Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Polena - Zer da erleak bildutako polena?

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Polena

Zer da erleak bildutako polena?

2007-01-26

   (Julio César Díaz-en “Erlea Gure Sendagile” liburutik hartua).

   Polena loreak ernalarazten dituen osagai maskulinoa da, eta erleak proteina iturritzat erabiltzen du, larben janari gisa.

   Erleak lorez lore egiten dituen ibilaldietan biltzen ditu ale mikroskopiko horiek. Bere listuarekin trinkotuz bi pilotatxo egiten ditu, atzeko bi hanketan horretarako dauzkan otartxoetan ipintzeko. Aletxoen trinkotzeak garrantzia handia du, ekintza horretan eransten baitizkio erleak hainbat osagai preziatu.

   Bere hegaldi bakoitzean polen zama osatzeko behar duen adina lore bisitatuko du erleak, lanean darabilen eraginkortasun handiaren arabera. Honetan, erlearen lehen premisa da polena proteina eduki handikoa izatea. Inguruan ugari egon arren proteina gutxi duten polenak mespretxatu egiten ditu, pinuarena esate baterako. Erlearen bigarren premisa energia aurreztean datza; horregatik, hegaldi bakoitzean inguruen dituen eta elikagaitan aberatsenak diren loreak bisitatuko ditu, zein espezietakoak diren erreparatu gabe. Honetaz funtsik gabeko uste zahar bat bada erlezain eta teknikarien artean: alegia, erleak hegaldi bakoitzean espezie bereko loreak bakarrik bisitatzen dituela eta horretan oinarritzen dela polinizaziorako duten ahalmen handia, erleak oharkabean uzten errendimendua eta bioaniztasuna hobetzen dituela. Nektarrari dagokionez ez naiz eztabaidan sartuko, ez baitakit ziur alor horretan erleak zer egiten duen. Polenaren gaian ere ez naiz hasiko disputan: badira behar adina analisi ofizial polen garauei eginak zertifikatzen dutenak bildutakoaren gehiena espezie ezberdinetako loreetatik jaso dutela.

   Hau da, polen pilotatxoek kolore homogeneoa eduki arren, mikroskopioak erakusten du gehienetan 4-7 espezie ezberdinetako aleak homogeneizatu direla. Kasu honetan ikerketa zientifikoak hankaz gora bota du kolore bakarrekoa (begiratu batera) delako pilota bat espezie bakarrari dagokiola dioen ustea.

   Bere jornada edo zama osatuta, erlea erlauntzera itzuliko da, hemen erle inudeei entregatu eta hauek kumeak elikatzeko erabiliko dute, soberakinak gelaxketan metatzeko; hori bai, beren listuarekin hainbat osagai baliotsu erantsi ondoren. Kumerik ez den garaietan, erleak eztiz estaliko du polen hau (erleen opila deitzen da) kontserbatu dadin.

   Dietetan eta apiterapian erabilitako polena erlauntzaren atarian (tranpa bidez) bildutakoa izan ohi da.

   Polen hau gero lehortu, garbitu eta ontziratu egin behar da. Tartean garauetan aukeraketa ere egin daiteke, beren tamainaren arabera.

   Aipatu prozesu guzti horietan, ia inoiz ez da kutsadurarik eta/edo inolako eranskinik izaten. Lehortu haize beroarekin edo izpi infragorrizko lanparen bidez egiten da. Garbitu berriz era mekanikoan (haize korrontea bera, esate baterako) edo eskuz egin ohi da.

   Kontutan izan behar da polena oso janari gozoa dela eta beste animaliek irrikatzen dutela; hori dela bide, polenean nahasten dira ornogabe txikien arrautzak ere, sitsarenak batez ere. Arrautza horiek prozesuren batekin suntsitu edo desaktibatuko ez balira, epeltasunarekin erne egingo lirateke eta polena larba gogaikarriz bete. Arrautzak indargabetzeko prozesua posible litzateke egitea osagai kutsakorrekin; baina kosteak eta eraginkortasuna kontutan hartuta, erlezain artatsu gehienek polen lehor eta garbitua -20º C-etan izozten dute. Horrela, polena hotz horretatik atera eta berriro giro-tenperaturara iristen denean, egon litezkeen arrautza guztiak desegiten dira. Hotzak, bestalde, polena zaindu egiten du.

   Hala ere, esan behar da polenari kalte handia egiten diotela tenperatura altuek eta izpi ultramoreek, bai proteinatan (aminoazidoak) duen balioan eta bai lotura fisiko-kimiko oso ahulak dituzten bere beste substantzia baliotsuetan. Horregatik polena erosi aurretik ziur jakin behar dugu ez dutela eguzkitan lehortu, bestela polen bizigabea izango litzatekeelako; eta ez dutela tenperatura handietan dabiltzan lehorgailu industrialetan lehortu, prozesu honek ere polen erdi-bizigabea ematen duelako. 45º C-z goiti hondatzen hasten da polena. Zenbait adituk gomendatzen dute polena 40º C-z azpitik idortzea, prebentzio gisa, eta zuzen deritzot, osasuna hobetze bat lortu nahi dugula kontutan hartuta.

   Polen lehorgailu gehienak gutxi gora behera 55º C-tan aritzen dira. Ez da ahaztu behar gainera tarteka “ukitu” batzuk egiten direla tenperatura horretan, lehortzeko denbora eta, ondorioz, energia eta denbora irabazteko asmoz, eta horiek kalitate oso txarreko produktua ematen dute. Esango nuke hau gehienetan ezjakintasunagatik gertatzen dela, txarkeriagatik baino gehiago. Baina ondorioak berdinak dira: produktu bizigabe bat da, eta kontsumitu duenak gero usteko du polenaz esan diotena ez dela egia. Horrela galtzen dute beren izen ona hain onura onak ekartzen dituzten produktu eder hauek. Gizakien osasunarentzako bezala herrialde bateko lanpostuentzako eta ekonomiarentzako hain baliagarri diren produktuok.
 
   Polenak bere baitan badauzka mineral, aminoazido eta bitaminak kopuru handitan, karbohidratoak (azukreak) gutxi eta koipeak oso gutxi.

   Mineralen artean nabarmendu behar da polen gehienek kaltzio eta burdina organikoak kopuru ederretan dauzkatela. Substantzia hauek –ezagunak ditugun beste nahasketa estandarrak ez bezala– erraz xurgatzen eta bereganatzen ditu giza organismoak, eta beharrezko diren lekuetan kokatzen dira. Adibidez, kaltzio organikoa hezurrera doa, eta aldiz ohiko prestakinek duten kaltzioa odolean geratzen da eliminatzen den arte edo gehienetan harriak sortzen.

   Polenak daukan beste oligoelementu garrantzitsua selenioa da, gaurko dieta modernoak urri daukana. Selenioa da Glutation peroxidasa entzima sortzen duten eragileetako bat, eta entzima hori da zelulen metabolismoak daukan lehenengo hesi antioxidatzailea. Eragin antioxidatzaile honi gehitzen zaizkio Magnesioa eta flabonoideak.

   Aminoazidoei dagokienez, guztiak –oinarrizko hamarrak barne– dauzkan gai begetal gutxietako bat da polena (alpapa edo luzerna hazien ernamuinekin eta espinakekin batera). Aminoazidoak dira proteinak osatzen dituztenak. Giza gorputzak ia guztiak fabrikatu ditzake, oinarrizkoak salbu, eta hauek janarien bidez barneratu behar dira. Aminoazido oinarrizko hauek abereetikako proteinetan egon ohi dira, eta hauek dirutan garestiak dira: haragiak, esnekiak, arrautzak. Hain da aberatsa osagai horietan polena, ezen eta janari bakar bihur bailiteke, nutrizio egoera oso on bat eraginez. Pisu berdinetan alderatuz gero, polenak behikiaren hiru halako proteina kopurua dauka.

   Bitaminak, guztiak dauzka polenak. Zenbait adituk aipatu dute A bitamina falta duela. Egia da hori, baina hori bezain egia da polenak karotenoak (landare-pigmentuak) oso ugari dituela, eta hauek A Probitaminaren funtzio bera betetzen dute, eta digeritutakoan bitamina bihurtzen dira. Horregatik diogu polenak bitamina guztiak dituela. Badira polenak azenarioaren 20 halako A bitamina (edo probitamina) daukatenak; esan dezagun azenarioa dela bitamina hori kopuru handienetan duten landareetakoa. Gutxienez 11 karotenoide aktibo aurkitu zaizkio polenari, 100 polenetan 5.9 mg-tako kopuruetan.

   Bere osaketan baditu ere flabonoideak, azido organikoak, lipido polarrak, azido nukleikoak (DNA eta RNA) eta entzimak.

   Azpimarratzekoa da erregina-jelearen osaketan aipatua dugun azido 10-hidroxidozenoikoa, antiseptiko eta immunomodulatzaile dena.

   Hormona sexualei dagokienean, erregina-jelearen kasuan esan zenez, jatorria landareetan dutenez ez dute kontraindikaziorik eta ezta alboko kalterik ere, eta guruin endokrinoen jariapenak erregulatzen dituzte. Urteetan aurrera joandako pertsonari prostata guruina “gaztetu” egiten diote, eta honetan asko laguntzen du polenak daukan Faktore Antiinflamatorio Prostatikoak.

   Polenaren azukreetako batzuk ez ditu giza organismoak digeritzen, hala nola zelulosa eta lignina. Azukre hauek -zuntz izenez ezagutu ohi dira- hesteetako trantsitua erregulatzen garrantzia handia daukate.

   Polenaren osaketa kimikoari buruzko atalean ikusiko da kolesterola daukala. Honekin ez dugu nahastu behar: fitoesterolak dira (landare-koipeak), hormona esteroideak osatzeko oinarria direnak. Fitoesterolak, gantz-azido poliinsaturatuak baino are gehiago laguntzen diote kolesterolaren metabolismoari, LDLa gutxitu eta HDLa gehituz.

   Garau edo aletan saldu ohi da gehienbat polena. Ez da hain ohizkoa kapsulatan aurkitzea, edo homogeneizatuta: eztiarekin; eztia eta erregina-jelearekin; edo eztia, jelea eta propoliarekin.

   Kapsuletan, hauetako bakoitzak duen pisuaren arabera egin beharko da dosifikazioa. Homogeneizatuetan berriz, daukaten polen kopuruaren arabera. Esan beharra dago homogeneizatuekin gehienetan eskaini nahi dena erregina-jelea dela, behar adinako dosietan; eztiak kontserbatzaile lana egiten du eta (dauzkatenean) polenak eta propoliak laguntzaile lana egiten dute, eta ondorioz ez da pentsatu behar nahasketan den polen kopurua oso zehatza izango denik. Aldi berean, oroitarazi behar da beste hau ere: erleen produktuak elkarrekin konbinatuta usatzen direnean elkar potentziatzen dute, eraginak handituz, eta ondorioz dosiek txikiagoak beharko dute izan.

   Ale edo pikortetan denean, mantenimendu dosia eguneroko 20-30 gramotan ipini behar da. Egunean bi koilarakada, beraz. Haurrei gutxiago eman dakieke. Organismoan eragina lortzeko behar diren dosi minimoetaz ari gara hemen. Baina kopuruok handitu ditzakegu inolako kalterik gabe; sobredosiz gertatutako inolako arazoren berririk ez da (gizendu ere ez du egiten) eta nahi den denbora guztian kontsumi daiteke, denbora-mugarik gabe.

   Egin diren ikerketek erakusten dutenez hotzetan kontserbatutako polenak lehenengo urtean %5 baino gutxiagotan galtzen ditu bere propietateak, eta ondorengo urteetan are txikiagoa da galera. Honek esan nahi du ongi kontserbatutako polenak ez duela indarrik galtzen kasik. Hala ere beti da hobea polen freskoa jatea, azken denboraldikoa.

   Begi-bistakoa da hain aberatsa izanik polenak edozein dieta osatzen duela. Eta batez ere elikagai bereziak behar dituztenen dietak.

   Derrigorrez gomendatu behar zaie intsulinaren mendean dauden diabetikoei, dieta murriztua daukate eta.    

   Beren arazoa dela eta, pertsona hauek oso mugatuta dauzkate hartu ahal ditzaketen janariak, eta oso gaizki elikatuta egon ohi dira. Polenak berez edozein janari ordezka dezake, beharrezko elikagai guztiak baitauzka. Eta diabetikoez ari garenez, polena jan dezakete bere azukre edukia apala delako; horrela, elikadura on bat dela medio beren egoera hobetuko dute.

   Errendimendu handiko kirolariei eztiarekin batera hartzea gomendatzen zaie. Eta lan handiegiagatik oso akituta bizi direnei ere bai.

   Polena gomendatzen da berezko edo eratorritako desnutrizio eta malnutrizio kasuetan eta/edo gaitz akigarrietan eta kirurgien ondoren. Urteekin metatzen den ohiko nekea gozatzeko ere bai.

   Digeritze eta metabolizatze mailan, oso erregulatzaile ona da polena. Zuntz kopuru handia duenez, idorreri kasuetan oso onuragarria da, gorotz-boloa handituz konpontzen duelako arazoa. Beherakoetan aldiz, zuntzak hezetasuna xurgatzen du, eta horrek on egiten du. Beherakoa bakterioek (antibiotikoekiko egoskorrak izan ala ez) eragina denean ere mesede handia egiten du; ikusia dugu azido 10-hidroxidozenoikoa batera antiseptikoa eta immunomodulatzailea dela.

   Metabolismoaren alorrean ere erregulatzailea da, eta lan ona egiten du desnutrizio eta anorexia arazoetan. Elikagaiak ekartzen ditu eta apetitua biziagotzen. Holakoetan otordua baino ordu bete lehen hartu beharko da. Berriz oroitaraz dezagun organismoak behar dituen elikagai guztiak eskaini arren polenak ez duela gizentzen. Otordu bakoitza baino 15 minutu lehenago hartzen bada, apetitua ase egiten du eta horregatik argaltzeko dietetan erabil daiteke, pisua galtzearekin batera malnutrizioan edo ahultze batean erortzeko arriskurik gabe. (...)

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan