ABA 86-90

Imanol Epelde
0

86

La Pazeko zurrubilotik ihesi Titikaka lakura iritsi gara. Eguzkiaren irlan gaude, Inken inperioa sortu omen zen lurretan. Itsasuntzi ttiki batean ekarri gintuzten eta motxila astunak bizkarrean aldapa latza igo behar izan genuen, metroz metro hankapean ikusmira edertzen zitzaigula. Gailurrean jaso genuen ezusteko harrigarria beste aldea bistaratu genuenean. Gure hostala bi aldeak hartzen dituen lekuan dago eta gure logelatik inoizko bista ederrenak kontenpla litezke. Hementxe geratuko gara. Barruak berriro ere martxa eskatzen digun arte.

87

Gaueko 9etarako oheratzen gara Titikakan, Eguzkiaren irlan. Behin gautzean, eguzki sartzea ikustean lotara tentatzen du gauak izar artean.

Goizo oheratuta, goizo esnatu naiz gaur. 7etarako. Eta eguzkia mendi elurtuen artetik nola sortu den miraz egon naiz. Ondo egin dut lo. Ondo esnatu naiz. Alboko astaori begira geratu naiz gero, astoek gau txarrik pasatzen duten galdezka, amesgaiztorik izaten duten dudan. Eta esnatzean egunak ematen dien erregaloaz disfrutatzen duten galdezka. Arrantzarik ere ez dit erantzun.

88

Euskal Herrira begira jarri naiz enegarrenez. Bueltakoan zer egingo. Edo orain arte bezala jarraitu, lanaz gain Arraioko irratsaioarekin, Alprojakeriatan, SKT Sekuentzia musika taldearekin, WC errezitaldiarekin eta bidean suertatzen diren enbajada guztiekin edo master bati ekitea, jakinda lana eta ikasketak baino ezingo ditudala egin, etorkizunean bide eta aukera berriak zabaltzeko, izan nahi dudan hura izanago gerta dadin. Bi aukera ditut orain: bakarrarekin joan nahi dut Titikakatik.

89

Abuztuaren 6a da gaur. Boliviaren, boliviarren eguna. Askatasuna zelebratzen ariko dira hiri eta herri gehienetan.

Titikaka lakua egunero bezala esnatu da. Zerua urdin, inguruak eder, ederregi, ederren Peru eta Boliviako lurrak bustiz. Guk biak dakusagu ezker eskuin. Territorio politikoen bereizketa zentzugabekeria insultagarriagoa da paraje hauetan.

90

Afaritan ari ginen. Vosotros de donde sois galdetu digutenean. Vascos garela erantzun diogu. Berak bilbotarra dela eta gu hizketan entzutean aymaraz-edo ari ginela pentsatu omen du hasieran, baina gero konturatu omen da gurea beste hizkuntza bat zela.

Eta gu gure hizkuntz esperientzia aberasgarriaz mintzatzera etorri gara. Eta begira nola dugun etxea. "Agur" ere esan gabe joan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA