Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Kontu ilunak GHKn: Jaurlaritza ere saltsan
2017-02-03 // Kontu ilunak GHKn // Iruzkinik ez
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, 2010eko apirilaren 23an eman zion proiektuari, ebazpen bidez, Ingurumen Baimen Bateratua. Pilar Unzalu Pérez de Eulate izan zen (PSE) Ingurumen sailburua 2009-2012 legegintzaldian.
Ainhoa Intxaurrandietak iragan azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian azaldu zuen nola 2013an, bera GHKko lehendakari-ohia zela, dokumentazio gakoa gordetzen zuen ordenagailua lapurtu zuten. Auzitegiak 2015ean itzuli zien ordenagailua eta perituen arabera 70.000 artxibo ezabatuak izan baziren ere, 190 artxibo berreskuratzea lortu zuten. Horien artean beste bat, oso garrantzitsua:
Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Baimen Bateratuari dagokiona. Intxaurrandietak horrela azaldu zuen zer den Ingurumen Baimen Bateratua da: “egin nahi den azpiegitura batentzat, Jaurlaritzak bete beharreko arauak jartzen ditu, azpiegitura horrek ahalik gutxien kutsatu dezan eta beti ere legeak ezartzen dituen kutsadura mugen barruan kutsatu dezan. Horretarako, azpiegitura horrek jarri behar dituen neurri zuzentzaileak zehazten ditu Ingurumen Baimen Bateratuak”. Horraino azalpena. Orain dator ordenagailuan egindako aurkikuntza: “Jaurlaritzak bidalitako Ingurumen Baimen Bateratua zuzendu egin zuten lapurtutako ordenagailu horretatik, eta Jaurlaritzari esaten diote, ‘hau jartzen duzun lekuan beste hau jarri behar duzu’. Eraikitzera doan promotoreak ezin du, inolaz ere, hori egin, ezin du erabaki zer jarri behar duen Jaurlaritzak baimenean. Baimenean egin zituzten aldaketa horiek ez dira esanguratsuak, baina badaude korrekzioak”.
Bihar irakurri ahalko duzu, blog honetan, artikulu sorta honetako azken kapitulua: besteak beste, kontratazioetan egindako irregulartasun bat azaltzen duena.
“Kontu ilunak GHKn” artikulu sorta honetako aurreko aleak:
1.-Atarikoa
2.-Lapurtutako ordenagailuaren kasua eta swap-etatik libratzeko aukera
3.-Lapurtutako ordenagailuak baieztatzen du: erraustegia zen, ez “balorizazio energetikoko planta”
Lapurtutako ordenagailuak baieztatzen du: erraustegia zen, ez “balorizazio energetikoko planta”
2017-02-02 // Kontu ilunak GHKn // Iruzkinik ez
Erraustegi baten eskema.
Ainhoa Intxaurrandietak iragan azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian azaldu zuen nola 2013an, bera GHKko lehendakariorde zela, dokumentazio gakoa gordetzen zuen ordenagailua lapurtu zieten. Auzitegiak 2015ean itzuli zien ordenagailua eta perituen arabera ordenagailu horretako 70.000 artxibo ezabatuak izan baziren ere, 190 artxibo berreskuratzea lortu zuten. Horien artean bat, oso garrantzitsua:
Zenbakiekin kontuak erraz egiteko aukera ematen duen Excel liburu bat. Intxaurrandietaren hitzetan, “Excel liburuaren lehenengo orrian kalkulatzen da zer botere kalorifiko izango duen errauste plantak. Izan ere, erraustegiaren eta balorizazio energetikoko planta baten arteko ezberdintasuna, botere kalorifiko kopurua da. Formula bat aplikatzen da, eta horren arabera, planta horrek lortzen duen energia kopuruaren arabera izendatzen da planta bat ‘erraustegi’ edo ‘balorizazio energetikokoa’. Exceleko lehen orrian, formula hori aplikatuta, emaitzak ematen zuen balorizazio energetikoko planta bat zela orduko proiektua. Baina Excel liburu horretako bigarren orrian, formula horri gehitzen zioten plantak berak zuen energia kontsumoa, martxan aritzeko. Eta orduan, jada, erraustegia zen”.
Proiektu hori erraustegia edo balorizazio energetikoko planta izatea ez da energiari dagokion arazoa soilik. Intxaurrandietak azaldu zuenez, “erraustegia egiteko Europak ez du dirurik ematen eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen baimenik eman: Eusko Jaurlaritzaren baimena balorizazio energetikoko planta bat egiteko emandakoa zen. Jakitun ziren horretaz, erraustegi bat izango zela, ez zuela balorizazio energetikorik lortuko, eta aurrera egin zuten”.
Bihar irakurri ahalko duzu, blog honetan, lapurtutako ordenagailutik berreskuratu zuten beste dokumentu baten berri, oso garrantzitsua.
“Kontu ilunak GHKn” artikulu sorta honetako aurreko aleak:
1.-Atarikoa
2.-Lapurtutako ordenagailuaren kasua eta swap-etatik libratzeko aukera
Lapurtutako ordenagailuaren kasua eta swapen kalte-ordainetatik libratzeko aukera
2017-02-01 // Kontu ilunak GHKn // 2 iruzkin
GHKren eguneroko lan funtzionamenduan “giro iluna” irudikatu dezakegu, Ainhoa Intxaurrandieta lehendakariorde zuen 2013 hartan. Intxaurrandietak iragan azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian egin zituen adierazpen hauek: “Bilerak ezin genituen goizetan egin. Arratsaldetan egin behar izaten genituen, bertako teknikari eta langileak joandakoan. Zergatik? Hitz egiten genuen edozein gauza, hurrengo egunean Diario Vascon ateratzen zelako. Paper bat uzten bagenuen mahai gainean, hurrengo egunean Diario Vascon ateratzen zen”.
Espioitza nobela baterako bada materialik Kontsortzioaren etxe horretan: “Zantzuak genituen urteetan gauza arraroak egin zirela, gauzak ez zirela oso fin eta argi egin. Baina ez genuen frogarik epaitegietara joan eta erraustegiaren kontratua apurtzeko. Errelatoa bagenuen, baina paperak falta zitzaizkigun. Artxiboetan begiratzen hasi ginen eta dokumentazioa falta zen, dexente gainera. Esaterako, bagenekien zein bilera egin ziren baina bilera horien aktarik ez zegoen”. Langileengana jo zuten informazio bila: “Bazen teknikari bat lanean, errauste planta egin izan balitz bertako zuzendaria izango zena. Badakigu teknikari hori bilera horietan egon zela. Aktak ez genituenez, teknikari horri galderak egin genizkion, frogak non zeuden jakiteko eta gertakizunen historia osatzeko. Teknikari honekin hiruzpalau bilera egin genituen, gauza asko esan zizkigun. Guk berak esandakoa idatzi egiten genuen, ondoren berari erakutsi idatzitakoa, eta ados zegoen galdetzen genion.
— Dokumentazio hau guztia non dago? —galdetu genion eta berak erantzun:
— A, nire ordenagailuan!
— Kopia bat emango diguzu?
— Bai, orain berandu da, txikiaren bila joan behar dut. Bihar emango dizut kopia.
Hurrengo egunean inoiz baino goizago etorri zen lanera, 7:00etan, eta 12:00ak arte egon zen. Hura izan zen ikusi genuen azken aldia. Bulegora joan eta ikusi genuen bere ordenagailua ez zegoela. Telefonoz deitu genion eta ordenagailua kotxean zuela esan zigun. Geroztik telefonoa itzali zuen eta gaur arte, ezin izan genuen berarekin harremanetan jarri”.
Ordenagailua desagertu zelako salaketa jarri zuen GHK-k. Intxaurrandietak pena hauxe du: “Ordenagailu horretan baziren frogak, ustez, errauste planta ixteko, inolako kalte ordainik ordaindu gabe. Bazirelako frogak adierazten zutenak gauzak ez zirela behar zen moduan egin”. Auzitegietako gerra orduantxe hasi zen: “Salaketa jarri eta astebetera, arratsaldez bileran bakarrik geundela, atea jo zuten Ertzainek. Teknikariak salaketa jarri zuen zuzendariaren eta abokatuaren aurka, salatuz bahiketa, tortura, mehatxuak, tratu txarrak… zer ez!”. Epaitegietan duen itxaropena irudikatu lezake irakurleak: “Hurrengo bi urteetan, ordenagailuaren lapurretari buruzko salaketak ez zuen aurrera egin. Aldiz, teknikariak gure aurka jarritako salaketaren ondorioz auzia egin zen, frogatu zen ez zela halakorik gertatu, errekurritu zuten, berriz auzia, berriz errekurritu…”.
2015eko maiatzeko hauteskundeetan GHK berriz EAJren esku geratu zenean, “agintariek egin zuten lehen gauza izan zen, ordenagailuaren lapurretaren aurkako salaketa kentzea”.
Hori baino lehen ordenagailua eskutan izatea lortu zuen Intxaurrandietaren lanaldeak, ordea: “Ordenagailua bi urtean epaitegian egon ostean, hauteskundeak baino bi hilabete lehenago, epaitegiak itzuli egin zigun. Espainiako estatuko peritu adituenetako batengana eraman genuen eta esan zigun 70.000 artxibo zeudela ezabatuak, ‘modu seguruan’ (ez berreskuratzeko moduan alegia). Eta esan zigun noiz hasi ziren ezabatzen artxibo horiek: teknikaria lanera joan zen azken egun horretan, 7:12etan”. GHK-ko zuzendari berriengana jo genuen esanaz: “Ordenagailuaren lapurretari buruzko salaketa kentzera zoazte, baina froga daukagu dioena artxiboak ezabatu zituela azken egunean. ‘Guk ez dugu ezer faltan botatzen artxibategietan’ erantzun ziguten”.
Espainiako peritu horren laguntzaz, ordenagailutik 190 artxibo berreskuratu zituzten, “despiste bat izan zen, ezabatu zituenaren aldetik”. 190 artxibo horietan, badira batzuk informazio oso baliotsua ematen dutenak. Hurrengo egunetan irakurriko dituzu, blog honetan.
Artikulu sorta honetan aurrekoa:
1.-Kontu ilunak GHKn: Atarikoa
Kontu ilunak GHKren kudeaketan: Atarikoa
2017-01-30 // Kontu ilunak GHKn // Iruzkinik ez
Josu Amilibia eta Ainhoa Intxaurrandieta Zizurkilen eman zuten hitzaldian. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.
Ainhoa Intxaurrandieta hurrengo hilabeteetan aterako duen liburua prestatzen ari da eta erraustegiaren gaian eta kudeaketa publikoan interesik duten herritarren artean jakin-mina sortuko du, espero baita bertan kontatuko dituela GHK-ren lehendakari orde izan zenak atzeman eta bizi izandako “irregulartasunak”. 2013ko kontuak ziren, baina berriz ere itzuli dira bai persona eta bai bere agintaldia pilpilera. Izan ere, erraustegi proiektu zaharra gelditu zuen EH Bilduko Intxaurrandieta buru zuen GHK-k 2013an, eta horren aurka San Markosko (Denik Itxaso buru) eta Debabarrenako mankomunitateek (Arcadio Benitez buru) jarritako helegiteari arrazoi eman dio 2017ko urtarrilaren 4an Donostiako 1. Administrazio Auzietarako Epaitegiak. Epai horrekin, bertan behera utzi du GHK-k 2013ko azaroan Zubietako erraustegia egiteko kontratua eteteko erabakia eta enpresa multzoari eman beharreko kalte ordainaren erabakia.
Intxaurrandietak, Tolosaldeako Mankomunitateko lehendakari Josu Amilibiarekin 2016ko azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian (hemen duzue Tolosaldeko Atariak eginiko kronika), lehen eskutik azaldu zituen GHK-ko zuzendari zela atzeman zituen “kontu ilun” zenbait, libururako modukoak hauek ere. Hurrengo egunetan izango dituzu irakurgai, blog honetan.
Sarrerako artikulu honetan, oraintxe epaia atera berri den auzi horri buruz Intxaurrandietak Zizurkilgo hitzaldian eman zituen azalpenak jaso ditugu:
“Errauste plantaren kontratua apurtzeagatik sartu ziguten demanda. Orduko errauste planta [kontuan izan lehen proiektu hartatik oraingora aldaketak izan direla] 260.000 tona erretzeko zegoen diseinatua. Gainera, bere gaitasuna handitu zitekeen 320.000 tonara arte. Errauste planta gelditu genuenean, 160.000 tona errefus sortzen ziren Gipuzkoan. Hori izan zen errauste planta gelditzeko arrazoi nagusia”.
“2010eko maiatzaren 5ean email bat jaso zuen GHK-ko zuzendaritzak (garai hartan, EAJ-koak), GHK-k berak kontratatua zuen IBH ingeniaritza enpresak bidalia, esanaz: ‘Konturatzen zarete gaindimentsionatua dagoela errauste planta, ezta? (Eta errauste plantak %100ean funtzionatu behar duenez) Pentsatzen ari zarete hondakinak nondik ekarri behar dituzuen?’. GHK 2010ean ere jakitun zen gaindimentsionatua zegoela errauste plantaren proiektua, hondakinak faltako zituztela, baina aurrera egitea erabaki zuten”.
“2013ko azaroaren 13an apurtu genuen erraustegia egiteko kontratua. Epaiketara eraman gintuzten kontratua eteteagatik. 2015ean izan zen epaiketa: maiatzaren 5ean deklaratzera joan behar nuen, galdeketa egin behar zidaten. Aurreko egunean, 14:00etan jakinarazpen bat bidali zidaten, esanaz ez joateko epaiketara, nire deklarazioa ez zutela onartuko. Noski joan nintzela, publikoan egotera. Bertatik pasa ziren aurreko legegintzaldian erraustegia justifikatzen zuten teknikariak eta politikariak. Publikotik aritu nintzen guztia entzuten eta ikusten, eta hitz egiteko aukerarik gabe, epaiketa gure kontrakoa zenean. San Marko mankomunitatearen abokatua Anjel Oiarzun zen. Beste epaiketa batean ere nire kontrako abokatua da. 2015eko abendurako aterea behar zuen sententziak”. Noski epaitegiko kontuek luze jotzen dutela eta dena auskaloz betea dagoela. Kasualitatez, egungo GHK-k Urbaser buru duen UTEarekin kontratua sinatzeko deskontuko minutuetan atera da FCC buru zuen UTEaren kontratua balioan jartzen duen epaia. Auskalo zergatik, hau ere.
Galdric Peñarroja: “Argi komunikatu behar dugu Diadan urte horretako eskaera eta egiteko modua”
2016-11-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Galdric Peñarroja ANCko kideak azaldu ditu eta Diadaren gako komunikatiboak.
Ezaugarri batzuk azalduko ditut diskurtso independentistarenak. Aniztasun handia dago, mugimendu oso transbertsala da eta inklusiboa: alderdi politikoak (eskuinetik ezkerrera doazenak), politikarekin nazkatuta daudenak, katalan adina español sentitzen dena, español sentitzen dena… publiko potentziala oso anitza da eta mobilizazioetara deitu nahi dugun publikoa oso anitza da. Mugimendu demokratiko eta baketsua da. Katalunian bozka-kutxak eskatzen ditugu, eta ongi eskatzen ditugu. Estatu espainiarra da independentista gehien sortzen dituena Espainiako estatuan. Agente komunikatzaile handiak dira. Positiboa ere bada mugimendu hau. Katalunian estatu propioa nahi dugu, herrialde hobe bat ekarriko dutenak, horregatik etorkizun mezua dauka, positiboa, hoberako dena. Mobilizazioetan ikusten dugu aktibismora familia osoak doazela eta ongi pasatzen dutela.
Nola transmititzen da mezu hau? Gizarte zibil mobilizatua dugu Katalunian. Erakunde hauen ezaugarria da ez dutela diru askorik (ANCk debekatua du dirutza handiak jasotzea erakunde publikoetatik, independentzia bermatzeko). Boluntarioei esker da posible gauza asko egitea, diruarekin ezinezko litzatekeena, pagatu ezin dena. Urte osoan ari da jende hau lanean, hitzaldiak antolatzen, informazioa banatzen… Boluntario asko baditugu erraza da informazioa masiboki banatzea, ongi zehaztutako segmentuetan, zonaldeetan.
Sare sozialak erabiltzen ditugu. Herritarrek aktibismoa egiten dute sareetan, asanbladako edukiak asko mugitzen dira. Boluntario asko badituzu gaitasuna duzu ekintza jendetsuak egiteko, Diada esaterako.
Diada
2012an egin zen lehen aldiz. Formatu klasikoan egin zen: lema orokor batekin deialdia egin zitzaion gizarteari bere babesa emateko. Baina berezi egin zuena izan zen bildu zen jendetzak: manifestazioa izan behar zuena kontzentrazio bihurtu zen, ezin izan genuelako aurrera egin. Lehen aldiz mezua oso argia zen, independentzia eskatzen zen argi, eta modu proaktiboan egiten zen (ez Espainiako estatuaren eraso bati erantzunez), baizik egungo markoa agortuta zegoela esanaz.
Ondoren hartu zuen egungo formatuan: urtero irailaren 11n zerbait eskatzen da. Eskaera hau irudikatzen da jendeak egiten duen ekintza batekin. Mezua ez da bakarrik babesten biltzen duen jendetzarekin, baita ere indartzen da jende honek egiten duenarekin. Jendea beharrezkoa da ekintza hau egiteko. Kontakizun bat egiten da honen guztiaren inguruan: kontakizun erraz eta bisual bat behar da. Esaterako, 2014an V handi bat egin genuen bi kaleekin. V horrek esan nahi zuen (katalanez) borondatea, bozkatzea, “victoria” edo garaipena.
2015ean parlamentura eraman genuen gezi moduko bat, 15 egun beranduago egingo zirelako parlamentuko bozketak eta parlamentu independentista bat nahi genuelako.
Diadaren oinarrietako bat eremuak dira. Eremuen oinarri hori Katalunia osoa zeharkatzen zuen giza kateak jarri zuen, hori gabe ezin baikenuen bermatu giza katea osatuko zenik. Antolaketarako behar honek baldintzatu zuen baita komunikazioa ere: jende guztia zen beharrezkoa, eta izena ematea bera ekintza mediatiko bihurtu zen. Historian zure lekua hartzera gonbidatzen genuen jendea. Sare sozialetan biral bihurtu zen izen-ematea, jendeak esaten zuen “familian goaz halako eremura, zatoz zu ere”. Jendeari eskatu zitzaion horiz joatea, eta ANCren kolore bereizgarria bihurtu zen. Baina diru-iturri ere bihurtu zen, kamiseta hori ofiziala sortu genuelako, eta geroztik kamiseta hori da diru-iturri nagusia ANCrentzat.
Ordua ere badugu. Arratsaldez egin beharra dago, hainbeste jende bakoitza bere lekura iritsi dadin. 17:14 ordua hautatu zen, 1714an galdu zelako suzesio gerra, eta berezko erakundeak galdu zituelako Kataluniak. Ordu hori ikur bihurtu da, esaterako, Camp Noun futbol partidetan 17:14an jendea independentzia oihuka hasten da.
Urtero manifestazioa ezberdina da. Berezko sinboloak sortzen dira, kamiseta…
Beharrezkoa da eskaera oso argi jendeari azaltzea eta zer egin behar duen azaltzea. Giza katea egin genuenean, udan hainbat herritan gertatu zen bere giza kateak egin zituztela. Eta horrela sortu zen udako kanpaina, “irailaren 11 txikia”. Horrek laguntzen du boluntario gehiago lortzen, mediatikoki ateratzen. Udako kanpaina lotzen du irailaren 11rekin errelatoak, esaterako, udaro munduko presidente bati helarazten zaio mezua pankarta handi bat zabalduz (Obama, katalanok independentzia bozkatuko dugu) eta irailaren 11n pankarta hori ere jarri egiten da. Horrela lotzen da errelatoa, herri oso bat ari dela prestatzen hilabetetako lanean mobilizazio handi bat egiteko…
Diadan hedabideei erraztasunak ematen zaizkio: plataformak jarri argazkiak goitik hartzeko… eta bermatzen dugu denbora: 45 minutu egongo direla, argazkiak denboraz hartzeko, grabatzeko… Mundu osoarentzako zuzeneko emisioa egiten dugu, horrela munduko edozein hedabidek erabili dezake bere albistegietan emateko (horrek asko handitzen du bere nazioarteko presentzia).
2013an giza katea egin genuenean,e rabaki genuen argazkiak aterako genizkiola eremu guztietan, eta baita argazki orokor bat ere. Lehen urtea zen horrelako mobilizazio bat egiten zena. Horrela bermatzen genuen biztanle gutxieneko eremuetan zegoen jendea ere aterako zela argazkian. Panoramika ere osatu genuen, giza kate osoa lotzen zuena. Oso konplexua, urte erdi kosta zitzaigun egitea, eta jakin min handia eragin zuen. Berriz albiste bihurtu zen giza katea.
Gizarte zibil antolatua da independentzia zaletasunaren ezaugarria. Kalean egiten du eta jendeak egiten du, boluntarioki, ordaindu ezinezko gauzak egitera iristen direnak. Prozesuak lortu du Kataluniako gizartea aldatzea, independentzia lortu baino lehen.
Gakoa
Jendeak egin nahi izatea da gakoa. Asanbladak eguna, ordua eta lekua jarri zion jendeak egin nahi zuen horri. Mezua beti positiboa da, proposamena egiten duena.
Aritz Cirbián: “Proiektu kulturalak herri mugimenduen arma bihurtzen ditugu”
2016-11-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Aritz Cirbián: “Proiektu kulturalak herri mugimenduen arma bihurtzen ditugu”
Compacto kooperatiban egin dituzten lanak aurkeztu ditu, hasteko, Merci Patron:
“Filmak atzean izan du Fakir aldizkaria, aurkeztu duzuen ARGIAren oso antzekoa dena. Salatu nahi zuen gaur egun jende dirudunak duen boterea herritarren dirua kanpora ateratzeko, eta eskubideekin jokatzeko.
Merci Patron herri mugimenduen artean aurkeztu zen lehenik, jendea batu zedin eta barre egin zezan gai hauen inguruan, ez delako gauza bera nork bere etxeko bakardadean ikustea.
Zabaldu egin zen, herri mugimenduek baliotsu ikusi zuten gaiak gizarteratzeko, eta ondoren, lehen estreinaldia egin zen erreforma laboralaren kontrako mobilizazioetan, Nuit Debouten lehen gauan, horrela filma sinbolo bihurtuz.
Antzera egiten jarraitu dugu beste film batzuekin: Loba, Metamorphosis eta Ebro. Borroka bana kontatzen du film bakoitzak eta saiatzen gara interesa izan dezaketen herri mugimenduekin batera egiten eta ondoren zabaltzen.
Ciutat Morta ere egin genuen, Bartzelona hiri poliziala dela eta militante anonimoak erailtzen dituela erakusteko. M15eko lantalde batetik hasi zen proiektua, eta kolektiboki eraman zuten aurrera. Injustizia salatzea zuten helburu. Jende ahalik gehien ikustea da bitartekoa, justizia erreklamatzeko. Paseak egin zituzten kolektiboen artean. 10 hilabetera estreinatu zen Malagako festibalean, eta horrek jende gehiagorengana ireki zuen, mainstream zirkuituetara, zirkulu marjinal anarkistetatik harago.
Proiektu kulturalak arma bihurtzen ditugu, herri mugimenduen kausekin lotuta, eta horrek jartzen ditu filmak gizartean mugimenduan.
Hambre filmarekin gainditu nahi dugu gizartean dugun joera, onartua dugula jendea gosez hiltzea, kausa naturala bailitzan.
L’endema edo “biharko eguna” filmak lortu du herritarren babesletza diru gehien biltzea. Eta da nola konbentzitu indezisoak Kataluniaren independentziaren onuraz. Herri mugimendu independentisten artean auzolanean eraman zen sormen prozesua. Proiektuen inguruan aliantzak sortzea da kontua, gizarte eragileekin, hedabideekin… eta baliabide onenez hornitzea: Kataluniako ekoiztetxe indartsuena, aktore onenak… elkarrekin proiektu kultural bat egiteak, erreminta erabilgarria izango dena, asko batzen du.
Ondorioak
Aisialdi benetakoa landu behar dugu. Niretzako aisialdia da barre eragin dagidala, negar egin dagidala, edo informatu nazala.
Kausa zehatzekin lotzea behar dugu, modu argian eta zintzoki.
Proiektu kultural hauetan espazio parte-hartzaile definituak sortu behar ditugu. Jendeak jakin behar du zein diren bereak diren eremuak.
Merci Patronen kasuan, ordu eta erdian barre egitea lortzen du. Ironia finarekin. Kausarekin oso argi dago lotuta, zergen ebasioen aurkako mugimenduarekin, Nuit Deboutekin… Orain kolektiboentzat balio du gai hauei buruzko lanketak egiteko balio baitu bere proiekzioak.
Oso argia izan behar da. Argi eskatu behar da. Jendeari inplikatzeko, garbi eskatu behar zaio nola lagundu dezakeen. Ekintzara dei oso argiak egin behar dira.
Proiektua parte-hartzeari irekita eustea gakoa da. Ez baduzu uzten, inplikatzen doan jendeak aurrera jarraituko du.
Scheherezade Surià: “IKEAk katalogoa itzultzen inbertitzen du aurrekontuaren %70”
2016-11-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Itzultzaileei txalo zaparrada bat eskainiz hasi du Scheherezade Surià-k “Itzulpenik gabeko mundu bat?” gaztelerazko hitzaldia.
Itzultzaileen lana ezinbestekoa da gaur egunean, baina beren lana oso ezezaguna zaigu. Hizkuntza eta kulturen arteko zubiak beharrezko ditugu gure mezua gehiago hedatu dadin. Filmetan kontziente gara itzulpenaz. Badira gozatu nahi dutenak burua gehiegi nekatu gabe, eta badira beste batzuek gehiago gozatzen dute filmaz bitartekari gutxiagorekin, azpitituluak jarraituz, nahiz horrek dakarren irudia gutxixeago jasotzea.
Literaturan ere itzulpena oso agerikoa zaigu.
Baina komuneko produktuetan ere badago itzulpena, esaterako, krema baten poteko osagaietan. Berdin sukaldeko armairuko elikagaiekin. Itzulita ez baleude, ez nuke jakingo alergia egingo digun. Medikazioen prospektuak itzulita egotea ere ezinbestekoa da. Itzulpenak bizitzak salbatu ditzake. Arriskuak seinalatzen dituzten testuek, medikuntzen aurrerakuntzen artikuluek, prospektu medikoek… aurrerapen horiek mundu osoan ezagutzera ematea oso beharrezkoa da. Berdin gertatzen da arreta zerbitzu publikoetan dauden interpreteekin (SOS deietan eta abar). Ospitaleetan interpreteen lana ere ezinbestekoa da, gertatu dira larrialdi kasuetan interpreteak egindako itzulpena gaizki ulertzearen ondorioz osasun kalte oso larriak eragitea.
Itzulpenak gure eskubideak bermatzen ditu. Legearen aurrean berdinak garela da oinarria, eta beste herrialde batera bagoaz edo kanpokoak hona badatoz, itzulpen zerbitzuak behar ditugu, legearen aurrean galduta ez egoteko. Epaiketetan ere eskubidea dugu nor bere hizkuntzan mintzatzeko, eta errumaniarren kasuak egon dira itzultzailerik egon ez dena eta beraz, denok atera gara galtzen kasu horietan.
Itzulpenak aberastasuna sortzen du. Multinazional asko merkatu berrietara irekitzeko ezinbestekoa dute produktua ongi itzultzea, herrialde hori ezagutzea eta ongi komunikatzea. Hartzailearen hizkuntzan mintzatzeak eramaten gaitu bere bihotzera. IKEAk katalogoa itzultzen aurrekontuaren %70 inbertitzen du. Katalogoak, kartelak eta dena itzultzearen balioa oso garbi dute.
Itzultzaile on batek laguntzen dizu buruhausteak saihesten, kultura ere kontuan hartu behar delako. Esaterako, “puto” izeneko produktu bat ongi salduko litzateke? Itzultzaile on batek badaki aholkuak ematen. Esaterako, Mitsubishi Pajero kotxeari izena aldatu zioten gaztelerazko merkatuetan sartzeko.
Kulturalki ere aberasten gaitu. Esaterako, filmak itzultzerakoan oharrak ere gehitzen ditugu itsuek irudiak jarraitu ditzaten.
Zergatik ez utzi itzulpena esku ez profesionaletan? Itzulpena ez delako errobotek egin dezaketen zerbait, guk esanahiak itzultzen ditugu. Itzulpen automatikoak laguntzen digu ulertzen, baina ezin du kontuan hartu testuingurua eta beraz ez du kalitatezko emaitza bat ematen. Pertsonak behar ditugu itzulpenak egiteko.
Filmen itzulpen amateurrak ere maiz ez dira egokiak, ezta literatura lanen itzulpen amateurrak ere.
Posible litzatekeen itzultzailerik gabeko mundurik? Bai, baina ez litzateke hain segurua, injustuagoa litzateke, tokikoagoa eta inkultuagoa.
Katrin Oddsdottir: “Islandian konstituzioa idazteko prozesua modu irekian egin genuen”
2016-11-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Katrin Oddsdottir (Islandia):
“2008tik 2011ra Islandiara gertatu zena azalduko dut, eta oraindik martxan jarraitzen du prozesu horrek. 2008an Islandian krisi erabatekoa izan zen. Ez bakarrik finantzieroa, baita morala eta politikoa ere. Gure banku nagusiek porrot egin zuten, bazirudien gure gizartea agortzear zegoela. Dramatikoena zen ikustea gizartea erabat ustekabean harrapatu zuela egoera hura, ordura arte ez genuela ezer espero. Porrotaren ostean protesta ugari izan ziren: gero eta jende kopuru handiagoa parlamentu aurrean elkartzen hasi zen aldaketa eskatzeko. Gure gizartean oso berria zen hori, jendeak manifestazioa egiteko zerbait larria behar du. Gobernuak dimisioa eman zuen eta hauteskundeak deitu ziren. Kalean zartaginekin aldaketa eskatzen zuen jendeak ikusi zuen bere eskariek eragina izan zutela. Jendeak ez zuen uste entzuten zietenik, baina protestek ekarri zuten aldaketa. Haserrea zen emozio nagusia. Jendeak hori sentitzen zuen ikustean ezin zuela ezer egin. Sentitu egiten ditugu eta ondoren ekin, eta ekintzen bidez emozioak sortzen ditugu.
Islandia oso txikia da, 30.000 biztanle gara, gure hizkuntza eta gure moneta ditugu. Porrotaren ostean, halako isiltasun bat egon zen, eta jendea hasi zen pentsatzen: nola lortu gizarte hobe bat? argi dago orain artekoak porrot egin duela. Uste genuen perfektua zela, ipar ereduko gizartea genuela, baina ez zen hala.
Gobernu berria hautatu genuenean zeregin handia zuen, ekonomia neurri asko hartu behar zituen, norabidea aldatzeko. Bankari asko espetxeratu zituen berariaz sortutako fiskaltza lantaldeak. Bankariek egindako hainbat jarduera legez kanpokoak ziren eta ezin ziren zigor gabe geratu. Esparru askotako adituak elkartu ziren zortzi taldeetan, zer joan zen gaizki azaltzeko eta neurri berriak proposatzeko. Lehen ministroa ere zigortu zuten, erabaki zelako bazuela bere erantzukizuna porrot hartan. Bankuek eskatzen zuten gobernuak ordain zezala zorra, eta herritarrek esan genuen ezetz, ez zegokigula herritarroi hura ordaintzea.
Horrelako garaietan aprobetxatu behar da erabakitzeko nolako gizartea nahi dugun. 1.000 pertsona hautatu ziren ausaz, gizon-emakume kopuru berarekin, herri eta hirietako partehartzea orekatuta… 1.000 lagun horiek erabaki zuten konstituzioaren oinarriak zer baliotan finkatu behar ziren. Oso esperimentu polita izan zen, jendeak parte hartu zuen, demokraziaren parte sentitzea askoz gehiago da gizarte demokratiko batean bizitzea baino. Emaitza denak interneten jarri ziren. Ondoren hauteskundeak deitu ziren eta Islandiako Kontseilu Konstituzionala sortu zen. Funtzio berezia zuen: konstituzio berria 4 hilabetean idaztea. Kode irekian egin genuen, eta jendeak bere ekarpenak egin zizkigun. Gure bilerak ere internetez ematen ziren eta feedbacka jasotzen genuen sare sozialen bidez. Legedia idazten ari ginen baina modu irekian.
Kontsentsuaren metodologia erabili genuen: bozkatu beharrean saiatzen ginen ea elkarrizketaren bidez beste ideia batek bateratu zitzakeen aurkakoak ziruditen ideiak. Elkarrekin zerbait sortzen saiatzen ginen, denentzako onargarria dena, elkar konbentzitzea baino. Kontseiluko 25 kidek aho-batez onartu zuten Konstituzioaren azken testua.
Modu irekian egitea Kontseilu Konstituzionalaren ideia izan zen, parlamentuak konstituzioa egiteko bakarrik agindu zigun, ez nola egin.
Komunikazio gidalerro batzuk ere argitaratu genuen, azalduz nola elkarri errespetuz hitz egingo genion… The Guardianen antzeko gidalerroak hautatu genituen. Dena jarri genuen interneten eta jendeari konfiantza handia eman genion, eta jendeak konfiantzarekin erantzun zuen. Eztabaida itsusia gertatu zen gai bakarra, erlijioari lotutakoa izan zen, eliza konstituzioan sartu edo ez erabaki behar izan genuenean.
Islandiako hedabideek ez zuten asko parte hartu, eta erabaki genuen gu izatea gure hedabidea, ahalik gehien zabaltzea egiten ari ginen lana. Youtuben, webgunean… Ahalik bide gehienak erabili genituen asteroko bilerak zabaltzeko. Jendeak iruzkinak egin zitzakeen.
Batzuetan ez diogu duen garrantziarik ematen diskurtsoa komunikatzeari.
Konstituzioko oinarri batzuk
Gardentasuna eta trasparentzia. Denak egon behar du zabalik, salbuespenak ezik. Informazioa eskura badago, sekulako aurrezpena lortzen dugu.
Demokrazia zuzena: botoemaileen %10ak legeak aurkeztu ditzakete parlamentuan, eta parlamentuak ez badu ontzat ematen alternatiba aurkeztu behar du eta erreferendumean erabakiko da. Botoemaileen %2k egin dezakete parlamentuak gai zehatz bati buruz hitz egitea.
Konstituzioa onartu gabe
Azkenean ezin izan zen konstituzioa onartu parlamentuan. 2013an erreferenduma egin zen eta bi herenek esan zuen baietz, guk egindako proposamena konstituzioaren oinarria izatea nahi duela.
Panamako paperek erakutsi zuten nola lehen ministroa tartean zegoen. hurrengo egunean milaka pertsona atera ziren kalera eta dimititzea lortu zuten.
Hauteskundeak egingo dira azaroaren 29an. Luze jotzen ari da konstituzioa onartzea. Ezikusia egiten ari da parlamentua herritarrek erreferendumean erakutsitako nahiari.
Ondorioak
Irekian lan eginda emaitza askoz hobeak lortzen ditugu. Sistemari asko kostatzen zaio aldatzea, baina saiatu beharra dago. Jendearen ikusmoldean ikusten da etorkizuneko demokrazia eskatzen duela jendeak, parte-hartze handiagoa izango duena, eta hori nola egin denon esku dago. Demokraziaren funtsa defendatzen ez badugu arazoak izango ditugu. Konfiantza eman behar zaio parte-hartzeari. Askoz erabaki hobeak hartzen dira talde txikietan hartutakoak baino”.
3 gako komunikatiboak
– Webgunea. Hori izan da gure komunikazio tresna garrantzitsuena. Artikuluen artxibo handi bat dugu bertan. Giza eskubideen atala ere bai, eta informazio asko. Informazio on ugari dugu webgunean eta bertatik proposamenak egiten zaizkio jendeari. Gure emailak ere bertan ageri dira eta zuzenean idatzi ahal digu.
– Facebooka ere badugu, Islandian %90etik gorak du facebooka. Efektu biderkatzailea du horrek.
– Youtuben zabaltzen genituen gure bilerak.
Hedabidea zerorri izatea oso garrantzitsua da zerbait berria egiten ari zarenean, zuk duzulako informazioaren kontrola.
Publikoaren ekarpenei erantzunez
Galdetu diote publikotik, 1.000 herritar horiek “ausaz” hautatzeko mugarik ba al zegoen, ikasketa mailak edo. Erantzun dio parte hartzeko modua landu egin behar dela, ez dela aski esatea “hasi hizketan, egin zure ekarpenak”. Herritar askok sentitzen duela lotsa edo ez duela ekarpenik egiteko, eta metodologia oso garrantzitsua dela. Baita ere esan du interneterako sarbidea %90ak duela, baina berriz egingo balu prozesu hori, jarriko lituzkeela moduak internetetik kanpo bizi diren pertsonen parte-hartzea handitzeko. Hala ere 2.000 ekarpen jaso zituztela internetez, eta hori Islandiako komunitatearen neurrirako asko dela.
Beste batek galdetu dio ea biztanle gehiagoko herrialde batean prozesu bera egingarri ikusten duen (gurean, 2 milioi ingurukoan…): baietz erantzun du, indartsu. Dena batera egin beharrean, banatu dezakegu denboran, eta funtzionamendua egokitu lekuan lekura eta jendeari eskatu bere inguruko lantaldeetan parte hartzeko. Konstituzioak modu honetara egin daitezke bai hemen eta bai Txinan.
Peru Aranburu: “Harreman zuzenak eta etengabe orokortasuna azaltzea gakoa dira Errigoran”
2016-11-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Peru Aranburuk Errigora esperientziatik gai hauek azpimarratu ditu:
“Gakoa izan da indargune gisa ikustea aniztasuna: errealitate, ideologia, geografia eta perfil aniztasuna bai lurraldeetan eta baita pertsonetan ere. Ikastolen Elkartea parte egitea lortu genuen. Garrantzitsua da aseta sentitzea eragile bakoitza parte hartzeaz, baina bestalde ez da galdu behar osotasunaren ideia, herria egiten duen proiektuaren parte zarela ekimen horretan parte hartuta. Garrantzitsua da norenagana zuzentzen zaren, ateak aukeratzea.
Nafarroa hegoaldean ekoizleen mundua oso desegituratuta dago, eta atez ate joan gara, sindikatuek eta pertsonek emandako informazioarekin. Hor garrantzitsua zen ekoizleen ikuspegitik proiektu honek zer ekarriko dien aurkeztea.
Herrietako sarea da proiektu honen bihotza. 30-40 herriko helburua jarri genuen, gure harreman pertsonalekin lotuta. Lagunak non genituen, hango herriak ziren sarearen parte. Errigora ideia azaltzea eta konkretura jotzea izan ziren gakoa: nik nire herrian zer egin behar dut eta noraino iritsi behar naiz? Pertsona bakoitzaren arabera, batzuek lantokian banatuko zuten, eta beste batek batzarra egingo zuen eragile anitzekin eta horien bidez gehiago zabaldu. Sarekideek, herrietako pertsonek, gaitasun naturala dute beste jende bat mugiarazteko.
Azpitik gora egin dugu. Sortu ginenean herri komunikabideak genituen buruan. ETBra iritsi ginen, sarekide bat telebistako tertuliakidea zelako eta hark egindako aipamenaren ondorioz deitu zigutelako.
Harreman zuzenen bidez egiten dugu komunikazioa. Auzolana oso garrantzitsua da harremanetarako, Nafarroa hegoaldeko pertsonek egiten dutena (muga da ezin direla beste eskualdeetakoak bertakoak baino gehiago eman). Eta banaketa momentua ere harremanentzako oso indartsua da”.
Euskarabildua: “Ez dago diskurtsoa deskafeinatu beharrik gizartea aktibatzeko”
2016-11-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Kattalin Minerrek Emakumeen Mundu Martxako eta “Feministok prest” manifestaziorako kanpainak azaldu ditu. Hona gako batzuk:
Mundu Martxarako atxikimendu aktiboa eskatu genuen, bideo bat egitea eskatzen genuen, zerbait landatuz eta mezu batekin lotuz. Beldur ginen jendeak parte hartuko zuen, eta hasieratik erantzun oso handia jaso genuen. Jendeari zerbait egiteko aukerak ematea garrantzitsua da. Horrek lagundu zuen herrietan dinamikak sortzea, eta gure filosofia izan da eragile hauei tresnak ematea Mundu Martxari eurek zabalpena emateko. Adibidez, jarri zaitezkete zuen herriko komunikabideekin harremanetan, gida moduko bat nola egin prentsarekin harremanak, prentsa oharrak…
Feministok Prest manifestazioan “11 eraso 12 erantzun” hautatu genuen lema. Argi genuen: Ez dugu diskurtsoa pixka bat ere deskafeinatu nahi. Nola egin mezu konfrontatzaile bat jende guztiarengana iristea? Kartelarekin argazkia atera eta guri bidaltzea eskatzen genuen, #feministokprest traolarekin. Bigarren asterako deskontrolatu zitzaigun, eta arrakasta hori da, biral bihurtzea. Joera dugu dena kontrolatzeko eta zentralizatzeko, eta alderantziz da.
Eragile sozial garen heinean, argi geratu da ez dela zertan mezu sinple eta erosorik bilatu behar, mezu konfrontatzaileekin ere lortu daitekeela aktibazioa. Ekintzarako aukera ematea, parte hartzeko aukera ematea gakoa dela (bideo bat egin, atera argazki bat…). Eta ez dela kontrolatzeko obsesiorik izan behar, jendeak traola aldatzen badizu aldatu dizu eta lasai.