LOADING

Type to search

Bizhitza Hezkuntza

Bizikleta urdinak

Zarauzko Ikastolak 50 urte aurten beteko dituela-eta oroitzapen libururako idatzitakoa

Ikastola Imanol Benito da.

Imanol Benito eta nire bizikleta zahar eta urdin hura.

Esprint gehienak galtzen nituen berarekin. Baina maite nuen.

Bizikletaz kabitu ezinik egoten zen ikastolako garaje hura bezala.

Eta munizipal tripa handia Mitxelena kalean,

Ikastolako umeen bizikleta desfilea erregulatu ezinik.

Maite nuen munizipal hura ere.

Oraingo munizipal gazte lerden eta tatuatuak baino gehiago.

Dezentez.

 

Imanol Zarauzko Musika Plazan

Imanol Zarauzko Musika Plazan

Ikastola andereño asko da.

Rosa eta Arantza eta Jaione eta Elola eta…

…eta maisu piloa.

Juanjo eta Josu esaterako,

soinketako irakaslea,

aldageletan,

mutil denoi pultsua hartzen,

bizitza horretan joango balitzaigu bezala.

Ikastola andereño asko eta maisu piloa da.

Eta Amaia Gonzalez, 9 urterekin:

Behin, eguzkia atera zidalako poltsikotik.

 

Ikastola da tximeleta mordoa estutxean

eta Super Bolon Gaso kanikak

eta Barbasen dendako karameluak

eta atzeko belardian interpretatu genituen jolas eta pelikula guztiak.

Gu ginen pertsonaia guztiak.

Pertsonaia guztiak ziren gu.

 

Ikastola hori da.

Eta gehiago.

Ustekabean,

umezurtz geratu ginelako 8. maila amaitzean.

 

Orain loreak jaiotzen zaizkit masailetan

trena San Pelaioko geltokian geratzen den segundo gutxi horietan

euskara ikusten dudalako jolasean.

Eskubaloira.

 

Guregan ikastola bat izatea bezain ederra da

ikastolak gu izatea

izan eta izango direnengan.

Tximeletez, bizikleta urdinez eta eguzkiz idazten ari garen historia ederrean.

Tags:
Previous Article
Next Article

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *