Hasiera »
Ibon Larrazabalen bloga - Liber Prodigiorum
Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Starlite: fisikaren legeei barre egiten dien materiala
2013-12-17 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
starlite, eztanda atomikoaren aztarnarekin
Starlite izeneko zerbaitez ari garenean, ez gara Antonio Banderasek Marbellan sustatzen duen jaiari buruz ari, baina bai Hollywoodeko film batetik aterata dirudien istorio batez (“The Man in The White Suit” edo Disneyren “Flubber”esaterako). Zuek ikusi bestela: ile-apaintzaile batek, bere aisialdian, fisikaren eta termodinamikaren legeen aurka doan material bat asmatzen du, diamanteak urtuko lituzketen tenperaturak jasaten dituen material bat, eztanda nuklearretatik ere orbanik gabe ateratzen den material bat … eta haren formula berarekin darama hilobira. Sinesgaitza deritzozue?
Hiroshimako bonba baino 75 bider indartsuagoa den eztanda bat jasan dezakeen materiala asmatu zuen Maurice Ward izeneko ile-apaintzaile honek. Gizateriarentzat, gure segurtasunarentzat, mesedegarriago izan litzatekeen material bat, erabilera gehiago izan lituzkeen asmakizun batean pentsatzea zaila da. Starlitek mundua iraultzeko gai izan behar zuen … eta ez du egin. Zergatik? Beste misterio bat, materialaren formula bezain misteriotsua.
(gehiago…)
Lurrikara argiak
2013-12-14 // Azalpenik gabekoak, Naturaren bitxikeriak // Iruzkinik ez
Lurrikara argiak
Izen honekin, lurrikara bat gertatzen ari den bitartean edo lurrikara gertatu baino minutu batzuk lehenago ortzian agertzen diren argi batzuk ezagutzen ditugu . Kasu batzuetan, lurrikararen ondoren eta baita sumendien aktibitatearekin batera ikusi dira ere (2011an, Japoniako Sakurajima sumendian esaterako) .
Haien itxura aurora borealen antzekoa da eta kolorea gehienetan zuria edo urdinxka, baina batzuetan kolore gehiagodunen lekukotza badaukagu ere. Argi hauen iraupena segundo batzuetatik hamar bat minuturainokoa izan daiteke eta lurrikararen epizentrotik distantzia handietara ikusgai izaten dira: 100 Km eta 400 Km-ko distantzietara ere, adibidez.
Zer diren eta zergatik gertatzen diren inork ez daki oso ziur, zalantzarik gabe. Teoria anitz daude, baina haietako bat ere ez da guztiz ziurra. (gehiago…)
Galileako Itsasoaren hondoko harri monumentua
2013-12-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
sonarraren irudia
2003an israeldar arkeologo talde bat Galileako Itsasoaren hondoa ikertzen zebilen sonar batekin, itsaso honetako bazterretako harri-bolen jatorria zehazteko asmoarekin, honako honekin topo egin zutenean:
Milaka harri pilatuz eraikitako kono itxurako eraikin megalitiko bat, 70 metroko diametroduna eta 12 metroko altuerakoa. Harri guztien pisua 60.000 tonakoa izan behar zuela kalkulatu zen. Neurri hauekin, Stonehenge baino bi bider handiagoa eta Eiffel Dorrea baino sei bider astunagoa da eraikin hau.
Harriak itsasoaren hondoan ez zirela pilatu nahiko argi daukate adituek, baizik eta eraikina altxatu ondoren itsasoaren maila igo zela eta urak estali zuela. Baina honetatik aparte zalantzak besterik ez ditu pizten aurkikuntzak: Nork eraiki zuen? Noiz? Zertarako? (gehiago…)
Shannon Malloy: buru-moztea gainditu
2013-12-04 // Bizitza errealeko X taldea, Naturaren bitxikeriak // Iruzkinik ez
2007ko urtarrilean Shannon Malloy izeneko andereak auto istripu bat izan zuen eta bere autoaren aurrealdeko leihatilaren aurka buruarekin jo zuen. Ospitalera eraman zutenean, haren burua eta gorputz-enborra elkarrengandik bananduta zeudela ohartu ziren. Alegia, Malloyren garezurra eta bizkarrezurra guztiz banatuta zeuden, nahiz eta bizkarrezur-erraboila, azala eta beste organoak osorik egon.
Shannon Malloy
Lesio hau okzipital hezurra (garezurraren atze-behealdeko hezurra) eta atlasa (bizkarrezurreko lehen ornoa) lotzen dituen artikulazio okzipitala dislokatzen denean gertatzen da, eta barne buru-mozte, atlanto-okzipital dislokazio edo buru-mozte ortopediko bezala ezagutzen da. Hauxe da, izatez, urkatuei gertatzen zaiena: lepoan jasaten duten kolpeak bizkarrezur-erraboila puskatzen edo larriki kaltetzen du, bat-bateko heriotza eraginez gehienetan. (gehiago…)
Göbekli Tepe: munduko eraikin zaharrena
2013-11-25 // Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
1.960ko hamarkadan Chicagoko unibertsitateko arkeologo talde batek, Turkiako hego-ekialdean, Siriako mugatik hurbil, Göbekli Tepe izeneko muinoa (“Muino Tripontzia” turkieraz) naturala ez zela susmatu zuen, gizakiak sorturikoa baizik, baina azpian bizantziar garaiko hilerri bat besterik ez zegoela suposatu zuen eta ez zuen gehiago ikertu.
Txosten honi jarraituz, 1994an, Heidelbergko unibertsitateko Klaus Schmidt arkeologoak muinoak ezkutatzen zuena ikertzeari ekin zion, eta aurkitu zuenak eurasiar historiaurrearen inguruan geneukan ezagutza irauli zuen.
ikuspegi orokorra
Hurrengo urtean hasitako indusketek zera atera zuten argitara: eraikin megalitiko izugarriak, tona askotako “T” itxurako kareharrizko pilarez osatutako ia hogei zirkulu, animalien irudi oso landuekin dekoratuak. Egitura ugarik osatzen dute multzoa, bata bestearen gainean eraikiak. Nahiz eta oraindik kronologia oso doitua ez egon, badirudi antzinakoenak pilare handienak eta erliebe ugari eta landuagoak dituztela. Erdian zeuden pilareek 5,5 metroko garaiera izan behar zuten eta 40 tonako pisua izan behar zuten. Denboran hurbilago zaizkigun egituretan pilareak txikiagoak ziren, erliebe gutxiagoekin eta zorura ez zeuden hain gogor finkatuta.
Txundigarriena egituraren datazioa izan zen: nahiz eta oraindik multzoaren %95 lurperatuta dirauen arren, eta oraindik antzinagoko aztarnak azaleratuko direla uste bada ere, dagoeneko ezaguna denetik, eraikinak K.a. X. milurtekoak direla frogatu da. Alegia, Piramide Handia baino 6.500 urte zaharrago, Stonhenge baino 6.000 urte zaharrago, testu kuneiforme zaharrena baino 5.500 urte zaharrago eta Jerikoko murailak (ordura arte ezaguna zen eraikin zaharrena) baino mila urte zaharrago. Laburbilduz, Göbekli Peteko aztarnategia ez da bakarrik metalen aurkikuntza baino lehenagokoa, edo gurpilaren asmakuntza baino zaharragoa, edo, jakina, idazkera baino zaharragoa ere, baizik eta Iraultza Neolitikoa bera baino zaharragoa ere bada. Nekazaritza eta abeltzaintza baino zaharragoak dira bertako eraikinak eta, hortaz, ehiztari-biltzaile giza talde batek eraikiak izan behar zuten. Gainera, erlijio funtzioetarako erabili omen zuten, zeren eguneroko bizitzako isla liratekeen aztarna oso eskas aurkitu baitira.
erliebea
Honek historiaurreari buruz geneukan ezagutza eraldatzen du, zeren, mota honetako egiturak eraikitzeko behar zen gizarte egitura nekazaritzak bultzatu zuela uste baikenuen, eta ez zela neolitiko aurreko giza taldeen ezaugarri bat. Alegia, nekazaritzaren garapenak giza taldeak leku jakin batean kokatzea ekarri zuela uste genuen, eta honek eraikuntza bultzatu zuela. Baina aurkikuntza honek leku jakin batean kokatzearen eta eraikuntzaren bultzatzailea erlijioa izan zela iradokitzen digu. (gehiago…)
Bloop: munstro ezezagunak itsas hondoan edo pseudozientzia?
2013-11-20 // Naturaren bitxikeriak, Oraintsu argitutakoak // Iruzkinik ez
1.997ko maiatzaren 19an, Estatu Batuetako “National Oceanic and Atmospheric Administration” (NOAA) erakundeko ikerlariek soinu ezezagun eta arraro bat antzeman zuten Ozeano Barearen hegoaldeko itsas hondoan eta (imajinazio eskasarekin) “Bloop” izena jarri zioten. Soinua frekuentzia oso baxukoa zen (40Hz baino gutxiagokoa) baina bolumen oso indartsukoa: hain ozena zen Bloop soinu hura ezen elkarrengandik 5.000 Kmra zeuden hiru hidrofonoek antzeman zutela.
Bloop
Hau da Bloop soinuaren espektrograma:
Soinuaren frekuentzia entzunezina bihurtzen zuenez giza belarriarentzat, NOAAkoek hamasei bider handitu zuten ideia bat izan dezagun. Hemen ezin dut sartu, vaina Interneten erraz eskura daiteke artxiboa.
Bloop soinua zerk eragin zuen misterio bat izan zen bere agerpenaren momentutik, ez baita inoiz berriz antzeman. (gehiago…)
Maineko Penikea: XI. mendeko txanpon eskandinaviar bat XII. mendeko amerikar indiarren artean
2013-11-15 // Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
Maine estatuan, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean, bertako Penobscot indiarren arbasoen aztarnategi bat ikertzen hasi ziren 1950eko hamarkadatik, Goddard izeneko lekuan. Bertan aurkitutako objektuen kopurua hain handia zen, non Time aldizkariak aztarnategia antzinako indiarren zabortegi bat bezala deskribatu zuela 1.978ko artikulu batean, eta aurkikuntza gehienei buruz ez ziren arkeologiaren ikuspuntutik erregistro oso zorrotz edo zehatzak egin. Horrela, 1.180 eta 1.235 urteen artean kokatutako 30.000 objektu inguru heldu ziren Goddard aztarnategitik Maine State Museumera.
Maineko Penikea
Hauen artean, lekuz kanpo zirudien objektu bat: zilarrezko txanpon bat, 1957ean Guy Mellgren izeneko batek aurkitua eta 1974an museoari oparitutakoa. Txanpon hau hasiera batean britainiarra zela uste izan zen eta XII. mendekoa, baina hori nahiko txundigarria ez bazen, aurrerago eskandinaviarra zela frogatu zen, eta XI. mendekoa!
Maine State Museumak, Maine Penny edo Goddard Coin izeneko txanpon hau, Estatu Batuetan aurkitutako fidagarria den eskandinaviar jatorriko kolonaurreko objektu bakarra dela mantentzen du. (gehiago…)
Harkaitz bidaiariak
2013-11-07 // Naturaren bitxikeriak // Iruzkinik ez
“Harkaitz bidaiariak” edo “mugikorrak” izen bitxia aipatzen dugunean, zertaz ari gara? Haran bateko lurzoru lauan zehar “mugitzen” diren harkaitz solteak dira, giza indarraren eraginik gabe mugitzen direnak izatez, eta mugimendu edo bidaia honen froga bezala zoruan aztarnak
harkaitz bidaiariak
uzten dituztenak. Arraroa edo sinesgaitza badirudi, ezkerreko irudiarekin hobeto uler daiteke beharbada.
Harkaitz mugikor hauek munduko beste leku batzuetan aurkitzen badira ere, Kalifornia estatuko, “Death Valley” parke nazionaleko “Race Track Playa” deritzon lekuan aurki daitezke gehienbat. Harkaitz hauetako gehienak “Playaren” hegoaldean dagoen mendi magal batetik datozen dolomitak dira, baina inguruko beste jatorri ezberdinetako harkaitzak badaude ere. Harkaitz bidaiari hauek bizpahiru urtero mugitzen dira eta uzten dituzten aztarnak lauzpabost urtetan garatzen dira. Aztarna hauek 3 eta 30 metro arteko luzerak izan ohi dituzte, 8 eta 30 cm arteko zabalera eta 2,5 cm inguruko sakonera, bataz besteko neurriak beti ere. Aztarnok, gainera, luzera eta norabide ezberdinekoak izan daitezke. Tamaina eta pisu antzeko harkaitzak aldi berean eta paraleloki mugitzen has daitezke eta aurrerago haietako batek norabidea bat-batean alda dezake edo gelditu daiteke. Bat-batean diogunean ez gabiltza txantxetan,irudiak
adarrak jotzen ala?
frogatzen digunez.
Zerk eragiten duen harkaitz hauen mugimendua XX. mendeko hasieratik ikertua izan da, eta iturri batzuetan mugimendu honen arrazoia edo azalpena argi ez dagoela esaten bada ere, guztiz frogatuta dagoela esan genezake (jakina, misterioak eta zalantzak jarraitzaile ugari izango ditu beti). (gehiago…)
Mamuak, etxe sorginduak eta antzekoak, zer ote dira?
2013-10-26 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Aste honetan Defuntuen Eguna datorrenez, mamuen balizko azalpen batzuri buruz ariko gara. Aurretik bihoa: ez gara eztabaida metafisikotan sartuko, heriotza ondoreko bizitza badagoen edo ez eta horrelakoetan, baizik eta mamu bat “ikusi” duela ziurtatzen duenak, benetan zer ikusi duen azaltzen saiatzen baizik.
mamua?
Kasu hauetarako azalpen zabalena edo ugariena iruzurra izango da, jakina. Mamuak ikusi dituela edo izpirituekin komunikatzeko gai dela ziurtatzen duenak, ia beti etekin ekonomiko baten bila dabil; ezjakinen sineskeriatik edo desesperatuen sinesteko beharretik probestu nahi du. Adibideak anitzak dira eta ziur guztiok izenen bat baino gehiago emateko gai izango ginela.
Baina horietaz aparte, mamuak ikusi edo haien presentzia atzeman duen lekuko askoren kasuak daude, gehiegi, gezurretan ibiltzeko arrazoirik ez daukatenak. Ez hori bakarrik, leku jakin batzuetan (eliza edo etxe abandonatuak esaterako) elkarren artean harremanik izan ez duten pertsonek mamuak ikusi dituztela ziurtatu dute, aurretik leku hori sorgindua omen zegoela ohartuak izan gabe.
Diru bila iruzurretan ez dabiltzan mamu ikusle horien atzean zer azalpen (zientifikoa) egon daitekeen ematen saiatuko gara. (gehiago…)
Voynich eskuizkribua: liburu ulertezina
2013-10-22 // Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
1912. urtean Erromako jesulagunen Colegio Romanon (egungo Unibertsitate Gregorianoan) diruz eskas omen zebiltzan, eta mendeetan zehar bildutako ondasunetako batzuk erdi ezkutuan saltzea erabaki zuten. Wilfrid Voynich izeneko bildumazale batek liburutegiko 30 ale erosi zizkien. Hauen artean egun bere izena daraman eskuizkribua, orduan ezagutzera eman zena eta oraindik gaur egun ezagutzen dutenen kuriositatea eta irudimena pizten dituen liburu bitxietan bitxia.
Voynich eskuizkribua
Voynich eskuizkribua pergaminozko 240 orri dauzka (272 zirela dirudi, baina batzuk galdu egin dira nonbait), 25*16 zentimetrokoak, ia guztiak irudiz apainduak (irudien gaiak landareak, farmazia, biologia, astronomia edo kosmologia gaiak dira). Testuak 170.000 hizki ditu eta 35.000 hitz, puntuaziorik gabe, orduan (1912an) ezezaguna zen eta oraindik egun ulertezina den hizkuntza batean idatziak. Karbono 14aren frogak XV. mendearen hasieran kokatu du eskuizkribuaren sorrera, 1.404 eta 1.438 urteen artean, eta bertan agertzen diren irudi batzuengatik (enara buztana itxurako almenak) gaurko Italiaren iparraldean sortu omen zela suposatzen da.
Mende bat geroago hori da liburu honetaz dakigun ia guztia, zeren munduko kriptografo garrantzitsuenen eskuetatik igaro ondoren, haien artean Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko ejertzitoetako adituak, inork ez du lortu testuaren esanahia deszifratzea. Egun ez dakigu nork idatzi zuen, zertarako idatzi zuen edo zein den testuaren xedea. Testuaren jatorriari buruzko teoria anitzetako bat ere ez da ezbairik gabe frogatu. Baina inkognita nagusia testuaren edukia da: ez dakigu testuak zer esan nahi duen, ezta esanahiren bat baduen ere.
Norbaitek begirada bat bota nahi badio, egun Yale unibertsitateko liburu arraroen liburutegian dago 1.969tik, baina gainera digitalizatuta ere badago sarean (dohain):
http://brbl-dl.library.yale.edu/vufind/Record/3519597
(gehiago…)