Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Euskara askatasun bat da
2016-10-12 // Hizkuntza // 4 iruzkin
Horrelaxe bizi dut gaur egun hizkuntzaren auzia. Euskaraz egiten dudanean aske naiz. Beste hizkuntzaren batean mintzo naizenean, behartuta mintzo naiz: egoerak horretara behartuta eta nire plastikozko erdarek behartutako molde zurrunetan: beste pertsona bat naiz, tonu bakarreko eta ñabardurarik gabekoa. Erdaraz ez naiz ni. Horregatik, nire buruari libertatea ematen diot euskaraz egiteko, lehen hitzetik oso aurrera, besteek erdarara pasako naizela espero duten egoeretan ere. Neure buruari zor diot, gizarte zapaltzaile-anitz honetan (generoagatik, arrazagatik, sexuagatik, hizkuntzagatik, klase sozialagatik…), askatasuna.
Azalpenik gabe
Bizitza osoa azalpenak ematen aritu gara eta enpo egin dut. “ARGIA euskara hutsean, zergatik?”; “Zer mundu zoragarri deskubrituko du euskara ikasten duenak?”; “Zergatik mintzatu behar dute egungo gazteek euskaraz?”; “Zergatik ikasi behar dute etorkinek euskaraz?”; “Zergatik jakin behar dute forentseek euskaraz?”… Askea denak ez du azalpenik behar. Autokritikoa da, norberarekiko eta norberak nahi duenean. Menpekoa dena da besteek etengabe zalantzan jarria. Euskaraz egiten diet erdaldun deklaratuei, euren gaitasuna “euskara ulertzen duzu?” (berriz ere galdera) batekin zalantzan jarri gabe. Neska kozkorretik aurrera inork ez zuen nire gaztelera zalantzan jarri, eta horrexegatik ikasi nuen. Hain xinple bezain irmo sozializatzen gara erdaretan. Egun galdera bakarrarekin erantzuten diet euskara kuestionatzen didatenean “eta zergatik egin behar dut gazteleraz?”. Oraindik ez dut konbentzitu nauen azalpenik jaso.
Nor bere zilborrean
Askatasuna horixe ere bada. Ez, noski, munduaren zilborra zarela sentitzea, baina bai, norberaren zilborrean norbera egotea. Ardatz kontua. Erdaretara pasatzen garenetan, zenbatetan egiten dugu norberaren zilborrean beste jarri dugulako? Ikasteko zaharregia den gaixo hori, egunerokoan nahiko lan badituen iritsi berria, harreman oso ona dugun lagun sinpatikoa… eta atoan, gure zilborretik jaisten gara eta leku egiten diogu, kortesiaz, bakeagatik, eskuzabaltasuna bailitzan, hura eroso sentituko den hizkuntzari. Norbera deserosotasunera ohitu den jarrera zozoaz, “lasai, nireak ez du inporta” esanik etengabe besteak zerbitzatzen ari denaren moduan.
Eta orain euskaraz egiteko libertatea hartzen dudan guztietan, Rosa Louis Parks-ekin gogoratzen naiz. Pozik, aske, harrotasunez, autobus edo gizarte honetan nire eserlekua badagokidala sentitzen dut. Eta dagokidan eserleku hori hartzen dut. Banaiz duin, altxatzeko iradokitzen ari zaidan beste hori adina, eta beraz, nire lekuan jarraitzen dut, lasai, pozik, irria ahoan. Eta neure golkorako barre egiten dut konturatuta zenbat alditan altxa naizen eserlekutik inork eskatu baino lehen, egoera tentsoei aurre hartu nahirik zibikoki. Zenbat alditan desplazatu dudan nire burua dagokidan lekutik, baita nire zilborretik ere. Zenbatetan eta txintik atera gabe egiten dugun gure buruaz beste.
Euskaldun askeak erdigunean
Nire buruari libertate hori ere eman diot, euskaraz aske sentitzen direnak izatea nire xede, helburu, jomuga. Haietaz eta haientzat hitz egitea. Barkatu, ez dut euskal herritar denak konbentzitu eta denei irtenbidea emango dien diskurtso, erantzun edo planik. Erakunde eta jende inportantea arduratzen da horretaz, eta mila esker, oso beharrezkoa da lan hori. Baina faltan nabari dut euskaraz aske sentitzen direnak plan, diskurtso eta kanpainen zentroan jartzea, ia beti. Eta mesedez, ez daramaguna baino karga eta lan gehiago jartzeko. Erosoago sentitu eta askeago izan gaitezen baizik. Euskaldun askeen logika, diskurtso autozentratua jartzea erdigunean, ia beti.
Honezkero elebakarrik ez duen hizkuntza anormal horietakoak gara. Bizi zirenean ez genituen zentroan jarri, ez genuen batere baliatu euren balioa, ekarpena. Poztu eta harrotu egiten gara elebakarrak ez izateaz (beti ere euskara bada hizkuntza bakar hori), baina ai, ahazten zaigu esplikatzea elebakartasuna bukatu dela, erdaraz hala direnei. Edo atzerritik etorri eta erdarara soilik bideratzen ditugunei.
Elebakarrak akabatuta, euskaraz aske direnak, kontzienteak, ideologizatuak, politizatuak, dira orain zentro. Erakundeentzat ez dakit, niretzat argi.
Motxilarik gabe
Askatasuna segundoka irabazten zela kontatu zigun behin Inaxito Albisu Alkoholiko Anonimoak elkarteko sortzaileak. Ez espero izateko askatasuna behin eta betiko lortzerik. Hizkuntzarena ere elkarrizketaro eta esaldiro lortzen dugu. Motxilatik atera nuen nire burua zigortzeko zartailua. Noski egoera askotan naizela menpekoa. Aske izatea dut, ordea, helburu, eta gozatzen dut lortzen dudan aldiro.
Erantzi dut, baita ere, hizkuntza salbatu beharraren edo galtzearen erantzukizunaren motxila. Utikan, zer hartuko du norberak herri bezala eusten ez diogunaren ardura!
Motxilatik atera eta ehortzi ditut, baita ere, menpeko harreman emozionalak. Hain xinple, ezen ez dudala besteen arazoetan erantzukizunik. Ez dela nire kulpa, ez dudala parterik horretan, parekoa hizkuntza batekin deseroso sentitzen bada, haserretzen bada, ezer jakin nahi ez badu… han doala bera bere motxilarekin, ez dudala zertan bere motxilarik hartu. Nahiko lan badugu bakoitzak gurearekin.
Laguntzen dit pentsatzeak, baita ere, harreman denak ez direla sakontasun maila berekoak. Batzuekin partekatzen dugun denbora eta elkarrizketa gaia eguraldia dela; besteren batekin medikuaren zain gauden bitartean osasun egoera; harengana banoa kafea lortu nahi dudalako da (hortik aurrera eraiki dezakeguna, plusa da)… badira asteburu bat partekatuko duzun kide berriak… denak ez dira zure bizitzako sakontasunetara iritsiko diren lagunak.
Askapen prozesuak kolektiboan egiten dira
Herritarren gehiengoa ez da hizkuntzaz arduratzen. Ez da militantea, baina ezta aurkakoa ere. Beraz, arauak eta “normalitateak” eskatzen duenera egokitzen da. Araua eta “normalitatea”ren marra gorriak, denon artean jartzen ditugu. Helburuak sozializatuta, arazoak esplizitu eginda, eta arauak eta legeak jarriz. Gipuzkoa Zutikeko asanbladak har daitezke adibidetzat, araua esplizitu eginda “bakoitzak eskubidea du nahi duen hizkuntzan mintzatzeko. Euskara ulertzeko zailtasunik duenari, kide honek egingo dio itzulpena”, emaitza izan baitzen 500 laguneko asanbladetan kide 1 edo 2k behar izan zuela itzulpena, ulertzeko. Errealitateak uxatzen dizkigu sarri mamuak eta konplexuak, aurreiritzirik gabe eta euskara erdigunean jarrita planteatzen dugunean.
Askapen prozesuak kolektiboan egiten dira, eta horregatik dira txalotzekoak Euskara ari du bezalako ekimenak. Hizkuntzen inguruan denon artean giro edo klima bat elikatzen dugu. Sentsazioa dago euskararekiko Izotz Arotik esnatzen ari ote garen. Hernanin ariko duen euri horrek izotza urtuko duela desio dugu.
Zehazki nor eta nola ari dira erraustegiaz dena erabakitzen?
2016-09-28 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Artikulu honen helburua zozoa da: herritar arruntok erraz ulertzea zein politikari ari diren erabakiak hartzen gure etorkizuna baldintzatuko duen erraustegiaz.
1.-Demagogia tabernakoa: Hondakinak “politikarekin nahastu dira”
Tabernako hizketaldietan eta periodico zenbaitek hartara xaxatuta, “zaborren gaia politikarekin nahastu da” esaten dugu maiz. Errealitatea da, ordea, zaborrak kudeatzeko ardura udalena dela. Eta udalak, herritarrek hautatutako politikariek kudeatzen dituztela. Beraz, zaborren kudeaketa bai, politikarien ardura da.
Errealitate praktiko horri gehitu dakioke, oso gai politikoa dela nola antolatzen dugun herriko bizimodua, eta zer egiten dugun bizimodu horren ondorio diren zaborrekin.
2.-GHK: ordezkarien ordezkarien ordezkariek saldu gintuztenekoa
Udala-mankomunitateak-GHK. Hona hondakinen kudeaketarako elkarri lotuta dauden hiru erakunde publikoak (eta beraz, politikoak).
Herriak, zaborrak errazago kudeatzeko, mankomunitatean antolatzen dira (horrela, esaterako, azpiegiturak partekatzen dituzte). Zortzi mankomunitate daude Gipuzkoan, eta mankomunitate hauek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen dute GHK (Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa): 2007an hondakin politikak kudeatzeko sortutako erakundea, sorreratik erraustegi proiektuari lotua egon dena.
Erakunde guztiak dira ordezkari politikoz hautatuak, eta esan beharrik ez dago, herritarren erabaki ahalmena txikitzen dela erakundea zeharka hautatua denean:
1.-Herritarrek bere herriko alkate eta zinegotziak hautatzen dituzte.
2.-Herriko alkate eta zinegotzi hauek hautatzen dute euretako nortzuk joango diren mankomunitateko batzarrera (mankomunitate bakoitzak du arautua udal bakoitzetik zenbat ordezkari joango diren).
3.-Mankomunitate bakoitzeko batzarreko kideek hautatzen dute euretako zein hiru ordezkari joango diren GHK-ko batzarrera.
GHKk, ordezkarien ordezkarien ordezkariek, uztailaren 28an erabaki zuten herri guztiek bai ala bai beren hondakinak derrigor eraman beharko dituztela erraustegira. Nahiz eta herri bakoitzaren eskumena den bere hondakinekin zer egin, GHKn gehiengoz erabaki zen udal denak, beren borondatearen kontra bada ere, behartzea hondakinak erretzera. Hara hemen gehiengoaren diktadura, edo zeharkako demokraziaren ajeak. Udalen ordezkarien ordezkarien ordezkariek erabaki dute udalei beren eskumeneko gaia den hondakinen kudeaketan, erabakitzeko eskubidea moztea.
3.-GHKk baditu izen-abizen eta aurpegiak
“GHK” entzun eta asko jota logo bat datorkigu burura, ente neutro eta abstraktua bailitzan… Zozokeria hutsa dena oroitu arazi behar diogu gure buruari, alegia, politikariek kudeatzen dutela GHK. Hauteskundeetako indar oreken arabera, urte batetik bestera guztiz kontrako erabakiak hartu baititu “GHK”. EAJ eta PSEko politikari denek (egun kopuruz eta boto ahalmenez nagusi direnek), hutsik egin gabe erraustegia egiteko erabakien alde bozkatzen dute, eta EH Bilduko politikari denek (egun kopuruz eta boto ahalmenez gutxiengo direnek), hutsik egin gabe, kontra. 27 kide hauek osatzen dute GHKren batzarra: Gipuzkoako Foru Aldundiko 3 ordezkarik eta zortzi mankomunitateetako 3na ordezkarik (beltzez daude errausketaren alde bozkatzen duten ordezkariak, eta berdez, errausketaren aurka bozkatzen dutenak):
Jose Ignacio Asensio. GFA. (PSE)
Imanol Lasa. GFA. (PNV)
Felix Asensio. GFA. (PSE)
Jaime Dominguez-Macaya. San Marko. Donostiako udala. (PNV)
Miguel Angel Diez. San Marko. Donostiako udala. (PSE)
Mikel Pagola. San Marko. Urnietako udala. (PNV)
Iosu Arraiz. Debabarrena. Elgoibarko udala. (PNV)
Josebe Astigarraga. Debabarrena. Mutrikuko udala (PNV)
Arcadio Benitez. Debabarrena. Eibarko udala (PSE)
Lander Arregui. Debagoiena. Bergarako udala (PNV)
Unai Elkoro. Debagoiena. Aretxabaletako udala (PNV)
Maria Ubarretxena. Debagoiena. Arrasateko udala (PNV)
Aitor Aldasoro. Sasieta. Beasaingo udala (PNV)
Asier Garro. Sasieta. Itsasondoko udala (EH Bildu)
Mikel Serrano. Sasieta. Zumarragako udala (PSE)
Josu Amilibia. Tolosaldea. Adunako udala (EH Bildu)
Amaia Azkue. Tolosaldea. Berastegiko udala (EH Bildu)
Unai Iraola. Tolosaldea. Alegiko udala (EH Bildu)
Igor Iturain. Urola Kosta. Aiako udala (PNV)
Aitor Urresti. Urola Kosta. Getariako udala (PNV)
Mikel Goenaga. Urola Kosta. Zarauzko udala (EH Bildu)
Aitor Bereziartua. Urola Erdia. Azpeitiko udala (EH Bildu)
Ana Azkoitia. Urola Erdia. Azkoitiko udala (PNV)
Xebero Agirretxe. Urola Erdia. Errezilgo udala (EH Bildu)
Cristina Laborda. Txingudi. Irungo udala (PSE)
Xabier Iridoy. Txingudi. Irungo udala (PNV)
Juan Mª Altuna. Txingudi. Hondarribiko udala (PNV)
GHK-ko kargu nagusiak pertsona hauek dituzte:
– Lehendakaria: Jose Ignacio Asensio. GFA (PSE)
– Lehendakari ordea: Aitor Aldasoro. Sasieta. Beasaingo udala (PNV)
Erraustegiaren aldeko botoa hain konbentzituta ematen duten ordezkari politiko hauen ardura dira hartzen dituzten erabakien ondorioak. Korajerik ez zaie falta, erraustegia egiteak ekarriko baititu, medikuek salatu dutenez, minbizi kasuak nabarmen igotzea (hortik eratorriko diren heriotzekin) eta herri mugimenduek salatu dutenez, udalei euren aurrekontuetatik denen artean 1.000 milioi euroko proiektua pagatu araztea (horren aurretik GHKk erraustegirik gabeko 135 milioi euroko proiektua onartua zuenean).
GHK SAU, EH Bilduk informaziorik jasotzen ez duen erabakigunea
Irakurri berri dugu albisteetan “GHK”k hilabete atzeratu duela 1.000.000.000 euro inguruko aurrekontua izango duen erraustegiaren lanak eta kudeaketa egiteko enpresek beren burua aurkezteko duten epea. Zergatik? Enpresek euren eskaintza txostena taxuz idazteko denbora gehiago behar dutelako? Finantzaketa lortzeko arazoak dituztelako?
Ez galdetu goiko zerrendako GHK-ko EH Bilduko kideei. Egunerokotasunari lotutako erabaki horiek GHK SAU-k hartzen ditu, bazkide bakarra GHK duen sozietateak, eguneroko martxa daramanak. GHKko Batzar Nagusia da GHK SAU-ko administrazio kontseiluko kideak hautatzen dituena. Normalean (eta era honetako gainerako sozietateetan), administrazio kontseiluan parte hartzeko aukera eman izan zaie alderdi guztiei. 2015ean administrazio kontseilua berritu zenean, ordea, Tolosaldeak proposatutako kidea (Ainhoa Intxaurrandieta, aurreko GHK SAUko administrazio kontseiluko kidea) kanpo utzi zuten. Beraz, EH Bilduko kideek ez dute erraustegi proiektuaren eguneroko informaziorik ez erabakietan parte hartzeko aukerarik.
GHK SAUko administrazio kontseilua horrela dago osatua: GHKko lehendakaria eta GHKko batzarrak hautatutako 10 kide (horietako bat, Donostiako Udalak egindako proposamenaren arabera izendatua). GHKko batzar kideak dira gehienak, eta izen berriak hauek: Carlos Ormazabal, Mikel Duran Gonzalo eta José Enrique Corchón.
– Jose Ignacio Asensio. GFA. (PSE): GHK SAUko eta GHKko lehendakaria.
– Imanol Lasa. GFA. (PNV): GHK SAUko lehendakari ordea.
– Aitor Aldasoro. Sasieta. Beasaingo udala (PNV). GHKko batzar kidea.
– Felix Asensio. GFA. (PSE). GHKko batzar kidea.
– Carlos Ormazabal. (EAJ. Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia. GHKko lehendakari zen, swap-ak sinatu zituztenean).
– Arcadio Benitez. Debabarrena. Eibarko udala (PSE). GHKko batzar kidea.
– Aitor Aldasoro. Sasieta. Beasaingo udala (PNV). GHKko batzar kidea eta lehendakari ordea.
– Mikel Duran Gonzalo. (PSE-EE, Astigarraga).
– Juan Mª Altuna. Txingudi. Hondarribiko udala (PNV). GHKko batzar kidea.
– Miguel Angel Diez. San Marko. Donostiako udala. (PSE). GHKko batzar kidea.
– Jaime Dominguez-Macaya. San Marko. Donostiako udala. (PNV) GHKko batzar kidea. 2016ko martxoan, Macaya ateratzea eta Jose Enrique Corchón sartzea (EAJ Irun, GFAko Finantza eta Aurrekontu Zuzendari Nagusia) onartu zuten.
4.-“Quisiera ser alcalde, Donostiakua“…
Baina GHKko batzarretan, kide denek ez dute pisu edo erabaki ahalmen bera. Bakoitzak ordezkatzen duen biztanle kopuruaren arabera, horrela daude ponderatuta botoak:
– Gipuzkoako Foru Aldundia: ordezkaritzaren %33a du. Ordezkari bakoitzak 11 boto.
– San Markos mankomunitatea: ordezkaritzaren %29. Ordezkari batek 9,8 boto eta beste biek 9,6na boto. 311.613 biztanle. Berau osatzen duten herriak: Donostia, Errenteria, Hernani, Oiartzun, Usurbil, Pasaia, Astigarraga, Lezo eta Lasarte.
– Debabarrena mankomunitatea: ordezkaritzaren %7. Ordezkari batek 2,4 boto eta beste biek 2,3na boto. 73.011 biztanle. Berau osatzen duten herriak: Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku.
– Txingudi mankomunitatea: ordezkaritzaren %7. Ordezkari batek 2,4 boto eta beste biek 2,3na boto. 76.623 biztanle. Berau osatzen duten herriak: Irun eta Hondarribia.
– Sasieta mankomunitatea: ordezkaritzaren %6. Ordezkari bakoitzak 2 boto. 69.675 biztanle. Berau osatzen duten herriak: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio, Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zumarraga.
– Debagoiena mankomunitatea: ordezkaritzaren %6. Ordezkari bakoitzak 2 boto. 62.095 biztanle. Berau osatzen duten herriak: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Elgeta, Leintz-Gatzaga eta Oñati.
– Tolosaldea mankomunitatea: ordezkaritzaren %5. Ordezkari batek 1,8 boto eta beste biek 1,6na boto. 61.000 biztanle. Berau osatzen duten herriak: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona, Zizurkil.
– Urola Kosta mankomunitatea: ordezkaritzaren %4. Ordezkari batek 1,4 boto eta beste biek 1,3na boto. 42.526 biztanle. Berau osatzen duten herriak: Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia.
– Urola Erdialdea mankomunitatea: ordezkaritzaren %3. Ordezkari bakoitzak boto 1. 32.014 biztanle. Berau osatzen duten herriak: Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidania-Goiatz, Errezil eta Zestoa.
Informazio gehiago baduzu…
GHKren osaketaz, funtzionamenduaz edo beste zernahi kontuez informazio gehiago baduzu, oso gustura jasoko dugu eta artikulu hau osatuko.
Emakume Etxeak lotuko ditu “Testurak” bertso emanaldi bereziak
2016-09-27 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Ostiral honetan egingo da lehen saioa, Eibarko Andretxean, 19:00etan. Ordutik abendura bitartean, sei bertso jaialdi gehiago egingo dira emakumeen testu literarioak oinarri hartuta.
Ekimen honetako kideetako bat den Ainhoa Agirreazaldegik azaldu digu Emakumeen Etxeetatik etorri zela eskaera, etxe hauek guztiak lotuko zituen proiektu bat egiteko beharra zutelako. Denetan berdina eta denetan ezberdina izango zen formato bat behar zuten. Eskari horri erantzuteko jarri zen martxan bertsolari talde bat, eta Agirreazaldegik baloratu du bertsolariak diseinuan parte izateak lagundu dezakeela bertsotan egiteko egoki izango den formatua bermatzen. Diseinatzeko prozesuan bertan asko gozatu dutela ere nabarmendu du, eta lana kolektiboa izan dela.
Entrenatzeko biltzen den taldea
Ikasturtean zehar elkarrekin kantatzeko bildu dira, martxa erregularrari eutsiz. Saio arruntetan gutxitan ematen den egoera bermatzen dute horrela: emakumeen artean kantatzea. Urtean zehar egin duten lana oholtzara eramateko aukera emango die Emakumeen Etxeetako saio hauek eta lagunduko du emakumeek elkarrekin kantatzeko gero eta aukera gehiago bilatzen.
Aniztasuna oinarri
“Testurak” izenburuak iradokitzen duenez, testuak izango dituzte oinarri. Testu hauek hautatzen, eta testu hauetatik abiatuta gaiak jartzen ariko diren gai-jartzaileen lana azpimarratu du Agirreazaldegik: “gai-jartzaileetan ere feministak direnak taldera inguratzea eta elkarrekin lanean aritzea oso emankorra da”. Badakite testutik gaira hainbat tolestura emango dizkiotela gai-jartzaileek, eta azaleko planteamenduetatik matizetara pasatzeko gakoa dela garbi du.
Emakume eredu anitzak ekarri nahi ditu “Testurak” emanaldiak, eta gai landuez gain horretarako aukera emango du kantuan ariko diren bertsolarien perfilak ere, bai jatorriz, adinez, bizikeraz…
Emanaldien agenda:
IRAILAK 30 EIBAR, Andretxean, 19:00etan
Bertsotan: Ainhoa Agirreazalgi, Onintza Enbeita eta Izarne Zelaia eta Saioa Alkaiza. Gai-jartzen: Maite Berriozabal.
URRIAK 5 ERMUA, Emakume Topalekuan, 19:00etan
Bertsotan: Oihana Bartra, Miren Amuriza eta Ane Labaka. Gai-jartzen: Maite Berriozabal.
URRIAK 28 ONDARRU, Etxelilan, 19:00etan
Bertsotan: Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Eli Pagola. Gai-jartzen: Ainhoa Aranburu.
AZAROAK 9 AZPEITIA, Emakumeen Txokoan, 19:00etan
Bertsotan: Maialen Akizu, Rosi Lazkano, Ane Labaka eta Onintza Enbeita. Gai-jartzen: Amaia Agirre.
AZAROAK 11 ARRASATE, Emakumeen Txokoan, 19:00etan
Bertsotan: Maider Arregi, Nerea Elustondo, Oihana Bartra eta Ainhoa Agirreazaldegi. Gai-jartzen: Maite Berriozabal.
AZAROAK 18 DURANGO, Andragunean, 19:00etan
Bertsotan: Miren Amuriza, Saioa Alkaiza, Rosi eta Alaia Martin. Gai-jartzen: Amaia Agirre.
ABENDUAK 1 BASAURI, Marienea Basauriko Emakumeen Etxean, 19:00etan
Bertsotan: Eli Pagola, Maider Arregi, Oihana iguaran eta Izarne Zelaia. Gai-jartzen: Amaia Agirre.
Emanaldiak lotzeko aukera:
Emakume Etxeetan abiatuko den proiektuak beste etxe eta plaza batzuetan interesa piztu dezakeenez, gonbidapena luzatuta utzi du Agirreazaldegik.
Txirrita bertsotan ikusi zuen azken bertsolaria joan da
2016-09-22 // Bertsolaritza // 2 iruzkin
Pedro Joxe Mujika Bidegain “Anatx” (1929an jaioa, Aitzola Bordan “Anatx etxe zaharrean”) zendu zen, irailaren 20an. Gaztetan lagunartean asko kantatutakoa eta plazan Zepai eta Migel Arozamenarekin saioa egindakoa zen. Txirrita bertsotan ikusi zuen bi aldiz, sei urte zituela. Irudi luke bertsolari handiak utzitako mandatuari eutsi ziola Anatx zaharrak bere bizitzarekin: “nere aipamenak izango dira beste larogei urtian”. Aurten bete baitira 80 urte horiek.
Bertsoaren haria Hernanin liburutik jaso ditugu Pedro Joxe Mujikaren testigantzak.
Txirrita bertsotan ikusi zuen azkenetariko testigua
“Tiloetan [Hernaniko Ezkiaga pasealekuan], bazen harrizko kiosko handi bat, eta han ikusia nago ni Txirrita kantatzen. Ereñozun eta han, bitan ikusi nuen nik Txirrita, hamabos egunen barruan. Sei urte nituen. Berriz ikusteko amorratzen nengoen, eta hil egin zen.
Oraindik begitan daukat nola hasi zen Ereñozuko eliza frenteko etxe hartan. Bestea, Saiburu, eliza frentean zen. Ez zen orduan aparaturik (mikrofonorik), baina adierazten zuten. San Antonioak ziren, eta jendea biltzen zen entzutera.
Tilosetako hartan baziren gehiago, lau bat bai, baina zein ez dakit. Jende asko biltzen zen entzuteko. San Joanetan kantatu zuen azken aldia zen, urte hartan bertan hil baitzen. Hortxe ikusi nuen Paulino Uzkudun. Hortza gorriekin, eta espalda zabalekin, ederra gizona. Beragatik aritu ziren, ‘kanpeon’ eta esango zizkioten. Zilarrezko duroa bota omen zion Txirritari”.
Zepai eta Migel Arozamenarekin egindako saioa
Behin aritu zen Zepai eta Arozamenarekin plazan bertsotan, Ergobiko festetan. Zepai eta Arozamena bertsotan ari ziren plazan, eta Mujika entzutera joana zen. “Ni Arozamenari aritzen nintzen bertsotan, eta etortzeko keinu egin zidan. Nik atzera egiten nuen, baina azkenean ekarri naute eta Arozamenak ‘hau ere bertsolaria dugu!’, ‘Ongi etorri! Konponduko gera hemen!’ Zepaik. Orduan bertsotan aritzen nintzen eta, Zepairekin pixka bat lotsagabetu edo ez dakit zer egin nintzen. Gauza handiak egiteko txiki xamarra nintzela bota zidan. Nik erantzun nion etxean zera esaten zigutela: belarri handian nituela eta koskortuko nintzela, noski. ‘Hori bertso hori moldatzeko, bertsolaria duk!’ esan omen zion Manuel Matxainek (gai-jartzaileak) Arozamenari”.
“Arozamenak esaten zidan, ‘joan hadi bertsotara, hik nik adina egiten duk, eta nik eramango haut, Basarrirengana joan behar diagu’. Haren txofer sartu baitzen Arozamena gaztetan. ‘Motel, nik ez zeukeat denborarik Basarrirengana-eta joateko, gure etxean bazegok lana’ esaten nion”.
Anatxen bi bertso
“Guk eskolarik batere ez genuen. Ni Arriatsu eskolan ibili nintzen sei hilabetean, eta kabi denbora zen eta ez nintzen joan erditan. Juan Batixta eskolan ibilia zen 14 urtera arte, bere laineza hura izaten zuen. Behin Inaxio ‘Poxta’ laguna eta biok juntatu ginen, eta baso erdi bana edatera eliza [Urnietako] frenteko tabernara jo genuen. Batixta hori inguratu da eta egin dugu saioa. Egun ona tokatu zitzaidan, eta esan zutenez, paliza eman nion gainera. Kantatu omen zidan ‘ni bezala eskolan ibili bazina, jakingo zenuen nik adina’. Nik erantzun:
Eskola ta eskola
zinanian gazte
beti estudiatzen
hortxe jai ta aste
asko pintatu(d)izunik
ez zazula aste
analfabeto bat gaur
bada zu hainbeste“.
Beste batean, kintoen bazkaria egin zuten Villabonako Izkina tabernan. Kinto-lagun Intxaustik puntua jarri zion eta Anatxek erantzun:
Intxausti:
Idiazabalgo gaztak
berdinikan ez du
Anatx:
Bera e(g)iten dutenak
e(g)ingo dira poztu
alimentua dula
ez dezagun ahaztu
nahiz ta egiten duan
pitilina moztu.
Bertsoak gogoan hartzeko trebetasuna
“Aitak etxean bertso zaharrak kantatzen zituen. Aitari ez nizkion ikasi, amonari (Pantxika Rezola) ikasi nizkion bertso zaharrak. Oso txikitan, batzuetan Urnietara joaten ginen eta bestetan Hernanira, amarekin esneak eramanez bere astoarekin. Mezatik ateratzerakoan hantxe egoten zen saltzailea bere paperekin. Ez dakit hamar xentimo edo zer balio zuten. Kantari gehienetan aritzen zen Mendaro, luparekin. Txirritarenak baino gehiago, Xenpelarrenak saltzen zituen. ‘Xenpelarrek jarriak’ jartzen zuen eta inprenta Makazaga Errenteriakoa. Sailean sailean hartzen nituen lehen gogoan, orain jada ez”.
“Txapelketa batean Donostian, gogan hartu nituen bertso mordoxka bat, zortzi-hamar bat bai. Lagunarengana joan nintzen hurrengo egunean, eta han kantatu nituen bezperan ikasitakoak. ‘Ez ditek milimetro baten okerrik’ esan zuen hark”.
“Epele auzoan obran ari ginela, Zelaiatarrak ziren elkar hartuak, eta haietan batek esan zuen: ‘Markesaren alaba? Oraindik ez diat inor sumatu danak tajuz kantatzen dituenik’. Eta nik kantatzen nituen denak, segidan”.
Anatxtarrak ere, beste larogei urtian
Bere aita Pedro aritzen omen zen bertsotan eta harengandik hartu omen zuen zaletasuna.
Pedro Joxe gaztetan aritu zen, baina soldaduska ostean lanean hasi eta andregaia egin zuenean utzi zion kantatzeari. “Andregaiak ez zuen nahi, zorretarako nuela esaten zidan eta nik ere gogo handirik ez. Hala, seko ahaztu zitzaidan (bertsotan egiten), ahaztu. Ez zegoen ondo ikusia, mozkorra zen bertsolaria”.
Pedro Joxeren semeak, Joxe Mari Mujikak eman zion jarraipena Euskal Herriko plazetan “Anatx” izenari. Bertso eskolen lehen belaunaldikoa da Joxe Mari, Sarasuatarrak, Euzkitze, Loidi, Lizarzelaia…rekin plaza asko egindakoa. Pedro Joxek kontatu zuenez, “ez naiz gogoratzen semea behin ere entzutera joan naizenik. Nik berari kontsejurik eman? Ez, ez, eskolan zebilen eta nik zer erakutsiko nion, bada!”.
Joxe Mari Mujikaren seme-alabek, Andoni, Ane eta Maddik etxean jaso dute bertsoa eta bertso eskolan landu. Joxe Marik bai, asko kantatzen du etxean ondorengoekin, eta bertsoa txarkeriarekin ez, jolasarekin lotzen duela kontatu zuen Bertsoaren haria Hernanin liburuan: “nik derrigortu ez ditut egingo ezertan. Beti esaten diet: bertsoa jolastu, bertsoarekin sufritzera ez joan. Nire umeak inora badoaz, ondo pasatzera joan daitezela. Ez txapelketako erreferentziekin. Lagunarte bat egin, eta noranahi afaltzera joandakoan gaitasuna izan dezatela puntu bati erantzun edo bertsotan broma bat egiteko. Ez diet besterik esaten”.
Zinemaldiko ekitaldia eten zuten bi aldarriak, kaletik
2016-09-17 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Zinemaldiko irekiera ekitaldiaren hasieran, preso gaixoen aldeko oihuak entzun ziren eta pankartak garbi ikusi. Handik gutxira Gipuzkoa Zutikeko kide bat eszenategira igo zen, errausketaren aurkako oihuak eginaz. Batzuei eta besteei pankartak kendu eta kaleratzea segundu kontua izan zen. Kanpoan, bake sozialaren itxura zaintzeko indarrek ez zuten sormena kaleratzeko tarte hori ere eman.
“Gaixo presoak askatu” oihuak entzun ziren eta beste pankarta batek Ibon Iparragirre laguntzeko SOS deia egin zuen.
Gipuzkoa Zutikeko kide bat errausketaren kontrako pankarta zabaldu nahian. Orduantxe agertu zen Bertrand Tavernier zinemagilea eta egoera ikusita “Donostia beti da harrigarria” bota zuen.
Irailaren 16a, Zinemaldiaren irekiera eguna, 19:30ak aldera. Gipuzkoa Zutikeko 20 bat lagun, mozorrotuta abiatu dira Boulevardetik Kursaalera, alfonbra gorri bat eta megafonia daramatela. Deialdian iragarri zuten moduan, “pasarela alternatiboa” egitea dute helburu. “Lau katu” dira euskara jatorrean, eta ia launaka doaz, inongo legetan “kontzentrazio” edo “manifestazio” adiera barregarri geratzeko moduan. Zelebre piura horiek, ordea, umore gutxiko ertzainekin egin dute topo Boulevardaren bukaerako zatian:
– Ezin dutela Kursaalera joan, ertzainek.
– Antifazen atzean, harridura aurpegiak.
– Abisua ematen dietela, ez dietela Kursaalaren inguruan egoten utziko. Jakinarazi gabeko manifestazio bat dela.
Deialdia lau haizetara zabaltzen saiatu direla erantzunda, bizipoza eta “ura gara” filosofiaren bulkadak gerria dantzatzera daramatza mozorrotutakoak, herritarrak diskriminatzen dituen agintekeria zurrunaren aurrean. Binaka-hirunaka, bakoitzak nahi duen kaletik jo du, katuen izaera independenteaz, noizbait Kursaal aurrean topo egingo duten, zortearen esku utzita. Erraustegiak herritarrei ekarriko dien zulo ekonomikoa azaltzen duten eskuorriak banatzen dituzte, sinopsi moduan idatziak, euskarazkoak “Ke arteko egunak” eta gaztelerazkoak “El gran golpe” izenburu dutela.
Batzuek mozorroa kendu dute, beste batzuek gaur horrela doazela (eta zer!) aldarrikatzen dute eta beste hainbatek mozorroa janzkera arruntarekin integratu du. Hiru erakoek jolastu dute zakur eta katuetara, poliziekin:
– Mozorroa ertzainen aurrean kendu duenari ere ezetz, ez diotela Boulevardetik Kursaalera pasatzen utziko. “Amona Grosen bizi da eta bere etxera noa. Nahi duzu nirekin etorri?”. Zer pentsa ematen du norberak begien aurrean ikusten duenean herritar guztiok ez dugula, nonbait, Bakearen Kultura aldarrikatzen duen hirian kalean lasai ibiltzerik.
– Mozorroa jantzita eskuorriak banatzen ari denak ezustean egin du topo bi ertzainekin, eta mozorroaren betaurreko beltzek ikusmena lausotuta, xano-xano eman die poliziei ere eskura “Ke arteko egunak-en sinopsia”. Ezer gertatu ez balitz bezala buelta erdi eman du, baina ertzainak identifikazio-eske ditu. “Zinemaldirako sarrerak erosita ditut, eta horrela janztea gustatzen zait” egin du identifikatuta sentitzen den bere buruaren aurkezpena.
– Mozorroa janzkera arruntarekin integratu duten katuren batzuek iritsi dira Kursaal aurrera. Zinema izarren distirarekin emozionatuta dauden herritarren artean daude agintari politiko nagusiak, ateak noiz zabalduko zain. Alfonbra gorritik paseatu dira %1a eta %1aren koadrilakoak direla amesten duten beste asko. Denak dotore, bakoitza bere diru-zorroaren neurrian. Denak denon diruarekin ordaintzen den festara, herritar soila gonbidapenik gabe, bi aldiz (sarrera 40 euro) ordainduta. Mozorroa janzkera arruntarekin integratu duten bi katu ohartu dira hiru ertzain dituztela atzetik, beti 10 metroko distantzia tartean utzita.
Preso gaixoen aldarria kalera
Kursaaleko zubia gurutzatzen hasi dira beste herritar batzuek, kartzelako hesiak daramatzatela, gaixo dauden preso politikoen argazki eta izenekin. Euria latz ari du. Ertzainek geldituarazi dituzte. Barroteak daramatzatenek alferrikako hika-mikarik ez dute egin, baina geldiarazitako lekuan bertan gelditu dira, barroteak zubiko errepideari begira jarrita. Ikusgarri.
Mahai-ingurua: Munduko inprobisatzaileak elkarrizketan
2016-07-13 // Bertsolaritza, Feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Ainhoa Agirreazaldegik egin du aurkezpena. Arratsaldeko saioan (19:00etan Tabakaleran) arituko diren inprobisatzaileak aritu dira elkarrizketan:
Karen Owen: Galestarra, kazetaria. Ikuspegi politiko kulturala du bere jardunak. Gizonezkoek taldearen babesetik inprobistatzen dute eta berak askotan bakarka inprobisatzen du eta saiatzen da poesia leku ezohikoetara eramaten (autobusak, kalea…).
Maria Isabel Servera: Mallorcarra, duela sei urte hasi zen inprobisatzen. Autodidakta. Euskal Herriko jardunaren oso antzekoak dituzte: tabernakoak, plazakoak…
Rebeca Limón: Huasteca. autodidakta da. Aukera gutxi ditu inprobisatzeko, jardunaldi hiberoamerikarretan normalean.
Yunet López: Kubatarra. 9 urtetatik inprobisatzen du. Etxetik jaso zuen tradizioa. Kazetaria.
Maialen Lujanbio: aurkezpenik ez du behar;)
Miren Amuriza: aurkezpenik ez du behar honek ere;)
Argazki orokorra
Karen Owen: Galesen ez dago emakume inprobisatzaile asko. Guk aulki bat ematen dugu sari nagusi, urteroko jaialdian. Poesia, kultura, errezitaldia, dantza elkartzen ditu jaialdi horrek. Honek gure langintzaren hastapenetara garamatza: poeta erregearen ondoko gizona izaten zen. Gales nazio txiki askoren nazioa izan da, printzerri txikiak daude, eta printzerri bakoitzak bere poeta zeukan erregearen ondoan, eta aulki edo trono bat. Horregatik da sari nagusia. 2001ean lehen aldiz irabazi zuen emakume batek aulkia. Mila urteko tradizioa dugu eta ordura arte ez zuen emakume batek irabazi. Oso garrantzitsua izan zen, beste emakumeek pentsatu zutelako “neroni saiatu naiteke”. Egun 12 emakume ari dira inprobisatzen, eta jendaurrean 2-4 aritzen dira. Jarraitzen du oso kultura maskulinoa izaten.
Maria Isabel Servera: Guk ez dugu kolektiboaren kontzientziarik, bi bakarrik garelako. Mallorcan 20 bat inprobisatzaile gara, horietatik 2 emakumeak. Ematen diren tailerretan orekatuago dago parte-hartzea, erdi eta erdi izango gara. Glosaren testuingurua oso maskulinoa zen, gauez eta tabernetan kantatzen zen, eta hor emakumeek ez zuten sarbiderik. Tradizioak gauza on eta txarrak ematen dizkigu, eta hau da horietako bat. Katalunian egoera ezberdina da, berrasmatu egin dutelako: transmisio naturala eten da, eta kantari zaharrak erreferentzia hartu arren, berrasmatu egin dute eta aurten egin duten sariketan 8tik 5 emakumeak izan dira.
Rebeca Limón: Huastecak huapango musikaren barruan inprobisatzen dugu, eta ez da asko inprobisatzen. Hiru emakume helduk inprobisatzen dute eta beste neska gazte batek. Oso zaila da emakumeon arteko komunikazioa, beste estatu batekoak baitira. Huapango jaialdietan elkartzen gara baina elkarbizitzarako denbora gutxi izaten da.
Yunet López: Nik sehaskatik jaso ditut lauda, inprobisazioak… Nire berraitona inprobisatzaile handia zen. Haren lau seme-alabatik seme bakarrak inprobisatzen zuen, baina gazterik hil zen. Nire amona zen beste alabetako bat, eta hark idatzi egiten zituen dezimak. Nire aitak ez du ez inprobisatzen ez idazten, eta galdetzen diot nola transmititu zidan, eta esaten dit hainbeste gustatzen zaionez, dena niri eman zidala. Urrezko aroan, non frontoiak betetzen ziren inprobisatzaileak entzuteko, gizon baserritarrak astoz joaten ziren emanaldietara eta andreak etxean geratzen ziren. 2000. urtean hasi ziren haurrentzako tailerrak, Alexis Díaz Pimienta izan zen nire irakaslea, eta neskak askoz gehiago ginen. Baina adinean aurrera, neskek utzi egiten dute, umeak edukitzeko. Kuban oraindik ere gizonen tradizioa da, emakumeak bere gaitasunak erakutsi behar ditu. Inprobisazioa majia da, poetak majikoak dira, eta nik dezima on bat txalotzen dut, datorren ezpainetatik datorrela. Ez dago repentismo femenino eta maskulinorik.
Maialen Lujanbio: badakigu emakumeek betidanik egin dutela bertsotan, baina ez espazio publikoan. Gaur egunera etorrita, bertso eskolak izan dira emakumeen presentzia ulertzeko gakoetako bat. Hastapena betidanik da naturala, txokea espazio publikoetara ateratakoan etortzen da eta hor bakantzen da emakumeen presentzia. 40 urteotan eboluzio handia izan du gai honek, nahiz izugarrizko bidea dagoen egiteko. Momentu oso interesgarrian dago bertsolaritza: plazara salto egitea lortu eta eutsi dioten emakume bakanek, urteetan saioko emakume bakar izanik, emakumeen bozgorailu izan dira, emakume arketipiko izan dira, errepresentatu dute emakumeA plazan. Azken urteetan, diskurtso feminista integratzean, emakume eta gizonen sentsibilizazioari esker, emakume bertsolari kopurua asko zabaldu da eta oso emakume desberdinak dauzkagu plazan: duela 40 urte onargarri izango ez lirakeen perfilak ere bai. Emakume ezberdin gehiago daude eta horrek diskurtso-iritzi-kantakera desberdinak ekarri ditu plazara, eta bere eragina du baita bertsotan ere. Emakumeen arketipo izan den emakume hori erlaxatu daiteke, mezu hori emakume gehiagok emango dutelako, eta has gaitezke emakumeen ñabardurak lantzen, ez beti korrekto agertzen, alde itsusiagoak lantzen… abaniko kreatiboa asko zabaldu da. Sortzaile bezala sekulako lasaitasuna ematen du, eta sormenerako bide interesgarria.
Miren Amuriza: Oraindik badira egitekoak. Kolektiboa biltzearen zentzua azpimarratuko nuke, gure artean hitz egitearen garrantzia. Gure artean hitz egiten dugu plazan gertatzen diren gauzez. Ni beste belaunaldi batekoa naiz, eta gure adinekook “naturalki” bizi izan dugu neskok elkarrekin kantatzea. Lujanbiori eta beste batzuei gehiago tokatu zitzaien gizonekin kantatzea. Hala ere, ez du esan nahi zailtasunik ez dugunik izan. Badago adin bat bertsolaritza jolasa den unetik zerbait serioago bilakatzen dena, eta nerabezaroarekin gurutzatzen dena. Etapa kritikoa izaten da eta neska askok atzera egiten dute. Zer gertatzen da une horretan? bakoitzak bere beldur eta mugak dauzkagula, eta hortik hitz egitearen garrantzia. Muga hori gainditu dugunok, urteekin gainerakoekin hitz egitean jabetzen zara zure beldurrak ez zirela zure beldurrak, denek bizi izan dituztela. Horregatik, atzetik datozenei bidea errazteko aukera daukagu. Bi bideak egin behar dira, kolektiboa eta bakoitzak berea.
Zer egin du zail eta zer eman dizue positibo emakume izateak?
Karen Owen: Poema irakurtzean inoiz ez dut galdetzen gizon edo emakumeak egina den. Batzuetan, tradizio maskulinoaren barruan, matxismo eta testosteronaren erdian, galdetzen dut, non geratu da sentiberatasuna? ez du zerikusirik generoarekin, poetarekin du zerikusia. Zer sentimendu eragiten dizkidan poemak, hori da begiratzen dudana. Metrika eta errimaz gain, ez dugu ahaztu behar bihotza, bihotzak helarazten gaitu publikoarengana. Poemak ez du generorik.
Maria Isabel Servera: Garai batean bakarra izan naiz, eta horregatik asko deitzen ninduten, saioan emakume bat egon dadin. Ze ondo! pentsatzen nuen, baina gero jabetzen nintzen ematen zidatela nik nahi ez nuen paper bat. Hitz egin nahi dut nahi dudan gauzez, politikaz eta abar, ez dut nahi animatu nazaten emakume naizelako, ez glosa sexuatuaz aritu nadin… ni neu izateko lana egin behar dut.
Yunet López: Deziman denetik kantatu daiteke. Baina garrantzitsua da dezimak takoia eta soinekoa jantzi eta oholtzara igotzea. Emakumeek probatu beharko lukete poesia esperimentatzea, ihesbide bat delako, hegan egiteko modu bat… Guri gai bat jartzen digute kontrobertsiarako. Emakume-gizonen artean ari garenean, askotan sexu bidetik jotzen dugu. Nik parekotasuna sentitu dut, saiatzen naiz goiko mailara igotzen, obra ona egin dadila eta jendeak jakin dezala badirela goi mailako inprobisatzaile emakumeak. Gozamena da inprobisazioa, eta garrantzitsua da emakumeak hor egotea, entzun dadila emakumeen ahotsa bertsotan.
Maialen Lujanbio: Bertsoak ez dauka generorik, inporta duena bertso ona da… Baina esaldi horretan falta dena testuingurua da. Bertso ona da inporta duena, baina orduan kontua litzateke zer den bertso ona, eta hor hasiko ginateke testuinguruarekin talkan eta galderak sortuko lirateke. Berdin entzuten diren ahots guztiak, esaterakoan konfiantza eta sinesmen bera duten denek, ez baldin bada nondik datorren heziketa hori… bat-batekotasuna ezin da testuingurutik kanpo aztertu. Emakumeak emakume bezala dituen zailtasunak testuinguruari lotuta daude, ez bere doaiei. Obra da inporta duena, baina norbaitek sortzen du, eta hargatik era batera jasotzen edo entzuten da…
Aukera berdintasuna leukakeen mundu batean, normalagoa litzateke inprobisatzaileak erdi eta erdi egotea. Eman dituzuen kopuruetan, urruti gaude oraindik. Zer landu beharko litzateke, hemendik 30 urtera datuak oso bestelakoak izan daitezen?
Rebeca Limón: Gure eskualdean badira hainbat arazo: Hasteko, ez dagoela irakaslerik inprobisatzen irakasten duenik. Dakitenak oso zelosoak dira, bakarrik ikasi dutenez, besteek ere bakarrik ikastea nahi dute. Eta emakumeak ez dira bakarrik hastera ausartzen. Hori falta da, emakumeak ausartzea etxean edo eszenategian inprobisatzera. Gero eta neska gazte gehiago ari da huapangoa jotzen eta publikoak atsegin du, beraz, inprobisatzeko segurtasuna da falta zaiena.
Eneko Orozek zuzenean eman du. Bertan duzu mahai-inguruaren bideoa.
Treva Lindsey: Hip hop feminista bideoean azalduta
2016-07-13 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 13an kantu inprobisazioa eta genero ikuspegia landu dute.
Treva Lindseyk hip hopa eta feminismoa gaia aztertu du. Lehenik arte hori deskribatu du:
“Hip hopean ahots politikoa oso garrantzitsua da. Graffitiekin ere lotuta dago gure mugimendua. Artea mugimendua, ideia horri eusten diogu: gorputzaren mugimendua erabiltzen dugu ahotsari indarra emateko. Brake dance-a ere hip hoparekin uztartzen da.
DJa, raplaria, dantzari taldea, jendea atzealdean, eta saioa dokumentatzen eta erregistratzen ari dena. Horiek osatzen dute eszena.
Musika oso maskulinoa da eta espazioa ere bai. Dena egiten da ikuspegi maskulinotik abiatuta. Feministok gure ahotsak entzunarazi nahi ditugu”.
Ondoren, bideoz lagundu du azaldu duen ideia bakoitza.
Emakumea ere bada kultura honen parte
Aita-alabaren arteko borroka erakusten duen bideo honetan ikusten da aldatzen ari dela ideia, emakumea ez dela kultura horren parte.
Emakume gorputzaren mugak gaindituz
Auzitan jartzen ari dira zer uste den emakumeek bere gorputzarekin egin dezaketen. Neskatxek euren gorputza egiten dutenak grabitatea urratzen dute.
A cappela
Hemen dago hip hoparen eta bertsoaren arteko lotura, hitzak inprobisatu egiten baitira. Umorea erabiltzen dute. Ahotsak perkusio lana ere egiten du, a cappela performancea sortzen du, etxe giroan.
Emakume hip hoplarien bilgune bihurtu zen kontzertua
Emakumeen jaialdian hainbat emakume ezagunek parte hartu zuten eta ikusleek emakumezko MCak ikusi ahal izan zituzten. Emakumezko MCen errepaso bat ere egin zen amaierako kontzertuan. Hip hoparen erroekin oso lotua egon zen. Kontzertu hark ez zuen oihartzun handirik izan hedabideetan, baina mugarri garrantzitsua izan zen emakumezko hip hoparen historian: baziren emakumezko akademikoak, kontsumitzaileak, zinemagileak, graffitilariak… hip hoparen kultura konpartitzeko.
Protesta eta bake kantuen protagonista
Emakumeek bake kantuak abesten dituzte poliziaren indarkeria salatzeko.
Protesta ekitaldietan, bereziki beltzen edo emakumezko latinoen artean, ikusten dugu emakumezkoak ere nola parte hartzen ari diren. Jatorrizko hitzak zioen “ez naute belaunikatuko”, baina kantu hau egokitu dute “poliziak ez nau belaunikatu araziko”, ikusten da inprobisazioa nola erabiltzen den. Erresuma Batuan ere lehendik erabilitako kantuak egoera berrira egokitzen ari dira.
Gaur egungo protesten lehen lerroan emakumeak ikusten dira, ahotsa darabiltenak. “Freedom” leloa errepikatzen da, eta narratiba egokitzen doa. Bertan azaltzen da nola norbaitek inbaditzen duen abeslarien espazioa. Teknika hau asko erabiltzen da protestetan, eta oso ongi adierazten du nola nahi duten emakumeek askatasuna defendatu. Egungo tentsioak emakume ahotsez ikusarazten dira, poliziaren aurkako tentsioa emakume ahotsak gorpuzten du.
Hildakoen izenak aipatzen ditu, eta lekuan lekura egokitzen du kantua, leku bakoitzeko hildakoak aipatuz. Protesta ekintza da kantu hau. Hip hop feministak espazioa ematen dio bizitza galerari, oso modu indartsuan. Gogoratu behar dira hil dituzten pertsona horiek eta publikoa inplikatu egiten da oso modu argian, erlazio magikoa gertatzen da publikoaren eta eszenategi gainean daudenen artean. Honek erakusten du nola den hip hopa mugimendu politikoa, ezusteetarako aukera sortzaileak ematen dituena.
Egungo egoera
Baditugu emakume erreferentzialak. Egun inongo zalantzarik gabe emakumeak ditugu hip hop inprobisatzaile onenen artean. Rapeko gudu horietan parte hartzen dute, oso onak dira inprobisatzen.
Elizabeth Tolbert: Kareliako emakumeen negarraren indarra
2016-07-13 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 13an kantu inprobisazioa eta genero ikuspegia landu dute.
Elizabeth Tolbertek negarlarien ohitura oso bitxi bat azaldu du, Euskal Herriko plañiderak edo negarlariak gogora ekar diezazkigukeenak:
“Karelia-ko (Finlandia eta Errusia artean) Itkuvirsi kantuak emakume zaharrenak direla uste izaten da, eta ezkontzetan kantatzen da, ezkontzen den emakumea bere familiarentzat hiltzen delako eta parte izatera doan familian jaiotzen delako. Emozioen adierazpen performatiboa da. Emakumeak elkartzen dira, elkarrekin negar egiten dute. Ez dago publikorik, jende guztiak parte hartzen duelako. Ikertzeko bertan egon behar duzu, lotura emozionala izan”.
“Umeek jaiotzen direnean duten negar egiteko ahotsaren antzekoa jartzen dute, pertsona izatea da gakoa. Hitzek indarra dute negarka esaten direlako, sentitzen direlako, testuinguru triste horrek ematen die hitzei indarra, ez hitz direlako”.
“Hasieran ikuspegi neutroz inguratu nintzen aztertzera: ekintza pertsonala eta soziala da aldi berean. Emakumeari dagokio inguru guztiari negar eginarazteko lana. Dena inprobistatzen da: testua, melodia, hizkera karelieran. Bigarren mundu gerran Finlandiara errefuxiatu etorritakoek galdu zuten euren ingurune naturala, eta Finlandiak bereganatu egin zuen Kareliako adierazpen hau, eta egokitu, denentzat erakargarri izan dadin. Beren eremu naturala galdu dute, orain elizan kantatzen dute. Ez da errituala galdu, eraldatu egin da. Egun badago talde feminista bat aiene hauek abesten dituena, ez erritual gisa, baizik, euren identitate feminista adierazteko modu gisa”.
“Hileten moduko errituala da, sauna batean hiru egunez egiten dena, bai ezkontzera doan emakumearen kasuan, bai gerrara doan gizonezkoaren kasuan. emakumeak hasten dira aieneka, eta hitz hauen bidez bizitzatik hildakoen mundura pasatzen dira arimak, eta beste mundutik ere ekartzen dituzte mezuak bizidunengana. Esaterako, behin emakume bat negarrez ari zen hildako umeagatik, eta beste emakume batek esan zion uzteko negar egiteari, beste munduan ikusi zuela bere umea perla bihurtutako amaren malkoak biltzen, eta umea sufritzen ari zela negar egiten bazuen. Beste mundua iragana ere bada, beraz, garaien arteko zubia da”.
“Ongi sekuentziatutako errituala da, esaterako, emakumeek aieneka galdetzen dute nork egingo duen hil-kutxa, eta hil-kutxa egingo dutenak zuhaitza besarkatzera doaz, negar egitera, egur horrekin egingo dutelako hil-kutxa… Negar hori errepresentatzio bat da, negarraren naturalizazio edo aktuazio bat da, denek jokatzen dute benetakoa bailitzan”.
Hizkuntza sekretua
Ez da gramatika zehatzik erabiltzen, aliterazio asko erabiltzen da, testu enmaskaratua da, oso zaila ulertzeko, bestela hildakoek erraz ulertuko lukete eta ezpiritu gaiztoak etor litezke kalte egitera. “Nire lore polita” (amaz ari da) edo “nire artzatxoa” (aita litzateke). Itzulpen librea da, hizkuntza sekretua delako. Dio: “Nire eguzki lore, galdetzen dut nola bizi izan zenituen negar eta tristura egun haiek, hau nahigabea, ezin izan zenuelako aitak egindakoa gozatu, ezin dugu Karelia gehiago gozatu, bideak ezezagunen esku dagoelako… Saiatu zaitez egoera berrian bizitzen (ezkontzera doan emakumeari zuzendua”.
Musika ere hitzaren kontra doa, hizketan azentua hitzaren hasieran badoa, musikan disoziazioa egiten da eta bukaeran azentua egin.
Alina Repo, aienelari eta txamana
Bideoan ikus daitekeen erritualak 3 egun iraungo lituzke. Hildako bere amarekin hitz egin nahi duenean, txoko batera joan, aiene bat egin eta kontaktua izaten duela kontatu zidan Alina Repok.
Interpretazioa
Antzezpena da, oinaze emozionala somatizatu egiten da, ematen du gorputzaren zati dela. Bere hasperenak, negarra, ozendu egiten du. Negarra ez da pertsonala, soziala da, esan nahi du: gu gizatalde bat gara, elkarrekin gaude.
Soinua erabiltzeko teknikek zubiak eraikitzen ditu mundu ezberdinen artean: ikusezina, hildakoen mundua…
Zergatik diren emakumeak aienelariak? Batzuek diote emakumeak direla mundura ekartzen gaituztenak eta beraz eurei dagokiela agurtzea ere.
Jone Miren Hernandez: Zer gertatzen da bertsolaria emakumea denean?
2016-07-13 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 13an kantu inprobisazioa eta genero ikuspegia landu dute.
Jone Miren Hernandezek “Bertsoa bizitoki, hitzaren arkitekturak eta generoaren hertsadurak” hitzaldia eman du. “2008an hurbildu nintzen Mintzolara eta hor jarri nuen martxan ikerketa. Bertsolarien giroa kutsakorra da eta urte hauetan saiatu naiz nire ahotsa aurkitzen eta nire begirada. Nondik begiratu bertsoari? Ertz asko ditu eta ikerketa arlo desberdinak. Duela urte bat edo bi definitu nuen begirada hori, markoa. Genero sistemak bertsolaritzan duen eragina aztertzea izan dut helburu”.
“Nire sentsazioak, bizipenak, oso garrantzitsuak izan dira, konturatu naizelako bertso saioetan eta nik sentitzen nuena ez zetorrela bat literaturan topatzen nuenarekin. Ez ziren nahiko tresna ulertzeko nire bizipenei. Horregatik eman diet garrantzia nire sentsazioei, akuilu izan ditudalako. Saiatu naiz sentsazio horiek partekatzen eta beste pertsona batzuenak jasotzen. Edozein bertso saiotan oso presente daude bizipenak, baina gehienetan anegdota gisa geratzen dira. Saiatu naiz ulertzen zer gertatzen den material emozional horrekin. Bertsoarekin batera doa material emozional hori, baina zaila da harrapatzeko, ezkutuan geratzen da. Bertsoak bizitza bikoitza du: batetik dugu testua, edukia, neurriak, doinuak… hori oso dokumentatuta dago. Baina bertsoak badu beste bizitza bat, batzuetan bertsoaren aurretik eta beste batzuetan bertsoaren atzetik sortzen da. Badago hor beste zerbait bueltaka, momentuan gertatzen dena eta geratzen dena. Bertsoaren bigarren bizitza hori da interesatzen zaidana, hitzetik aparteko bizitza. Hor saiatu naiz kokatzen nire lana. Balioa ematen diot, hor dagoelako bertsoaren indar berezi bat, ikertu beharrekoa”.
Markoa: Bertsoaren material emozionala
“Hiruki bat irudikatzen dut: bertsolaria, bertsoa, publikoa. Saiatzen ari naiz euren arteko harremana arakatzen. Ez dugu material askorik, ez dago bertso askorik deskribatzen duenik zer sentitzen duen bertsolari batek bertsoak kantatzerakoan (Mikel Mendizabalek 1991n kantatutakoak dira gutxi horietako batzuek). Ez dira hitzak, arrazoiak, burua bakarrik, badira beste lan emozional batzuek eta gorputz lanak, bertsolariak egin behar dituenak”.
“Badira dikotomikoak diruditen ideiak, baina praktikan ez direnak: afektuak eta arrazoiak, bihotza eta burua, norbanakoa eta taldea, subjektua eta mundua, pertsona eta testuingurua. Bertsoa ulertzeko apurtu behar ditugu dikotomia horiek, bertsoak mugak eta ormak apurtzen dituelako eta tentsioak azalaratzen dituelako. Kontrako elementuak baino, tentsioan dauden elementuak dira bihotza eta burua, norbanakoa eta taldea…”.
“Bertsoak boterea du. Hitzek badute gaitasun bat gauzak egiteko (Zulaikaren tesia asko aztertu dut, bertako ideia da hau). Hitzak boterea hartzen du gai denean gizarte binkulo edo lotura ordezkatzeko. Bertsolariaren papera da bertsoaren indar hori kudeatzea. Horretarako bi tresna ditu: hizkuntza trebezia eta pertzepzioa. Bertsolariak dira pertzibitzeko bereziki trebatuak diren pertsonak. Egoerak, harremanak, pertzibitzea trebakuntza bat da, agian bertso eskoletan lantzen dena baina ezkutuan geratzen dena. Material emozional horrekin eta hitzaren bitartez, bertsolariak errealitatea eraldatzen saiatzen dira. Uste dut hori oso presente dagoela bertsolarien helburuetan: hitza ekintza bezala, ekintza eraldatzaile gisa
Adibide moduan, Xalbadorrek txistu jo ziotenean egin zuen kudeaketa lan bat. Egoera pertzibitu, material emozionalarekin kudeaketa lana egin zuen, eraldatzailea”.
Emakumeak bertsolari
“80ko hamarkadan egin ziren ikusgai bertsolaritzan, nahiz eta beti aritu diren bertsolaritzan. 80ko hamarkadan hasten dira haien izenak ezagutzen, eta 90eko hamarkadan hasten dira aztergai izaten (1995eko Bertsolari aldizkariaren 17. zenbakia horren adibide).
Geroztik gauza asko egin dira: diagnostiko, hausnarketa… Egin diren lanetan, lerro nagusi hauek aurkitu ditut:
– Historiako emakumeak aztertu dira, biografiak…
– Transmisioa eta genero rolen erreprodukzioa aztertu da
– Emakume eta gizon bertsolarien ibilbidean ematen diren ezberdintasunak
– Oholtza gainean ematen diren inertziak, jokaerak…
– Publikoaren eta gizartearen aldetik emandako erantzunak…
Denetan dago elementu komun bat: aztertzen dutela genero sistemak, gizartean generoarekin lotutako elementuak nola islatu diren bertsolaritzan. Traslazio bat.
Garaia da bide berriak irekitzeko. Horretarako abiapuntu hartu dut Carmen Larragañak 1994an egindako Bertsolarismo: habitat de la masculinidad eta John Bergerren 1972ko Ways os seeing. Larrañagaren ekarpena da ez diola begiratzen gizarteari, baizik bertsoaren barrutik saiatzen dela ulertzen zer gertatzen den. Eta Bergerren lana klabea da publikoa ulertzeko.
Bertsoa abiapuntu jarrita, ikerlerro hauek aurkitu ditut:
Bertsoa, marko komunikatibo gisa (Zulaikaren lana erabili dut): bertsoak sortzen du eremu berezi bat, beste marko komunikatibo bat, normalean gertatzen ez diren gauzak gertatzen direnak. Zergatik den ezohikoa? Normalean esaten ez direnak esaten direlako: batzuetan oso jakintzat ditugun gauzak ez ditugu egunerokoan esaten. Eta berezia da, bertsolariak aukera duelako komunitateari hitz egiteko eta komunitatearen izenean hitz egiteko (“herriaren ahotsa” izateko). Bertsolaria kudeatzaile da hemen. Zer gertatzen da marko komunikatibo horretan emakumeak daudenean? emakumeak begiratuak izateko eta begira egoteko direla sozializatuak, eta ez euren begiradaren jabe izateko. Hori arazo da kudeatzaile izateko. Emakumeak sartu dira espazio maskulinizatu batean. Bere presentziak espazioa feminizatu egiten du eta gutxietsi egiten du. Zergatik ezin du eremu komunikatibo ezohiko horrek emakume/gizon dikotomia ezabatu? Posible da bertsotan bizikleta eta behi izatea, baina generoari buruzko gauza batzuek gainditzea ez. Zergatik?
Bertsoa eta talde identitatea. Zulaikaren ustez, pertsona eta hitza batera doa euskal kulturan. Arrazoiak, irudiak dira eta horiek josteko elipsia erabiltzen du bertsolariak. Bertsolaria jostuna da, eta elipsiak kudeatu behar ditu (jakinak diren kontu horiek). Zer gertatzen da kudeatzailea emakumea denean? Gure kulturan hitza gizonari lotuta dago, eta emakumeen hitza beste ideia batzuei lotua da: ez da zehatza, ez dago ekintzekin lotua… John Foleyk esaten digu ahozkotasunean publikoak aktiboa izan behar duela, bete behar dituelako elipsi edo hutsuneak. Publikoak zer du hutsune horiek betetzeko? tradizioa. Horrela ulertu dezakegu zergatik ez diren gauza batzuek gertatzen bertsotan: publikoa da batzuetan traba, jokatzen dugulako elipsiekin, eta elipsiak betetzeko tradizioa behar dugu, eta gure tradizioan emakumeak ez du hitzik izan. Emakume bertsolaria sortzen diren deserosotasunen kudeatzaile da.
Bertsoa (hitza) ikur moduan, gizarte lotura moduan. Bertsoa hitzen trukea da. Hitzak boterea lortzeko, lortu behar du publikoaren kontsentsua edo adostasuna. Zer gertatzen da genero ikuspegia azaleratzen denean? zer gertatzen da partekatuak ez diren emozio edo nahiak mahai-gainean jartzen direnean?
Huastecak, neska gazteek maisu zaharrari tailerrean ikasia
2016-07-12 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Rebeca Limón, Dana Sofua Limón eta Diana Laura.
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 12an Transmisioa izan da gai ardatza.
Rebeca Limón, Dana Sofua Limón eta Diana Laura Hernández Huasteca herrikoak dira, Mexikon. Euren gaztetasuna nabarmendu dute umore handiz, “15-18 urte artekoak gara, arraro sentitzen gara zuen aurrean, gazteenak gara-eta”. Hiriko neska gazteak huapangoa jotzea, horra tailerrek ekarri dutena. Tailer haien berezitasuna, euren kasuan behintzat, bersadore zahar batek (eskolatu gabeak) zuzenean bere bizipenak irakatsi dizkiela.
Euren herriaren azalpenak eman dituzte, eta arroparenak: “Han ohikoa da jendea arropa honekin janztea. Buruko honen neurria, komunitate barruan familiak duen estatusaren araberakoa da. Arropa honetan brodatzaileek euren ametsak brodatzen dituzte, beraz, egilea bakarrik da interpretatzeko gai. Baina denek dute lore huasteca, lau puntu kardinalak eta espiritualtasuna azaltzen dutenak”.
Huapangoa
“Huapango musika nahualt hizkuntzatik eratorritako hitza da, eta oholtza gaina esan nahi du. Uste da XVIII. mendean iritsi zela Mexikora. Musika indigena eta flamenkoaren arteko nahasketa da. Normalean jendeak dantzatu egiten da, zapateatu. Esaten da bere eremu naturala festak direla, bakoitza zoriontsu sentitzen den ospakizunean, jaiotza, ezkontzan… Huapangoek hitz eta musika finkoak dituzte, eta bakoitzak bere erara ematen du. Son huasteco-a, berriz, propio sortutako bertsoak eta hauen artean inprobisatzen diren bertsoak dira. Inprobisadoreak oso gutxi dira, gehiago dira bersadoreak, bertsoak orri batean idatzi eta oholtzara igotzen direnak egin berri dutena kantatzera”.
Hemen jo duten “nekazariaren huapangoa”:
Jarraian norbaiten hutsuneari son huasteco-a kantatu diote:
Transmisioa
“Belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, baina gu hirikoak gara eta gure gurasoek ez zuten musika hau ezagutzen. Kasualitatez, ezagutu genuen gure irakaslea, umeei nola irakasten zien, eta asko gustatu zitzaigun. Eskolatu gabea da, baina oso jakintsua, bizitzaz asko dakielako. Eta gure kulturarekiko maitasuna helarazi zigun. Entsegu bakoitzean kontatzen zigun bere esperientziaren bat, esaterako, bere garaian oinez bide luzea egin behar izaten zuela eta horregatik saiatzen zela joandako lekuan ahalik gehien ikasten. Besteek ez zuten irakasten, asko kosta zitzaielako ikastea ‘niri kosta bazait zuri ere kostako zaizu!’ pentsatzen zuten. Ez digu teknikarik erakutsi ‘jarri hatza hemen, jarri hatza han’ eta soinu ona ateratzen duen arte.
Gazte askok huapangoa jotzen dugu, baina trobatu, inprobisatu, oso arraroa da ikustea. Inprobisadoreak zaharrak dira eta hiltzen ari dira. Horretaz jabetuta, tailerrak ireki dituzte, eta guk ere hor ikasi dugu. Gizonena zen huapangoa, emakumeek dantza egiten zuten oholtzapean. Tailerrek hori aldatu dute, orain emakumeen ahotsa ere entzuten da, eta egun tailerretan emakume gehiago dago mutilak baino.