Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Harkaitz bidaiariak
Atalak: Naturaren bitxikeriak
“Harkaitz bidaiariak” edo “mugikorrak” izen bitxia aipatzen dugunean, zertaz ari gara? Haran bateko lurzoru lauan zehar “mugitzen” diren harkaitz solteak dira, giza indarraren eraginik gabe mugitzen direnak izatez, eta mugimendu edo bidaia honen froga bezala zoruan aztarnak
harkaitz bidaiariak
uzten dituztenak. Arraroa edo sinesgaitza badirudi, ezkerreko irudiarekin hobeto uler daiteke beharbada.
Harkaitz mugikor hauek munduko beste leku batzuetan aurkitzen badira ere, Kalifornia estatuko, “Death Valley” parke nazionaleko “Race Track Playa” deritzon lekuan aurki daitezke gehienbat. Harkaitz hauetako gehienak “Playaren” hegoaldean dagoen mendi magal batetik datozen dolomitak dira, baina inguruko beste jatorri ezberdinetako harkaitzak badaude ere. Harkaitz bidaiari hauek bizpahiru urtero mugitzen dira eta uzten dituzten aztarnak lauzpabost urtetan garatzen dira. Aztarna hauek 3 eta 30 metro arteko luzerak izan ohi dituzte, 8 eta 30 cm arteko zabalera eta 2,5 cm inguruko sakonera, bataz besteko neurriak beti ere. Aztarnok, gainera, luzera eta norabide ezberdinekoak izan daitezke. Tamaina eta pisu antzeko harkaitzak aldi berean eta paraleloki mugitzen has daitezke eta aurrerago haietako batek norabidea bat-batean alda dezake edo gelditu daiteke. Bat-batean diogunean ez gabiltza txantxetan,irudiak
adarrak jotzen ala?
frogatzen digunez.
Zerk eragiten duen harkaitz hauen mugimendua XX. mendeko hasieratik ikertua izan da, eta iturri batzuetan mugimendu honen arrazoia edo azalpena argi ez dagoela esaten bada ere, guztiz frogatuta dagoela esan genezake (jakina, misterioak eta zalantzak jarraitzaile ugari izango ditu beti).
Bertako antzinako biztanleek azalpen magiko bat ematen zioten harkaitzen mugimenduari, harkaitzak ustezko izpiritu batzuk mugitzen zituztela edo. Bertara heldu ziren hasierako esploratzaileek azalpen pseudozientifiko bat eman zioten fenomenoari, lurraren “eremu magnetikoen” eraginean oinarrituz.
Azkenik, beste azalpen bat, eta harkaitzak ikusterakoan burura niri lehenbizi etorri zaidana, zera da: guztia txantxagile batzuen lana dela, gauez edo inor begira ez dagoenean harkaitzak irristarazten dituztenak, batek daki zertarako. Antzeko fenomenoak ezagutu ditugu ez hain aspaldi: gogoratzen duzue etxeko teilatuetan izotz puska handiak aurkitu omen zituela aldarrikatzen zuen jendea? Moda bat besterik ez zen izan, laster igaro zena, baina … Eta egun ere (eta antzinako garaietatik), urtero, Korfu irlan eliza bat sugez beterik agertzen da Ama Birjinaren Egunean, aurreko egunean eta hurrengoan ez daudenak eta baten batek sartu behar izan dituenak, baina inork ez daki nor den …
Baina hau ez da horietako kasu bat, honen atzean azalpen logiko, zientifiko bat badago, eta ez konplikatuegia gainera.
Esan dugunez XX. mendearen hasieratik ikertzen hasi ziren harkaitz bidaiari hauen azalpena. Lehenbiziko txosten zientifikoa 1948an argitaratu zen Amerikako “Geological Society”-ren aldizkarian. Bertan, mugimenduaren jatorria haize-zurrunbilo indartsuei leporatzen zioten, frogarik gabe. 1952an Parke Nazionaleko naturalistek artikulu bat kaleratu zuten Life aldizkarian, harkaitz bidaiarien fenomenoa deskribatuz, baina azalpenik eman gabe. Handik aurrera fenomeno ugari proposatu ziren bulkadaren eragile bezala: haize bolada indartsuak, buztinezko lurzorua, izotz puskak … 1972an ikerketa zabalago bat hasi zen, harkaitzak identifikatu eta zazpi urtez jarraitu zituena. Gustu guztietarako emaitzak lortu ziren: tamaina oso ezberdineko harkaitzak mugitzen ziren (handienak 36 kg pisatzen zituen), baina aldi berean tamaina berdinekoak eta elkarrengandik hurbil zeuden bi, bata mugitzen zen eta bestea ez… Bide luzeena egin zuen harkaitzak 262 m egin zituen, eta negu bakar batean bide luzeena egin zuen harkaitzak 201 m egin zituen. Zeren, hori bai, harkaitzak neguz besterik ez ziren mugitu, alegia, tenperatura hotzek eta izotzak zer esan izan behar zuten mugimenduan … Izotzaren eragin hau frogatua izan zen 1990ko hamarkadan egindako ikerketetan, eta hauetan, haranaren itxurak haizeak lurzoruan bortitzagoak izatea eragiten zutela ere frogatu zen.
beste harkaitz bidaiari bat
Azkeneko ikerketak, eta nire ustez erabatekoak, 2011 eta 2013an kaleratu dira, harkaitzak ultra slow motion kamarekin filmatu ondoren. Hasiera batetik eremuaren izenari arreta gehiago jarri izan baliote … “Playa” deitzen bada, zerbaitengatik izan behar zuen: haran lau hau, inguruko mendietatik isurtzen diren urekin urez gainezka jartzen da, sakonera txikiko laku batean bihurtuz, bizpahiru urtero (harkaitzak bizpahiru urtero mugitzen direla aurrerago aipatu dugu, ezta?). Ur geruza hau gaueko zero azpitiko tenperaturekin izoztu egiten da, horrela bertan harrapatu dituen harkaitzak lurretik altxatuz. Izotza urtzen hasten denean, harkaitzak inguratzen dituzten izotz puskak iceberg antzeko batzuetan bihurtzen dira, ur azalean flotatzen dutenak eta haize zurrunbilo baten bulkada besterik behar ez dutenak behin-behineko laku honetan nabigatzen hasteko, buztinezko hondoan aztarnak uzten dituzten bitartean. Biharamunean, izotza guztiz urtzen denean eta buztinezko zoruak ura xurgatzen duenean, harkaitzak eta haien bidaien aztarnak besterik ez dira geratuko, lekuko guztien harridurarako. Youtuben dagoen video honetan argi ikus daiteke:
http://www.youtube.com/watch?v=u1hoiHvOeGc
Edonork antzeko esperimentu bat egin dezake bere etxean: ontzi baten hondoan harea edo buztina jarri eta honen gainean harri bat; urez bete, harriaren goiko aldea besterik kanpoan geratzen ez den arte; izozgailuan sartu ura izoztu dadin eta harria hondotik altxa dadin; izotza urtzen utzi, harrizko barnealdea daukan iceberg bat lortu arte … eta orduan iceberg horri putz egitea besterik ez zaigu geratzen harria bidaiatzen ikusteko.