LOADING

Type to search

Nire komunetik

Hogeita bost, kaketan plost!

27zapata 2012 maiatza 27

Astearen errepasoa, maiatzeko azken ostiralean egina

Ez bat eta ez bi, hogeita bost eta kaketan plost. Hil honek ere eman ditu eman beharrekoak. Gehienak bai behintzat. Gaurko hauxe du esaterako azken ostirala maiatzak… edo lorailak, loreen hilak. Ekaina, ekiaren eta eguzkiaren hila heltzen denerako, ondo ureztatuta utzi ditugu lore guztiak, aste honetan bota dituen zaparrada tropikalekin.

Loreak biltzera ateratzeko garai aproposak bizi ditugu. Eta ideia bikaina litzateke lore horiek inguruan oparitzea gero. Detaile polita litzateke… arantzak baino dekretatzen ez dizkiguten garai hauetarako. Lan erreforma erreformatuta eta bihurrituta onartu zuten atzo Espainiako kongresuan, eta aste berean zakarretara bota da beste erreforma bat, Elizak gobernutik jasotzen dituen pribilegio zerutiarrak murrizteko erreforma.

Arantzak dekretatzen dizkigute, lege zorrotzak ezartzen defizita jaisteko: errenta aitorpeneko eta higiezinen gaineko zerga igo, BEZa ere igotzea proposatu, sendagaiak garestitu, Osasungintzan eta Hezkuntzan murrizketak… Baina Elizak.. zerga gehienak ordaindu gabe segituko du aste honetatik aurrera ere, higiezinen gaineko zerga ordaindu gabe, edo errenta aitorpenaren bidez milioi asko jasotzen. Bada garaia errenta aitorpenean markatzen dugun laukitxoko diruak Elizara beharrean, premia handiagoa dutenengana bideratzeko: ikastetxe eta ospitaleetara esaterako. Hartuko lukete laguntza hori pasa den igandean euskal eskola publikoaren aldeko jaia Berriozarren antolatzen ibili zirenek.

Hartuko lukete laguntza hori bai, aste honetan lanak utzi eta Nafarroako hezkuntzan egin nahi diren murrizketak salatzera kalera atera diren milaka lagunek. Nafarroako Aurrezki Kutxa Caixabankek aste honetan zurrupatu duen bezala, zurrupatu nahi dutelako kalitatea.. hezkuntzan. Bi gehi bi bost, horixe nahiko lukete askok. Halere, ondo pentsatzen jarrita, arrazoi pixka bat ere badute hezkuntzan murrizketak egin nahi dituztenek… izan ere, merezi al du gazteak formatzen hainbeste diru gastatzen jarraitzeak, curriculumek ETTen zabor ontzietan bukatuko badute?!

Etorkizun labur-ertainean ez da lanpostu publiko gehiago eskainiko: ez, sendagile, ez, erizain, ez irakasle. Poliziak bai, poliziak seguru beharko direla, baina horretarako ez dago ikasi beharrik, ez dago eskolara joan eta azkarra izan beharrik ere. Aginduak betetzen jakin. Eta ez besterik.

Lanpostuak sortzeak zaila dirudi bai, amets, utopia. Eta aste honetan hitzetik hortzera erabili da lana sortzeko edabe magikoa dirudiena: dirua. Horretara joan da Raxoi aste honetan Chicago ibaira Merkelekin barku batean paseatu eta bitartean finantziazioa eskatzera, asteazkenean Hollandekin gosaldu zuen eskean, eta gauean Europako 27 estatu buruekin egin zuen afari bilera, finantziazio eske han ere. Baina inork ez dio igandeko pagarik eman nahi Espainiari. Eta joandakoarekin baino etxeko lan gehiagorekin itzuli da: aurreikuspenak eta planak egiteko eskatu baitzaie estatu guztiei Grezia eurotik aterako balitz ere.

Izan ere, laster egin beharko dituzte hauteskundeak berriz Grezian, aste honetan Egipton egin dituzten bezala. Asteartez. Eta eskatzen dut hurrengo EAEko hauteskundeak asteartez izatea, Egipton bezala, igandeak jai egiteko baitira. Disgustuak bakarrik beharrean, eman diezagula jai egun bat sikiera… demokraziak.

Bitartean, motorrak berotzen eta puntuan jartzen hasi dira alderdiak. Aste honetan Urkullu proposatu du EBBk lehendakarigai. Eta esan liteke horrelako hautagaiekin Euskalerria tropikal, burugabe eta alaitik bi kontinente egiten dela atzera. Ez dakiguna da Sorturi sortuko zaion hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Beste bi astez itxaron beharko dugu. Gezurra dirudi baina oraindik ideia politiko eta eskubide guztiak ez baitira zilegi herri honetan. Horren erakusgarri pasa den larunbatean, presoak etxeratzea eskatzeko herri guztietan egindako protesta herritarra.

Esperantzari eusteko beti geratuko zaigu fikzioa, literatura. Aste honetan aurkeztu dute esaterako Literaturia, euskarazko letren errepublika Larrabetzuarra. Eta zabaldu zuten atzo Kaxilda anarkistaren omenetan liburu denda bat Donostian. Esperantzari eusteko beti geratuko zaizkigu liburuak, ideiak, ametsak eta, eta… eta kirola. Aste honetan Jon Izagirrek Giroan lortu duen garaipena horren adibide, Gasteiztarrek saskibaloian atzo lortu zuten garaipena ere bai, edo gaur Athleticek lortu dezakeena ere bai. Bilboko metroko langileen greba eta protestak bukatu badira benetan, dena da posible gaur gauean… Madriletan!

Honaino gaurkoak, Manu! Eta hurrengo errepasoa esanda bezala, ekainean, ekiaren, eguzkiaren hilean. Preparatu ditzagun kremak ordurako! Ayo Manu!

Tags:
Next Article

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.