Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Montpellierreko Apimondia 2009tik etxeratuta

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Montpellierreko Apimondia 2009tik etxeratuta

2009-09-23

Joan den astean, irailaren 15etik 20ra, Okzitaniako Montpellierren ospatu da Apimondiaren 41. biltzarra. Aurtengoaren eslogana izan da “L’abeille, sentinelle de l’environnement”, Erlea ingurumenaren zaindari, alegia; hurrengo batean azalduko dut lelo horrekin Frantzian erlezainak eta agintariak elkarlanean burutzen ari diren kanpaina. Gu bi egunez ibili gara Montpellierreko Le Corum zentroan, ostiral eta larunbatez, eta -aurreko edizioak ez ditugula ezagutu aitortuta- bikaina iruditu zaigu. Erlezale berri batzuentzako, dotorea.

Dotoreena, jendea. Klase askotakoa, baina inolaz ez arrunta. Helduak gehienak, ondo zahartutako jende zimela asko, aier librea maite dutenen kolorekoak, erlezain eta erlezaleak, eta tartean irakasle jakintsu despistatuak eta erremedio naturalen fans itxurakoak (esan ote liteke?). Produzitzaile, saltzaile edo kontsumilari izanagatik, halako kidetasun giro bat. Horrela, estand batean erakusten duten trasto xinple baina berezi bati begira zaudela, ondotik hasiko zaizu erlezain okzitaniar hori, saltzaileekin deus ikustekorik ez duena, esplikatzen argizaria urtzeko mekanika dela, lurrinez dabilena, berak etxean baduela eskuz egina, traketsagoa, baina sistema ona dela, ikusi hemen...

Ikusteko, alde batetik zeuden erakustokiak. Batzuk, erletan eta horien produktuetan potentzia diren estatuenak: Argentina, Uruguai, Brasil, Ukraina, Polonia, Txina, Kuba... Beste batzuk, erakundeenak, izan ikerketakoak edo solidaritatezkoak. Asko, produktuen saltzaileak. Beste hainbeste, erlezaintzarako tresneriarenak. Eta frankotiradore bakan batzuk, hala nola Varroari aurre egiteko erlauntzen azpi tutudunak saltzen dituena eta beste zenbait. Ai, eta ez ahaztu etnografiari lotutako atalak: erlauntz zaharren kolekzio zoragarria gela zabal batean, erlategi tradizionalen atlasa egiten duen Apistoriakoak bestean, gizakiaren tamainako eta itxurako (San Anbrosio gure patroia edo beste nornahi irudikatuz) kofoin erraldoiak feriaren kanpoko aldean...

Bestetik, ikusteko eta entzuteko Apimondiak programa zientifiko aberatsa eskaini du. Interesen araberako batzordeka antolatzen baita
Apimondia elkartea, hitzaldiak berdin sailkatu dira: erlearen Biologia, erlearen Osasuna, Landaredia eta Polinizazioa, Teknologia eta Kalitatea, erlezaintzaren Ekonomia, erlezaintza Landa Eremuetako Garapenean eta Apiterapia. Atal bakoitzak jakintsuei eskaini dizkie batzuei 20 minutuko hitzaldi bana egiteko aukera eta besteei “poster” gisa komunikazio idatzizkoak uztekoa. Interesa duenak PDFan ikus ditzake xehetasunak asteazkeneko, osteguneko, ostiraleko eta larunbateko hitzaldienak.

Gu Apiterapiako simposiumak ostiralean eta larunbateko hitzaldietan izan ginen. Horrelakoetan gertatu ohi denez, batzuk gehiago ziren produktua saldu nahi duten enpresen propagandari lotuak eta beste batzuk beroagoak suertatzen ziren jakintsu batek urte luzetako eginahalean aurkitu edo demostratu duena emozioz biltzen zutelako. Denen artetik nabarmendu? Onena izango da ospakizunen jauregitik ateratakoan gure artean aipatzen genituenak laburbiltzea:

- Apiterapian indar handia ari dira egiten erleen produktuak ospitaleetan eta oro har medikuntza halopatiko edo "ofizialean" erabili daitezen baldintzak betetzeko. Hitzaldi bat baino gehiago izan zen horretaz: eztiaren, propoliaren eta gainerakoen zertifikazioak, estandarrak, labelak, eta beste.
- Oso nabarmena eztiak zauri larri gaiztotuetan eta infekziorik txarrenetarako (erredurak, diabetesdunenak, kirofanoetan harrapatutakoak...) ospitaleetan daukan onarpen gero eta zabalagoa. Kuban egindako esperientzia klinikoak ezagutzekoak dira, eta erakutsi ziren biltzarrean, baina gainera gaur eztia Britainia Handiko, Kanadako eta AEBetako ospitaletara ere iritsi da. Euskal Herriko mediku gehienak ez dira oraindik enteratu baina noizbait iritsiko zaie albistea... farmaindustriako bisitadore guapo-guaparen baten maletan, prefosta.
- Esklerosi Anizkoitzaren tratamenduan apiterapiarekin munduko leku askotan ari dira. Komunikazio bat baino gehiago izan zen horretaz. Albiste on baten propinarekin: gaitzak eragiten dituen mielina galtzeak (desmielinizazioak) neurri batean atzera bere onera erakar omen daitezkeela.
- Kantzerra izan da beste gai nagusietakoa. Erlearen pozoiaren erabilera onkologikoaz gain, harrigarria suertatu zen Nizukami Osamu mediku japoniarraren mintzaldia, zeinak minbizidunak propoliz artatzen baititu. Kantzer gogorrak, pankreakoak eta beste. Gehienak kimioterapia ere hartzen dutenak, baina bakan batzuek anitz sufritu ondoren kimioari uko egin diotenak. Hori bai, propolia kantitate oso handietan: eguneko 10 gramotik gora. Mereziko luke haren hitzaldia eta protokoloa eskuratzea.
- Larruazaleko gaitzak ere oso present egon dira, psoriasia bidenabar, horiekin apiterapiak, propoliak batik bat, emaitza oso onak lortzen dituelako.

Feriako estandetan zesuma genbiltzala, Apimondia elkartearekin batera Montpellierrekoa antolatzen zuen UNAF erlezain frantsesen elkartearen erakustokian aurkitu genuen emakume bat aulki gurpildunean. Bere liburu berriaren eskuizkribu fotokopiatua zeukan salgai. Maryse Pioch-Prades deitzen da emakumea eta Esklerosi Anizkoitza dauka. Itaundu genion gaixo kroniko batek beste bati galdetu diezaiokeen konfidantza lotsagabean: barkatu baina zu aulkian zaude oraindik... Ai, adiskidea –berak- ez nauzu ikusi orain dela urte batzuk: liburuan daukazu dena esplikaturik, egin ditudan terapia guztiak eta lortutako aurrerapenak, dezepzioak ere bai. Liburuak dio tituluan erleek artatzen dutela Maryse. Berarekin ari garela, munduak horrelako ezustekoak ditu, gizon mexikar bat hurbildu zaio, bi musu, elkar ezagutzen dute aspalditik, ez dakit elkar nola ulertzen duten haien hizkuntzen motzean. Une batez itzulpenak ere egin dizkiegu. Liburua zakuan sartu dugu. Jose Luis Reyes Carrillo da erleak nola usatu erakutsi ziona, liburuan aipatzen du, honek Esklerosi Anizkoitza dutenekin lortutako emaitzen estadistika eta guzti. Bakean utzi ditugu biak, argazkia egiteko keinu zatarrarekin irudi polit hori orbaindu gabe.

Euskaldunak? Azken eguneko azken orduan aurkitu ditugu... hobe, aurkitu gaituzte. Giez-Berri elkarteko bost, gure artean diren erlezain profesional bakanetakoak,
Martxel eta Arantxa tartean. Zerbeza edo ardo bana Place de la Comédien, tertulia (erleez, zertaz bestela), barre handiak Martxelen ateraldiekin.

Agur lagunak eta Montpellier hiri eder bizi gazte beroari despedida egitera jalgi gatzaizkio, kalez kale. Ilunabarra da eta ferilekua biltzen ari dira. Mediterraneoko epelean bankuan eserita zozizona, ahuntz gazta, txokolatea eta fruituak. Larunbat arratsaldean azken saioa zuten batzordeetako jendeak orain datoz Corumetik parkean barrena, hitz eta pitz biltzarra eten ezinean,
jende-erreka babeldarra. “Bon apetit!”. Piknikatzaileok sinpatikoak bide gara. Mertzi. Ondo bizi gintezke Montpellierren, ala?



© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan