Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Ouija taula: ideomotor efektua
Atalak: Oraintsu argitutakoak, Zientzia bitxia
ouija taula
Gutariko askok egingo zuen noizbait (nerabezaroan batik bat): lagun talde bat biltzen da kandelez argitutako gela ilun batean ouija taula baten inguruan eta honen gainean edalontzi bat edo antzeko zerbait jartzen da erakusle bezala erabiltzeko; taldekide bakoitzak atzamar bat jartzen du erakuslearen gainean eta espirituei galdera bat egiten diete; erakuslea ouijan zehar mugitzen hasten da espirituaren erantzunak emanez, nonbait.
Arrazionalista edota adimentsu den edonork ez du ontzat hartuko espirituen erantzunaren azalpena, eta, aldi berean, espiritu, mamu eta antzekoetan sinesten duen edonork ere ez dut uste suposatuko duenik horren erraza izan daitekeenik espirituekin, hildakoekin solasean hastea. Baina arrazionalista eta adimentsua izanik ere, proba egin duenak erakuslea mugitzen dela frogatuko zuen eta erantzunak ematen dituela baieztatu. Azalpen bat egon behar du, eta hori da blog honen asmo nagusietako bat, alegia, tradizionalki azalpen esoteriko edo magiko bat izan duten fenomenoen azalpen arrazionalista bilatzea.
Ouijari dagokionez, begira bideo hau:
http://www.youtube.com/watch?v=JA5uYhXpa-E
Bertan lagun talde bat jartzen da ouijaren inguruan, begiak estalita, eta haiek jakin gabe ouijari 180 graduko bira ematen diote. Erakuslea mugitzen hastean, hitzak eta hizkiak bira eman gabe egon beharko luketen lekuetara doa. Ustezko espirituek ouijaren posizioa ikusteko gai izan beharko lukete, baina ikusten ez dutenek taldekoak dira. Hortaz … erakuslea mugitzen dutenak taldekideen burmuinak dira.
Halaxe da: ouijarekin “jolastean” benetako solasaldi bat hasten da, baina ez ustezko espiritu batekin, burmuinaren alde inkontzientearekin baizik. Taldekideen eskuek erakuslea mugitzen dute ouijan zehar, baina borondatezkoak ez diren gihar mugimenduen bidez. “Ideomotor efektua” deritzo honi, alegia, zure burmuinak zure giharrak mugiarazi ditzake, zuk baimen edo agindu kontziente bat eman gabe. Burmuinak alde handi batean automatikoki lan egiten baitu, norberaren kontzientziarik gabe. Horrela, kasu honetan, burmuinak erantzun bat pentsatzen du eta inkontzienteki erakuslea bultzatzen du. Bulkada inkontziente hau norbanako baten kasuan ez litzateke nahikoa erakuslea mugiarazteko, baina talde baten bulkada inkontzienteak batuz, erakuslea bere kabuz mugitzen ari dela dirudi.
Azalpen hau ez da berria dena dela, 1852an jada William Benjamin Carpenter izeneko zientzialariak eman zuen saiakera batean. Carpenterrek bertan zioen gihar mugimenduak ez direla egon behar desira eta emozio kontzienteekin lotuta. Bere ohorean, ideomotor efektua “Carpenter efektua” ere deitzen da.
Geroago, Faraday, Chevreul, James eta Hyman izeneko beste ikerlariek, tradizionalki espiritu edo indar paranormal eta misteriotsuei egozten zitzaizkien fenomenoak, ideomotor efektuaren ondorioa zirela frogatu zuten. Hymanen hitzetan, esaterako, bere ikerketek zera frogatzen zuten: “pertsona adimentsu eta zintzo batek, inkontzienteki, bere asmo eta itxaropenekin koherente diren gihar mugimenduak eragin ditzake”.