Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Lasarteko kale-garbitzaileak
2020-01-30 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Lasarteko Okendo plaza, argitu berri. Grebalari talde batek ekin dio kalez kale “gaur greba eguna da!” oihuka. Taberna eta komertzio ia denak daude itxita, eta irekita dauden bakanen ateetan grebaren afixak itsatsi dituzte, informazio orriak banatu, lemak aldarrikatu. Irekita zegoen komertzioren bat ixtea lortu dute.
Hipodromo etorbidean gora Uistin kale izkinan kalea garbitzeko gurdi motorduna dabil, erratz automatikoekin atzera-aurrera, “ttur-ttur”. Grebalari batzuek afixa jarri diote gurdi makal honi ere. Eszenak badu komikotik zerbait. Umore zakarrez hartu du ordea kale-garbitzaileak. Makinatik atera eta errieta batean ekin dio afixak kentzeari. Grebalariek lasaitzeko eskatu diote, gaur ez dela lanerako eguna…
Une bateko xextra izan dena, saltsa bihurtu du instantean bertan etorri den ertzain pareak. Bideoak erakusten du nola grebalari bat bereizi duten besteengandik, eta identifikatzeko eskatu dioten.
Momentuan ertzainen furgoneta bat etorri da eta beste lau bat agente joan dira grebalariengana, horietako bat eskutan arma handi bat duela, umeek jostailu berria dutenean egiten duten moduan erakutsiz.
Ertzain armatuak zuzen jo du mugikorraz armaturiko kazetariarengana eta ondoren izan duten elkarrizketa idatzita dago txio hari honetan:
Ertzainak bakoitzari bere estatu-txartela itzuli dionean aurrera jarraitu du kale bueltak.
Banketxe aurrean grebalari batzuek egindako parodiak umore gazia plazaratu du: hipotekak eskaintzen ari dira, baita “langileen zukua” ere.
Okendo plazara itzuli dira, bidean batu zaien jendearekin, talde askoz handiagoa da orain. Urbil merkatal gunera joango dira.
“Ondo hasi dugu eguna” pentsatuko zuten herritar bakoitzari zenbaki bat esleitzen dion estatuko txartela ertzainei eman behar izan dieten grebalariak, kazetariak eta argazkilariak. Greba egun osoa dago aurretik, zenbat herritar identifikatuko ditu poliziak egunean zehar Euskal Herri osoan? Mozal Legeak txeke zuria luzatzen dien polizia indarren apetaren eskutan geratuko da herritar horien guztien izena, nahi dutena egotz diezaiekete. Oso dantzatua izan den kantuak gazteleraz dioen bezala, si te mandan una carta…
Irabazten jakin, txapela kentzeko moduan
2019-12-16 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Txikitatik dira txapeldun Gaztelumendi anaiak. Beti da zaila irabaztea. Beste zerbait da, txapela kentzeko moduan txapela eramatea. Hala zeramaten irabaztearen kontua bi txikitoek.
Erraz egiten zuten bertsotan Hernaniko bertso eskolara lehen aldiz etorri zirenerako. Aldiz, bere adin bereko bertso eskolako kideentzat hasiera garaiak ziren. Eta zer? bertso bakoitza entzunaz gozatzen zuten. Taldeak bakoitzari aitortzen zion bere “bertsotarako gaia”, bakoitzak txiripaz edo intentzio osoz, bertsotara eramatea lortu zuen zera hori. Plazako bertsolariak miresten zituzten, bati entzundako bertsoa eta besteak txapelketa hartan kantatutakoa ikasi eta maiz kantatzen zituzten kideen artean. Elkarrekin ilusio handiz prestatzen zuten txapelketa eta batez ere, taldekako agurra:
“Gure auzoa ezagun
egin du Unanuek
berdin egingo degu
gaur bi enanuek!”
Bota zuten taldekako agurra, Añorga auzoaren izena loriatzeko aukera baliatuz beti eta Mikel Unanue pilotari mitikoa inbokatuz. Mikrofonora hanka-puntetan jarrita ere ozta-ozta iristen ziren pottoki ahotsdun garai hartan. Eta txapelak iritsi ziren, bata bestearen atzetik.
Puntuazio altuenari lotuta haien izena entzun zuten bakoitzean, begien dir-diran eta irri lotsatian azaleratu zuten poza. Lorpen handienen uneetan ere, ez zitzaien futbolarien gol txoro bakoitzaren osteko ospakizun arranditsurik ikusi.
Bertso eskolan ospatu genuen final bakoitza. Hasieran taldean eta ondoren bakarka irabazitako txapelak talde osoak ospatu zituen, denak sentitzen ziren garaipen horretan parte. Saioko une gogoangarrienak biziberritzea zen kontua, litxarreria kraskatsu eta gasdun freskagarriak irentsi artean. Bakoitzak besteen bertsoaldi mitikoenak kontatzen zituen parodia ahalik ongien eginez, inork ez zituen norberaren bertsoak nabarmendu inoiz.
Irakurriko genukeen errelatoa
Kide guztiak bezala, bi ume izan ziren. Ia inor bezala, ia txapela guztiak jantzi zituztenak. Eta helduen begirada ere bazuten: bertsotan kantatzen zituzten arrazoiak, ez ziren beti bizitza laburrak emandako eskarmentutik ondorioztatuak. Nondik zetozkien? Bertso zahar eta berriz gainezka zuten ganbaratik, noski, Xabier eta Pili gurasoek umeen zaletasunari jaten eman izanari esker. Ume artean bat gehiago ziren eta bazekiten helduen artean portatzen, gai ziren Usurbilgo bertso eskolan helduekin arratsalde ederrak pasatzeko.
Umeen bizipenak zituzten, eta aldi berean, bazuten egoeraren kanpoko begirada heldu hori, kritikoki aztertzeko txapelketen presioa, bereizteko hedabideetako momentuko aparraldia eta egunero bertsolaritza bizitzearen poza, erlatibizatzeko garaipenen balioa eta pasatutako une larrienak umorerako gai bihurtzeko.
Umetatik hainbestetan irabazi duen Gaztelumendi batek, kontatuko balu zergatik izan zuen hasieratik bere ikaskideen aurrean ez nabarmentzeko jarrera fin eta inteligente hori, eta tartekatuko balitu bere ume bizipenak eta garai hartan bertan zeukan bere bizipenen kontzientzia heldua, opari ederra litzateke gaur egun dena irabazi behar duten umeentzat eta baita arrakasta pertsonalerako gakoz apalategia beterik duten helduentzat ere.
Koldo Izagirreren “Mendearen umeek munduari desafio” hitzaldia: Euskal Herriak hontan iraun ez dezan
2019-05-22 // Kultura, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Argazkia: Dani Blanco.
Koldo Izagirreren Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiak ireki du maiatzaren 21ean Zerukotik lurrekora zikloa. 70 lagun inguru elkartu ginen Donostiako San Telmo Museoan, ARGIAren mendeurrena ospatzeko burutzen ari den zikloaren lehen ekitaldira. 1958-1964 urte bitarteko Zeruko Argiako artikulu hautatuak irakurriz josi zuen Izagirrek hitzaldiaren haria. Besteak beste, gai hauei buruzko iritzi artikuluak entzun genituen: Zeruko Argiako harpidetza pagatzeaz, Unamunoren balizko euskaltasunaz, langile klasearen eguneroko bizimoduaz, euskara maitatzeko zergatiez, “hemen euskaraz hitz egiten da” afixaren ekarpen ustelaz, erdaldundutako herrietan euskaraz irakastearen zentzuaz, eztabaida ideologikoetako poesia faltaz… Izagirrek (ia)osorik irakurri zituen artikuluak, eta entzuleak estimatu zituen artikuluen artean Izagirrek umore finez egin zituen lerro arteko irakurketak.
Zeruko Argian soka luzea ekarri zuten iritzi artikulu bidezko eztabaidak entzunda, ondorio modura Juan San Martinen esaldi hau gelditu zitzaigun bati baino gehiagori buruan iltzatuta: “Euskerazko astekari batek epelkerien lapikoa baino zerbait gehiago izan behar du”.
Hitzaldiari izenburua eman zion Arestiren artikulu baten pasartea irakurriz (Zeruko Argia, 1964-03-14) amaitu zuen Izagirrek hitzaldia: “Euskal kulturadun hutsak ezin bagintezke, asma dezagun kultura berri bat, munduko kulturaren abangoardian martxa gaitezen. Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Horrela salbatuko gara”. Pasarte honi tiraka, honela biribildu zuen jarduna Izagirrek: “Kultura berri hori umotzen hasia zen eta Arestik berak ere lanak izan zituen, zenbaitetan, asimilatu ahal izateko. Nekez, zalantzaz, kontradikzioz, aurrerapusoz eta atzerajauziz, bazetorren euskalduntasun modenoaren hedatzailea izan genuen 1963 hartatik aitzina Zeruko Argia aldizkaria: Euskal Herriak ‘hontan iraun ez dezan’ saiatu zen sutsu garai hartako gazteriaren multzo kontzientziatua”.
Eztabaidarako atalak eta iritzigileak
Zeruko Argiak eztabaida sustatzeko izan zituen atalak ezagutu genituen Izagirreren hitzaldiaren bidez, eta atal haietan idatzi zuten sinadurak.
1963an Ezta…baida atala estreinatu zen eta bertan ugari idatzi zuen Eibarko euskaltzaleen nukleoak: Juan San Martin, Serafin Basauri, Imanol Laspiur… beste egile hauen artikuluak ere irakurri zituen Izagirrek: Joxe Azurmendi, Jose Maria Etxaburu “Kamiñazpi”, Gurutz Ansola…
Garai berean Esamesak atala ere egon zen, hasieran Arantxa-k eta ondoren Urreta’tar Miren Arantxa-k sinatua.
1964an Idoyaren egunerokoa atala idatzi zuen Idoia Auñamendi sinatutako batek, “Idoya Estornes suposatzen dut” zehaztu zuen Izagirrek.
1965-1968 artean Gazte Naiz atala izan zuen Zeruko Argiak. Ramon Saizarbitoriaren sei artikulu argitaratu ziren lehen sei asteetan. Izagirreren hitzetan: “Sei artikulu hauek ildo bat markatu zuten, tituluetatik bertatik: Jaiak, atseden / Gazte zarrak / Eginbeharrak / Ez naiz jatorra…”.
Sinadura hauek aurki daitezke Gazte Naiz atalean: emakumeak asko, Garbiñe, M. K. Uranga, Mari-Beltz, Ane Garin, Mari Karmen Garmendia, Arantxa Gurmendi, Maddi, Miren Olarreaga, Begoña Arregi, Itziar Bikendi, Alberdi’tar Miren Itziar, Maria Luisa Olaziregi, Ikerne Irizar, Mirentxu… eta gizonezkoen artean Iñaki Beobide, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Gomiga (Gotzon Garate), Anjel Zelaieta…
1967an Gazte Naiz atalaren barruan beste atal hau abiatu zen: Hemen Gazteagoak. Bertan idatzi zuten 18 urte inguruko gazte hauen artikuluak irakurri zituen hitzaldian Izagirrek: Joxemi Zumalabe, Itziar Bikendi, Antton Santamaria eta Rafa Egiguren.
Rafa Egigurenen artikuluak itzal handiko kultur gizonen erantzun katea ekarri zuten: Gabriel Arestik idatzi baitzuen kontra eginez, eta ondoren Carlos Santamariak, gaztearen alde.
Klase kontzientziaren konpainian zinemara bazoaz
Koldo Izagirrek irakurritako artikulu asko eta askorekin gozatu genuen hitzaldian. Kuttunenetako bat hau egin zitzaidan lehen entzunaldi hartan. Plazer duenarentzat:
Motorraren Gañean (Bilbo egaleko historiak) (Angel Zelaieta. Zeruko Argia, 1967-06-11)
Gaur arratsaldean Bilboraño allegatu naz pelikula bat ikustera. Eguzki epela, giro biguna, arratsalde gustagarria… Ta ni motarraren gañean Bilboruntz; lenengo burdibide batetik behera, gero karretera yeneralean zear, motor gañean, Bilbora, zinea ikustera.
Pelikula polita izan da; ezta egon yente askorik; eta egoan yentea denpora-pasa sartutala zala zirudian. Begira nengoan begira, baña nere errikorik, Bilbo egal onetakorik, ez egoan iñor!
Gero barriro motor gañean, guanteekin, kaskuarekin eta bakarrik Bilbo egal onetara itzuli naz, behetik gora burdibide baltz batetik.
Nere barruan beste persona bat egoan ta ni kamiñoari begira txofertzen nentorrela, barrutik preguntaka egoan:
—Ba al daukak deretxorik olan alaiki ta zinera yuateko, ireak lanean triste diarduenean; ire umeak zikin xamar yantzirik, barrio zikin orretan, yoko zikinak egiten diarduen bitartean; ire barrioko andrak ontziak garbitu ondoren, etxeaurrean eguzki epeletan erropa zaharrak erreparatzen diarduen bitartean…
—Ba al daukak deretxorik ire yentea ”ertzean” bizi dan bitartean i ortik zear alaiki, kamiño barrietan zear, zinera yuateko…
—Ba al daukak deretxorik ire yentea barrio triste batean buruak eta soiñak triste yantzirik dituen bitartean, i uri dotorera, zine elegante batera motor gañean yuateko…
Nere barruan etorren persona ori oso kargantea da; banengoan ardaua eskeiñi, mozkortu ta ixildu eragitekotan be, baña ezta olan izan.
Pentsatzen yarri naz, ta nere yenteak berak egin ta beretzat dan zine bat zelan egingo pentsatzen lokartu naz.
PSE-EEko zerrenda da Larraulen eta Berrobin aurkeztu den bakarra: orain zer?
2019-05-21 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
PSE-EE alderdiak Larraulen aurkeztutako zerrenda horretan ez dago pertsona bakar bat ere herrian bizi denik. Beste hautagaitzarik aurkeztu ez denez, Udalean informazio eske galdera sartu du herritar batek.
Zenbat boto atera behar ditu aurkeztu den zerrenda horrek, alkatetza hartzeko?
Larraulgo Udalak galdera honi erantzuteko Hauteskunde Araubide Orokorraren 180. Artikulura jo du. Honen arabera, boto baliagarrien %5 lortu behar du gutxienez, aurkeztu den zerrendak zinegotziak eskuratzeko.
Boto zuriak ere baliagarriak dira
Boto baliagarriak bi dira: aurkeztu diren hautagaitzak eta boto zuriak. Beraz, PSE-EEren alkatetza nahi ez duen herritarrak hauxe du igandeko bozketan hori ekiditeko aukera bakarra. Zuri bozkatu, PSE-EEren hautagaitzak boto baliagarrien %5 lortu ez dezan.
Boto zuria ez da paper zuri bat
Inoiz zuri bozkatu ez duen herritar askok jakin ere ez du egingo zuri nola bozkatzen den: sobrea hutsik sartuta. Beste modu batzuk ere boto zuri gisa hartzen ditu Hauteskunde Araubide Orokorrak, baina ez dira posible aurtengo Larraulgo kasuan: adibidez, legez kendutako hautagaitzaren alde eman den boto-papera.
PSE-EEk boto baliagarrien %5 lortuko ez balu, nork kudeatuko luke Udala?
Larraulgo Udalak kontsulta egin dio Eusko Jaurlaritzako Araubide Juridikoen Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari, eta hona jaso duen erantzuna: “Aipatzen duzun kasua gertatuz gero, hauteskundeen legeak ezartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzorde kudeatzaile bat osatu beharko duela. (…) Batzordea 2015eko udal hauteskundeetan boto gehien jaso zituen alderdi politikoko hautesleez osatuta egon behar da. Hori posiblea ez balitz, Aldundiak batzordea osatuko du borondatez aurkezten diren pertsonekin”.
Borondatezko pertsonekin batzordea osatzea: ez litzateke lehen aldia
Aurtengo hauteskundeetan Larraulen egoera berean dago Berrobi, hau ere Tolosaldeko herria. Eta bi herri hauen egoera berean egon zen 2015eko udal hauteskundeetan Albiztur. Borondatezko pertsonekin batzordea osatuta kudeatu dute herria azken lau urteotan.
Leurtzan ezagutu ditugun anfibio eta narrastiak
2019-05-20 // Plan tematikoak // Iruzkinik ez
Txantxiku arrunta. Europako aporik zaharrena. Sakanan kunkuna deitzen zaio, bere txistuak egiten duen hotsa dela-eta.
ARGIAren mendeurrena ospatzeko, maiatzaren 18an ARGIA Jendea Leurtzako urtegietan ibili ginen, Iñaki Sanz-Azkue, Ander Izagirre Egaña eta Alberto Gosá adituen laguntzaz, anfibio eta narrasti bila. Goizean talde batek egin zuen txangoa, eta Beintzako frontoian bazkaldu ostean, arratsaldean beste talde bat ibili zen. Euri zaparradek ez zituzten kideak atzendu, baina ez zen batere giro aproposa behaketarako, anfibio eta narrastiak gu bezala ezkutuan egoten baitira euria eta hotza denean. Hala ere hainbat espezie ikusten aukera izan genuen, eta bi aurkikuntzen lekuko izan ginen, egun bakarrean!
Goizeko taldea, lehor eta irribarretsu.
Arratsaldeko taldeak eguraldi okerragoa izan zuen, baina arrabioa eta suge-belarra ikusteko ohorea.
Uhandre pirinearra eta suge-belarra
Hiru adituak goizean goiz joan ziren Leurtzako urtegira, eta katiuskak jantzita, belaunetaraino bustita aritu ziren ordubete espezie berezi baten bila. Baita aurkitu ere! Potean sartu, eta goizeko zein arratsaldeko txangoetako kideei erakutsi zieten aurkikuntza: “Uhandre pirinearra. Mundu osoan Pirineoetan baino ez dira hauek aurkitu. Leurtzako urtegietan 1981-1982an ikusi zituzten, eta geroztik hauek bertan ikusi gabeak ziren. Gu gara ikusten hurrengoak! Besteak beste, espezie hau ikusteagatik hautatu dugu Leurtza txangoa egiteko”.
Uhandre pirinearra, Leurtzako txangoari ekiteko lehen sorpresa.
Uhandre pirinearrak begietara begiratzen digunean…
Bigarren aurkikuntza egunaren bukaeran etorri da, txangoan parte hartu duen Tolosako kide baten eskutik, iratzeetan aditua bera: Iratze oso berezi bat da, hosto zabal baten ondoan jaiotzen dena, zutoin bakarrean tente. “Suge-belarra deitu zaio, miztoaren itxura hartu ahal zaiolako”.
Belardi horretan iratze jaio-berri bat aurkitu egin behar du pertsonak!
Seinalatuta ere, nahiko lan.
Aurkitu ditugun espezieak
Sugandila ar eta emea esku banatan, bien arteko ezberdintasunak azaltzen. “Zorionez, naturan dena askoz aberatsagoa da, horregatik da oso zaila ar-eme bereiztea”.
“Orain utzi niri horma-sugandila”. “Itxaron pixka bat, nire txanda da-ta!”.
Sugandilek isatsa galtzea erabaki dezakete biziari eusteko baina energia galera izugarria ekartzen die eta kartilagoa hazi artean zaurgarritasun handia: oreka eta mugimendua ez dituzte hain finak, gutxiago atera ahalko dira jan bila eta jaten duten guztia isatsa berreraikitzeko beharko dute.
Zirauna zer da, sugea ala sugandila mota bat? eta zergatik? umeek asmatu dute erantzuna.
Sugeak ez dira euritara atera. Argazki handien bidez eman dituzte espezieen azalpenak hiru adituek.
Uhandre palmatua.
Sugandilen arrautzak. Ba al zenekien habi kolektiboak izaten direla eta sugandila bakoitzak 4-6 arrautza jartzen dituela bertan?
SOS anfibioak
Alberto Gosák azaldu digu egoeraren larria: onddo patogeno batek anfibio asko (txantxikua, uhandre palmatua…) erabat desagerrarazi dituela aste gutxitan bai Europa iparraldean, bai Iberiar Penintsulako hainbat tokitan. Iñaki Sanz Azkuek emandako azalpenaren arabera, “anfibioek hain azal fina izanik, airean eta ingurumenean dauden edozein partikulek zuzenki eragiten diete, adibidez kutsadurak, pestizidek… Oso bioadierazle onak dira, hau da, anfibioak gaizki badabiltza, erne! esan nahi du zerbait ez dabilela ongi leku horretan. Klima aldaketa sumatzen ari da anfibioetan. Eta gainera, kulturalki hain fama txarra dutenez, beren egoera oso larria da. Anfibioen %30 desagertze arriskuan dago”.
Txantxikuetan arra da arrautzak bizkarrean eraman eta zaintzen dituena, egunero putzuraino joan eta bustiz, eta ondoren ezkutalekuan mantenduz.
Naturarekiko errespetuz
Biologoek jarritako baldintza betez, talde mugatua izan ziren goizekoa zein arratsaldekoa. Biologoek anfibio eta narrastiak hartzeko baimena eskatu zuten Nafarroako Gobernuan, eta beraiei oharrei jarraituz aritu ziren gainerako kideak. Behin izaki hauek behatuta, bere ingurunera nola itzuli azaldu zuten: aurkitutako leku berean utzi, lehenik harria jarri lehen zegoen leku eta modu berberean, eta ondoren anfibio edo narrastia utzi harri azpian (ez alderantziz).
Bertakoek udan itzultzeko gomendioa egin digute: urtegia erabat beteta, bainatzeko eta eguna bertan emateko paraje zoragarria da. 671 metrora dago.
Elkarrekin beste ehun urte!
Talde anitzak elkartu dira: umeak, helduak eta gazte izanak; Leurtza inguruko herrietakoak eta Bizkaia eta Gipuzkoakoak; biologoak eta espezie hauekiko azalpenak lehen aldiz entzun dituztenak… giro lasai eta irekian partekatu dugu eguna. Urroz eta Beintza-Labaiengo udalen ekarpenari esker musutruk izan dugu gaurkoan sarrera (gainerakoan, pertsonako 3 euro ordaindu behar da urtegietara sartzea). Eta erakunde publikoen laguntzari esker, landa koaderno bana jaso dugu, anfibio eta narrastiei buruzko informazioa bertan idazteko.
Landa-koadernoan apunteak fin hartu dituenik bada!
Eguerdian ardo eta zuku ekologikoz topa egiterakoan, edo egunaren amaieran entzun den irrintziarekin, beste ehun urte desiatu dizkiogu ARGIAri. Kezka batekin itzuli gara etxera, ordea: ehun urte barru zenbat anfibio eta narrasti ikusi ahalko dituzte Leurtzan, espezie hauen %30 desagertzeko zorian direla jakinda?
Mila esker Ander Izagirre Egaña, Iñaki Sanz-Azkue eta Alberto Gosá. Zuen azalpenei esker txangoa luxua izan da.
Nekane Zabala: “Kale garbitzaileekin parekatu behar ditugu epaitegi eta komisaldegi barruko garbitzaileon baldintzak, soldata arrakala gainditzeko”
2019-04-30 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Apirilaren 29an, Donostiako Kaxilda liburu-dendan Emakumeak greban mahai-ingurua antolatu zuten ELAk eta ARGIAk elkarlanean. Hiru hizlari hauek aritu ziren gela bete jenderen aurrean, bakoitza borroka bana kontatzen: Onintza Irureta ARGIAko kazetaria eta Berdea da more berria liburuaren egilea; Aitziber Aranberri Gipuzkoako zaharren egoitzetako langilea eta Nekane Zabala Hernaniko polizi-etxearen garbitzailea.
Onintza Iruretak eman zion hasiera solasaldiari, Bizkaiko zaharren egoitzetako greba arrakastatsuaz argitaratu berri duen liburuari tiraka.
Jarraian, Aitziber Aranberri Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen grebaz aritu zen.
Nekane Zabalak eman zion bukaera. Iruretak galdetu eta Zabalak erantzun, Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako langileen greba aztertu zuten:
[Onintza Irureta] Nekane Zabala Hernaniko polizi-etxearen garbitzailea da. Garbialdi enpresak dauka kontratatuta. Duela 23 urte hasi zen lan horretan eta 19 bat urte daramatza lanpostu finkoa duela. Sektore horretako ia 40 lagunekin batera greban dago irailaren 19tik.30 langile zarete komisaldegietakoak, eta 7 epaitegietakoak. Zer moduz zaudete?
Patronalarekin bilera egitetik nator. Eskaintza bera egin digute gaurko bileran, ez dugu ezer aurreratu. Beti zoaz txarrenerako prestatuta, baina beti da ipurdiko handia horrelako bilera. Orain berriz beste bi aste barrurako mobilizazioak prestatzen hasi behar…
Greba luze doa. Nola eusten zaio, esaterako, gaurkoa bezalako egun zailetan?
Hasieran etsitzeko jarrerak ateratzen dira gure artean, baina gero bestelakoak: ezin dugu atzera bota orain arte egindako guztia, beraz, elkarri animatu eta besterik ez dago, elkartu eta segi.
Zer lan egiten duzue?
Komisarian edifizio guztia garbitu behar dugu eta bi garbitzaile gaude barrua eta kotxe guztiak garbitzeko. Lehen bi geunden barrukoa egiteko bakarrik, orain lanaldi erdia murriztu dute baina metroak berak dira. Lana gogorra da, asko zikintzen diren tokiak dira, sukaldeak daude, komonak, azulejoak, tailer mekanikoa…
Detenitu zona bat da, hor daude kalabozoak, abokatu gela… Gu komisaldegietako garbitzaileak gara eta kalabozoa garbitzeagatik ez dugu plusik. Kalabozo sarreran jartzen du sarnaren kontra eta beste hainbat gaixotasunen aurka prebenitzeko zer egin behar dugun… zenbat kalabozo garbitu ditugu doan? Oso gauza desatseginak tokatzen zaizkigu, eta argazkiak ateratzen ari gara. Plus hori lortu ezinik gabiltza. Gutxienez, merezi dezala hura garbitu behar izateak!
Zein dira zuen eskakizunak?
Gure eskaerak murrizten joan gara. Hasieratik eskatu dugu Garbialdi enpresak kale garbitzaileekin dituen lan baldintzekin gurea parekatzea, horrela soldata arrakala gainditzeko. Kale garbitzaile baten oinarrizko soldataren eta komisaldegietako garbitzaileen artean %13ko aldea dago eta epaitegietako garbitzaileekiko %7ko aldea. Hau ez da kasualitatea, komisaldegietan urte asko egon gara mobilizatu gabe, eta igoerarik ez dugu izan. Epaitegietakoek bai, borrokatu izan dute eta horregatik daude hobeto.
Denok gara garbitzaileak, lana bera da. Baina kale garbitzaile ia denak gizonak dira eta barrua garbitzen dugunak ia denak emakumeak. Genero kontua dela garbi diogu. Enpresak ez du onartzen soldata arrakala dagoenik.
Noski, guk lortzen badugu kale garbitzaileekin lan baldintzak parekatzea, atzetik emakume pila altxatu daitezke… berdintasuna bai, baina hainbeste berdintasun, ez dakit gizarteari komeni zaion… [ironikoki, publikoa barrez jarri du]
Lehendakaritzan ere izan zineten.
Askotan entzuten diogu Urkulluri berdintasunaren alde adgoela, eta pentsatu genuen lehendakaritza aurrera joatea kale garbitzaile jantzita eta bizarra jarrita.
Gutxieneko zerbitzuak bermatu behar dira greban. Egokiak dira?
Beraientzako bai. Dena da kaleko imajina. Gutxieneko zerbitzuetan, komonak egitera astelehen eta ostegunero joan behar dugu. Gero minimo gehiago jarri zizkiguten, 15 egunero dutxak eta aldagelak. Kalabozoak detenituak daudenero, alegia, ia egunero.
Kanpotik ez da ikusten gure greba, barruko langileek sufitzen dute zikintasuna. Gu ez gara langile asko, egunero gabiltza ekimenetan batetik bestera, baina ez du oihartzunik.
Otsailean dekretua atera zen, goitik behera garbitu behar zenutela esanaz.
Bost hilabete generamatzen greban, eta umiliatzea izan zen. “Garbiketa berezia” egin behar genuela agindu ziguten, goitik behera garbitu behar genuela. Langile denak galdezka ‘hasi zarete?’, ‘ez, behartu gaituzte…’ eta Jaurlaritzako bat etorri zen konprobatzera dena ongi garbitu genuen, eta bestela biharamunean joateko garbitzen jarraitzera.
Arratsalde horretako langileon asanbladan indar handia hartu genuen, ze garbi egon zen inor ez geundela prest greba uzteko. “Garbiketa berezi” horietako baten ostean zerbitzu minimoak egitera sartzen zarenean ikusten duzu bost hilabeteko greba pikutara doala, dena garbi baitago, badirudi ez dela ezer pasa.
Batzuk ezin dute greba egin… Zeintzuk?
Gure atzetik sartu diren langile denek. Guk badugu antzinatasuna, finkoak gara… behar larria dauka jendeak, ezin du ezetz esan, eta horien zain ezin da egon, ez daude afiliatuta ere…
Nolako harremana duzue garbitzaileak ez diren komisarietako langileekin?
Ez digute greba oztopatzen, ahal dutena egiten dute, kexa eta kexa ari dira, argazkiak ateratzen dituzte, arratoiak ere azaldu dira… eremu itxi bat da, kanpotik ez da ikusten barruan gertatzen dena, eta langile hauek ere jabetzen dira beren egoeraz ez direla batere arduratzen, ez gutaz bakarrik. Estrategia bat da, nahi dute gu langile horiekin enfrentatzea, eta ez dira lortzen ari. Ikusi dute hainbeste kexa jarrita inork ez duela ezer egiten, eta esaten digute orain greba ez uzteko, jada egindako guztia eginda, lortu arte jarraitzeko.
Bizkaikoa eredu da?
Bai, jabetzen garelako gurea ere emakumeen lana dela, eta ez dela soldata gisa hartzen, soldatatxo bat balitz bezala hartzen dute.
Greban gauden emakume langile denok elkarrekin hitz egingo bagenu, seguru jabetuko ginatekeela gauza pila bat antzekoak bizi ditugula. Zure liburua [Onintza Iruretaren Berdea da more berria-z ari da] irakurtzean jabetu nintzen gauza askotaz, orain arte pentsatu ez nituen egoerez, hain justu emakume garelako asumituta ditugulako, baina irakurtzean pentsatzen dugu “hau nik ere sufritu dut…”.
Epaitegietan greban dauden langileak 6 bakarrik dira, 30 langiletik. Baina greban dauden 6 horiek txapeldun batzuk dira.
Aitziber Aranberri: “Ez gara iristen, jende gutxi gaude zaharren egoitzetako egoiliarrak artatzeko, eta Aldundiari ez zaio axola?”
2019-04-30 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Apirilaren 29an Donostiako Kaxilda liburu-dendan Emakumeak greban mahai-ingurua antolatu zuten ELAk eta ARGIAk elkarlanean. Hiru hizlari hauek aritu ziren gela bete jenderen aurrean, bakoitza borroka bana kontatzen: Onintza Irureta ARGIAko kazetaria eta Berdea da more berria liburuaren egilea; Aitziber Aranberri Gipuzkoako zaharren egoitzetako langilea eta Nekane Zabala Hernaniko polizi-etxearen garbitzailea.
Onintza Iruretak eman zion hasiera solasaldiari, Bizkaiko zaharren egoitzetako greba arrakastatsuaz argitaratu berri duen liburuari tiraka. Jarraian, Aitziber Aranberri eta Irureta elkarrizketan aritu ziren, kazetariak galderak pausatu eta Gipuzkoako zaharren egoitzetako gerokultoreak erantzun:
[Onintza Irureta] Aitziber Aranberrik Donostiako Ategorrietako Villa Sacramento egoitzan egiten du lan, eguneko zentroan. DomusVi enpresa multinazionalak kudeatzen du egoitza. Duela dozena bat urte hasi zen sektore honetan lanean. Lanpostu finkoa lortu eta segituan afiliatu zen ELAn. Duela lau urtez geroztik ordezkari sindikala da. Martxoak 8an Bulebarreko ekitaldian hitza hartu zuen eta bere hitzartze kementsua buruan izango dugu askok.
Iazko irailean hasi zineten greban, Gipuzkoako zaharren egoitzetako garbitzaile, gerokultore eta erizainak. Zer moduz zaudete?
[Aitziber Aranberri] Indartsu, baina gorabeherekin. Eskatzen duguna ez da astakeria bat, eta seguru gaude lortuko dugula, bukaeraraino jotzeko prest. Nekatuta? bai.
2017tik zuen lan hitzarmena geldirik dago. Zein dira zuen eskakizunak?
Enpresa hitzarmena eta lurraldekoa biak batera sinatzea, sinadura bikoitza izatea. Eta 2017a eta 2018a ere sartzea hitzarmen berrian.
Lanaldi osoak eta kontratu mugagabeak eskatzen ditugu, horrek ekarriko baitu sektorea egonkortzea.
Plantila %10-15 igotzea zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta prekaritatea bukatzea. Ebentualen kontratuak oso prekarioak dira, rotazio ikaragarria dute…
Soldata igoera eskatzen dugu: lau urtetan IPCa eta %8a. Horrekin soldata arrakala murriztu nahi dugu, ze formaziorik gabeko gizon azpikontratatuek baino %30 gutxiago kobratzen dugu, urtean 6.000-7.000 euro.
Jaiegun eta igandetako plusak igotzea eskatzen dugu, ze urtean 365 egiten da lan sektore honetan. 20 minutuko atsedenaldia daukagu egunero, eta horietatik 10 minutu ordaintzen dizkigute baina beste 10 minutu ez, alegia, 7 ordu sartzen ditugu lantokian baina 6 ordu eta 50 minutu ordaintzen dizkigute.
Lan baldintzak patronalarekin negoziatu behar dituzue baina Gipuzkoako Aldundiak badu bere ardura. Zer jarrera du?
Finantzazioa Aldundiaren esku dago. Aldundiak esan zuen: zuek adostu lehenik patronalarekin, eta guk finantzazioa jarriko dugu. Patronalarekin aurreakordio batera iritsi ginen, baina Aldundiak atzera bota zuen, ez zuen finantzaketarik jarri. Nonbait, uste baino garestiago atera zaio Aldundiari patronalarekin lortutako aurreakordioa. Aldundiak ez zuen onartu, eta ELAren proposamen unilaterala zela esan zuen publikoki. Eta hor dago, harremana izoztua.
Zaharren egoitzak beste modu batez kudeatu behar lirateke? Pribatizazioak zuen prekaritatea dakar…
Zerbitzu publikoa eskaintzen dugu baina enpresa pribatuak kudeatzen ari dira, eta enpresak diru etekina bilatzen du. Gure sentsazioa da Diputazioak ez duela inongo jarraipenik egiten, nola eramaten den kudeaketa. Greba egunetan bai, axola zaiena egoiliarren ongizatea da, baina greban ez gaudenean zer? ez gara iristen, jende gutxi gaude denak ongi artatzeko, eta orduan Aldundiari ez zaio batere axola? Maite Peñak esan zuen Batzar Nagusietan “egoiliarren ongizatea zaindu nahi dugu greban”, bai greban eta urte osoan ere bai! Gero eta dependentzia altuagoko egoiliarrak etortzen dira: bizi itxaropena gero eta handiagoa da, etxean ahalik gehien egoten dira, eta beraz, zaharren egoitzara datozenek gero eta dependentzia handiagoa dute. Langile kopuru berarekin lan gehiago egin behar dugu egoera horretan.
Bizkaian Babestu elkartea sortu zen, grebalariak babesteko, lehen aldiz. Aurreko grebetan zaharrak abandonatzea leporatzen zitzaien grebalariei. Badirudi Bizkaikoan aldaketa sumatu dutela. Zuek nolako harremana duzue egoiliar eta senideekin?
Egoiliarrek ulertzen dute, ze egunerokoan ikusten dute bizitzen duguna. Senideekin aurreko grebetan sentsazio inkomodoa izan dugu, eta aldiz, oraingo grebetan hasi dira egoitza ezberdinetakoak elkar ezagutzen, harremanetan jarri dira eta babesa eskaintzen ari zaizkigu, hurrengo asteetan guri babesa adieraziz prentsaurrekoa emateko asmoa dute, Aldundia interpelatuz.
Gizartearen aldetik zer jarrera sumatu dituzue?
Zaintza lana beti emakumeek egin izan dugu, isilpean, errekonozitu gabe, egin beharrekoa zen… uste dut gizarteak hori oso barneratua duela eta ez duela ikusten zer lan egiten dugun. Orain profesionalizatu denean, prekarizatuta dago, gaizki ordainduta, eta oraindik ere onartu gabe dago gizartean. Bizkaian lortu zen zaharren egoitzetako lana ikusgarri izatea, hemen ez hainbeste. Ea lortzen dugun.
Zuentzat eredu izan da Bizkaiko greba?
Bai, ikaragarrizko oihartzuna izan zuen, gu ere joan izan ginen manifestazioetara, ikusten zen zenbat jende mugitzen zuten, kamiseta berdeak ezagun egin ziren…
Zuen lanaren okerrena zer da?
Lan fisikoa eta psikologiko oso gogorra da. Obrako langileak bezain nekatuta ateratzen gara. Psikologikoki ere bai, pertsonekin ari gara lanean, bakoitzak bere beharrak ditu… eta pertsonal falta badago, gure hitz erabiliena da “itxaron pixka bat, orain ezin dut”. Ez gara iristen denera. Denbora markatuta dugu zeharo. Orain dena ajustatzen dute.
Pertsonala gutxitu egin zen, eta lan gehiago jarri zizkiguten. Egun gimnasia ere egin behar dugu, arropa banatu behar dugu geletan (lehen garbitzaileek egiten zuten), jaten eman behar diegu (dependentzia altuaren ondorioa da).
12 urtetan hirugarren enpresa ezagutu dut, saldu egiten gaituzte, eta aldaketa bakoitzean murrizketak datoz.
Azaldu zer diren “dobleteak”.
Lankarga gehien goizean izaten dugu, egoiliarrak jaiki, garbitu eta gosaria ematean eta gauean dator beste lankarga, oheratzeko unean. Ebentualak diren batzuek egiten dute 8:00-10:30etara lan eta gero 15:0etatik 22:00etara egun berean, eta lan karga handienak diren bi momentuak dira.
Onintza Irureta: “Ahalduntze feminista pertsonal eta kolektiboa izan zen Bizkaiko zaharren egoitzetako greban”
2019-04-30 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Apirilaren 29an Donostiako Kaxilda liburu-dendan Emakumeak greban mahai-ingurua antolatu zuten ELAk eta ARGIAk elkarlanean. Hiru hizlari hauek aritu ziren gela bete jenderen aurrean, bakoitza borroka bana kontatzen: Onintza Irureta ARGIAko kazetaria eta Berdea da more berria liburuaren egilea; Aitziber Aranberri Gipuzkoako zaharren egoitzetako langilea eta Nekane Zabala Hernaniko polizi-etxearen garbitzailea.
Onintza Iruretak eman zion hasiera solasaldiari, Bizkaiko zaharren egoitzetako greba arrakastatsuaz argitaratu berri duen liburuari tiraka.
Hemen Iruretaren ostean Aitziber Aranberrik egin zuen hitzartzea, eta Nekane Zabalak emandako azalpenak.
[Onintza Irureta] “2017an bukatu zen Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek 378 egunez egin zuten greba. Langile borroka eta borroka feministaren eredu izan zen. ELA sindikatuak gidatu zuen greba eta liburuan bildu nahi zuenez esperientzia, eta elkarlanean atera dugu ELAk eta ARGIAk.
2016ko martxoan hasi zen greba. Ez zituzten egun guztiak segidan egin, 2 urte eskas iraun zuen borrokak. Grebalariak ‘gerokultoreak’ ziren, eta zer diren gerokultoreak? bada zaharren zaintzaz eta osasunaz arduratzen diren langileak dira. Esanguratsua da hitz hori hain ezezaguna izatea eta beti ‘zaintzaile’ deitzea, lanaren prestigio faltaren erakusle da.
Era askotako mobilizazioak egin zituzten: Arriagan egindako kanpaldia izan zen nagusia, eta nahi zutenek beren babesa han eman zieten, jende ezagun eta ezezagunek. Borroka kalean ikusgarri egin zuten, eta lortu zuten beren borroka ezagutzera ematea”.
Soldata nahi, ez osagarri bat
“2003an 600 euro irabazten zituzten. 2003-2005 epealdiko hitzarmenari esker, bukaerarako 900 euroko soldatara iritsi ziren.
2016an bosgarren hitzarmena negoziatzen ari ziren. Lana duintzeko garaia zela zioten. Soldata gutxienez 1.200 eurokoa izatea eskatzen zuten, igandeko plusak 32 eurotik 54ra pasatzea… Jokoz kanpo geratu zen patronala 1.200 euroko eskaerarekin. Hala zioten langileek: ‘Patronalak lortu du emakume izaera ematea borrokari, ze emakume gisa tratatzen gaituzte, ez langile bezala. Negoziazio mahaietan ari direnei ez zaie burutik pasa emakumeek independentzia ekonomikoa izateko moduko soldata eskatuko dutenik’.
Ez ahaztu ze sektoretaz ari garen: ez da kasualitatea zaintza lana oinarri duen sektore ia osoa emakumeek osatzea. ‘Badirudi etxean egiten dugunaren luzapena dela, ADNean bagenu bezala. Ordaindu bai, baina gaizki’ diote langileek liburuan. Egoitzak kudeatzen dituzten patronalen buruan ez daude soldata duinak. ‘Beti egiten dutena egiteagatik ordaindu egingo zaie, gizonen soldataren osagarri’, horrelakoak entzun dituzte langileok maiz.
Zaintza erdigunean jartzeko aldarria egin dute emakume hauek eta lortu dute kalera ateratzea aldarri hau. Ez zuten lortu Foru Aldundiarekin harremanetan jartzerik, haren ustez gatazka langile eta enpresen artekoa zelako”.
Langileak ongi zaindu, zaharrak ongi zainduta egoteko
“Gerokultoreen egoera hobetzeko eskatzeaz gain, ozen aldarrikatu zuten zaharrak ez zeudela ongi zainduta. Langile gehiago eskatu zituzten, ongi zaindutako zaintzaileak = ongi zaindutako egoiliarrak ideiarekin. Lotura hori oso ondo ulertu zuten egoiliarren senideek, eta greba garaian Babestu izeneko plataforma sortu zuten, grebalariak babesteko”.
Ahalduntze pertsonal eta kolektiboa
“Ahalduntze feministaren lekuko izan gara greba honetan, ahalduntze pertsonal eta kolektiboa. Batzuk eskarmentu handiko emakumeak ziren, lan gatazka eta borroka feministetan zaildutakoak. Beste batzuk ez. Baziren gazteak, lanean hasi berriak, lan kontzientziarik ez zutenak, ezta feministarik ere. Baziren helduak, agian bazekitenak ze egoeratan zeuden, baina burua altxatzeko indarrik ez zutenak, beldurra zutenak lana galtzeko… beti menpeko jarrera hartu izan zutenak.
Greba honetan beldurra alde batera utzi zuten, eta nahiz eta galtzeko asko izan, isilik egoteak ez ziela ezertarako balio jabetu ziren. Ausardiaz gain kontzientzia hartu zuen. Jabetu ziren beren egoitzako arazo berak zituztela inguruko egoitzetan, eta arazoak ez datozela zerutik, gizarte eredu oso baten emaitza direla. Ikasketa prozesu trinkoa izan zen.
Ahalduntze kolektiboa ere izan zen: bakoitza bere egoitzako arazoez kezkatzetik Bizkaia osoko egoeraz jabetzera pasa ziren. Ordezkarien sare handia osatu zuten, eta ordezkari sindikal emakumeek hartu zuten lidergoa, bai negoziazio mahaietan, bai ordezkarien batzarretan… baina beti ez da horrela izan: 80ko hamarkadan, sektore horri tiratzeko esperientziadun gizonak ziren lidergoan ordezkarien artean. Greba honetan apustua egin zen emakumeen lidergoaren alde. Horregatik, sutan jartzen dira emakumeok ‘sindikatuaren txontxongilo’ izan direla entzuten dutenean”.
“Zortzi emakume kementsu”
“Zortzi emakume grebalarik hitz egiten dute liburuan, beraien erraietatik ezagutuko dugu haien egunerokoa, zuzendaritzekin dituzten harremanak, lan neketsu fisikoa eta psikologikoa, haien lanaren balore eskasa, lankideekin dituzten harremanak, etxetik dakartenaz, grebaz… zortzi emakume oso kementsu iruditu zitzaizkidan, inork zapaltzen uzteko prest ez daudenak, eta egindakoaz harro daudenak”.
Lehen “neskame”, orain “interna”
2019-03-27 // Feminismoa, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Jon Abril Olaetxeak zuzendutako “Neskatoak” dokumentalaren kartela.
Desiatzen nago gaur (martxoaren 27) arratsaldean Soraya García (zaharren egoitzetako langilea), Arantza Arrien (baserritarra), Elena Vasconez (hoteletako garbitzailea) eta Silvia Haayde Rugamas Rivas (etxeko langilea) entzuteko. Non eta Kafe Antzokian, Bilboko euskaltzaleen topaleku nagusietakoan. “Zaintzako langileen borrokak” mahai-inguruan lau hizlarietatik bakarrak egingo du euskaraz, asmatuko duzu nork, irakurle. Sektore prekarizatuenak diren hauen errealitatearen islada da. Ematen du zer pentsatu, klaseen eskilaran norberak duen posizioaz, euskara planen xede taldeez, harrera planez, lan baldintzez, bertako hizkuntza zapaldua ezagutzera emateko eta besteen enpatia lortzeko gaitasunaz…
Gai horiek buruan bueltaka aurpegia gorritu antzera izango nuela, amona Anttonirekin gogoratu naiz. Urnietako baserrian jaiotakoaz, eta nola beti kontatu zigun Urnietako medikuaren etxera joan zela neskame neska-kozkorretan. Gerra etorri zenean itzuli zela jaiotetxera, eta gerra bukatutakoan Donostiara joan zela, “Banko gipuzkoanoko zuzendariaren etxera” neskame. Etxe hartako eguneroko lan zerrenda errepasatzen zuen, zenbat neskame ziren etxe hartan, egunari zein ordutan ekiten zioten eta noiz oheratzen ziren… umore eta amorru punttu batez deskribatzen zituen garai hartako aberaskiloen itxurakeriek neskameei ekartzen zizkien gainkargak: txandaka meriendatzen zutela baten eta bestearen etxean, eta egun horretan harizko trapuekin garbitu behar izaten zirela kopak, zilarreriari distira atera, egunerokoak ez ziren mokaduak prestatu (“pate orduan ezagutu nuen. Ogi bigunetan txerriki hotza ere bai, sandwich tipoko horiek…”)… eta etxera etorritako gonbidatuek jasotzen ari ziren zerbitzuari punta ateratzea izaten zutela denbora-pasa.
Herri honetan noiz ez dira egon klaseak? gure aitona-amonen belaunalditan, baserriko alabak ziren 11-13 urterekin “neskame” joaten zirenak. Naturaltasunez kontatzen zuten, baina nekea eta estuasunak argi adieraziz. Ez dut irudipenik gure gizartea lotsatu denik hainbeste belaunalditan esklabutza horri eutsi diolako. Garai hartan baserriko alabek egiten zuten: umiliatuak ziren euskara hitz egiten bazuten, barre egiten zieten baserritar kutsurik bazuten. Gaur migranteek egiten dituzte Euskal Herrian lehen baserritarrek egiten zituzten zaintza lan prekarizatuenak. Izan estatu barruko bigarren belaunaldiko migranteak, izan munduko gainerako txokoetatik etorritakoak. Batez ere latinamerikarrak dira. Jatorrizko hizkuntza galdu zutenak eta gazteleraz mintzo direnak. Azal koloreagatik, jatorriagatik estigmatizatuak.
Bakoitzak gure aurrekoetan izan ditugun neskameek ere lotzen gaituzte egun zaintza lan hauetan ari diren emakumeokin. Hortik aurrera, dena da korapilo, eta denok gaude inplikatuta. Neskame izan ziren haiek edo haien seme-alabek, “interna” bat dute orain etxean bera zaintzeko? Neskame joandakoan euskara alboratu behar, eta etxean zaintzaile bat hartutakoan ere, euskara alboratu? …
Kontraesanetan ito aurretik, arnasa ematen digu etorkizun hurbilerako nahi duguna amesteak, eta hori lortzeko bakoitzak egin beharreko aldaketak pentsatzeak eta indarrak batzeak: lan duina izan dadila zaintza, neskametza abolitu behingoz, eta baliabideak jarrita euskaldundu dezagun lan mundu osoa. Euskara izan dadila berriz langile guztion hizkuntza, ez soilik funtzionarioena.
Ahotsak proiektuak 800 neskameen testigantzak ditu jasoak. Merezi du ikusteak. Hemen bat, Ahotsak-etik hartua, adibiderako. Pilar Tolosa Amondarain da mintzo dena:
“Berdea da more berria” liburuaren aurkezpena
2019-02-21 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Liburuaren egilea eta liburuko protagonistak. Argazkia: Amaia Lekunberri.
Liburu aurkezpen oso berezia izan zen otsailaren 20koa. Bilboko Bira gunea bete-betea, emakume helduak nagusi. Bizkaiko Zaharren Egoitzetako langile borroka aurrera eraman zutenak ziren, eta haiek bizitako greba kontatzen duen liburuak zer dioen jakingo zuten, lehen aldiz. Gailutxoa belarrian, aldibereko itzulpenaren bidez adi-adi zeuden, beren bizipenak, haietako askoren hitzak (20 emakume inguru elkarrizketatu ditu Onintza Iruretak liburua osatzeko), zer eta nola kontatu diren entzuten. Liburu hau kalean dagoenetik, langile borrokaren epikan emakumeek dagokien lekua gertuxeago dute.
LIBURUA EROSTEKO: 14 EUROAN ARGIAREN AZOKAN.
Irantzu Varelaren hitzartzea. Argazkia: Amaia Lekunberri.
Irantzu Varela kazetari eta feministak liburuaren hitzaurrean bezain argi kokatu zuen Zaharren Egoitzetako greba, garbo eta umore handiz: Greban sartu zinetenean lan baldintzak hobetzeko, hasieratik iruditu zitzaidan greba feminista. Historian greba feminista asko egon dira, baina ez dira horrela deitu izan.
Borrokak behar du bere epika, eta langile borrokaren epikan emakume gutxi egon dira. Koadroetan eta iruditegian agertzen gara umea besoan, edo “gure gizonen” alde borrokan, haien ondoan. Langile borrokak beti onartu du emakume langileak badirela (kontserberak…) baina emakume langileez arduratu da gizonen ondoan lan egin dugunean, soldatapeko lanean aritu garenean. Baina fabrikara lanera zihoazen gizon horiei biziraupena bermatzen aritu gara emakumeak (plural maiestatikoan ari naiz, noski): gosaria prestatu diegu, askaria fianbreran eraman, umeak zaindu…
Bizitza osoa daramagu humanitatearentzako ezinbestekoa den lan bakarra egiten: biziraupena bermatzea. Kapitalismoak, ezin izan zuenean emakumeen lan-indarra gehiago doan esplotatu, ordaintzen hasi zen, beti egin dugun lana egiteagatik, zaintzeagatik. Lan hau gutxiago ordaindu ziguten beste edozein lan baino, eta kate-lanean bezala antolatu gaituzte, maitasunez egin dugun zaintza lana egiteko. Nik klase kontzientzia eta kontzientzia feminista batera eskuratu nituen: nire etxean gizonentzat lan gutxi zegoen eta gaizki ordaindua, baina emakumeek lan pila egiten zuten eta diru ordainik gabe.
Zuen greba hasieratik izan zen feminista: lan baldintza hobeak eskatzen ari zineten, eta greba horretarako erabili du beti langile klaseak, eta horrez gain hobeto zaintzea ere eskatzen zenuten. Aurre egin zenioten bileretan barrabilei eusten zieten gizonkote horiei, eta aurrera eraman duzue klase borrokan ezinbestekoa dena: dena galtzeko prest egon zaretela batzuek dena gal ez zezaten. Inoiz ez dugu gugatik bakarrik borroka egiten, denon onurarako baizik.
Badakizue oparitu zenidaten kamiseta berdea nirekin dudala, eta niretzat esan nahi du borroka berean gaudela doan zaintzen dutenak, diru gutxiegiren truke lan egiten dutenak, eta borroka berean gaudela ulertzen dugun feministak.
Onintza Irureta “Berdea da more berria” liburuaren egilea. Argazkia: Amaia Lekunberri.
Jarraian liburuaren egile Onintza Irureta ARGIAko kazetariak, apal-apal azaldu zituen liburuaren ezaugarriak, eta tarterik handiena liburuan elkarrizketatutako zortzi emakumeei ahotsa emateari eskaini zion, deigarriak egin zitzaizkion liburuko elkarrizketa zatiak irakurriz (horiek denak eta gehiago liburuan daude irakurgai). Hara Iruretak Berdea da more berria liburuaz esandakoak: “Zergatik liburua? ELAko Bilboko egoitzara joan izan nintzenean, argi adierazi zidaten: ‘azken greba ikaragarri honi buruz idaztea nahi genuke, eta era berean halako leherketara nola iritsi garen. Jakin dezala mundu guztiak nola ailegatu garen hona’. Galdera horiek daude liburuan: Nola egin ditzakete hainbeste langilek 378 egun greba? nola irauten da? Nola lortu dute langileen ahalduntze indibidual eta kolektiboa? Zergatik lortu du gatazka honek modu hain egokian gizarteratzea? gatazka honek emakume aurpegia duela transmititzea? Nola lortu dute zaintza erdigunean jartzea?
Grebaz bai, baina beste gauza askotaz ere hitz egin didate, ni ere harritu naute. Gai horiek denak jasota daude liburuan: lantokietako egunerokotasuna, zuzendaritzekin dituzten harremanak, lanaren gogortasuna, lanari ematen zaion balio eskasa, lankideekin dituzten harremanak… perfil anitzekoak dira elkarrizketatutakoak: batzuk gazteagoak besteak baino, batzuk langile borroka eta borroka feministetan zailduagoak eta besteak hasberriagoak…
Maribi Ardanzaren hitzartzea. Argazkia: Amaia Lekunberri.
Maribi Ardantza Zornotzako zahar egoitzako langilea da eta Iruretaren galderei erantzunez egin zuen hitzartzea:
Irureta: Greba hastear zela hautatu zintuzten ordezkari sindikal. Hasiera gogorra!
MARIBI ARDANTZA: Greba 2016ko martxoan hasi zen, eta ni orduan ELAko militantea nintzen. Baina apirilean ordezkari jarri nintzen. Niretzat dena berria zen: langileen zerbitzu minimoak antolatzea, asanbladatan erabakiak hartzea… Pilak jarri eta asko ikasi behar izan dut, eta aurrera egin. Baina inoiz ez naiz bakarrik sentitu: laguntza handia izan dut beti, lankide delegatuen aldetik, militanteen aldetik eta ELA sindikatutik.
Irureta: Ez zenuen esperoko hain greba luzea…
MARIBI ARDANTZA: 378 egun iraun zituen grebak, eta hori guztira 21 hilabetetan. Oso gogorra izan zen. Niretzat gure borrokak batasuna eta elkartasuna izan du oinarri. Ordezkari moduan, zailena izan zen ulertaraztea grebarekin lortzen direla helburuak. Antolakuntza eta borrokarekin gauzak lortzea posible dela. Bagenekien gure indarra kalean zegoela, eta gakoa izan zen gatazka kalera ateratzea, debate publikora eramatea erresidentzietan zegoen errealitatea. Oso garrantzitsua izan da Babestu-ren [egoitzetan dauden zaharren familien elkartea] eta Pentsionisten laguntza eta mugimendu feministaren babesa. Gutxika irabazi genuen borrokarekiko sinpatia, eta jendearen berotasuna jasotzen hasi ginen.
Irureta: Greba batek irauten du irauten duena, baina zuek egunerokoan bizi duzue egoitzetan dituzuen baldintzak. Grebaren pisua eta aldi berean egoitzetan egoera oso konplikatuak zenituzten.
MARIBI ARDANTZA: Gure erresidentzian lan gutxi zegoen, baina lan hori betetzeko langile gutxi beti, greba aurretik, greban zehar eta ondoren ere bai. Langile gehiago behar dira kalitatezko zerbitzua emateko. Enpresak presio handia egin digu, are gehiago greba garaian, eta etengabe zapaltzen zigun greba eskubidea. Greba garaian lanean ere estuago hartzen gintuztenez, lankide batzuek ez zuten ongi ikusten greba egitea, eta horrek konfrontazio handia ekarri zuen langileen artean. Grebalariok oso harro gaude lortu dugunagatik.
Argazkia: Amaia Lekunberri.
Aurkezpenaren amaieran publikotik ere ekarpen ederrak entzun ahal izan ziren. Babestu elkarteko senide batek zera azpimarratu zuen: “Langileekin batera ahaldundu gara, badakigulako langile hauek zein lan garrantzitsua egiten duten, diruz ordaindu ezin dena, eta haiek ongi egotea beharrezkoa da zaharren egoitzetako gure familiarrak ongi egoteko”. Publikotik egindako beste hitzartzeetan argi geratu zen borrokan jarraitzeko prestutasuna eta beharra dagoela, ratioen gaian batez ere. Eta Gipuzkoan greba hastear diren Zaharren Egoitzetako langileekiko elkartasunez izan ziren azken mezu eta oihuak.