2009-11-17
France Press (AFP) albiste agentziak bideoz ezagutarazi du Gazan apiterapiak daukan arrakasta. Yahooren zerbitzutik ikus daiteke "Blockade turns more Gazans to bee therapy" bideoa. Urte luzeotan Israelek ezarritako blokeoa dela medio, gazatarrek nekez lortzen dute inguruko kliniketara irteterik dauzkaten gaixotasunak artatzera. Hori dela eta, lehendik apiterapiara jotzen zuten herritarrez gain beste askok jotzen dute orain erlearen pozoiaren bila, oinazeak arintzeko itxaropenean.
Albistearen idatzizko bertsioa ere irakur daiteke: "Bees provide pain relief in beleaguered Gaza" (Erleek oinazeak arintzen dituzte hesitutako Gazan). Ratib Samur mintzo zaio kamerari, eskualde hartako apiterapeuta famatuena. 25 daramatza gaixoei erleen ziztadak jartzen (hiru ziztada-saio, 2,5 dolar), baina Gazan israeldarrek eragindako sarraskiaren ondoren eta geroztik nozitzen duten setioa dela medio, jendea trumilka datorkiola aitortzen du.
Bideoan erlezainak ere ikus daiteke. Israelgo armadaren presioak asko zailtzen du horien lana, baina gainera nekazariek arbola eta laboreen gainean isuritako pestiziden kalteak ere nozitu behar dituzte. Pestizidon ondorioz, kofoinetatik goizero polen eta ezti bila irteten diren erleetako asko galdu egiten dira etxera itzuli ezinik.
© ARGIA.com