Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Perfluorokarbonoak: likido arnasgarriak
Atalak: Zientzia bitxia
likidoa arnasten
efektu berezirik gabe
Perfluorokarbonoak (edo fluorokarbonoak) hidrokarburoetatik eratorriko sustantzia batzuk dira, hidrogeno atomo guztiak fluor atomoengatik ordezkatuz. 1.920ko hamarkadan sintetizatu ziren lehenbiziko aldiz eta 1.940ko hamarkadan, Manhattan Proiektuaren barnean, industriarako garatuak izan ziren. Perfluorokarbono likido hauen ezaugarri nagusia molekula barneko loturen indarra da (karbono eta fluorraren arteko lotura, kimika organikoan ezaguna den lotura bakun indartsuena da) eta aldi berean molekulen arteko indarren arintasuna. Likido argiak dira, usainik gabekoak, ura baino bi bider dentsoagoak, lipidoetan disolbatu daitezkeenak baina ez uretan. Eta hemen hizpide dugun gaiari dagokion ezaugarri nagusia: gas kopuru handiak disolba ditzakete, fisiologia aldetik garrantzitsuak diren gasak hain zuzen ere, oxigeno eta karbono dioxidoa batez ere. Eraman dezaketen oxigeno eta karbono dioxido kopuru handiengatik, perfluorokarbonoak likido arnasgarriak dira, arnastu daitekeen likido baten ideiak erokeria bat badirudi ere.
Hortaz, “Abyss” filmean agertzen diren bi eszena ez dira zientzia fikziozko filma baterako asmatutako txorakeriak edo bitxikeriak, baizik eta benetako zientziaren lorpenak fikziozko narrazio batera ekarriak: sagu bat likidoz beteriko ontzi batean murgildu eta arnas egiten duenean, eta pertsonaia baten eskafandra arrosa koloreko likido batez betetzen dutenean eta honek arnas egiten duenean.
1.966. urtean Leland C. Clarke eta Frank Gollan izeneko zientzia gizonek artikulu bat kaleratu zuten fluorokarbonoekin egindako esperimentuen emaitzekin: saguak eta katuak fluorokarbonoetan murgildu zituzten eta arnas egin zezaketela frogatu zuten. Esperimentuon alde arraroena zera izan zen, likidotik berriz airera ateratako sagu eta katuak laster hiltzen zirela, likidoan murgilduta zirautenak astetan zehar bizi ziren bitartean. Dena dela esperimentu hauek perfluorokarbonoek posibilitate ugari gordetzen zituztela agerian jarri zuten lehenbiziko aldiz.
Perfluorokarbono bitartezko arnasketa gizakiengan 1.989an probatzen hasi zen, haur goiztiar batzuen tratamenduan. Hauen birikek hobeto erantzuten zutela eta xurgatzen zuten oxigeno kopurua handiagoa zela frogatu zen; baina esperimentuak ezin izan ziren orduan zabaldu edo orokortu, likidoak arnasketa sisteman sartzeko beharrezkoa zen teknologia egokia oraindik ez zegoelako.
Laster, 1.990ko hamarkadan, helduetan ere erabiltzen hasi ziren, ARDS (Acute Respiratory Distress Syndrome) pairatzen zutenetan hain zuzen ere. Saio hauek asko zabaldu ziren orduan, Alliance Pharmaceutical konpainiak perfuoroctyl bromide edo perflubron sustantzia garatu zuenean eta Liquid Vent izenarekin merkaturatu zuenean. Egun oraindik hauxe da perfluorokarbonoen erabilera nagusia, medizinan alegia, bihotzeko atakeetan, burmuineko lesioetan edo hipotermia kasuetan esaterako.
Bestelako erabilerak ere izan ditzake, jakina, eta Abyss filma ikusi dutenei burura datorkiena izan daiteke lehena: sakonera handietan murgiltzean, gasak arnastu ordez likidoak arnasterakoan, biriketako presioa inguruko uren presioetara errazago egokitu daiteke; gorputzeko ehunak ez dira presio altuko nitrogeno edo helioz saturatzen eta ondorioz ez da beharrezkoa deskonpresioa kanpora irteterakoan, eta arriskuak murrizten dira.
Azkenik, espaziorako bidaietan ere erabil daitezke perfluorokarbonoak: astronauta likido batean murgilduta badago, eta bere gorputz osoa likidoz beterik badauka, jasan behar duen azelerazioaren eragina askoz ere gutxiago pairatuko du, azelerazioaren indarrak gorputz osoan zehar eta norabide guztietan bananduko baitira.
Eta guztiok gure buruari egiten diogun galdera: zergatik ez da oraindik aisialdirako ere erabiltzen? Zergatik ez daude perfluorokarbonoz beteriko igerilekuak? Ez esan ez litzatekeela dibertigarria izango … Antza denez, perfluorokarbonoak sustantzia oso oso kutsatzaileak dira. Karbono dioxidoa baino 6.500 bider gehiago berotzen omen dute eguratsa, eta ondorioz negutegi efektua eragiten. Gainera haietako batzuek, 50.000 urteko bizitza izan dezakete. Guzti hori nahikoa ez balitz, animalien eta gizakien gorputzetan gordetzen dira; eta animaliekin egindako esperimentuetan, tumoreak eragiten dituztela frogatu da.
Hain txundigarria zirudien edozerk bere ifrentzua izan behar zuela argi zegoen …