LOADING

Type to search

27zapata Bizhitza

Txorimalo bat hondartzan

27zapata 2014 Ots 18

Badut fijazioa txorimaloekin. Ematen didate zer pentsatua. Txorimaloa hartu nuen gaitzat Skastikoek kantu letra bat egiteko eskatzean. Poema hau ere orain gutxi jarri nuen 27zapatan. Eta azken poema horretatik tiraka, ipuin bat idatzi dut eta grabatu. Nire ikasleek ere ipuin bat idatzi behar zuten klasean, laburra, gero grabatzeko. Haiei agindutakoa neure buruari ere agindu nion. Gustura nago emaitzarekin. Ea zer diozuen zuek!

Hankarik ez dut. Bustita ditut hala ere oinak. Eta zin dagit, hotz dagoela ura. Indarrez dator. Indarrez. Hotz. Plazerezkoa litzateke jolas hau, jolas honekin hilko ez banintz. Ze, ni banoa. Heldu da agur esateko garaia. Banoa hemendik. Banarama. Ez dago endredo honetatik aterako nauen flotadorerik.

Zuen irudira egin ninduzuen. Giza patchwork beldurgarri bat. Badut zuen itxura, zuen posea. Esaneko sortu ninduzuen. Txotxongilo izateko. Txotxongilo bai, baina mugimendurik gabekoa. Txotxongilo elbarri. Txotxongilo beldurgarri bat.

Zuek baino ezin zenuten ni bezalako munstro bat sortu. Zuek kondenatu ninduzuen letxuga, brokoli eta azenarioak, berduraz jantzitako baratzak zaintzera. Zuek bortxatu tomate batzuk defenditzeagatik lur honetako animaliarik ederrenak beldurtzera. Terrorista bat naiz. Txoriena. Zuek jaio ninduzuelako: Txorimalo.

Ordutik zigortu nauzue txoriak ere gerturatzen ez zaizkidan bakardadera. Goizero esnatzen ninduten txorien kantu gozoek. Zomorro-satorrak baino ez ditut izan bisitari, eta gauetan gerturatzen zitzaizkidan orkatzak eta basaurdeak. Eurek beldurtzen ninduten gauetan, susto itsuekin. Egunez berriz, nik ematen nion neure buruari beldurra, errukia, lastima. (…) Frankeinsteinek ez zuen seme bakarra izan. Ni izan nintzen bestea.

Hankarik ez dut. Bustita ditut hala ere oinak. Belaun buruak ere bai honezkero. Hondartza honetako urertzeko edertasun makabroan. Eta ez naiz ni nire azken patuagatik inor salatzen hasiko. Are gutxiago umeak. Samaldan etorri zaizkit baratzara, izango zituzten, 8-9 urte, galtza motzetan jantzitako dozena erdi ume bihurri. Hor dago, hor dago, Frankeinsten! Oihukatzen zuten. Eta harrikatu naute setiatuta, kolpatu pietaterik gabe. Terrorista kabroia! Putakumea eta sasiko-semea bezalakoak aritu zait deika balienteena. Barre egin dute, barre makabroki. Ttuka hartu nauten bitartean. Lurrean kolpatuta, besoak lekutik aterata, sudurrik gabe, zizare-zomorro-satorren erreinuan hankapean kondenaturik, pixa egin didate guztiek. Aurpegira.

txorimaloaBaina hor, hasi baino ez dira egin sufrikarioak. Hanketako erratz makiletik heldu eta saltoka-brinkoka ekarri naute garaitutako etsaien bandera banintzan… hondartzara. Garaipen trofeoa banintz bezala astindu naute airean. Mendi- bidezidor eta herriko kaleetatik barrena. Hondartza honetara ekarri arte. Eta urertzean zutiarazi naute, JesuKristo Tabor mendiko gurutzean nola. Diferentzia bakarrarekin. Ni itsasgorak hilko nau, ozpinez igurtzitako lantzek beharrean.

 Ez. Ez dut belaunik ere. Eta hala ere, hala ere bustirik ditut biak. Eta banoa. Banarama. Itsasoak. Baina ez dut egingo negarrik. Aspaldi da ahaztu zitzaidala egiten. Jakinik, beldurra izateari eta emateari utziko diodala laster. Jakinik nire patu tristearen oinordekoak baino ez zaretela izango.

Zuek zarete hurrengoak.

Kabroiak!

Tags:

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.