Munduarekiko duzun ikuspegia aldatuko duten dokumentalak 2/2
Hementxe aurreko astean argitaratu nuen zerrendaren bigarren zatia. Oraingoan ere, atal edo zati desberdinetan banatua: Gaixotasun/biziraupen-gainditze istorioak, kapitalismoa/kontsumismoa, elizaren lotsak eta Euskal gatazka.
Gaixotasunak / Biziraupen-gainditze istorioak
Workingman’s Death
( 2005, Michael Glawogger)
Donbass-ko meatzari Ukraniarrak, ikatzaren bila erortzear dauden lurrazpiko zulo ilunetatik arrastaka dabiltzan “ilegalak”. Indonesian, sufrezko saskiak gora eta behera daramaten pertsonak. Port Harcourt, Nigeria: Duintasunez xoxa batzuk irabazteko, egunero odol bainuak ematen dituzten larrutzaile afrikarrak. Azken finean, mende hasiera honetan egiten diren lan arriskutsu eta gogorrenak salatzen dituen dokumentala. Beldurgarria eta latza.
Blood Brother
(2013, Steve Hoover)
2013 urtean Sundance zinema jaialdian dokumental onenaren saria jaso zuen dokumentala. Rocky Braat ilusiorik gabeko turista moduan Indiara doan gazte bat da. Hiesa duen ume talde bat aurkitu eta geratzea erabakitzen duen arte.
Las alas de la vida
(Antoni P. Canet, 2006)
Carlos Cristo, gaixotasun sendaezin bat duen 47 urteko mediku bat da. Betiko laguna den, zinema zuzendaria bati hots egin eta bere biziko mesedea eskatzen dio: duintasunez hil edo bizitzeko duen eguneroko borroka hori grabatzeko. Hori bai, ezinbesteko baldintza batekin, irribarrea protagonista nagusia izan behar duelarik.
Gogorra, zoragarria, adoragarria,burutsua,mingarria, hunkigarria… mundu guztiak ikusi beharreko dokumentala, gaixotasunari eta heriotzari buruzko film gutxik sortu dute nigan horrelako sentsazioa.
Náufragos
Vengo de un avión que cayó en las montañas
(2007, Gonzalo Arijon)
Sekula izan den biziraupen istorio izugarrienetarikoa. Andes mendikatearen bihotzean, 4000 metrotara, hegazkina erori eta gero, 72 egun biziraun zuten gazte talde baten baten istorio azaltzen digu Gonzalo Ajiron-ek.
Dokumental bikaina eta hasieratik bukaeraraino harrapatuko zaituena. “Viven” pelikula famatuan kontaturikoa, modu desberdin batean irudikatua, protagonisten testigantza, argazki, bideo eta dokumentuekin osaturikoa.
A lomos de la bestia
( 2011, Jon Sistiaga)
Piztia (“la bestia”): Mexiko gurutzatu eta Estatu batuerara iristeko asmoz , egunero ehunka hegoamerikar igotzen diren tren horretara . Helmugara iritsi baino lehen, askok, bizia galduko dutelarik.
Born into brothels
(2004, Ross Kauffman, Zana Briski)
Zana Briski argazkilari ingelesak Indian izandako abenturak kontatzen ditu dokumentalean. Prostituzioaren munduan jaiotako haurrei buruzko bizitza kontatzen du. Hezkuntza hobe bat ematen saiatzen da Briski testuinguru horretan jaiotako umeei. Bide batez, auzo gorri horretako bazterrak ezagutarazten ditu. Egoera horretan jaiotako umeek etorkizun on bat izateko ahaleginak egiten ditu, eta, horretarako, umeak gertutik ezagutzen ditu.
Human planet
(2011, Nicolas Brown, Mark Flowers,)
BBC kateak ekoizturiko miniserie-dokumentala , 8 atalez osaturikoa. Irudi zoragarrien bitartez, urteen poderioz gizakia eta naturarekiko erlazio hori moldatzen nola joan den erakusten digu atal bakoitzak. Ozeanoetatik hasiz, basamortu, oihan edo erreketatik pasaz, biziraupen istorio harrigarriak kontatuko dizkigu lan honek.
1: Ozeanoak 2: Mendiak 3:Oihanak 4: Zelaiak 5:Errekak 6: Artikoa 7: Basamortuak 8:Hiriak
Ônibus 174
(José Padilha, 2003)
Dokumental brasildarra, 2000. urtean Rio de Janeiron kokatzen da. Jendez gainezka zegoen autobus baten bahiketari buruzkoa. Telebistako irudiak, pertsonaien elkarrizketekin tartekatuz. Ikaragarria eta “beldurgarria”, zorroztasun eta zehaztasun handiarekin kontatua.
Kapitalismoa/ Kontsumismoa
Comprar, tirar, comprar
(2010, Cosima Dannoritzer)
Zaharkitzapen programatuari buruz RTVE-k egindako dokumentala. Eta zer da zehazki? produktu baten bizitza erabilgarriari bukaera zehatza ezartzeari deritzo, ekoizleak berak produktua diseinatu eta merkaturatzean aurreikusi dena. Horrela, erabiltzaileak behar baino lehenago baztertu beharko du erositako produktua, ekoizleak produktu horretarako ordeko osagairik eskaintzen ez duelako, edo produktua konpontzeko zerbitzu teknikoa bertan behera uzten duelako. Politika honen helburua kontsumoa areagotzea da. Izan ere, zaharkitzapen programatuak produktu berriak behar baino lehenago erostera behartzen du kontsumitzailea.
The Shock Doctrine
(2009, Michael Winterbottom)
Naomi Klein-en liburu famatuan oinarrituriko dokumentala, kasu honetan Michael Winterbottom zuzendua. Merkatu librean oinarritutako ekonomia ez da aurrera atera demokrazia eta askatasun giroan, herritarrek hala eskatu eta bultzatuta, baizik shock, krisi, larrialdi, hondamendi, gerra… garaiak aprobetxatuz eta, hainbatetan, inposatuta. Aski da etsai bat asmatzea, mamua, edo jendearen noraeza baliatzea, zas! eredu ekonomiko liberal bortitza ezartzeko. Hori da “The Shock Doctrine” dokumentalaren ardatza, Naomi Klein ekonomialariaren liburuan oinarritua.
Abiapuntua 1976ko Ekonomia Nobela jaso zuen Milton Friedman estatubatuarraren talka ekonomikoaren terapia da, merkatuaren erabateko askatasunean errotua. Eredu ekonomiko hori Pinocheten Txilen, diktadura garaiko Argentinan, Malvinetako gerraren osteko Ingalaterran… nola ezarri zen aztertzen du filmak, beldurrean oinarritutako ekonomiara iritsi arte, irailaren 11z geroztik.
Elizaren lotsak
Deliver Us From Evil
(Amy Berg, 2006)
Estatu batuetan, eliza katolikoaren eskandalu sexualei buruzko dokumentala. Oliver O’Gradyr-en kasua zehazki , eliza modernoan historiako pedofilorik ezagunena. 20 urteetan zehar, hainbat eta hainbat ume bortxatu zituena.
Bikaina eta harrigarria. Aspaldi irakurri nuen kritika batek esaten zuen ”hain beldurgarria, zeinetan Texas-eko sarraskiak parke batetik ibilalditxo arrunt bat dirudiela”. Posible al da ekintza nazkagarri hauei balazta jartzea, elizako hierarkia berak babesten baldin baditu? Ikusi beharreko dokumentala.
Jesus Camp
( 2006, Heidi Ewing, Rachel Grady)
Umeentzako kristau kanpamendu bati buruzko dokumentala, Ipar Dakotan kokatua. 6 urteko umeei ” jainkoaren armadaren soldadu kristau” izaten irakasten dietena. “Jainkoaren kanpamendu” hauetan, milioika umeei, kristautasun ebanjelikoa irakasten diete “kristorentzat Amerika konkistatu” dezaten eta estatu batuetako etorkizun politikoaren parte izan daitezen.
Dokumental honetan, “Kids on Fire” izeneko kanpamendura doazen 3 umeren esperientzietan oinarrituz (Levi 12 urtekoa, Tory 10 eta Rachel 9), kontakizun gordin eta harrigarria ikus dezakegu.
Euskal gatazka
Barrura begiratzeko leihoak
(2012, Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Txaber Larreategi)
Gaur egun 500dik gora euskal preso daude kartzeletan gatazka politikoarekin lotutako arrazoiengatik. Film horrek, ordea, beste modu batean heltzen dio gaiari, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariek azaltzen dutenez: “Guretzako, presoak ideal baten alde borrokatu diren pertsona normalak dira, gu bezalakoak”
Film luzeen erronkari behar den moduan erantzuteko Zinez ekoiztetxea sortu zen, eta hura arduratu zen filmaren ekoizpenaz, promozioaz eta zabalpenaz. 2012an estreinatu zen eta ordutik Euskal Herrian herriz herri ari dira emanaldiak egiten. Preso eta iheslarien eskubideen aldeko Ordiziako taldeak antolatu du biharko saioa.
Asier ETA biok
(2013, Aitor Merino, Amaia Merino)
Aitor Merino eta Amaia Merinok idatzitako eta zuzendutako dokumentala da, 2013an ekoiztua. Aitor eta Asier Arangurenen arteko adiskidetasun harremanaren bidez, ETAren eta euskal gatazkaren zergatiak azaltzen saiatzen dira zuzendariak.
Echevarriatik – Etxeberriara
(2014, Ander Iriarte)
Oiartzungo herrira mugaturik, dokumentalean, indarkeriak Ezker Abertzalearen ingurumenean eduki duen garrantzia aztertzen saiatuko dira, (azken hau talde handi eta anitzaz hartuz). Indarkeria noski, bere izaera eta izate guztietan, (ETArena, poliziarena, politikoa, herriarena, estatuarena, psikologikoa etab). Artarako, Ander Iriartek, ongien ezagutzen duen ingurumena erabili nahi izan du , izate handiago bat duen fenomeno baten ispilu lez.
Pluja seca- Euri lehorra
(Gorka Espiau)
Zenbait bitartekarik Hegoafrika eta Irlanda Iparraldeko bake prozesuetan egindako lana aurkezten digu TV3 telebista kataluniarrak eta Baleukok egindako dokumentalak. Euskal Herriaz duten iritzia azaltzen digute pertsona horiek. Orain arte ez da lan hau euskaraz ikusterik izan, eta ARGIAk itzuli du Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Besteak beste, John Hume, William de Klerk, Alec Reid, Brian Currin, Jonathan Powell, Mohammed Baba, Juan Jose Ibarretxe, Rufi Etxeberria, eta Paul Riosen hitzak jaso dituzte dokumentalean.
Hemen ikusgai
Tortura Euskal Herrian
(2008, Torturaren Aurkako Taldeak)
Dokumental honek Euskal Herrian ematen diren tortura kasuak ditu aztergai. 2008ko uztailean burutu zen polizia operazio batetik abiatzen da horretarako.
Hemen ikusgai
Haizea eta sustraiak
(2007, Joseba Iñaki Agirre Errazkin)
“Txiki”-ren bizitzaren bidez frankismoaren azken fusilamenduetan sartuko gara. Bere bizitza, bere historia, bere lagunak eta bere askatasunaren ametsak. Batzuk, argia eta oroimena heltzen ez diren hobi komunean ahanstura lurperatzen duten bitartean, bere senide, lankide eta frankismoaren kontrako militantziak, haien oroitzapenak eta diktadura garaiaren bukaerari buruz hitz egiten digute.
Oraindik ezabatu ez diren testigantzak dira. Bizirik dagoen historia da, gure berezko historiaren partea da.
Hemen ikusgai
Egunkaria hamar urte geroago
(2013, Begoña Atin eta Maite Ibañez)
2003tik 2013ra bitarteko irudiak, testigantzak eta elkarrizketak biltzen dituen dokumentala.
Hemen ikusgai
6 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Munduarekiko duzun ikuspegia aldatuko duten dokumentalak 1/2 | Ikusi makusi... zer ikusi? - […] Hementxe bigarren zatia. […]
Ikusi berri dugu Iximulew dokumentala, niretza ezinbestekoa , munduaren ikuspegi ikaragarri zorrotza eta argia bezain ximplea, kosmobisio MAYA.
Enunen ezagutzen, apuntauta!! ahal dudanean ikusiko dut. Mil esker gomendioagatik!
Aupa gaizka! Eskertzen dizut bilduma hau zabaldu izana, badago zer ikusi asko eta on. Neuk beste bat gehituko nuke gutxienez, orain dela gutxi ikusi dudan The Salt of the Earth, Sebastiao Salgado argazkilari brasildarraren inguruko dokumentala. Bertan, artea, bizinahia, etsipena, munduaren minak eta esperantza ikusi nituen, besteak beste. Argazki ederrez apaindurik, gainera. Niretzat ezinbestekoa.
Ondo segi!
Eskerrik asko benetan ekarpenagatik, besarkada bat!
comprar tirar comprar eta shock doktrina interesgarriak bezain beharrezkoak nire ustez. Inside job gehituko nioke bikote honi, egungo kapitalismoaren egoera ulertzeko ezinbestekoa den bertze dokumental bat nire iritziz. Orain dela gutti hasi nintzen argia irakurtzen eta ez naiz batere urrikitzen hau egin izanaz, kulturaren arloa bertze edonon baino agitzez landuagoa duzue. Twitterra egin beharko azkenean zu jarraitzeko XD
Inside Job, egia da! Eskerrik asko iruzkinagatik benetan!