ABA 76-80

Imanol Epelde
0

76

Bikoteek zail dute taldean ibiltzen bikotez osatutako giroan ez bada. Egun batzuk egin ditugu eta bagoaz, 7ko taldetik bereiztuko gara, gure bidaia, gure oporrak egiteko.

Kantari esan diguzue balkoi batetik agur. Oruron. Bolivar kalean. Taxi bat hartzen ari ginela. Ez da argazkirik egon. Baina une hau bidaiako albumean jasoko dugu enkuadratuta.

77

Txakurrak koadrilan ibiltzen dira hiriotan. Katerik gabe, errepideetan trafiko seinalerik errespetatu gabe, espaloietako basura poltsetan usmaka. Izan ere, hemen auto gutxi ikusten da, hirietako autobus ttiki sorta amaigabea ez bada.

Herri txikienetan ere autobus geltokiek protagonismo berezia hartzen dute herriko bizitzan, merkatu eta plazekin batera.

78

Hiri ezezagun batera iritsi eta inor ezagutu ezean, Lonely Planeta bihurtzen da europarrontzat gida fidagarri bakar. Taberna, leku, jantoki, lotoki eta historiari buruzko erreferentzia eta aipamen ugariz dago osatua liburua. Guri dena sinistea dagokigu. Benetan egiatan ari den jakiteko gure herriari buruzko Lonely Planeta irakurtzea litzateke aukera bat. Zer ote dio Zarautzi buruz, zein jatetxe, pasealeku eta lotoki proposatzen ote ditu. Areago, Euskal Herriari aipamenik egiten al dio? Eta gure historiari?

79

La Pazera heltzear. El Alto pasa eta etxola marroi milimetrikoz mukuru betatako sakonune erraldoia dakusagu. Illinami, arkaitz mendi elurtua agintari. Harridurak jota egin dugu beherainoko bidea. La Pazen zentroa behean dagoelako. La Paz. Ederra izena. Armonia jarriko niokeen nik, jarriko zioketen bertakoek. Nahiago dutelako bakea armonia baino, mugimendua gelditasuna baino, oreka isiltasuna baino. Armonia bila gatoz gu La Pazera.

80

Baina La Pazen ez dago ez armonia, ez bake. Autoak dendak poliziak aldapak saltzaileak enpanadak erosleak… eta tartean gu. Erosletan erosleen. Dena merke dagoenaren irudipenez. Eta halaxe erori gara tentazioan lehen paseoan. Azken bi egunetan egin asmo genituen erosketetako batzuk kolpera egin ditugu. Dena iruditu zaigulako polit. Dena merke. Baina segidan joan behar izan dugu dirua ateratzera kajero automatikora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA