Aste honetako errepasoa, komuneko leihoa itxita

Imanol Epelde
0

Bazetorren, badator eta hemen da. Hemen da oraindik Siberiako munstro zuri galaia, besarkada bakoitzarekin zero azpitik 3-4 gradu jaitsarazten dituen basapiztia ukraniarra. Hemen da bai, eta bagenekien, abisatuta geunden luzerako izango zela. Inoizko aste izoztuenean ere egunero piztu dizkigute meteorologia zerbitzuek semaforo koloreko alarma guztiak.. benetako hotzak eta benetako negua… bertan genituela gogoratzeko.

Eta bazetorren, badator eta hemen da. Hemen da Madriletik datorren munstro urdin galaia, besarkada bakoitzarekin.. atzeko atetik 3.000 edo 4.000 langile kalera inolako errukirik gabe bota ditzakeen kaio basati errukigabea.

Hemen da bai, eta bagenekien, abisatuta geunden bazetorrela. Inoizko aste izoztuenean egunero piztu dizkigute informazio zerbitzuek semaforo koloreko alarma guztiak benetako aldaketak eta benetako erreformak… bertan genituela gogoratzeko. Izan ere, hemen da, gaur omen dute onartzekoa… Espainiako Gobernuaren lan erreforma berria.

Erremediorik gabe bukatu beharko dugu astea buru makur eta beste erreforma bat eztarrian trabatuta. Garzonek bezala gutxi gora-behera. Atzo jakin genuenez, ez da epaile izango ondorengo 11 urteetan. Bi besoak jasota eta alde ederrean hasi zuen astea Alfredo Perez Rubalcabak. Espainiako sozialisten buru izendatu zutenean egin zuen garaipen keinu hura. Eta hurrengo eguneko egunkari askotako azalak hartu zituen politikari irabazlearen irribarre plastifikatuak, periodikoa bigarren orritik irakurtzen hasteko gogoa sartzeraino.

Beti bi besoak jasota ikustera ohitu garen beste batek berriz, eskuak patrikan sartu eta begiratua gorantz behartuz egin behar izan zien aurre hedabideei. Askok hartu genuen min Alberto Contador zigortu zutela jakitean. Batez ere hurrengo egunean, Frantziako Tourra irabazitakoan baino argazki eta goresmen hitz gehiago egin zizkietelako egunkarietako azaletan.

Epaia Espainiaren aurkako gurutzadatzat hartu dute batzuk. Estatu arteko gatazka bihurtu nahi izan dute zenbaitzuk eta aste berean bigarrenez, egunkariak atzekoz aurrera irakurtzen dituztenak pixka bat gehiago ulertu genituen.

Eta bi besoak ez, baina esker eskua jasota garaipenaren V-a bi hatzekin marraztu zuena Ryanairreko presidentea izan zen Bilboko aireportuan. Non eta orain bi aste inolako arrazoirik eman gabe kaleratu eta langabezia laguntzarik jasoko duten ere ez dakiten langileei bizkarra eman eta barre eginez. Ertzainek atera behar izan zuten azkenean. Baina langileei burla egin eta ahulenak iraintzen dituenari, ez zaio polizia babesik ere zor. Espetxerako bidean laguntzeko ez bada.

Bi besoak jasota eta besarkatuta ospatu zuen garaipena Atleticek ere. Motiboak ez dira gutxiagorako. Bartzelonaren aurka borrokatuko dute Errege Borboitarren kopako finala, aste honetan Alemaniako prentsan azaldu bezala, 1983ko Estatu kolpea egin zutenekiko, “sinpatia” agertu zuen Errege Borboitarraren egongelako… kopa.

Ai, bizitzaren paradoxak. Bizitzarenak eta munduarenak. Aste honetan jakin dugunez, mila milioi pertsona goseak dauden lur berean, beste mila milioi pertsona daudelako gizenak. Nahiz eta hori, paradoxa baino, injustizia eta zentzugabekeria galanta izan! Gurean, hemen ondo jateaz hainbeste harropuztu garen Euskal Herri honetan, badirudi ez dugula esaten dugun bezain ondo jaten: azken hamar urteetan %25 hazi da gizentasuna. Rafael Bengoa Osasun kontseilariaren hitzetan, arazo larri bihurtu da, hamarkada honetako osasun erronka handiena gizentasuna izateraino. Joe, ez dakizue zein ondo pasa behar dugun hamarkada honetan: gizentasuna borrokatzea bezalako erronka interesgarriak ditugu eskuartean izanda. Ea gero eta potoloagoa den herri honetan, harri jasotzera animatuko den jendea aurkitzen dugun. Kilo batzuk irabaziko ditugu akaso, baina baita herri kirolak indartzeko aukera ere.

Eta gizentze kontuak aipatzen hasita, nahiago genuke Nafarroako Ibaialde ikastolak grasa eta kolesterol pixka bat gehixeago izango balu! Diruz eta jendez gehiago gizenduko balitz jakina. Pasa den igandean egin zuten Sartagudan ikastolaren aldeko jaia. Eta egin beharko dituzte gehiago, eguraldiak Nafarroako Gobernuak adina laguntzen segitzen badu behintzat.

Aste honetan denbora ere izoztuta geratuko zela ematen zuen, baina joan da otsaileko edo otsoen hileko aste zeroazpiko hau. Eta zer diren kontuak, elurrak zuritutako White Capitala, ofizialki Green Capital izendatu dute Gasteiz aste honetan. Pentsa! Nire komuneko leihotxoa ere itxita eduki behar izan dut aste honetan. Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren arteko hikamika politiko-ekonomikoak ez baitit berogailu bezala balio izan.

Beste erremediorik ez eta, komuneko leihoa itxita jarraituko dut, gertatzen diren gauzei begira, Siberiako eta Madrilgo munstroen partez, inauteriak laster iristeko zain udaberria esnatzera.
Protoi zaku bat denontzat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA