Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Starlite: fisikaren legeei barre egiten dien materiala
Atalak: Sailkatugabeak
starlite, eztanda atomikoaren aztarnarekin
Starlite izeneko zerbaitez ari garenean, ez gara Antonio Banderasek Marbellan sustatzen duen jaiari buruz ari, baina bai Hollywoodeko film batetik aterata dirudien istorio batez (“The Man in The White Suit” edo Disneyren “Flubber”esaterako). Zuek ikusi bestela: ile-apaintzaile batek, bere aisialdian, fisikaren eta termodinamikaren legeen aurka doan material bat asmatzen du, diamanteak urtuko lituzketen tenperaturak jasaten dituen material bat, eztanda nuklearretatik ere orbanik gabe ateratzen den material bat … eta haren formula berarekin darama hilobira. Sinesgaitza deritzozue?
Hiroshimako bonba baino 75 bider indartsuagoa den eztanda bat jasan dezakeen materiala asmatu zuen Maurice Ward izeneko ile-apaintzaile honek. Gizateriarentzat, gure segurtasunarentzat, mesedegarriago izan litzatekeen material bat, erabilera gehiago izan lituzkeen asmakizun batean pentsatzea zaila da. Starlitek mundua iraultzeko gai izan behar zuen … eta ez du egin. Zergatik? Beste misterio bat, materialaren formula bezain misteriotsua.
Maurice Ward esan dugunez ile apaintzailea zen, eta erabiltzen zituen produktuak berak asmatzen zituen bere etxean. Hori zen bere esperientzia kimikari eta asmatzaile bezala. Bere hitzetan, L´Oreal edo Garnierrek orain ateratzen ari diren produktuen antzekoak berak jada 60ko hamarkadan erabiltzen zituen. Ile-apaindegiaren negozioak behera egin zuenean 80ko hamarkadaren hasieran, Wardek bestelako asmakizunak saltzen saiatu zen. Horretarako Imperial Chemical Industries konpainiari bigarren eskuko extrusadora bat erosi zion, plastikoak etxean nahastu ahal izateko. Bere lehenengo asmakizuna, Citroën konpainia bilatzen ari zen produktu bat, ez zen arrakastatsua izan eta gorde behar izan zuen.
Orduan, 1985ean, hegazkin batek sua hartu zuen Manchesterreko aireportuan eta 55 pertsona hil ziren segundo gutxitan, ez kolpeagatik, baizik eta kea eta plastiko erreen toxikoengatik. Ward, hau ikusita, erraz erreko ez zen material bat bilatzen hasi zen. Material ezberdinak nahasten hasi zen; egunean 20 formula ezberdin baino gehiago frogatzen zituela esan zuen. Azkenik egokia zirudien material batekin jo zuen eta froga “behar baino askoz hobe atera zen”: 2.500 gradu Celsiuseko soplete batekin su eman zion materialari eta hau ez zen erre; baina gainera, hainbeste bero jaso ondoren oraindik normalki ukigarria zen. Starlite jarri zion izena, bere bilobatxoak iradoki ziolako.
Ward eta bere familiak arrakasta berehalakoa izango zela uste izan zuten, materialak eskaintzen zituen posibilitateengatik: suteen aurkako ateak, arropa eta altzari erregaitzak, misil buru indartsuagoak, laserra jasan zezaketen armak … edo hegazkin nahiz espacio-ontzien lantzaderak babesteko. Baina inork ez zien jaramon handirik egin hasiera batean; ICIko laborategian frogak egin zizkioten Starliteri, eta nahiz eta emaitzak txundigarriak izan, euren produktu bat garatzen ari zirenez, ez zioten Warden produktuari jarraitu. British Aerospace eta bestelako konpainia garrantzitsuekin elkarrizketak egon omen ziren, baina batek ere ez zuen emaitzarik izan.
1990an, BBCko “Tomorrow´s World” telesaioan, Starlite aurkeztu zuen Wardek: oilo arrautza bat Starlitez estali zuen eta bost minutuz oxiazetilenozko soplete batekin su eman zion. Bost minuturen ondoren, arrautza erre gabe uki zitekeen eta, puskatzerakoan, barnean guztiz gordin zegoela ikusi zuen mundu guztiak. Harriduraz. (Sarreraren hasieran atxiki dugu telesaioaren bideoa).Orduan hasi ziren Ward familiari deika.
Urte berean uztailan, British Atomic Weapons Establisment erakundearen egoitzan hurrengo froga egin zioten Starliteri: 10.000 C-ko tenperaturako argi indarrez jo zioten eta materialak mantxatxo bat besterik ez zuen erakutsi. Ideia bat egiteko, material gehienak 2.000 C gradutara baporatzen dira, eta karbonoa, fusio puntu altuena daukan elementua, 3.500 gradura urtzen da. Egoitza berean, beste froga gogorragoak egingo zizkioten Starliteri aurrerago, haien artean 75 Hiroshima bezalako indar bat aplikatu zioten, eta onik atera zen.
Segidan, Royal Signals and Radar Establishment erakundean laserrekin pultsatu zuten Starlite, eta ondorioak antzekoak izan ziren, hau da, txundigarriak: materialaren azalean aztarna batzuk ikus zitezkeen, vaina ez zen urtu.
Milaka inbertsiogilek deitu omen zioten orduan, eta Wardek lan handia izan zuen garrantzitsuenak aukeratzen. Baina batekin ere ez omen zen akordio batera heldu. Antza denez, Wardek beti Starliten jabegoaren %51 mantentzea exijitzen zuen, eta hau ez zen askoren gustuko posibilitatea. Bestalde argi uzten zuen ez zuela konfidentzialitate akordiorik sinatuko eta hau ez zitzaien gobernu erakundeei gustatzen. Gainera erabat obsesiboa izan zen bere formularen sekretua gordetzen: ez zuen ezta patentatu ere, horrek formula erregistratzera bultzatuko baitzuen. Kontu handia izan zuen beti Starliten zatiak ez ematen, atzerako ingeniaritzaren bidez formula inork lor ez zezan beldur. Behin bakarrik onartu zuen Starlite zati bat bere bistatik at eramaten: 1991eko ekainean, New Mexikoko White Sands arma atomikoen frogarako zelaian eztanda atomiko batean jarri zutenean Starlite, eta onik atera noski.
Gertatu zena ez dago inola ere argi, baina ez NASAk, ez BAWEk ezta Boeingek ere, ez zuten Wardekin akordiorik sinatu. Azkeneko honekin negoziazioak oso aurreratuak egon omen ziren, eta sekretu badira ere, 100 eta 500 milioi dolarren artean mugitu ziren nonbait.
Bitartean Wardek bere ordenagailua hackeatu ziotela salatu zuen, eta baita bere bulegora lapurrak sartu zirela. Aldi berean kritikak jasotzen hasi zen, bere asmakizuna gizateriarentzat hain onuragarria izanik ez zukeelako hain zikoitza izan behar.
Bestelako konpainiekin tratutan zebilela oraindik, 2011n Maurice Ward hil egin zen. Badirudi Starliteren formula ez zuela berekin eraman hilobira, aspaldi esan baitzuen bere familiako beste bi senidek ere ezagutzen zutela, are gehiago, idatzita ere bazegoela aitortu zuen. Baina momentuz inork ez daki ezer (ofizialki edo publikoki), Starliten bilakaerari buruz.
(Parentesiak erabiltzen ditut blog honen asmoetako bat esamesei eta konspiranoiei lekurik ez ematea delako, baina kasu honetan zantzu ugari dago Starlite materiala “erreserbatua” edo “sekretua” deklaratua izan dela aditzera eman dezaketenak: Wardekin tratutan ibili ziren inbertsiogile batzuek, Bretainiar gobernuak asmo hori zuela jakitera eman ziela aldarrikatu dute ere. Hori horrela bada, inoiz, edo epe luze batean ez bederen, ez dugu hari buruz gehiegirik jakingo).