Briam, Briam Currin, egin otoitz gure alde!

Imanol Epelde
0

Kolorerik ikusi al diozue inoiz haizeari?

Haize beltza iparra omen da. Urdina, berriz, aldatzera doan haize zakarra. Zuria da hego-haizea. Gorria, berriz, elur gaineko hegoa. Baina esaidazue, zerbait nintzelakoan nengoen ni baina, ni baino gehiago, askoz gehiago zarete aste honetan izan ditugun haizeei.. kolorea ikusi badiezue.

Andu Lertxundiren kalekantoian aurkitutako haize koloreak ziren horiek denak. Neure komenentziara aldatu eta ze aipatzeko ekarriak, ba, aste honetan izan dugun ziklogenesia edo haize ekaitza edo bat-bateko ekaitza. Baina benetako ekaitza, orain 75 urte Euskal Herriko zerua estali zuten berun trumoiek edo gerra hegazkinek sortutako… odol ekaitza izan zen.

Ez dakit orduan astearen errepasorik egiten zuen inor egongo zen, baina erruki, kontatu behar baldin bazuen aste berean Elgeta, Eibar eta Gernika suntsitu zituztela. 75 urte geroago tokatzen zait niri kontatzea, Elgeta hartu eta txikitu zuten egun berean, Espainiako armada maniobra militarrak egiten aritu dela Elgetako herrian bertan. Eta kasualitaterik ez dago hemen aizue! Egunero gogorarazten dio irabazleak galtzaileari bere kondizio petrala, baita bere hildakoak oroitarazi nahi dituen egunean ere.
Ez esan euskal sudurra ez duenik...

Horregatik eskatuko nioke Briam Currini geratzeko hemen, ez ibiltzeko joan etorrian béti, bisita laburrak egiten. Aste honetan gure artean izan da Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian aurkeztu den gazta zatiari… koska egitera etorrita. Baina horixe, Briam Currinek pelikula ikusi eta ospa egin du.. behatzaileak eta egiaztatzaileak inoiz baino beharrezkoago dituen herri honetatik. Espainiako Gobernuak presoak gerturatzeko urratsen bat emango duela dirudien honetan ere, bakearen usoa pitza konjelatu bat baino zerraldoago baitago herri haizetsu honetan.

Bai, Briam Currin hemen geratu dadin, erosi diezaiotela etxe bat hemen inguruan… ba ez dakit… Hernanin edo horrela. Hartara, atez atekoaren alde onak eta txarrak objetibitatez azaltzeko modua ere izango luke. Eta gure barne gatazka zaborrari aterabidea aurkituko genioke bide batez.

Bai, handia litzateke Briam Currin hemen inguruko herriren batean enpadronatzea. Jakingo genuke zer iritzi duen aste honetan EAJk aurkeztu duen logo berriaz, edo jakingo genuke, zer iritzi duen Jaizkibel konpainiaren ibilbidea legez kontra aldarazi zuen herrizaingo sailaz. Eta jakingo genuke zer dion legebiltzarrean D3Mko epaiketaren aurkako protestan ari zirenak, enkaputxatuta atera zituen Ertzainez. Zer iritzi izango lukeen alegia, bere burua etengabe estali behar izaten duen poliziaz…

Ai, ai, Briam. Bai, zatoz hona guregana eta geratu zaitez gurekin, behar zaitugu-eta. Krisia dela medio ere, beldurrak jota gauzkate, zer gertatuko den zain, zer gehiago egingo diguten zain. Burtsa gero eta beherago, Europa ia osoa atzeraldian, croissantekin beharrean dekretuekin gosaltzen dugu egunero eta errua… errua ezkutaketara jolasten.

Oraingoek lehengoei botatzen diete kulpa, hemengoek hangoei. Pentsa, aste honetan Islandiako presidentea ere errugabe jo du hango epaitegiak. Azkenean, halaxe izango da: errua beti izango da besterena eta inorena ez.

Eta bitartean gu beti bezain ergelputz eta ganbelu, hontzak eta txorimaloak bezain kaiku, gurpildun aulkiengatik ere ordaindu egin beharko dugula jakin dugun aste berean, Espainiako kongresuko diputatu batek 3.000 euro jasotzen dituenean hilero taxian ibiltzeko, inork bultza behar izan gabe.

Baina zoriontsuak gu! Aste honetan egindako hauteskundeetan ikusi bezala, Espainian ez dute Frantzian bezala LePen bezalako boto emaile ultraeskuindarrik. Espainian beste izaera bat du eskuin muturrak: hain da demokratikoa, absolutu izateraino luzatzen dela. Eta dena zentroaren mozorropean.

Bai, Briam arren, otoi eta mesedez gera zaitez hemen, gurekin. Egingo dizugu Athleticeko bazkide txartel bat eta hartara Europan bidaiatu ahal izango duzu tarteka, ehun urtetik gorako elkarte gastronomiko bateko ohorezko bazkide ere egingo zaitugu eta eraikiko dizkizugu monumentuak, jarriko plakak kaletan eta idatziko biografia liburuak izenburu honekin: “La vida de Briam”… “La vida de Briam Currin”. Ez litzateke publikazio txarra aste honetan aurkeztu den.. EDO.. Argitaletxe berriarentzat.

Bueno honaino gaurkoak eta honaino apirilekoak. Apirileko azken ostirala dugu gaurkoa eta datorren hilabetea ederra da, erromantikoa, koloretsua, eta dantzan etortzen da beti. Maiatza dator bai. Edo loraila. Hementxe da, bertan da loraila, loreen hila, bizitzari haizeak ematen ez dizkion koloreak jartzera etorria. Hurrengo astera arte, Manu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA