LOADING

Type to search

27zapata Gizartea Hezkuntza

Okupak

Imanol Epelde 2019 maiatza 28
https://youtu.be/vga9hlyZSR8

Zarautzen bada historia luzeko okupa mugimendu bat eta nik, nik ez dut batere gogoko. Okupazio mugimendu honek iragan oso ilun eta biolentoa du, beldurra ematerainokoa. Oraindik ere, kolore ilunez jantzita ibiltzen dira beti. Herrian ez ditu ia inork maite, ez ditu ia inork nahi ondoan. Parrandetan eta horrela ezin zaie ezer esan. Begira geratzen bazara gaizki, begira geratu zarelako eta begira geratzen ez bazara ere gaizki, erdeinatu egin dituzulako. Ez dago hauekin asmatzerik!

Eta zuek ez dakit baina nik, ikusi izan ditut peajea ordaindu gabe pasatzen, nahi duten tokian aparkatzen dute (espaloi gainean eta horrela), eta ez dakite zer den proportzionaltasuna. Tira. Badakizue zeini buruz ari naizen ezta? Betikoez. Denok ezagutzen ditugu indar okupatzaile hauek. Zarautzen adibidez, etxe eta bi eskolen ondoan gotortzen dira Todo por la patria eta piperpotoa goiburu. Eta nik, behingoagatik eskatuko nieke, hainbeste urtetako okupazioa uzteko. Herrian espazio beharra handia baita. Gustura hartuko luke bloke horretako aurreneko pisu osoa, adibidez, herriko beste okupazio mugimendu batek, herriari hainbeste kultura, maitasun eta Arraio eman dizkion Putzuzulok. 1000 etxe egin behar dituztela-eta, laster eraistekoak omen direlako… Gure Amets Fabrika.

Bigarrenean Neguetxea zabalduko genuke berriro, ikusita berriz irekitzeko borondate handirik ez dagoela. Edukiko lukete emakumeek ere etxe bat, pisu bat. Eta noski, ez litzateke faltako, azken pisuan-edo: Kafetegi bat. Kriston bistekin. Bueno ez, kafetegi bat bakarrik ez. Zerbait kontzeptualagoa: kafetegi-ardotegi-pelukeri bat. Dena bat. Dena fusion, fashion, bread and more. Zarautzen herri izaerari eusteko ezinbesteko bihurtu baitira horrelakoak. Eta noski, koarteleko zaintza kamara super zehatzak erabiliko genituzke euskal youtuber olde berria sortzeko, Arraio irratiak Radio Mariaren uhinak okupatzen dituen bitartean. Eta argi dago, koartelean aurkitutako armak rotondak dekoratzeko erabiliko genituzke kanoi zaharren ondoan, eta bainerak, bainerak bainatzeko bakarrik erabili.

Beste ideiaren bat daukazula? Ondo! Bota, idatzi lasai hemen behean. Eta proposamenarekin ados bazaude eman like, share, edo jarrai nazazu eta jarri iezaiozu doinua hamarreko txiki honi. Bla!

Tags:
Previous Article
Next Article

2 Comments

  1. leire 2019-05-28

    Eibarren ere okupa horiek badauzkagu, eta berdegune gutxi izan arren gure herrian, halako berderik ez dugu nahi. Espazio faltan gabiltza gu ere, baina berde izaera mantetze aldera, jardin eder bat egingo nuke oraingo berdegune txapelokerrean.
    Jardina arbolaz betea, jartzeko bankoak, lasai belarretan etzanda egoteko, iturritxo jostari batekin…
    Egin dezagun!

    Erantzun
    1. Imanol Epelde 2019-05-29

      Hori hori! Egin dezagun!

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *