LOADING

Type to search

Info7

Barber kantzontzilotan I

27zapata 2012 Api 03

Info7rako kontakizun berri batekin hasi berri naiz. Jarraipena laster…

[soundcloud url=”http://api.soundcloud.com/tracks/41861807″ iframe=”true” /]

Ez dakit jakingo duzuen baina nire familia, musikaria da. Denok dakigu instrumenturen bat edo beste jotzen. Denok ikasi dugu musika irakurtzen. Eta batzuk ikusten ere bai. Bakarren batek ukitzen ere bai. Musika ez baita entzuten bakarrik egiten. Musika ikusi ere egiten da, eta ukitu. Probatu bestela Bethovenekin.

Gure familia musikaria izatearen errua, erru guztia, gure aitak du. Ez du inoiz gure aurrean instrumentu bat bakarrik jo, ez du inoiz ikasi instrumentu bakar bat behar bezala jotzen, notarik behartu gabe jotzen behintzat ez. Ez du inoiz instrumentuaren notekin larrutan egitea lortu. Baina beti maite izan du asko. Beti astindu izan dizkio barruak musikak. Ikusi izan dugu kantu batekin edo bestearekin, noizbait, negarretan, hunkituta, musikaren oinetara belaunikatuta.

Amak ez du inoiz musikarekiko hainbeste sufrimendu eta sentimendu ametitu izan. Kantua amaitu eta errieta egiten zion, esanez egunen batean bertan geratuko zela bihotzekoak jota-edo. Ez zela humanoa hainbeste sufrimendu kantu bakar batengatik. Eta arrazoi zuen. Beti izaten zuen arrazoi amak. Ez zen normala aita horrela jartzea musikarekin. Aitak musika ez zuen entzuten, ez zuen ikusten, ez ukitzen. Musikak entzuten, ikusten eta ukitzen zuen aita. Menderatuta zeukan zeharo. Eta horrek ezin izan zezakeen bukaera onik.

Txiki-txikitatik sartu zigun guri musika ikasteko zaletasuna. Batzuetan asmatu egiten zuen, besteetan ez. Esan nahi dut, hiru anai-arrebetatik denok ikasi dugula musika tresnaren bat jotzen, baina ez dugu denok musika berdin maite, berdin gorroto. Ni, anaia zaharrena, musikari emana bizi naiz. Musikak ematen dit jaten, edo eman dit orain arte jaten, eta berak bizi nau. Eta beste bi anai-arrebak, eskusoinu jole apartak diren arren, musika nik bezain ongi dakiten arren irakurtzen, etxeko piano zaharrari su ematen bukatu zuten, aitaren histeria historikoaren aurrean. Ez dira geroztik gurasoen etxera itzuli. Eta pianoaren lekua, organo merke batek okupatzen du orain. Inork jotzen ez duen ferietako organo merke kutre batek.

Aitak instrumenturik ez zuela jotzen esan dut lehen baina ez da guztiz egia. Kantatu egiten zigun asko. Ahotsa zuen berak musika tresna bakar. Eta nahikoa. Handik sortu zitzaidan niri ere musikarako zaletasuna. Musikarekiko amodioa. Tresnekin maitemintzeko joera pedofiloa. Musikak eman dizkit plazerik handienak, musika izan dut emazte, maitale eta amesgaizto, musika izan dut pasio, musika setazko mihise. Musika izan dut madarikazio. Gaur bezala.

Adagio for Strings by Samuel Barber on Grooveshark
Samuel Barberren, hari-instrumenturako adagioa ari ginen jotzen. Ni eta beste . Hari instrumentuak jotzen ari ginenak 40 ginen: 8 biolin jole, 8 biola, beste 8 biolontxelo eta lau kontrabaxu. Egurrezko instrumentuekin berriz, 8 lagun. Bi flauta, bi oboe, bi klarinete eta bi fagote. Metalekin beste zortzi lagun: lau tronpeta eta lau tronpa. Perkusioan bi lagun tinbalekin. Denera: berrogeita hamazortzi lagun, zuzendaria kontuan izan gabe. Ez dakit ezagutzen duzuen Barberren pieza, opus 11. Hunkigarria da oso, eta milaka aldiz jo izan dudan arren, beti hunkitu izan nau erraitaraino, airean sentitzeraino, aita bezala estasiatuta malkotan belauniko jartzeraino. Pieza hasita zegoen, ari ginen hogei biolin joleak musika egiten, ikusten, ukitzen, biolek laztantzen gintuzten bitartean, tinbalek laguntzen. Areto osoa adi, notek harrapatuta. Hunkituta. Bat-batean, arkua lurrera erori zitzaidanean. Eta arkuak lurra jotzen zueneko nota deszifra ezinak areto guztia hartu zuenean.

Akabo 60 lagunen ahalegina, akabo areto guztiaren kontzentrazioa. Akabo nire ohoreak. Kantua bukatu arteko minutuak egun egin zitzaizkidan. Eskuak izoztu zitzaizkidan. Eta kantua bukatu zenean, aulkitik zutitu eta aretotik atera nintzen.

Hara hor, nire historia eta duintasun guztiak segundo bakar batean pikutara, haizeak eramanda, edo nire kasuan arkuak eramanda. Kaikua ni! Zer egin behar nuen baina orain? Kontzertua amaitu arte itxaron eta zuzendariari barkamena eskatu? Etxera joan eta lo hartzeko hamasei pastilla hartuta oheratu? Aretoko oholtzara atera eta barkamena eskatu publikoari?

Zer iruditzen zaizue zuei? Zer egingo dut? Bururatzen beste ezer?

Tags:

1 iruzkin

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.