Nire komunetik 110318

Imanol Epelde
0

 

Krak egin zuen lurrak. Eta itsasoak ere krak erantzun zion. Japonian. Eta gure barruan ere krak, zerbait hautsi zen, guk ere lurrikara bat izan dugu krak gure barrenean krak aste honetan, denona delako lurra. Gu ere bagarelako hil eta desagertu diren 10.000 lagunak.

Eta krak egin dute zentral nuklearreko erreaktoreek ere. Aurrena batek krak, gero beste batek… Itxuraz, hormek ezin izan diote luzaroan eutsi eta krak. Gure memoria, konfiantza eta diskurtsoak hautsi egin dira. Anphora bezala, mila ispilutan multiplikatuta… Krak, krak, krak.

2011k eman ditu dagoneko bi hilabete. Eta bidean da hirugarrena, martxoak 18 egun handi bete baititu gaur, nerabezaroak utzita. Azkar doa urtea, abailan. Baina badirudi, aste honetan gelditu egin dela denbora. Stop. Japoniatik iritsi zaigun argazki eta bideo  bakoitzak, gelditu baitu denbora. Stop. Eta une batez, une txiki batez bada ere, denok egin dugu galdera, denok pentsatu, nondik gatozen, nora goazen honela eta batez ere, batez ere nola goazen.

Iristeko dagoena, ekaitz handiagoa baita, ekaitz perfektua akaso, beste tsunami mundial bat: petrolio kupela garesti, gasa ez da lehen bezala iristen eta zentral nuklearrak ezbaian. Energia behar baita bizitzeko. Eta gehiegi behar dugu guk, ez dagoenetik ere bai, gu bizi garen bezala bizi ahal izateko.

Bitartean, aste honetan asko eta asko hil dira Libiako tsunamian, batere busti behar izan gabe, inolako zentral nuklearrek hutsik egin behar izan gabe. Gadafi agertu baita, eta bere semea, Tripoliko Hector garaiezina. Ikusteko dago orain NATOren akilesak uxatzeko balentria izaten duten. NBEak beste gerra bat oparitu baitugu, itsasoz bestaldera, hortxe berean…(, zibilen eskubideak Libian eta Libian bakarrik zapalduko bailiran.)

Azken aldian kanpoko notiziek eklipsatu bagaituzte ere, badira izan etxeko notiziak ere. Kazetariak ez kexatzeko moduko herria baita gurea. Ez da inoiz falta albisterik. Agenda politikoa joria da, agenda kulturala ere bai, herri kirolaria gara, eta ekonomiak ez du ematen deskantsurik.

Adibidez, Lilatoiarekin korrika jarri zuten emakumeek Donostia eta dantzan DFeriak, gorputza gudu zelai bilakatuz. Kantuan ari dira errimak eta ideiak josten Araban eta Nafarroan herrialdeetako bertsolari txapelketetan, bideo laburren zirkuitua hasi du Topaguneak, eta aste honetan bertan Etxepare institutuaren aurkezpena egin dute Bilboko Arriaga Antzokian 25 idazlek eta 28 aktorek: Euskara munduan zabaltzeko ahaleginean. Euskara salbatzekotan, etxean salbatu beharko den arren, autedeterminazio linguistikoaren bidetik.

Entzun bestela Nafarroatik iritsi zaigun berria. Baztango Lekarozen, Nafarroako gunerik euskaldunenean,  3.000 metro koadroko eraikina egingo dute ingelesa ikasteko. Handia litzateke notizia, lingua navarroruma, bertako hizkuntza irakasteko euskaltegiak laguntza lortu ezinik ibiliko ez bailiran. Baina guk euskararen inguruko ikasketak egiteko Bernardo Atxaga katedra sortuko dugu, Iruñean ezin eta, New Yorken. Manhattanen. Oh yeah!

Gainerakoan, Eurogunea indartzeko beste bilera bat egin dute Europako mandatariek. Jubilatzeko adina atzeratura, lan erreforma onartuta, laster produzitzen dugunaren arabera jarri nahi gaituzte kobratzen. Bai produzitzen duguna irabaziko dugu. Alferrak desterrura kondenatuko dituzte betirako eta lana ahitzeraino egin beharko dugu. Eta okerrena da beti egin ahal izango dugula gehiago. Baina… Alemaniaren eta Frantziaren aginduak denok bete beharrekoak dira: ostegun honetan 150 urte bete berri dituen Italiak tartean.

Eta bukatzeko, betiko kontuak: Sortu dela eta ez dela, iritzi sortak sortu eta sortu ari dira etenik gabe. Epaileek erabakiko dute azkenean zer egin. Justizia hori izango omen. Ahaztarazi nahian partidu politikoen lege berria eta legediak oro, kongresuan eta senatuan onartzen direla beti. Eta lege horien arabera hartzen dituztela ondoren erabakiak epaileek.

Eta hara, agurtzeko, nola utziko dugu ba aipatu gabe, katedral berria, ireki berri duten pilotaren katedral berria. Bilbon. Bizkaia izenarekin, Bizkaiaren eta Bilboren neurriko apustua eginda: handira hordago jota. Ez dezagun behintzat azalik harriaren kontra kolpatu! Aste buru on denoi!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA