Nire komunetik 101126

Imanol Epelde
0

Argazki batek gauza asko erakusten ditu.

Argazki batek gauza asko erakusten ditu, baina ezkutatu gehiago.

Larunbatean, argazki bat eta bakarra nagusitu zen: NATOko edo OTANeko goi agintariek Lisboan armonia gozoan ateratako familia argazkia. Konturatu zineten? Alkandora zuria zuten jantzita denek, errespetua sartu eta boterea adierazteko. Korbatak ziren koloretakoak, korbatak eta hiru emakumezkoen jakak.

Horraino argazkiak erakusten zuena. Horraino koloreak.

NATO ez baita hori, horiek NATOn agintzen dutenak dira, irabazleen bandoko buruzagiak, tanke, hegazkin eta misilak non, nola eta nori jaurti erabakitzen dutenak. Eta horrela, Lisboan adostutako akordioaren argazki batekin, milaka imagina ezkutatu dizkigute: eskolara bidean tirokatutako haurrrena, eraikin zulatuena, zerraldoaren magalean burua emana duen amaren suzko begiena. Alkandora zurien biktimak. Denak.

Argazki batek bezainbeste ezkutatu dezakete hitzek ere. NATOk ez baitu gerrarik egiten orain, interbentzio militarrak baizik. Airez eginiko inkurtsioetan, ia ia eskurtsioetan bezala, ez dituzte hildakoak eragiten, efekto kolateralak sortu baizik, bajak alegia. Militarrek ez baitute hiltzen bakarrik jakin behar, fabulak, literatura sortzen ere abilak izan behar dute, krimena balentria bihurtuko badute.

Poesia.
Poesia hutsa da eurena, gauza bat egin eta bestea sinestarazi nahia. Eufesmimoak darabiltzate eta hiporboleak, exajerazioak ere bai. Adibidez. Aste honetan Irlanda erreskatatu du Europak. Erreskatatu bai. Hala esan digute behintzat. Eta Irlanda igerian irudikatu dugu, korrontearen aurka, naufragoarena eginez, Bretainia Handira gerturatzeko ahalegin alferrean. Horregatik, erreskatea aipatu dutenean, Europako bandera urdina zeramaten helikopteroak irudikatu ditut diru fardelak irlan banatzen, flotadoreak bailiran.

Eta hara, Espainia ere antzeko parezido omen dabil, erreskate premian esan nahi dut. Orain arte poesia erabili dute egoera estaltzeko: ez zegoen ekonomia pikutara joateko arriskurik, hazkundea negatiboa izatea, horra pekatua. Hazkunde negatiboa. Baina esaidazue: nola hazten da zerbait… negatiboki?

Orain arte poesia erabili dute. Eta orain ere poesia erabiltzen jarraitzen dute. Larri zeudenak Grezia, Irlanda eta Portugal zirela zioten lehen. Eta orain, arazoa Espainiarena ere bihurtu denean, euroa omen dago krisian.

Krisia.
Krisia entzunda ekonomia datorkigu gogora baina, krisi emozionala ere bizi dugu, edo harremanezkoa. Besteak beste, horregatik ospatuko zen atzo emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna.
Krisi futbolistikoa ere bizi dugu: euskal selekzioak partida jokatuko baitu aurten eta ez dakigu ez noren aurka, ez noren alde, jokalariak eta federazioa ez baitatoz bat.
Osasuna ere krisian dago, mentala batez ere, tabernak adina farmazia ez daude kasualitatez gure herrietan, eta krisian daude editorialak, hurrengo urtean tabernetan erretzerik izango ez dutenak, bai eta laster LANBIDEkoak izango diren INEMeko langileak ere.

Honaino beste astebetez Nire komuneko tronu zuritik behatutakoa. Ikusita Googleko autoak kale kantoi eta berdura plaza guztietako irudiak hartu eta hartu dabiltzala, ez du tentazio handirik ematen hemendik ateratzeak, komuneko paper bila joateko ez bada.

Arazoko, barkatu azaroko, hazi aroko azken ostirala gaurkoa, gorotzilekoa.
Hurrengo zita abenduan, lotazilean, haziak lotan egoten diren hilean. Guk esnatuta eta adi egoten egingo dugu ahalegina. Asteburu on denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA