu dakiguna dakigula eta
ez dakiguna ez dakigula. (eta hori ere inportantea da, eh?)

Bai, eta badakigu gehiago ere.
Badakigu etxerako bidea. Gehienetan.

Bai badakigu, badakizkigu, badakizkit eta badakizkizu-kizkizu-kizkizu badakizkigula, badakizkitela badakizkizuelako.

Tags:
Next Article

2 iruzkin

  1. jokin Aizpurua 2019-12-03

    Maila oneko artikulua, bukaera aldera apur bat maila horri eutsi ez arren. Umiltasuna dela medio, ez nuke esango nik hoberik idatziko nukeenik, eta baita beste estilo batekoa izango litzatekeelako ere.Umorea gauza ederra da, garai hauetan bere eskasia nabaria baita, eta zarauztarrak darabilen umore puntu hori atsegina da. Etorria ere badu, eta doai hori ere nabarmenduko nuke.

    Erantzun
    1. Imanol Epelde 2019-12-03

      Eskerrik asko Jokin! Saiatuko nauk hurrengoan bukaerari ere goian eusten!

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.