LOADING

Type to search

Bizhitsa

Bank! Bank! Bank! Zaurituta gaude!

27zapata 2011 Ira 14

Handiak izaten dira ideiak, ikaragarriak asmoak. Baina ez dago haiek gobernatzerik gobernuan. Utopiak ez baitira boterean gauzatzen. Gaurko instituzioetan agintzeari deitzen diote askok politika. Baina gezurra da hori. Instituzio horiek, jendartea gobernatzeko moduak oro, ekonomia interesak defenditzen dituztenen trikimailuak baino ez dira. Begira non geratu den boterean dagoen sozialismoa. Badakizue, diote, krisia mundiala da (eta zer esanik ez batzuentzat), beraz, politikak FMIrena izan behar du, mundua zukutzen dakitenena, herriak gerrara derrigortu, gosea zabaldu eta pertsonak diruaren menera jarri, inbidiatan bizhitsera kondenatuta.

Garitanoren sozialismoari ere beste horrenbeste gerta dakioke, Kutxa ez baita soziala izan inoiz, Kutxa ez baita Espainiako aurrezki kutxarik errentagarriena izan orain arte, karidadeagatik. Hain justu ere kontrakoagatik, erosi duelako hango eta hemengo enpresetan eta burtsetan, makinizatu dituelako bulegoak (inork ez bezala) humanizatu beharrean, lan baldintza miserableetan kontratatu langileak, behartu gaituelako Kutxan kontuak izatera arazotan sartuko ez bazara (kultur ekitaldietako sarrerak erostean, EHUn, garraio publikoan…). Kutxak ez du inoiz izan dirua pertsonen zerbitzura, eta gutxiago Euskal Herriaren zerbitzura, Lizarra-Garaziren garaitik hasi zelako sukurtsulak irekitzen Madrilen (hemengoak baino eskaintza hobeak eginez hango bezeroei).

Bank gehituko diote orain. Eta lehen saltzen zutena jarraituko dute saltzen: dirua pertsonen zerbitzura. Caixak egiten duen bezala, edo Banca Civicak edo BBVAk… Edozein kaka saltzen delako gaur komunikazio politika on batekin.

Tags:

4 iruzkin

  1. birasuegi 2011-09-14

    Bada proiektu oso interesgarri bat Kreditu Kooperatiba Etiko bat sortzeko, eta FIARE du izena, bertan laguntzaile bezala nabil, oinarri izango duen jendarte sarearen osaketa sustatzen.
    http://www.proyectofiare.com

    Zer moduz oporretatik buelta?

    Erantzun
    1. 27zapata 2011-09-14

      Ez nuen ezagutzen FIARE. Aztertuko dut. Egokia dirudi, egokiagoa bai behintzat. Eta oporretan ederki. Oso. Buelta aldebresagoa. Zarautzen berezia izaten da iraila hasiera, Euskal Jaiak direla eta ez direla. Oraintxe hasi gara zentratzen pixka bat. Eta zu? gauzak aldatuko ziren ba zuretzat ere! Espero laster biltzea…

  2. Theklan 2011-09-14

    Oraingo honetan erraturik zaudela uste dut. Arazoa ez da “utopiak ez baitira boterean gauzatzen” baizik eta “botererik gabe ez dela utopiarik”. Botererik izango balu Bilduk, edo Ipar Korearen lagunen elkarteak, nahi dutena egiteko aukera legoke. Baina akordio hau bereziki botere ezagatik da izan dena.

    Azken finean CCOOren botoak baino ez zituen behar Kutxak jada oneritizia emango zuten BBK eta Vitalekin paktatzeko. Eta euren proposamena zein den erraz antzeman daiteke.

    Kontua ez zen kutxen fusioarekin “Euskal Banku Sozialista Nazionala” sortzea. Kontua da nola egin banku hori ez izateko oraindik eskasagoa. Eta hor sartzen da botere korrelazioak. Boterea izango balu Bilduk ez Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, baizik eta kutxa horietako asanbladetan (hor baita erabakitzeko lekua) orduan akordioa oso ezberdina zatekeen.

    Erantzun
    1. 27zapata 2011-09-14

      Aupa aupa! Baliteke erratua egotea, “errare humanum est” diote. Baliteke ordea, ikuspegiak ere ezberdinak izatea. Gero eta gutxiago sinesten dut diozun horretan: “botererik gabe ez dela utopiarik”, boterea instituzio gisa ulertuta klaro. Boterean hartzean egin dira hanka sartzerik handienak ere. Ez dut Ipar Koreako agintarien lagun izan nahi. Benetan.
      Eta esan duzuna ondo ulertu badut, Bilduk ez zuen edo ez du zeresan handirik beraz (“Azken finean CCOOren botoak baino ez zituen behar”). Izan liteke, baina orduan ez dut ulertzen zergatik esaten den fusioa orain egingo dela, Bilduk baiezkoa ematean.
      Eta Bank gaizto-gaiztoa izan beharrean, orain ez hain gaiztoa izango dela? Baliteke. Baina aurrezki kutxa bat genuen lehen, eta orain banku bat.

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.