Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Göbekli Tepe: munduko eraikin zaharrena
Atalak: Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak
1.960ko hamarkadan Chicagoko unibertsitateko arkeologo talde batek, Turkiako hego-ekialdean, Siriako mugatik hurbil, Göbekli Tepe izeneko muinoa (“Muino Tripontzia” turkieraz) naturala ez zela susmatu zuen, gizakiak sorturikoa baizik, baina azpian bizantziar garaiko hilerri bat besterik ez zegoela suposatu zuen eta ez zuen gehiago ikertu.
Txosten honi jarraituz, 1994an, Heidelbergko unibertsitateko Klaus Schmidt arkeologoak muinoak ezkutatzen zuena ikertzeari ekin zion, eta aurkitu zuenak eurasiar historiaurrearen inguruan geneukan ezagutza irauli zuen.
ikuspegi orokorra
Hurrengo urtean hasitako indusketek zera atera zuten argitara: eraikin megalitiko izugarriak, tona askotako “T” itxurako kareharrizko pilarez osatutako ia hogei zirkulu, animalien irudi oso landuekin dekoratuak. Egitura ugarik osatzen dute multzoa, bata bestearen gainean eraikiak. Nahiz eta oraindik kronologia oso doitua ez egon, badirudi antzinakoenak pilare handienak eta erliebe ugari eta landuagoak dituztela. Erdian zeuden pilareek 5,5 metroko garaiera izan behar zuten eta 40 tonako pisua izan behar zuten. Denboran hurbilago zaizkigun egituretan pilareak txikiagoak ziren, erliebe gutxiagoekin eta zorura ez zeuden hain gogor finkatuta.
Txundigarriena egituraren datazioa izan zen: nahiz eta oraindik multzoaren %95 lurperatuta dirauen arren, eta oraindik antzinagoko aztarnak azaleratuko direla uste bada ere, dagoeneko ezaguna denetik, eraikinak K.a. X. milurtekoak direla frogatu da. Alegia, Piramide Handia baino 6.500 urte zaharrago, Stonhenge baino 6.000 urte zaharrago, testu kuneiforme zaharrena baino 5.500 urte zaharrago eta Jerikoko murailak (ordura arte ezaguna zen eraikin zaharrena) baino mila urte zaharrago. Laburbilduz, Göbekli Peteko aztarnategia ez da bakarrik metalen aurkikuntza baino lehenagokoa, edo gurpilaren asmakuntza baino zaharragoa, edo, jakina, idazkera baino zaharragoa ere, baizik eta Iraultza Neolitikoa bera baino zaharragoa ere bada. Nekazaritza eta abeltzaintza baino zaharragoak dira bertako eraikinak eta, hortaz, ehiztari-biltzaile giza talde batek eraikiak izan behar zuten. Gainera, erlijio funtzioetarako erabili omen zuten, zeren eguneroko bizitzako isla liratekeen aztarna oso eskas aurkitu baitira.
erliebea
Honek historiaurreari buruz geneukan ezagutza eraldatzen du, zeren, mota honetako egiturak eraikitzeko behar zen gizarte egitura nekazaritzak bultzatu zuela uste baikenuen, eta ez zela neolitiko aurreko giza taldeen ezaugarri bat. Alegia, nekazaritzaren garapenak giza taldeak leku jakin batean kokatzea ekarri zuela uste genuen, eta honek eraikuntza bultzatu zuela. Baina aurkikuntza honek leku jakin batean kokatzearen eta eraikuntzaren bultzatzailea erlijioa izan zela iradokitzen digu.
aztarnategia
Ehiztari-biltzaileek eraikitako erlijio monumentu baten ideiak, ehiztari-biltzaileei buruz eta erlijio monumentuei buruz bagenekiena buruz behera jartzen du. Ehiztari biltzaileek sinbolo sistema konplexurik ez zeukatela uste genuen, ezta gizarte mailarik ere, eta lanaren banaketa ez zutela ezagutzen … Eta guzti hau beharrezkoa izan behar zuen tamaina honetako egitura megalitiko bat eraikitzeko. Bestalde, erlijio formala nekazaritzaren ostean agertu zela suposatzen zen, nekazaritzak gizarte hierarkia sortu baitzuen eta erlijioak hierarkia hauek eusteko egitura kosmiko bat ematen baitzuen eta, aldi berean, jainko eta gizakien arteko botere harremanak gizarte maila ezberdinen arteko botere harremanen isla zirelako. Baina Göbekli Peteko aurkikuntzak kontrakoa iradokitzen du: erlijioa izan zela ehiztari-biltzaileak toki jakin batean kokatzera bultzatu zituena, eraikin sakratu bat egiteko premiagatik, eta aldi berean elikagai iturriak babesteko eta mantentzeko premiak nekazaritza asmatzea bultzatuko zuen. Schmidtek berak “muinoko katedrala” izendatzen du eraikin taldeari, eta inguruko biztanleak bertara biltzen mantentzen du, ehun eta berrogeita hamar kilometroko distantziatik ere.
Eraikin honetako pilareetako harriak (10 eta 20 tona artekoak gehienak, eta 50 tona baino gehiagokoa baten bat) inguruko harrobietatik ateratzeko eta 100 eta 500 metro inguru garraiatzeko, 500 bat gizabanakoen talde egituratu bat behar izan zela kalkulatzen dute arkeologoek. Giza talde hau nola bildu, antolatu, ordaindu edo elikatu zen inkognita bat da. Aditu batzuek esklaboak ere erabili zirela mantentzen dute, eta honek neolitiko aurreko gizarteei buruzko beste ideia bat eraisten du. Gainera, apaiz kasta batek lanak ikuskatuko zituela mantentzen dute adituek, eta baita bertan ospatuko ziren zeremoniak gidatuko zituztela. Hori horrela izanda Historiako lehenbiziko gizarte ezberdintasunaren aurrean egongo ginateke.
Aztarnategiko eraikinak, esan dugunez, eraikin megalitiko biribilak dira, “T” itxurako zutabeez eta kareharrizko hormez osatuak. Erdian beste bi zutabe handiagoak dituzte, ustez sabaia eutsiko zutenak. Zorua, bestalde, kareharri leunduaz estalita dago. Azkenik, kanpoaldeko hormaren inguruan eserleku bat atxikita agertzen da.
baxuerliebea
Zutabeetan animaliak irudikatzen dituzten erliebeak aurki ditzakegu, haietako batzuk teknika landu bat eta kontzepzio estetiko garatu bat islatzen dutenak. Ez dira haitzuloetako margoetan agertzen diren ehizakiak (oreinak, basurdeak, mamutak … ), baizik eta azeriak, lehoiak, ahateak, sugeak, inurriak, eskorpioiak eta giza irudi gutxi batzuk ere.
Eta ez dezagun ahaztu: aztarnategiaren data metaleen aurkikuntzaren aurrekoa da, beraz, lan guztia (pilareak harrobietatik atera, erliebeak landu … ) harrizko tresnekin egin zen.
K.a. 7.000. urtearen inguruan, eraikinak garrantzia galdu omen zuen. Bertan agertzen diren animaliak, eta bertan gurtzen zena jada ez zen garrantzikoa nonbait, nekazaritza garatu ondoren. Baina biztanleek ez zuten abandonatu edo erabiltzeari utzi besterik egin, baizik eta lur azpian ezkutatu zuten. Honen zergatia ere ezezaguna zaigu, baina aztarnak kontserbatzen lagundu du, gaur egun arte.
Esan dugunez aztarnategiko %5a besterik ez da azaleratu oraindik, eta indusketek 50 urte luzatu daitezkeela aurreikusten da. Aztarnategi osoak 90.000 m2ko zabalera izan behar duela uste da, eta oraindik hamabost esparru atera behar direla. Hauetariko batzuk ezagunak direnak baino zaharragoak izan daitezkeela uste da, orain dela 15.000 urtekoak, azken glaziazioaren amaieraren garaikoak, edozein nekazaritza mota baino 5.000 urte zaharrago.