ABA 81-85

Imanol Epelde
0

81

Igandea La Pazen. 200. urteurrena ari dira ospatzen. Libre direlako orain 200 urtetatik. Eurek ere badakite gezurra dela hori, kale guztiak argi eta letreroz bete arren libre direla esanez. Baina bolibiartasuna indartzeko baliagarri izan dakieke, euren buruarengan sinesten hasteko, "aurrera doan herria" izateko.

Hori dela bide, kale printzipala kontzertu, salmenta postu, antzerki eta dantza ikuskizunez zegoen betea. Eta gu biktima izan gara, lapurreta saiakera baten biktima. Motxiletatik lapurtzen saiatu direlako 2 neska gazte poltsikoetako kremailerak irekiz paseoan genbiltzala. Eurei egindako lapurreten mendeku txiki bat izan zitekeen, 200 urteren ondoren egina.

82

Jatordu ederra egin liteke Bolivian euro bakarrarekin: berdura zopa, arroza, oilasko izterra, patatak… Iluntzetan ordea beldur gehiago izaten da edozein jatetxetan sartzeko eta zentroko, eta itxuraz seguruenak diren jatetxeetara joaten gara 4 edo 5 eurotan afaltzera. Irtetean seinalatua zarenaren sentsazioa duzu. Jatetxe horretatik atera zarelako astelehen buruzuri batean. Eta beldur zara, diana perfektoa bazina bezala. Taxi bat hartuko zenuke kale kantoi eta metro karratu bakoitzean 3 polizia egongo ez balira. Hainbeste mespretxatzen dugun polizia, salbatzaile bihurtzen zaigu sarri.

83

Jendeari zapata garbitzen gaztetxo ugari ibiltzen da ziudadean. Aurpegia estalita izaten dute denek. Enkaputxatuta. Desohoreari bizkarra eman nahiko baliote bezala.

84

Bolivian ere badaude Europak. Jatetxe-taberna dotoreak, kale txukunak, eraikin galai eta musika elektronikodun museoak. Gaur parentesi bat egin dugu.

85

Esan liteke denbora asko egingo dugula Bolivian. Hilabete pasatxo. Esan liteke denbora asko ez dugula egingo. Hilabete eskas. Denbora honetan ezagutuko ditugun lekuak asko izango dira, baina ez dugu Boliviarik ezagutuko ez boliviarrik benetan. Atzerritarrok ordaindu behar dugun peaje eternoa da hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA