Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Michelle Funk: ordu bat baino gehiago ur izoztuetan murgilduta
Atalak: Azalpenik gabekoak, Bizitza errealeko X taldea
Guk, gizon-emakume arruntok, minutu erdi eta minutu bat artean gutxi gora-behera eutsi diezaiokegu arnasari urpean. Ongi trebatutako igerilariek bi eta hiru minutu ere eutsi diezaiokete. Perla arrantzale japoniarrak sei eta zazpi minutura heltzen dira, eta munduko errekorra bederatzi minututan dago, murgildu aurretik oxigenoa hartu gabe. Ordu erdiz oxigenoa hartu eta gero murgilduz, errekorra hogeita bi minutura heldu da duela gutxi.
1986 urtean oxigenorik gabe bizirauteko gaitasunari buruz dauzkagun datu guzti hauek lehertu zituen gertakari bat ezagutu genuen: bi urteko Michelle Funk neskatilak, Utah estatuko bere herriko erreka batera erori eta bertako ur izoztuetan ia 70 minutu murgilduta egon ondoren, burmuinean inolako kalterik gabe biziraun zuen. “Journal of the American Medical Association” aldizkariaren esanetan, ezaguna den murgilketa luzeena da, burmuineko kalterik gabe bukatu dena.
Nola gerta zitekeen halako zerbait? Aipatu dugun “Journal of the American Medical Association” aldizkarian ere, kasu honen inguruan kaleratutako artikuluan, gertakaria “miragarri” hitzarekin deskribatu zuten. Esan beharrik ez dauka sendagileek beraiek gertakari bat miragarritzat hartzen dutenean, gertakariak azalpen zientifiko gaitza (gutxienez) daukala ulertu behar dugula.
New York Times egunkariak honela deskribatu zuen gertatutakoa: 1986ko ekainaren 10ean bi urteko Michelle Funk neskatila bere nebarekin jolasean zebilen bere etxe ondoko erreka baten inguruan, Salt Lake Cityn, mendietako elur urtuak zekartzaten ur izoztuetara erori zenean. Neba korrika joan zen laguntza eske eta larrialdietara deitu zuen familiak. Ur korrontean gora zegoen presa bat itxi behar izan zuten uren maila jaitsi zedin. Michelle aurkitu zutenerako amak deia egin zuenetik 62 minutu igaro ziren, eta uretara erori zenetik ia 70 igaro behar izan zirela uste da. Michellek ez zeukan pultsurik eta ez zuen arnasarik egiten, urdin kolorekoa eta oso hotz zegoen. Michelen begi niniak oso zabalik zeuden eta ez ziren aldatzen, burmuin kalteren edo heriotzaren zantzua dena. Neurgailuak jarri zizkiotenean, gorputzaren tenperatura 19 gradukoa zen eta ez zitzaion bihotz taupadarik entzuten.
Bihotz-birika makina
Ospitalera eraman zutenean, Bolte izeneko doktore batek Michellen odola berotzeko ideia bat izan zuen bihotz-birika makina erabiliz, normalean bihotzeko ebakuntzetan erabiltzen den makina bat. Makina honek odola gorputzetik erauzten du eta gorputzetik kanpo berotzen du. Aurretik teknika hau hipotermiak jotako helduen odola berotzeko erabilia izan zen, baina inoiz ez adin txikikoetan, eta jakina, ezta bizigabe zirudien gorputz batean ere. (Adituak ez garenontzat, nirekin ados egongo zarete, gorputz batetik odol guztia ateratzeak ez dirudi gorputz hori berpizteko ideiarik hoberena, baina tira, ez gara adituak).
Ordurako hiru ordu igaroak ziren Michelle uretara jauzi zenetik eta haren gorputzak bizirik gabe zirudien oraindik. Bolte doktorearen lankideek erotuta zegoela susmatzen hasi ziren, eta beste edonork Michelle zendutzat emango zukeela zioten. Bolte doktoreak bere partez, gurasoak ohartu zituen Michellek burmuinean izan zezakeen kalteei buruz, baina hauek aurrera jarraitzea eskatu zioten.
Odola gorputzetik kanpo berotzean, gorputzaren tenperatura gora egiten hasi zen. 25 gradura heldu zenean, hasperen egin zuen Michellek eta begiak zabaldu. Minutu batzuk geroago begi niniak estutu zitzaizkion argiak igartzerakoan, burmuinaren aktibitatea itzuli zitzaiola adieraziz.
Eta apur bat geroago bihotz taupada bat entzun zioten.
Hiru asteren buruan hitz egiten hasi zen, eta ospitalea utzi zuenerako, bi hilabete geroago, hiru urtedun haur baten trebetasunarekin mintzatzen zen eta mugikortasun normala zeukan.
Nola gerta zitekeen? Ikusi dugunez, sendagileek beraiek, adituek, kasu miragarri baten aurrean gaudela diote. Eman dezaketen azalpen bakarra zera da: Michelle hipotermia egoera sakon batean sartu zela uretara erori eta berehala, horrela metabolismoa edo oxigeno eta glukosa kontsumoa asko jaitsiz eta burmuin kalteak saihestuz. Alegia, sendagileek edo zientzia gizonek eman dezaketen azalpenik hoberena zera da, Michelle ez zela itota hil, aurretik izoztuta zegoelako…
Eta jakina, Michellen kasuan gertatutakoak ez du balio antzeko beste kasutarako, hipotermia batetik ondo ateratzeko faktore guztiak oraindik ez direlako guztiz eta erabat ezagutzen. Izatez, egun ez dakigu zenbat denbora egon daitekeen gorputz bat hipotermia egoeran eta berotuz gero burmuineko kalterik gabe atera.