Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Alexandriako Hero: bi mila urtedun lurrun makina eta “vending” makina
Atalak: Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak
Heroren aeolipilea
Heroren vending makina
Blog honetan (estreinako sarreran) aipatu genuen antzinako greziarrek erdietsitako aurrerapen zientifiko eta teknikoek Historiari buruz daukagun ustezko ezagutza ugari zalantzan jartzen dituztela: zehazki, Antykitherako Mekanismoa bezala ezagutua den gailuak, Berpizkunde garaikoak ziren aurkikuntzak K.a. I. mendean jada ezagunak zirela frogatzen digu.
Oraingoan, Alexandriako Heroren eskutik, beste antzinako greziarren beste asmakizun batzuk ekarriko ditugu, Anykitherako Mekanismoa baino apur bat ezagunagoak, baina hura bezain harrigarriak. Hero K.o. I. mendean bizi zen Alexandrian, matematikari eta ingeniaria zen eta Antzinako Aroko asmatzaile nagusietako bat. Alexandriako museoan irakasle aritu behar izan zuen eta ezagunak zaizkigun bere idazlanak, eskolak emateko notak dira. Idazlan hauetan fisika, matematika, mekanika, pneumatika eta antzeko zientzien eskolak biltzen dira, eta, izena XX. mendean asmatua bada ere, zibernetikaren aurrekari bezala hartua da ere, “Automata” bere lanagatik, historiako lehen errobotika liburua. Idazlan hauetan asmakizun pila bat deskribatzen dira, eta hauen artean bereziki txundigarri izan daitezkeen bi, Historiari buruz daukagun ezagutza nolabait eraldatzen dutelako: historiako lehen lurrun makina eta historiako lehen vending makina.
Orokorki ezaguna eta onartua denez, eskolan horrela irakatsi zigutelako, lurrun makina James Wattek asmatu zuen XVIII. mendean, eta asmakizun hau Industrial Iraultzaren giltzarrietako bat izan zen. Datua ez da guztiz egia, lurrun makina baten lehen patentea ingeniari nafar batena izan baitzen, Jerónimo de Ayanz y Beaumont izenekoa, zeinek, 1.606.ean, meategietatik lurruna erabiliz ura erauzteko makina bat patentatu zuen. Baina hamasei mende lehenago Herok bere “Spiritalia seu Pneumatica” idazlanean “aeoleopile” izeneko makina bat deskribatzen du, aurreko irudian agertzen dena: esfera huts bat zen, bi hodi bihur loturik zituena; esfera urez betetzen zen, ura irakiterakoan lurruna hodietatik irteten zen eta esfera biraka hasten zen abiadura handian. Ez dakigu ziur asmakizuna Herorena berarena bazen edo beste asmatzaile baten lana deskribatzen bazuen bere ikasleei irakasteko, ezta ere aeolipileak erabilera bat bazuen ere. Azken honetaz, “Automata” liburuan deskribatzen zen beste makina batek, tenpluetako ateak ur irakinaren indarrez zabaltzen zituena, aeolipileari ere erabilpen praktikoak eman bide zitzaizkiola iradokitzen digu.
Heroren aeolopilea oso ezaguna ez bada ere, nolabaiteko ospea edo hedapena izan du, ez orain kontatuko dugun beste asmakizun hau bezala. Gaur egun edari freskagarriak, jakiak, preserbatiboak eta beste hainbat gauza, edozein ordutan eta ia edonon, txanpon batzuk sartuz berehala erosi eta eskuratzeko baliagarriak diren vending makinak, uste genuena baino askoz zaharragoak dira. Bat baino gehiago harrituko da: Herok berak asmatu zituen orain dela bi mila urte!
Txundigarria bai, baina hala da: “Mechanica” liburuan deskribatzen du. Makinaren goialdeko zirrikitu batetik txanpon bat sartzerakoan makinak ur bedeinkatu zurrusta bat isurtzen zuen. Txanpona, polea batetara lotutako azpil batera erortzen zen; poleak balbula bat zabaltzen zuen eta honek ur bedeinkatua isurtzen zuen. Azpila txanponaren pisuaz okertzen zen, txanpona erori arte. Orduan kontrapisu batek balbula ixten zuen.
Hurrengo vending makinak agertu arte hamazortzi mende igaro behar izan ziren, guk ezagutzen ditugunak XIX. mendean agertu baitziren, gutun azalak, paperak eta zigiluak saltzeko.