Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Xomorroa ez, gobernuak dira indibidualistak eta pribatizatzaileak
2020-09-28 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Gauza bat da xomorroa, COVID-19a, eta bestea kudeaketa, hau da, horren aurrean hartzen diren neurriak. Baina agintariek saltzen duten mezua da ez dagoela beste aukerarik, hartzen diren neurriak direla hartu daitezkeen bakarrak, xomorroaren ezaugarriek ez dutela beste biderik urratzen uzten. Indibidualismo eta pribatizazioarentzako perfektua dirudi birus honek! “Besteekin elkartzea arriskutsua da”, “egin dezakezun elkartasun ekintzarik handiena zure etxean (eremu pribatua) bakartzea da”, “gauzak partekatzea arriskutsua da, bakoitza beti leku berean egon, beti bere taldearekin, beste taldeek kutsatzen dute”… Maila guztietako gobernuek indarrean jarri duten irtenbidearen ezaugarri nagusia indibidualismoa da, muturrerainokoa, erabat bakartuta bizi eta hiltzeraino. Eta pertsonek ematen duten aurrez aurreko arreta teknologiaren bidez ordezkatzea: urtetan murriztutako zerbitzu publikoak diren anbulategi, zahar-etxe eta eskolen ateak itxiz, bide batez.
Benetan ez ote dago beste biderik? Xomorroaz eztabaidan sartu gabe ere, medikuntza ofizialak deskribatutako ezaugarri horiek ontzat emanda ere, ez ote dago kolektibotasunetik aurre egiterik, justu publikotasuna eta komunitateak indartuta? Nola ulertu bizitzari eusten dioten zerbitzu publikoek, hau da, zahar-etxeek, eskolek eta anbulategiek osasun krisi betean metro koadro bakar bat irabazi ez izana, eta bai, aldiz, negozio pribatuen terrazek? Bertsolariak erantzun dit norbanakoon etxeak anbulategi eta eskola bihurtu dizkigutela, hori ere badela pribatizatzeko bide bat.
Kontraesan handi bat bada maila guztietako gobernuek aplikatu arazten diguten errezeta indibidualista pribatizatzailean: mediku ofizialen arabera prebentzio neurri eraginkorrena, lehena, aire librean egotea da. Baina edozein jarduera horretara egokitzeak ekarriko lukeen gastua aurrezteko, maila guztietako gobernuek hartu duten norabidea askoz arriskutsuagoa da, haien medikuen gomendioen arabera ere: eraikin barruetan, lehengo metro koadro kopuru berarekin eta pertsonal berarekin (beraz, pertsona taldeak txikitu gabe), moldatzea. Ondorioz, mahaiak, aulkiak eta oheak 1,5 metrora jartzea, eta maskara eta xaboia dira prebentzio modu miragarriak, baina hala ere askoz arriskutsuago, jarduera hori kalean egitea baino.
Pandemiaren mapa guztietan gorri fosforitoz agertzen den lurralde honetan, pentsa liteke kutsadura benetan saihesteko sakonagoko eraldaketak behar direla, jarduera ahalik gehienak aire librean eta talde txikitan egiteko birmoldaketak eta inbertsioak egitea… eta pentsa liteke, horrek aukera emango lukeela baita herritar guztion bizitza kalitatea hobetzeko ere. Baina bai zera! Goikoentzat errazagoa eta merkeagoa da dena berdin mantentzea, ahal bada murrizketak eginez gainera, eta ondorioz ikaragarri handitzen diren zulo horiek tapatzeko norbanakoei partxea jarri araztea: “Kutsatzeak handitzen badira zure ardura eta errua da, zuk ez duzulako zure burua behar beste bakartu plaza publikotik, zuk zure etxeko zure bikotea (pribatua) ez diren lagunekin kontaktuari eutsi diozulako. Denon ardura da polizia izatea, denok zaindu behar dugu 16 urteko gazte horrek errekreo ordura arte aulkitik altxa gabe eman behar dituen lau ordu horietan ez dela mugitzen eta ez duela maskara kentzen”. Ez ote ditugu gobernuak behartu behar, gazte horiek, zahar horiek, haur horiek, mugitzeko eta libre arnasteko behar beste leku izan dezaten?
Bakoitzak gure komunitateetan, gure eguneroko bizitzetan, egin dezagun jarduerak aire librera egokitzeko birmoldaketa, hitz egin dezagun harreman ezberdin eta osasuntsuak nola kudeatu, antolatu dezagun COVID garaiko zaintza kolektiboki… Gobernuek ez dute egingo.
Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu
2020-09-04 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Ikastetxeak hasiak dira gurasoekin bilerak egiten, COVID-19aren hedapena saihesteko protokoloa ikastetxe horretan zehazki nola gauzatuko duten azaltzeko. Bilera horietako bat entzutea aski da irailaren 15ean irakasleek greba zergatik egingo duten ulertzeko. Izan ere, Jaurlaritzaren asesorea une honetan Jesusitomaitia dela konbentzituta nago. Zeren miraritan soilik sinistu daiteke, pandemia baten erdian eta Hezkuntzako aurrekontua biderkatu gabe, eskolari eutsi ahalko zaionik. Ikusi nahi, Jaurlaritzak Hezkuntzan inbertsiorik ez egiteak ikasturte honetan biziaraziko dizkigun parabolak?
“A eszenategia” edo “Irakaslea leku denetan dago”
A eszenategian (Jaurlaritzak “itzulera normala” deitu dion horretan) ere gurasook ez dugu bermatuta ikasleek gela barruan irakaslerik izango dutenik. Zergatik? Bada irakasle asko guraso ere badelako, eta bere seme-alabaren bat hamarraldian egonik hura zaintzen geratu behar badu etxean, irakasle horri ere ez diotelako gaixo agiririk emango, gainerako langileoi bezala (Espainiako Gobernuaren erabaki horretaz eta ekarriko dituen ondorioez, artikulu honetan). Egoera horretan zer? Hezkuntzatik irakasleek jaso duten erantzuna da Hezkuntzak ez duela ikastetxeetara ordezko irakaslerik bidaliko, eta irakasle horrek telelana egin ahalko duela etxetik. Eta? Nork dinamizatuko du gela, irakasleak etxetik ordenagailuz azalpenak eman eta jarduerak proposatzen baditu ere? Egoera hau lehen eskola egunean bertan ere emango da, hainbat ikastetxetan. Eta ez da fededuna izan behar ulertzeko oso posible dela ikastetxe batean aldi berean hainbat irakasle egotea egoera horretan, hau da, etxetik lanean, bakoitza bere haurra zaintzen; ez litzateke hain arraroa, pandemia batean gaude, ezta?
“B eszenategia” edo “Horkonpon Marianton protokoloa”
Hezkuntza sailetik hala eskatuta, ikastetxeek bigarren eszenategi bat zehazki nola gauzatuko duten ere landu behar izan dute: hauxe da B eszenategia, hau da, nola antolatu klaseak gelan ikasle erdiak egonda. Hau litzateke eskola osasuntsu eta kalitatezkoaren bidea, kaleko kristau arruntari gogora etortzen zaion irtenbidea gauzatuko balitz: gelak desdoblatu, herriko eraikinak ikasgela bihurtu, eta irakasleak bikoiztu, ikasleek segurtasun distantziak zainduz hezkuntza hobea irabazi dezaten. Baina Jaurlaritzak ogia eta arrainen parabolaren alde egin du, ikastetxeei ekuazio hau jarriz: nola eman klasea ikasle denei baina ikasgelan ikasle erdiak egonik, eta metro koadro eta irakasle kopuru berarekin.
Zuzendaritzek egin dituzte planteamenduak eta denetik entzuten da: astebete klase erdiak etxetik eta beste astebete eskolatik; batzuk astelehen, asteazken eta ostiral eskolatik eta besteek astearte eta ostegunetan; Colegio Alemanak hiru ordura murriztu dituela ikasleen klaseak denak egunero ikastetxera joan daitezen baina denbora gutxiagoz…
B eszenategiko eskola gurasoen enpleguarekin bateraezina da zeharo. Nork zainduko ditu adin txikikoak eskolan ez dauden egun horietan guztietan? ikasturteko egunen erdiak lirateke etxean egotekoak! eta etxean dauden ikasle horiei nork lagunduko lieke azalpenak ulertzen, dituzten dudak argitzen…? pantailak heziko al ditu gure adin txikikoak?
B eszenategia, gainera, ez du ikastetxe edo herri horretako pandemiaren bilakaerak definituko. Hau da, Hezkuntzak ez ditu komunikatu eskola edo herri batean zenbat PCR positibok ekarriko luketen B eszenategira pasatzea. Jaurlaritzatik eta egun batetik bestera etorriko da agindua, beraz, gerta daiteke ikasle asko A eszenategitik Bra pasatzea, nahiz eta bere herrian pandemiak okerrera ez egin.
Kartzela bihurtuko diren eskolak ere badira
Mirariak Lourdesen. Osasun neurriak betetzeko, baliabideak behar dira. Baina eguneroko bizitzarako, “low cost” baliabideak dira maskarak, termometroa eta xaboia: ikasgela gehiago eta irakasle askoz gehiago dira hezkuntzan pandemiari aurre egiteko behar diren baliabideak. Zeren ikastetxeetan ikasleko bi metroko espazio erabilgarririk ez badago, ez dago osasun neurririk betetzeko baliabiderik. Ikasgeletan ikasle kopuru txikiagoari eskola emateko behar beste irakasle ez badago, ez dago osasun neurriak betetzeko baliabiderik.
Entzun irakasleei: badira ikastetxeak, euria egiten duenero 14-15 urteko ikasleak (DBH2 eta 3koak) sei orduz gela barruan eta aulkitik altxa gabe edukiko dituztenak, ez dutelako patiora ateratzeko espaziorik, osasun neurriak betetzekotan. Badira ikastetxeak, ikaslerik gabeko lehen lan aste honetan ere ez dituztenak osasun neurriak bete, ezta irakasleen artean soilik ere! Badira ikastetxeak, irakasle bakoitzeko ordenagailu bat ere ez dutenak: telelanez eskola emateko ere, irakasleak erosi beharko al du bere patrikatik, edo etxekoa eskolara eraman beharko al du?
Ez gara santujaleak
Herritar langileok noski badakigula dena ematen. Dena eman genuen konfinamenduan ere, ahal zen ondoen zaintzeko etxekoen osasuna, eusteko ikasleen hezkuntzari, eusteko enpresetako lanari, eusteko auzotarren beharrei… baina ikasturte hasieratik denon artean baliabideak borrokatzen ez baditugu, ikasturte osoa pasa beharko dugu belauniko, ezinezko mirariak gauzatu nahian. Langileon lanez osatutako diru publikoa ez bada langileon bizitzari eusteko beharrezkoak diren baliabideetara bideratzen (eta bai, aldiz, betikoen patrikak gizentzera), Jaurlaritzaren auzolan deialdietan misiolari arituta ere ez dugu miraririk lortuko: auzo eta herri askotako ikasleak biltzen dituzten makro-eskolak pandemia zabalduko duten granjak izango dira; ikasleei kartzeletako diziplina ezarriko zaie espaziorik ez dagoenez, mugitu ez daitezen; eta adin txikikoek egun gehienak zaintzarik eta irakasle presentzialik gabe emango dituzte.
Erabili dezagun ikasleekiko, hezkuntzarekiko, osasunarekiko, pertsonekiko dugun borondatea baliabide duinak borrokatzeko, ez hezkuntza gaixo batera bultzaka garamatzaten agintariei zuloak tapatzeko. Irakasle, guraso eta ikasle guztion artean, borroka dezagun eraikinak eta irakasleak lortzearen alde. Borroka dezagun erakunde publikoek ikasturte osoan zehar ikasle denei zaintza publikoa eta kalitatezko hezkuntza bermatu diezaieten.
Haurren eta emakumeen eskubideak SOS
2020-09-02 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hego Euskal Herrian eskolara “normal” itzultzea zientzia fikzio bihurtu dute protokoloek: eskolan sartzerako ikasleei kopetean jarriko dieten termo-pistolak sukarra detektatzen badu etxera joango da zuzenean ume asko, eskola orduetan sintomarik duen umea zaintza gelara eramango dute gurasoak bila etorri arte, ume asko lehen eskola egunera ere ez da joango PCR negatiboa emanagatik etxean hamarraldian egongo delako (inguruko batek PCR positibo eman duelako), eta ikaskide batek PCR positibo eman orduko bere ikaskideak etxera joango dira, PCR negatiboa emanagatik.
Espainiako Gobernuko bozeramaile Maria Jesus Monterok adierazi du ez diotela gaixo agiria emango PCR negatibo emanagatik bakartuta egon behar duten haurren gurasoei. Naiz hedabideak jaso duenez, “ez bailitzateke gaixo bat zaintzea”. Eta? osasuntsu dauden adin txikikoek ez dute zaintzarik behar, ala?
Frantziako Gobernuko bozeramaile Gabriel Artalek berriz, France Info irratian aurkakoa iragarri du: «(Ikasgela edo ikastetxearen) Itxierarik baldin badago, gurasoek gaixo agiria jaso ahal izango dute», Berriak jaso duenez. Ipar Euskal Herrian ikasleei ez zaie sukarra hartuko eskola sarreran eta kontrol neurriak lasaiagoak dira. Gaixo agiria emateko, Frantziako Gobernuaren oinarria da gurasoek arduratu behar dutela itxialdian diren umeen hezkuntzaz.
Zaintzarik behar ez duten umeak, eta gainera bakarrik ikasten dutenak?
Hegoaldean zainduak izateko eskubidea dute adin txikikoek jokoan, alegia, haur izatekoa. PCR negatiboa duten ume konfinatuen kasuan, nor egongo da haien ondoan? Gurasoa(k) lanera joatea beste erremediorik ez dutenen kasuan, adin txikikoak ordu askoz etxean bakarrik eta pantaila aurrean egotea normaltzat hartuko dugu, zer eta osasunaren izenean? Isilean pasa bada ere, egoera hau aurreko ikasturte bukaeran etxe askotan eman zen, galdetu zure inguruko guraso autonomoei edo osasun langileei. Adin txikikoen gehiengo oso handiak koronabirusa sintoma larririk gabe pasatzen dutela jakinda, ez ote da arrisku handiagoa etxean bakarrik direla izan ditzaketen istripuena?
Frantziako Gobernuak gurasoak ditu itxialdian diren umeen hezkuntzaren arduradun. Eusko Jaurlaritza beste sistema bat ari da lantzen: etxean geratzen diren umeen absentismoa pertsegitzea. Ordenagailua pizten duten, eskolara konektatzen diren eta lanik egiten duten kontrolatzea. Ez da sorgina izan beharrik igartzeko justu bizi baldintza prekarioenak dituztenak izango direla etxean bakarrik geratuko diren ikasleak, lehendik ere eskola jarraitzeko zailtasun gehien zituztenak, absentismorako atea zabalik dutenak, eta justu eskola presentzialen beharrik handiena dutenak. Hauei baliabide gehiago jarri eta eskola presentziala bermatu beharrean, gainera jazarri eta eskolarako penalizazioak jarriko dizkiete? Ez da egia umeek ordenagailua piztuta eskolako lanak bakarrik egin eta sakon ikasten dutenik, helduak (izan irakasle edo guraso) ondoan izan gabe. Ikasle erabat autodidakta horiek oso gutxiengoa dira.
Gizarte bezala, benetan, zaintzarik behar ez duten umeak eta hezkuntzaren ardura beren bizkar daramatenak al ditugu helburu, osasunaren izenean?
Umeen, emakumeen eta zaharren eskubideak soka-tiran?
Adin txikikoak zaindu eta haiei ikasketa bermatu nahi dieten etxe askotan, sasi-telelanaren urtea izango da: telelana etxetik lan egitea baita, baina ez lan egiten den bitartean haurrak zaindu eta irakasle lanak egitea, dena aldi berean.
Ahal duten amek eszedentzia eta lan murrizketak hartuko dituzte, enpleguko berdintasunean atzerakada eraginaz.
Aiton-amonek (hau da, koronabirusaren arrisku taldekoek) umeak egun eta ordu askoz zaindu beharko dituzten ikasturtea dator.
Denontzako irtenbideak, denon artean
Protokoloa azken unean komunikatzea, eta pertsonen egunerokoa egun batetik bestera erabat hankaz gora jartzea da pandemia kudeatzen ari direnen estrategia. Justu, era horretara kolektiboan bestelako planteamendu orokorrik gauzatu ahal izan ez dezagun. Panorama honetan, lehenbizikoa norberak bere egunerokoa ahal bezala resolbitzea da. Noski. Baina denontzako irtenbiderik borrokatzen ez badugu denon artean, gero eta zailagoa egingo zaigu bakoitzari gure egunerokoa moldatzea. Eta bakoitza gure irtenbidean zentratzen bagara, milaka herritar zaintzarik eta hezkuntzarik gabe geratuko da. Hori ez da oso osasuntsua etorkizuneko gizartearentzat, ezta?
Bada paperaren alde egin duen eskolarik
2020-06-10 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Argazkia: Aiurri hedabidea.
Aurrez aurreko eskolaren ordezko, pantailak bihurtu dira irakasle eta ikasleen arteko euskarri nagusi azken hiruhileko berezi honetan. Artikulu honetan azaldu genizuen IKTetan urte luzeetako esperientzia duen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (12-16 adin tarteak) Erniobea ikastetxeak nola egin duen aldaketa Internet bidezko ikaskuntzara.
Bitxia da, ordea, justu Aiztondo bailara berean paperaren aldeko apustua egin duela Lehen Hezkuntzako (12 urtera arte) Pedro Mari Otaño Herri Eskolak. Pedagogia aldetik Ikas Komunitatea da Zizurkilgo eskola publiko hau eta bertako ikasle ia denak ondoren Erniobea DBHra joan ohi dira. Bitxia da, baita ere, paper fabrika 100 metrora duela. Ikastetxeko zuzendaritzako kide den Olatz Urrakak azaldu digu zergatik eta nola egin duten paperaren aldeko apustua, pantailen mundura buru-belarri murgildu ordez.
Artikulu honetan Jenofa Berhokoirigoinek azaldu duenez, planetaren jasangarritasunaren ikuspegitik ere merezi du teknologiaren erabilera murriztu beharra planteatzea.
Pantaila ote da egokiena adin guztietarako?
Bazekiten beren ikasle guztien etxeetan ez zegoela ordenagailurik ez internetik. Gailu horiek etxe guztietara iritsi araztea ote zen irtenbidea? aski al da edozein etxetan teknologia sartzearekin, gailuen erabilerari buruzko azalpenik eman gabe? teknologietan heziketa ikasleekin landu gabe? eta batez ere: 12 urtez beherakoentzako pantaila ote da ikasketetarako tresna egokiena?
Galdera horiek mahai gaineratu, eta beste bide bati heldu zioten, helburu honekin: lan proposamenak etxe guztietara iristea eta galderak zeuden kasuetan erantzun azkarra bermatzea.
Lan proposamen hori etxera banatzeaz gain, maiz deitu die tutoreak bere gelako familiei, zituzten dudak eta galderak argitzeko. Eta azalpenak bideoan ere bidali dituzte.
Hasieran hiru asterako lan proposamena egin zuten, eta luzeegi zela iritzita, ondoren bi asteko lan proposamena egin dute. Egokiena astean asteko lan proposamena egitea dela iritzi dio zuzendaritzako kide Urrakak.
Hiru truke egun ere jarri dituzte ikastetxean: nahi eta ahal izan duten familiak eskolara joan dira egindako lanak entregatzera, eta hurrengo lan proposamenak eraman dituzte etxera bueltan. Horrela, atez ateko banaketa eskolara inguratu ez diren familietara murriztu da.
Bideokonferentziak ere bai, tarteka
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Interneteko Meet plataforma bidez zuzeneko bi saio izan dituzte astean, eta saio hauek oso funtzio ezberdinetarako erabili dituzte: asteko lanak azaltzeko, galderei erantzuteko, matematikak azaltzeko, tertuliak egiteko…
Esperientzia hau ikusita eta familiek eskatuta, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara arteko ikasleekin bideokonferentziak egitea probatuko dute ekainean. Txikienek irakaslea eta beste ikasleak ikustea eta ahozko komunikazioa izatea beharrezko ikusten zuten familia hauek. Lehen ikasturte horietako ikasleentzat bideokonferentziak borondatezkoak izango dira.
“Onartu behar dugu zerbait galdu behar dugula”
Pantailak ezin duela aurrez aurreko eskola ordezkatu, hori garbi du Urrakak. Irakasleek familia denekin zuzeneko harremana izateko ahal izan duten guztia egin dutela azaldu du, askok bere telefono mugikorreko zenbakia eman duela, gertutasun handia erakutsi dutela, oso gainean egon direla ea ikasle guztiak sartzen ziren Meet saioetan…
Zer esan, ikastetxearen ildo pedagogikoa ikas komunitatea denean: “Interakzioa da ikas komunitateetako oinarrietako bat, eta horretan asko galdu dugu. Ez genuen uste horren luze joko zuenik. Interakzio hau berreskuratu behar dugu, aurrez aurre ezin bada, bizipen hauek baliatuz. Maila osasungarri batean bideokonferentziak ziurtatu beharko ditugu lehen hezkuntza osoan, paperekoa alde batera utzi gabe”.
Bukaera presentzialaren bila
Aste santutako oporren bueltan, eskolara itzultzeko baldintzak egon zitezkeen itxaropena izan zuten. Garai hartan, argi izan zuten ez zutela etxeko itxialditik eskolako gela itxietara sartu nahi. Herrian bertan aire librean ikasteko zein lekutara joan zitezkeen pentsatzen aritu ziren, baina pandemiak ez zien aukera hori eman.
Guztiok behar dugu zikloak ixtea, eta batez ere eskola horretatik DBHra pasatuko diren ikasleengan nabari dute gabezia hori: “Ikasturte amaierako irteerak galdu dituzte, eta eskola honetan egindako ibilbidea agurtzeko egiten zen jaialdirik ere ez da egingo”.
Papera izango da ikasturtea ixteko ekitaldira ere eramango dituena: azken ebaluazioan egin dituzten lanen bila itzultzea edo ebaluazio noten bila ikastetxera gerturatzea izango da aitzakia. Segurtasun distantziak bermatuz itxiera ekitaldia egin nahi dute, ikas komunitate horretako kide diren pertsonek merezi duten modukoa, eta nola egin buruari bueltak ematen ari dira: familiak ere hasiak dira ideiak ematen. Interneten azken aldian ugaritu diren psikologoen hitzaldiak ere kontsultatuko dituzte, itxiera oso batek behar dituen alorrak zaintzeko.
Ikas Komunitatea zer den ikusi nahi duenak, bideo honetan azaldua dugu, justu Zizurkilgo Herri Eskolaren esperientzian oinarrituta:
Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez
2020-05-12 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Bi hilabete daramatzagu etxea eskola akademiko ere bihurturik. Akademiko, bai, zeren etxea beti da eskola, seguraski eskolarik handiena, gainera.
Bete-betean eragiten dute azken bi hilabeteotan etxe hauetan bi estatuetako eta hainbat lurraldetako hezkuntza sailburuek, ahoa irekitzen duten bakoitzean.
Lehen momentutik baloratu eta eskertu dugu gure ikastetxeetako irakasleen lana, egunero konturatzen gara haientzat aldaketa handia eta etengabekoa dela azalpenak eta ikasleekiko harremana euskarriz aldatzea. Saiatzen gara lan horrekiko errespetuz eta gure etxekoen hezkuntzaren alde, ahalik gehien etxean ikaskuntza akademikoa sustatzen eta bakoitzak ahal duen eran azalpenak ematen, elkarrekin iturriak arakatzen, ikaskuntza esperientzia gozatzen eta aberasten.
Badakigu ahalik irtenbide onena emateko buru-lanetan ari direla gure ikastetxeetako zuzendaritzak, deseskalonadetarako ere anormala den komunitate vascoan behintzat lotsa gogorra erakutsiz ardura eta erabaki guztiak zuzendaritzen bizkar jarri baititu irakasleek baino soldata handiagoa justu hezkuntza antolatzeagatik kobratzen duen sailburuak. Zuzendaritzei ez dagokien karga hori guztion artean arindu nahirik, komunikatzen zaigunera ahalik ongien egokitu eta aurrera egitea izan da inguruan ditudan guraso denen jarrera.
40. egunean tristurak eta amorruak jo nau
Maiatzaren 8an, konfinamendu garaiko eskolak 40 egun lektibo bete dituen inguru horretan, ikas komunitateko parte naizen guraso moduan tristurak jo nau. Estatu egiturek nahi gintuzten atakan bakartuta eraman gaituztelako: bakoitza bere etxetik ahal duen bezala egunerokoari erantzuten, egun batetik bestera besteek hartzen dituzten erabakietara moldatzen, bakoitza bere etxeko ikasleei ahal duen moduan ikasketetan eusten… bakoitza, bakoitza, bakarrik eta bakarka. Gurasook ez dakigu gure ikasgeletako beste gurasoak eta ikasleak nola dauden ere.
Hasieratik onartu dugu herri hau enpresa kapitalista bat bailitzan kudeatzen duen Jaurlaritzaren mandatua: Uriartek agintzen omen du, eta Espainiako Gobernuak baino eskuindarrago agintzen duenean ere, burujabetzaren izenean amen. Eta zuzendaritzei ematen die bere erabakiak praktikan jartzeko ardura eta erabakimen osoa. Ahaztu ere egin zaigu, ikastetxeetan erabakigune nagusia eskola kontseilua dela, eta bertan biltzen direla guraso (ordezkari kopuru gehiena izan behar duen estamentua), udal, irakasle, zuzendaritza eta eskolako beste langileen ordezkariak.
Goitik markatu den eskeman sartu gara, ordea, guztiok, baita guraso bakoitza ere. Ederki daki Jaurlaritzak, guraso bakoitza bakarka dabilen bitartean, eta eskoletan gurasoek eta irakasleek bat egiten ez duten bitartean, politikariek egun batetik bestera eta oso zehaztasun gutxirekin ematen dituzten jarraibideak aplikatu egingo direla.
Eskola gurasoona ere bada
Hezkuntza hain eduki politikoa izanik, kontu profesionala eta teknikoa dela errepikatzen tematzen dira administrazioa, eta irakasleak ere bai, askotan. “Ez sartu, profesionalon lana da”. Noski baietz. Baina adin txikiko gure umeek zer ikasten duten, nola antolatzen den eguneroko martxa, nola egin behar dugun ikasle denek gainditu dezaten, zein oinarri jarri nahi dugun eskolako harremanetan, zein gaitasun eta balio lantzea nahi dugun… zeresanik izango dugu horretan, ezta? Gainera, irakasle eta gurasook elkarren beharra dugu, gauzak benetan egiteko. Eta zergatik ez dugu ikusten elkarlan hau eskoletan benetako burujabetza lortzeko giltza moduan?
Egoera berrira ohitzen kostatu zaigu, baina ikastetxeetan guraso elkarteak berriz martxari eusten ari dira pixkanaka. Gure geletako beste gurasoekin harremanak indartzea eta bakoitzaren egoeraren eta iritzien berri jakitea ezinbestekoa da. Eta behetik gora, esan dezagun: bukatu da. Eskolei buruzko erabaki bakar bat gehiago ez, gurasoek prozesuan eta erabakietan parte hartu gabe. Behetik gora: zuzendaritzek hartu behar dituzten erabakietan ondoan eta elkarlanean arituko gara, baita goiko aginduei planto egiteko bada ere (ikus Ibarrekolanda batxilergoko ikastetxeko zuzendaritzak nola erabaki duen ikasleak ez geletara itzultzea). Zergatik obeditu behar ditugu gurasook parte izan ez garen erabakiak eta jarraibideak?
Adin guztietako ikasleek hitza eta erabakia izatearen alde
Bukatzeko, eta konfinamenduak erakutsi duen umeekiko ikuspegi motza baliatuta, has gaitezen eskoletako erabakietan adin guztietako ikasleak partaide egiteko moduak lantzen. Oso txikitatik gara gai bakoitza gure irizpideak adierazteko. Adinari egokitutako moduak landu ditzagun, txikitatik parte hartu dezaten ikastetxeetako erabakietan. Burujabetzan trebatu daitezen. Horretarako gainkargatutako curriculumetik totxoak kendu behar badira ere.
Osasun krisian emakumeek egin zuten herri borroka kontatu zuen bertsotan Joxepa Zubeldiak, duela ehun urte
2020-03-21 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Bertso sorta epikoa jarri zion 1918ko baztanga izurriteari Matea Joxepa Zubeldiak. Kronika politiko eta sozial zorrotza idatzi zuen, zortziko txikiko 24 piezatan. Bertan kontatzen du baztangadun gaixoak Lasartetik Hernaniko Benefizentzi Etxera eramateko erabakia hartu zuela Gobernadoreak eta hernaniarrak erabaki honen aurka altxa zirela, arriskuan ikusi zutelako Benefizentzi Etxeko egoiliarren osasuna, hernaniar denena, eta herriko industriarena. Agian orain ulertuko dugu ondoen sorta hau. Bidea urratu duen bertsoak liburuxkan jaso zituen ARGIAk (13. orrian).
Garai hartako udaletxeko akta batek dio apirilaren 2an “ez klase eta ez sexu, inolako diferentziarik gabe” irten zirela herritarrak gaixotasuna zekarren konboiari aurre egitera. Eskura zituzten baliabide guztiekin egin zioten aurre fisikoki. Bertso sorta honetan emakumeak dira borrokako protagonistak eta erdiz erdi pitzatzen digu garai bateko emakumeez daukagun iruditegia. Sorta honek ere jasotzen du, udaletxeko aktak bezala, klase sozial guztietakoak irten zirela borrokara: “andre txit aberatsak / baita ere pobriak”.
Hamaika eta hamabigarren bertsoek hara nola kontatzen duten emakumeen eta guardia zibilen arteko enkontrua:
(Doinuak: Maritxu nora zoaz, pasaiako plazatik, Orioko balearena, Markesaren alaba…)
…
zibilak esan zigun
etxera biltzeko
baizutela baimena
odola ixurtzeko.
Ixurtzen badezute
odola gurekin
hil biharrak zerate
zeon zaldiekin
guziok bizkor gaude
gauza gogorrekin
…
Ez zen sinbolikoa izan erabili zuten borroka moldea, 15. bertsoak kontatzen duenez:
…
hustuta petroleoz
ospitala igurtzi
aguro erretzeko
kristal danak hautsi.
Bertso sortak kontatzen duenaren arabera, ekintza hura izan zen Espainiako agintariak baztangadun gaixoekin atzera eginarazi zituena. Orduan ere elizak hari zuzenak izan, eta Ministroen Kontseiluko lehendakari zen Maurari deitu zioten…:
Apaizak eta monjak
negar eta hausi
halako trantzerikan
ez zuben ikusi
gure monja gaixuak
belauniko jarri
eta telefonuan
Madrila Maurari.
Matea Joxepa Zubeldia mahai buruan, alabaz eta bilobaz inguratuta.
Herri bazkarian mahai gainera igota kantatu zituen bertso hauek
Honela du kontatua Matea Joxepa Zubeldiaren biloba Mikel Ruizek, Bertsoaren Haria Hernanin liburuan: baztangari aurre egin eta irabazi zutela ospatzeko, herri bazkaria egin zutela Ezkiaga pasealekuan eta bertsolariak, aulki bat mahai gainera igo eta bertan eserita kantatu zuela sorta hau. Ez zegokion harrotasunik eta ohorerik plazandreari, horrela kontatzen zuten bertsolariaren alabek: “zer lotsa guretzat, gure ama mahaira igo zenean jende guztiaren aurrean bertso haiek kantatzera!”.
Gainerako sorta denak erre zizkioten bertsolari ilustratua
Bertso sorta epiko hau da Zubeldiaren obra aberatsetik geratu den pieza bakarra. Bere biloba Mikel eta Joxan Ruizek gogoan dute amona idazle eta bertsolaria zela:
“Gure amak esaten zuen elizan kantatzen ziren kantu batzuen hitzak Joxeparenak zirela”.
“Luma eta tinteroarekin idazten zuen. Poesiak, errezu asko eta bertsoak”.
“Papeleratik paper roiloak ekartzen zituzten. Nik ikusten nuen berak nola egiten zituen orriak, papera neurrira moztuz. Eta orratzarekin eta liztaiarekin josiz, pasta bat jartzen zien aurre eta atzean eta koadernoak osatzen zituen. Denbora librerik zuenean idazten zuen eta bere koadernoak erakusten zizkidan”.
“Oso ilustratua izan behar zuen. Koaderno pila idatzi zituen”.
Nolaz ez dira bertso sorta gehiago iritsi, orduan? Testigantza gogorra, Mikel Ruizek egindakoa: “Alabak oso lotsatzen ziren ama bertsolari zelako eta jendaurrean kantatzen zuelako. Eta ama hil zenean alabek koaderno denak erre zituzten. A zer galera!”.
EAEn Hezkuntza sailak zuzendaritzengan delegatu du irakasleek etxetik lan egiteko erabakia
2020-03-14 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Martxoaren 13 arratsaldean iritsi da EAEko ikastetxe guztietara Eusko Jaurlaritzaren araubidea. Hauxe dio irakasleek etxetik lan egin ahal izateari buruz: “Irakasleek, behar adina bitarteko digital badituzte eta ikastetxeko zuzendaritzak egokitzat jotzen badu, telelanaren bidez egin ahal izango dute beren irakaskuntza lana, ikastetxera joan gabe. Ikastetxeetako zuzendaritzek (…) langileak ikastetxean unean unean egotea eska dezakete”.
Martxoaren 13 hori bera izan da Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan klase presentzialak eman ez diren lehen eguna eta goiz horretan aritu dira irakasleak ikastetxeetan bilduta hurrengo asteko lan-martxa antolatzen. Irakasleei etxetik lan egiteko aukeraren berri iritsi zaienerako (arratsaldean), irakasleek gurasoei emailez bidalia zieten hurrengo asteko plangintza (eguerdian). Hezkuntza sailaren araubideak zabaldu die irakasleei etxetik lan egiteko aukera, baina hau praktikara eramateko dagoeneko egina duten plangintza aldatu behar balitz?
Araubideak “ahal izango dute” aditzarekin definitzen du irakasleek etxetik lan egitea, alegia, aukera bat dela. Ikasleen kasuan betebeharra da ikastetxera ez joatea, baina ez irakasleen kasuan. Herrialde garatutzat dugun lurralde batean, eta Isabel Celaa sailburu zenez geroztik ikastetxeak arbela digitalez beteak direnean eta 12 urtetik gorako ikasle bakoitzak bere ordenagailua duenean, kontraesankorra dirudi irakasleek ez izatea baliabiderik etxetik lan egiteko. Irakasleen kasu batzuetan hala balitz ere, araubideak ez du osasun larrialdia oinarri hartuta lehentasunik markatzen. Edo hobeto esanda, hezkuntza kalitatearen bermeari balio handiagoa ematen dio osasun publikoaren bermeari baino: “Ikastetxeko zuzendaritzak uste badu telelanaren bidez kalitatezko irakaskuntza-jarduera baterako berme nahikorik ez dagoela, irakaskuntza jarduera telematikoa ikastetxean bertan egingo da, eta, horretarako, lanpostura joan beharko da”.
Zuzendaritzak erabaki dezala osasun larrialdi egoera batean nola jokatu
Osasun larrialdi egoera iragarri zuen martxoaren 13an bertan Urkullu lehendakariak. EAEko hezkuntza publikoan irakasleen mugikortasuna handia da, lasai asko egin ditzake irakasle batek egunero 100 kilometro etxetik lanerako joan-etorrian. Milaka dira irakasleak eta ikastetxe batzuetan ehun kidetik gorakoa da lantaldea, beraz, martxoaren 13an Hezkuntza Sailak ikastetxeetara bidalitako araubidearen helburua bada “birusaren hedapenari eusten laguntzea”, sektore garrantzitsua da irakasleena. Zergatik delegatu du Hezkuntza Sailak zuzendaritzengan honen kontzientzia hartu eta neurri eraginkorrak planteatzea? Ez al dagokio hori osasun larrialdi egoera izendatu duen Jaurlaritzari, eta ez ote lukete zuzendaritzek nahikoa lan, Jaurlaritzak markatutako lehentasun edo irizpide horiek beren ikastetxeetan nola aplikatu zehaztearekin?
Nork zaintzen ditu irakasleen familiak?
Irakasleek bere umeak eta zaharrak etxean utzita joan behar dute ikastetxera. Beraz, zuzendaritzen esku dagoen erabaki horrek, alegia, telelana egiteak edo ez egiteak, milaka etxetako zaintzan ondorioak dakartza.
Formek ere badute bere garrantzia
Hezkuntza sailburuak martxoaren 12an jakinarazi zuen aldi baterako eskola presentzialak eten direla eta beraz, ikasleak ez direla ikastetxera joan behar. Lehenik komunikabideen bidez jakin zuten neurri honen berri zuzendaritzek, irakasleek eta familiek, eta ondoren iritsi zen ikastetxeetara jakinarazpen ofiziala, eta ikastetxeetako zuzendaritzek jakinarazpen hori bera zabaldu zuten familietara. Hedabideetan albistea azaldu eta jakinarazpen ofiziala jaso bitarteko tarte horretan, irudikatu gurasoen waxap taldeak: “Diario” honek hau esan duela, besteak zera espero duela… zurrumurruz jositako gai larri honetan, ez ote luke ordena eta eraginkortasun handiagoa adieraziko barne kanal ofizialen bidez jasotzea hasieratik informazioa irakasle eta gurasoek? Ez al du errespetu falta adierazten erabaki horrek biharamunetik bertatik zuzenki eragingo dien irakasle eta hezkuntzako profesionalekiko, kanpotik edonork beraiek baino lehen jakiteak?
Hona hemen ikastetxeetara zabaldu duten araubidea:
Zortzi gako bakoitza bere etxetik ari delarik bilera eraginkorrak egiteko
2020-03-13 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Martxoaren 13, lehen aldiz ari gara ARGIAko lankide guztiok bakoitza bere etxetik lanean. Koronabirusak trebatu araziko gaitu bilera telematikoetan. Gauza bat baita erredakzioa bilduta gaudenean etxetik ari den pertson bat Skypez bileran integratzea eta bestea bakoitza bere etxetik ari denean tajuzko komunikazio jendetsua burutzea.
Lehen baldintza, tresnak aukera ematea
Ezagunenak diren herremintek lau lagun lotzen dituzte aldi berean. Talde handiagoentzako, Jitsi plataforma izan daiteke egokia.
Nola arbitratu taldea bakoitza zelai batetik ari denean
Eraginkortasunerako zortzi gako hauek eman ditu, lan moldeei buruzko aholkuak ematen dituen Manahmana enpresak. Hemen laburtuta eta berridatzita:
1.-Hasi aurreko beroketak
Ziurtatu kide bakoitza leku lasai batean dagoela, internet konexio onarekin, eta bere ordenagailuak kamara eta aurikularrak dituela.
2.-Partida batek 90 minutu irauten ditu eta helburua golak dira
Gogoan izan bilera birtualak jarraitzea zailagoa dela, beraz, bilera deitzen duenak oso argi izan behar du zein den bileraren helburua eta nola egingo den bilera. Inoiz ez egin 90 minutu baino luzeagoko bilerarik.
3.-Estrategia emailez bidali aurretik
Bilera baino 15 minutu lehenago partida horretara konbokatutako guztiei email bidez bidali oinarrizko dokumentazioa. Lehen orrian hauek agertzea komeni da: bileraren helburuak, bukaeran lortu beharrekoa, joko-arauak bilera eraginkorra izan dadin.
Arbitroak erabili ditzakeen joko-arauak hauek izan daitezke, adibidez: “banaka hitz egingo dugu, txata erabiliko dugu iruzkinak gehitzeko, denborak errespetatuko ditugu, ez dugu errepikatuko beste batek dagoeneko esan duena”.
4.-Tresna egokia erabili
Garrantzitsuena kide guztien aurpegiak ikusi ahal izatea da. Artikulu hasieran aipatu dugun Jitsi plataforma izan daiteke bat. Manahmanak Zoom gomendatzen dute.
5.-Arbitro: markatu denborak eta parte-hartzea
Beharrezkoa da norbaitek bilera bideratzeko funtzioa betetzea. Horretarako, bilera hasieran azaldu nola izango den bilera egiteko modua, eta adostu nor izango den hitzen txanda emango duena eta denborak markatuko dituena.
Arbitroak txilibitu gisa erabili ditzakeen esalditxoak dira: “hitzen errondarekin jarraituko dugu”, “nola erantzungo zenuke esaldi bakarrean?”, “ezer gehitzekorik, xxxx?”, “hurrengo gaira pasako gara”.
6.-Laburtu eta argitu
Bileraren zati bat bukatu denean arbitroak itxiera emango dio atal horri, esandako guztiaren laburpena eginaz eta hartu diren erabakiak zerrendatuz. Azken esaldi hon bat da: “Horrela guztia jasota geratu da?”.
7.-Linierra txata da
Bilerak iraun bitartean, txat bidez egin ditzake partaide bakoitzak bere ekarpenak. Horrela, bakoitzaren ekarpenak idatzita gelditzen dira.
8.-“Futbola horrela da…” (jokoaren egitura)
Bilera birtuala antolatzeko, hona hemen egitura sinple eta eraginkor bat:
“Greban gaude, bizitza bizigarriak nahi ditugulako, lan burujabea oinarri”
2020-01-31 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
“Ni nire lanpostuan baldintza duinetan nago, greba hau ez da niretzat”. Ez da lehen aldia izango horrelakorik entzun duzuna.
Langileak jabe diren, enpresan modu demokratikoan antolatzen diren eta bizitza erdigunean jarriz gizartea aldatu nahi duten ekonomia sozial eraldatzailearen sarea da Olatukoop (ARGIA ere bertako kide da). Langileak direnez jabe, ahalik baldintza onenetan egiten dute lan. Baina ez diezu komatxo artean dagoen esaldi-tranpa hori entzungo. Alderantziz, hara puntu batean zer dioten U30ean zabaldutako oharrean: “Greban gaude, herritarren eta komunitateen beharrei begiratu behar diegulako. Elkartasuna norberaren ongizatetik harago kokatuz. Despopulatutako lurraldeak, landa eremua eta bizitza prekarizatuak gehiengo diren hiri-auzoetako bearrak, denon behar bihurtuz jendarte kohesiorako estrategiak landu nahi ditugulako”.
Beñat Irasuegi Olatukoopeko kideari luzatu diogu galdera hori bera, alegia, enpresako erabaki guztien jabe den langileak zergatik egin behar duen greba U30ean. Hauxe bere erantzuna:
Merezi du “Greban gaude” behin eta berriz errepikatzen duen testua irakurtzea, bertan ekonomiaren ikuspegitik grebarako aldarrikapenak gehitu baitizkiote grebari. Esaterako: “Greban gaude, hegemonikoa den ekonomia eta jendarte eredua ez delako gurea. Bizitza bizigarriak nahi ditugulako. Lan burujabea oinarri, aberastasuna sortu eta banatzeko baliabideen jabetza kolektiboarekin. Ekonomia sozial eraldatzailea horretarako bidea da, eta den-dena nahi dugulako antolatzen ari gara”.
Azken puntuan, eztabaida baten beharraz ohartarazi dute: “Greban gaude, kooperatibismoan eta ekonomia sozialaren baitan eztabaida beharrezkoa delako. Berez pertsonen alde egin behar lukeen ereduaren merkantilizazio prozesua gelditu nahi dugulako”.
Piknika McDonald’s aurrean
Donostiako manifestazioaren ostean, Bulebarreko McDonald’s aurrean egin dute piknika, etxetik ekarritako jakiekin. “Kapitalaren erdigune bihurtzen ari den Donostian”, “elikadura politizatzea” izan du ekintzak helburu, sareetan zabaldutako mezuaren arabera. Kide askok eskertu dute aktibismoa eta bizitza uztartzeko modu hau: “Bestela eguerdian hiri erdian aurkitzen duzu zure burua, ez duzu tabernetan kontsumitu nahi baina ordu asko dituzu oraindik aurretik… hurrengo manifestazioetarako ere oso ekimen ona iruditu zait, beharrezkoa” adierazi du piknikean parte hartu duen herritar batek.
“Jarrai dezagun dena eraldatzen, elkartasun sareak eraikitzen”
U30eko mobilizazioak jarraipena izan behar duela, mezu hori zabaldu du Olatukoopek sareetan: “Gaur gure gorputzak zeharkatu dituen elkartasun sare honek jarraipena izan behar du, ez diezagutela sentipena hitzekin edo eguneroko errealitate kapitalistarekin lapurtu. Greba egin dugu, bizitzaren alde inork gelditu ez gaitzan. Jarrai dezagun dena eraldatzen, elkartasun sareak eraikitzen”.
Greba aurretik zabaldu zuten bideoa ikusita, pentsa liteke grebaren aurreko mezu antzekoarekin itxi dutela greba eguna bera. Grebaren biharamonean ere berdin balio du bideoak:
Kontsumitzaile gutxi U30 goizean Urbil merkatal gunean
2020-01-30 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Argazkia: Dani Blanco.
Aspaldi izan zen aurreko greba orokorra. Aurreko grebetan herri kaxko askotako komertzioa ia erabat itxi arren, merkatal gune handietan apenas nabaritu izan zen grebaren eraginik. Greba hau ezberdina izan da Usurbil merkatal gunean:
Ehun grebalari inguru elkartu dira Urbil merkatal gune aurrean, ateak irekitzeko ordua baino lehen. Ertzainak daude atean. LAB sindikatuko kide bat joan da ertzainekin hitz egitera. Grebalariei azaldu dienez, ertzainek hiru kideri utziko diete sartzen, ez besteei. Sartuko diren hiru kideak identifikatu egingo dituzte, gainera.
Sesamo Auzoa telebista saio mitikoko Koko-k azaldu ahalko luke greba goiz honetan “kontsumitzaile” eta “grebalari”en arteko aldea, poliziarentzat:
– Grebalariek ezin dute sartu. / Kontsumitzaileei “pasa lasai” egiten diete ongi-etorria.
– Grebalarien artetik sartzen diren hiru kideak identifikatu egingo dira. / Ertzainek “kontsumitzaile” gisa identifikatzen dituztenei, ez die karnetik eskatuko.
Grebalariek erabaki dute denak batera sartuko direla, jakinik hiru identifikatuko dituztela, eta gero gerokoak. Bideo hauetan ikus daiteke gertatu dena:
Dani Blancoren argazkiek ez dute mugimendu beharrik:
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Gutxi batzuk izan dira barrura sartzea lortu dutenak. Gainerakoak ateetan geratu dira, aldarrikapenak oihukatuz. Sartu den gutxi horietako bat izan da LABeko kide Elias Miner. Bideo honetan kontatu du barrura sartutakoan aurkitu dutena:
Ate nagusi honetatik kontsumitzaileak tantaka sartu dira lehen ordu hauetan. Bost minuturo erosle bakarra edo bikote bat, irudikapen bat egiteko. Grebalariek gaur ez dela kontsumitzeko eguna oihukatu diete, eta atea ertzainez josita ikusita, atzera-aurrera egin ez zekitela geratu dira gehienak. Batzuek barrura, besteek buelta egin dute.
Gasolindegi automatiko aurrean eserialdia
Langilerik ez dago Urbil merkatal guneko gasolindegian. Automatikoa da, ordea, eta gasolina kontsumoa oztopatzeko eserialdia egin dute grebalariek gasolindegi sarreran.
Laster etorri da ertzainen furgona. Eserita zeudenak lasai lasai altxa eta joan egin dira. Ertzainek bat apartatu eta karneta eskatu diote (beheko argazkian):
Donostiako manifestaziora abiatuko dira grebalariak. Merkatalguneko aparkalekuan batzuek han eta besteak hemen taldetxotan daudela, ertzainak taldetxo batengana joan dira eta beheko txioak kontatzen du Urbileko goizaren amaiera:
Ekuazioa
Lasarten goizean identifikatua izan ostean (kazetari txartela eman diot ertzainari, baina hori ez du eraman nahi izan eta estatuaren karneta hartu dit), eta Urbil merkatal gunean eguerdian kazetari moduan identifikatua izan ostean (kazetari txartela hartu dit ertzain honek), ekuazio hau atera daiteke:
Ertzainak herritarren bat besteengandik urrundu eta identifikatzen duen bitartean grabatzen ari den pertsona identifikatuko du jarraian. Zergatik ez du kamararik nahi jarduten duen bitartean? Koko-k ere azalduko luke erantzuna…