2008-06-26
Erlearen polena herritar gehienek likidoren batean nahastuta hartzen dute, uretan, fruitu-zukutan, yogurretan, eta abar. Badira batzuk polen pikorrak lehorrean jaten dituztenak. Hugo Agirre mediku eta apiterapeutak Urretxu eta Iruñeko hitzaldietan aspalditik esaten duena defenditu zuen: gutxienez ordu erdiz eduki behar dela beratzen hartu aurretik, bere propietateak osoki baliagarri izatekotan.
Polen pikorrak milioika espora mikroskopikoz osaturik daude eta Agirre doktoreak dio hauetako bakoitza -landarearen espermatozoideak daramatzana- azal oso gogorrez estalia dagoela. Azal honek baditu halako poro ttiki batzuk zeinetatik hezetasuna sartzean polen ale bakoitzak barruan daraman materiala isurtzen baita. Azal gogor hori lehertu ezean, polen aleak gizakiaren hestea osorik zeharka lezake desegin gabe eta organismoari mesede gutxi eraginez. Aldiz, ordu erdi edo gehiagoz edukitzen bada polena beratzen, orduan azala lehertu eta barruko gai guztiak primeran baliatu ditzake hesteak.
Polenaz mintzatzen direnek ez dute berdin pentsatzen kontu honetaz, baina Hugo Agirre doktoreak sekulako garrantzia ematen dio. Ez da ahaztu behar askotan polena erabiltzen dutela hestea hondatua daukaten gaixoek beren elikadura arazoak konpontzeko, eta alde horretatik logikoa dirudi polena modu horretan beratuta eskaintzeak erreztu egingo diola lana hesteari, pikorrek daramatzaten bitamina, mineral eta gainerako oligoelementuak hobeto xurgatzen lagunduz.
© ARGIA.com