LOADING

Type to search

Nire komunetik

Nire komunetik 110211

27zapata 2011 Ots 11

Ez hotz eta ez otso, otsaila ezti eta goxo jantzi zaigu aste honetan. Asteburu paregabea izan genuen eta aste tarteko bazkalosteko kafeak eguzkitan hartzeko aukera izan dugu. Terrazadun tabernak inoiz baino kotizatuagoak izan dira. Baina kasu! Otsailean gizona makautsik ikustea baino, otsoa ardi artean ikustea hobe dela abisatzen baitigu esaera zaharrak.

Negurik gabeko urtea egin du orain arte, eta badoa urtarorik beltzena. Horixe iragartzen digu Zuberoako maskaradak aste honetan hasi izanak. Aurten Santa Graziko herritarrek hartu dute antzerki erritoa antolatzeko ardura. Eta hori, ez da txantxetarakoa. Maskaradak antolatzen dituen herriak dantzari on ugari behar baititu, herriaren ohorea jokoan jarriz. Dantza eta doinu, hasi besterik ez da egin maiatzera arte iraungo duen koloretako jaia.

Otsaileko udaberriak ere baditu baina bere bentajak. Eguraldi hauekin, neguko elektrizitate fakturak ez dira garai batekoak bezain eskandalagarriak izango. Eta hori, aurten %10 igo dutela elektrizitatea, eta hori, ondorengo 10-15 urteetan argi indarra Europan, beste %35 igoko dela aurreikusten dutenean. Eurelectric Europako elektrizitate elkarteak esan du hori aste honetan. Hain justu ere, Mercedesek sailean ekoitzitako lehen furgoi elektrikoa aurkeztu duenean Gasteizen. Bistakoak dira auto horren bideragarritasunaren inguruko zalantzak, elektroiak angulak baino garestiagoak izango baitira laster.

Asaldagarriagoa da hala ere, Nazioarteko Diru funtsak aste honetan aitortutakoa. Agian, Iphonerako aplikazio berrian aitortuko zituzten bekatuak. Hain justu ere, aparailu horren bidez konfesioa egiteko aplikazio berria zilegi dela esan baitu AEBetako eta Ingalaterrako eliza katolikoak. Kontua da, 2004 eta 2007 urteen artean FMI delakoak sinestarazi zigun gauzak ondo bidean zihoazela, ekonomiaren iragarpenak egiterakoan. Horrela, 40 urtera arteko hipoteketan sartu ginen, oporretara bi astez ez, hilabete osoz joan ginen kreditua eskatuta eta GPSdun autoak erosi genituen … Baina Rodrigo Ratoren gidaritzapean saldu zigutena, dena izan zen burbuila, dena gezurra.

Geroztikakoak dira erreformak, murrizketak eta negarrak. Aurreikuspenetan hanka sartu zutenek egindako penitentzia berriz, eredugarria izan da. Rodrigo Rato Caja Madrid-eko presidentea da orain.

Bitartean, negozio mugimendua bereganatu nahian, munduko lau burtsa merkatu handienak elkartzeko asmotan dabiltza. Londresekoak eta Torontokoak egina dute ituna, Frankfurtekoa eta New Yorkekoa lankidetza negoziatzen ari dira. Aldi berean Senegalen, ia titularrik irabazi ez duen Munduko Foro Soziala egin dute, numeroak humanizatu eta giza baloreetan ere inbertitu beharra dagoela gogorarazteko.

Aste honetan jakin dugu BBVAk, urtero irabaziak biderkatu eta horietatik asko paradisu fiskaletan gordetzen dituen bankuak egindako ekonomia iragarpena ere. Ekonomia motelago haziko omen da eta langabezia gehiago igoko. Akaso, horregatik jasoko zituen Googlek aste bakar batean 75.000 curriculum. Horien artean izango dira Nafarroako Beherako esne biltzaileen lan eskakizunak ere, protestan bildu baitira aste honetan Donapaleun 300dik gora laborari. Esnetik bizitzea amets inposible bihurtu baita aspaldian.

Eta ekonomiarekin ez, baina lanpostuekin zerikusia duen berriak ere jaso ditugu aste honetan. Bagenekien sailburu, alkate, zuzendari edo denal delako izateko ez zela euskararik behar baina, Europan ama hizkuntzen eguna ospatu den aste berean enteratu gara, Nafarroako liburuzainen lan eskakizunetan ere ez dela euskara jakin beharrik izango, ez eta Euskotrenen ere, ez eta Bilboko metroan ere… Ez dadila Osakidetza kasu isolatua izan!

Gainerakoan, azken asteetako notizia bertsuak. Berlusconi Italiako presidentea epaileari “nazkagarria” dela esanez, Frantzian beti bezala greba eredugarriak eginez, oraingoan epaileek egindakoa, Sarkozyren deklarazioei erantzuteko, eta Egipto, eta Tunisia, Frantziako ministroek 7 izarretako oporraldiak pasatzen zituzten diktadura erregimenak, etorkizun argirik gabe protestan

Euskal Herrian berriz notizia ia bat eta bakarra. Sortu. Eta Sortu sortu den aste berean jakin dugu, maiatzeko hauteskundeetatik gertu, politikariek herritarrengan asperdura sortzen dutela, eta haserrea, eta konfiantzarik ez dutela euren plastikoz prefabrikatutako politiketan. Baina udaberriarekin batera martxan jartzear dira aurre kanpainak eta kanpaiak. Eta ez dira berehalakoan isilduko. Maskaradak ikusteko ez baitago Zuberoara joan beharrik. Asteburu on denoi!

Tags:
Previous Article
Next Article

1 iruzkin

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.