LOADING

Type to search

Nire komunetik

Nire komunetik 110204

27zapata 2011 Ots 10

Izu laborriak jota dauzkagu Madrildarrak. Beldurrak airean. Eta egia esan, normala da, edonor kikilduko litzateke aurkari, hamaika Aquiles izanda. Aurreko asteburuan gertatu zen hori. Gure oinetara belaunikatu behar izan zuten madrildarrek. Atletichen aurrean lehenbizi, Nafarroako Erresuman gero. Atezuan daude orain, asteburu honetan jaso dezaketelako beste zafraldi eder bat. Txuri urdinak fier eta arranditsu, Bernabeu makurrarazteko prestatu baitira aste honetan, Zubietan.

Berezia izan zen bai aurreko asteburua. Ez baita ohikoa kamaleoiek Donostia hartzea, kantuan eta euskaraz. Are gutxiago elkarrekin bertso eguna ospatzea Kursaalean. Kontua da kameloiak bogabante bihurtu zirela afal ostean. Bertsolaria ere, bogabantea bezala, gauez irtetea gustatzen zaion animalia gosetia baita. Gehienetan.

Umore klabean, edo serio, egia berdadero arrazoizkoak botako zizkioten elkarri, bertsoak ematen duen lizentzia probestuz. Migel Etxenike berriz, errimarik eta doinurik gabe aritu zen egia minenak adierazten Sabino Arana fundazioaren saria jasotzean. Hizkuntza bat desagertzen den bakoitzeko, denok hiltzen garelako, zerbait.

Diferentea da kontua etxeekin. Batek etxea galtzen baldin badu, ba etxea berak eta berak bakarrik galtzen du. Irabazten duen bakarra kalea da. Tira, eta irabazten duen bakarra bankua da, ikusi besterik ez dago BBVAren irabaziak zenbaterainokoak izan ziren iaz. Horrelaxe gaude. Egoismoaren egoitzetan egokiro egokitu gara, nahiz eta egotziko gaituzten beldurra handia izan batzuentzat. Aste honetan hauxe ere jakin baitugu: etxea erosi zuten askok, diru gehiago zor diote orain bankuari, etxeak berak balio duena baino gehiago. 300.000 familia omen daude Espainian horrela. Eta nor da egoera horren erantzulea?

Argi dago ezta? Besteak. Besteak dira beti erantzule. Izan mundu mailako krisia, izan Asiatik datorren herensuge ekonomikoa edo finantza erakundeen konfiantza falta. Errua beti da besterena. Eta zintzotasun gutxi dago hemen. Krisiaren eragileak izan zirenek ere ez dute dimititzen. Hemen ez du inork inoiz dimititzen. Dimititzera behartzen ez bada!

Adibidez. Behartuta utzi behar izan dute Tunisia orain arteko agintariek, horrelako zerbait gertatzear omen da Egipton ere. Horregatik jarri gara denok Mubaraki begira. Faraoiak eta Cleopatra ez baitira aspaldikoak. Egiptok lehen Erromaren laguntza izan zuen bezala AEBena du orain, Julio Cesar diktadorea sozio izan zuen lehen eta orain berriz Barack Obama. Izenak aldatu dira. Eta izana gorde. Izan horri eusteko izen berriak baino ez dituzte nahi orain, Mubarakek irailean egin nahi omen dituen hauteskundeekin. Jabe bakarra izaten segi dezan Suezeko kanalak eta bakeak, Israelentzat bakea den horrek.

Urrutira ari gara begira denok, urruneko iraultzei begira. Baina hara, Europan ere bada, irauli den estatu bat, inork gutxik aipatu nahi duen arren. Gobernu osoa kargutik kendu zuten manifestazio eta kazuela soinuka, bankuak nazionalizatu zituzten, eta erabaki zuten FMIren eta Europako Batasunaren laguntzak ez onartzea eta orain herria bera ari da konstituzio berria egiten. Baina ez dugu horren berririk, isilarazitako iraultza delako Islandian gertatzen ari dena.

Gainontzean eta bukatzeko hizkuntza kontuak. Euskarara itzulitako pelikula bat zinemetan zegoela jakin, harritu, poztu eta nire komuna behingoz utzita, zinera joan nahi izan nuen. Eta joango nintzen, euskaratutako filma gaueko 11etan bakarrik bota izan ez balute, eta joango zen jende gehiago pelikula erakargarriagoa baldin balitz.

Notizia ona iparraldetik heldu zaigu: Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioarena notizia ona baita. Horrelako akordio eta laguntza gehiago beharko da, Frantziak aste honetan ere ukatu egin diolako lege babesa euskarari. Larria da aste honetan euskarazko 60 hedabidek adierazitako egoera ere, eta erakundeei eginiko alarma deia. Horregatik, gaur, Santa Ageda bezpera eguna, eskean egiteko eguna dela aprobetxatuz, pentsatzekoa da Euskal Herria kalera aterako dela, den-denok dugulako zer eskatua.

Nik komun publikoak garbi mantentzeko eskatu nahi dut, kaleak eta lorategiak bezain garbi, edo garbiago akaso, batek ez baitu jakiten larria noiz eta nondik etorriko zaion. Osasunean irabaziko dugu denok. Hurrengo astera arte!

Tags:
Previous Article
Next Article

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.