Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Maineko Penikea: XI. mendeko txanpon eskandinaviar bat XII. mendeko amerikar indiarren artean
Atalak: Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak
Maine estatuan, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean, bertako Penobscot indiarren arbasoen aztarnategi bat ikertzen hasi ziren 1950eko hamarkadatik, Goddard izeneko lekuan. Bertan aurkitutako objektuen kopurua hain handia zen, non Time aldizkariak aztarnategia antzinako indiarren zabortegi bat bezala deskribatu zuela 1.978ko artikulu batean, eta aurkikuntza gehienei buruz ez ziren arkeologiaren ikuspuntutik erregistro oso zorrotz edo zehatzak egin. Horrela, 1.180 eta 1.235 urteen artean kokatutako 30.000 objektu inguru heldu ziren Goddard aztarnategitik Maine State Museumera.
Maineko Penikea
Hauen artean, lekuz kanpo zirudien objektu bat: zilarrezko txanpon bat, 1957ean Guy Mellgren izeneko batek aurkitua eta 1974an museoari oparitutakoa. Txanpon hau hasiera batean britainiarra zela uste izan zen eta XII. mendekoa, baina hori nahiko txundigarria ez bazen, aurrerago eskandinaviarra zela frogatu zen, eta XI. mendekoa!
Maine State Museumak, Maine Penny edo Goddard Coin izeneko txanpon hau, Estatu Batuetan aurkitutako fidagarria den eskandinaviar jatorriko kolonaurreko objektu bakarra dela mantentzen du.
ifrentzua
Londresko aditu batzuek izan ziren txanponaren jatorria eskandinaviarra zela susmatu zuten lehenengoak, eta geroago Osloko unibertsitateko beste aditu batek Olaf III erregearen garaikoa zela berretsi zuten, alegia, XI. mendekoa. Zehazki, 1.065 eta 1.080 urteen artean egindako txanpon bat zela badakigu gaur egun, eta XII. nahiz XIII. mendeetan merkataritzan era arruntean erabilia zena. Txanponaren erabileraren data hauek eta aztarnategian aurkitutako beste objektuenak bat datoz beraz.
Eskandinaviar sagetan, XI. mendetik, Groenlandiatik haratago egindako bidaiez eta bertan aurkitutako lurretan sortutako Vinland edo Vineland izeneko koloniari buruz hitz egiten da. Saga hauetako testuak, aspalditik, eskandinaviarrak Ipar Amerikara Kolon baino bost mende lehenago heldu zirelako frogatzat hartuak izan dira, baina, nahiz eta Groenlandian eskandinaviarren kokalekuak ezagunak ziren, Ipar Amerikan 1.960. urtera arte ez zen kokaleku bat aurkitu kolonaurreko bidaia hauek frogatuko zituena. Ternua irlako iparraldean aurkitu zen, L´Anse aux Meadows izeneko lekuan, XI. mendeko kokaleku edo kanpaleku baten aztarnak. Adituek kokaleku hau Vineland bera ez zela diote, baizik eta Vineland izan behar zuenaren sarrera edo ontziola besterik ez, baina bai Vineland hura benetan existitu zenaren froga. Honetaz gain, 2.012an eskandinaviar jatorrikoak diruditen beste kokaleku batzuk aurkitu dira Kanadako iparraldean, Artikoan.
Eskandinaviarrak Ipar Amerikara Kolon baino bost mende lehenago heldu zirela frogatutzat emanda, txanponak beste galderak sorrarazten ditu: txanpona Maine estatuko lurretan aurkitu izateak, eskandinaviarrak Ternuatik hegoaldera, oso hegoaldera, ehunka kilometro hegoaldera heldu zirela frogatzen al du? Edo txanponak amerikar indiarrek merkataritza sare luze eta zabalak zeuzkatela frogatzen du? Azkeneko hau da Maine State Museumak defendatzen duen jarrera, alegia, Maineko indiarrek txanpona beste lekuren batetik eskuratu zutela, Ternuatik edo ingurutik, eta Goddard aztarnategian bukatu zuela. Bertan aurkitutako objektuen ezohiko ugaritasunak, Goddard aztarnategi hura garaiko merkataritza gune garrantzitsu bat izan behar zuela frogatzen digu. Gainera, Penike honetaz gain, eskimal jatorriko xixel bat ere aurkitu zen aztarnategian, bertakoek Kanadako iparraldearekin harremanak zeuzkatela frogatzen laguntzen duena.
Dena den, Maineko Penike hau iruzur bat dela mantentzen dutenak ere badaude, ustezko aurkitzailearen iruzur bat, edo honi egindakoa. Hala nola American Numismatic Society delakoak hori dio, aurkikuntzari buruzko dokumentazio nahikorik ez dagoela eta litekeena dela norbaitek bertan utzi izatea, eztabaida sustatzeko.