Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Kaliforniako mandarina hazleek diote: "Fuera erleak nire arboletatik"

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Kaliforniako mandarina hazleek diote: "Fuera erleak nire arboletatik"

2007-12-31

Kaliforniako mandarina ekoizleek eta erlezainek sei hilabeteko epea daukate beren arteko istilua negoziatzeko, bestela ekainaren 1ean Gobernuak ezarriko die bi aldeei erabakia. Albistea "The Sacramento Bee" egunkariak eman du (bitxia da informazio orokorreko egunkariaren izena bera: "Sacramentoko Erlea")  kronika honetan: "It's the Law: Ending buzz over bees". Istilua bitxia da, nahiz eta guregandik hurbilago ere -Valentzia aldean, esate baterako- gertatu diren antzekoak.  Kontua da kontsumitzaileek neguan erosten dituzten mandarinak hazirik gabeak izatera ohitu direla, mandarina ekoizleek gero eta arbola gehiago landatu dituztela hazirik gabeko barietateetatik eta denborarekin haserretu egin direla erlezainekin, hauen erlauntzetako xomorroek polinizazioa handitzen dutelarik fruituak hazidunak ateratzen direlako.

Honek ere badu globalizazioarekin zerikusirik. Kalifornian 1999an hasi ziren barietate berriok landatzen. 1998ko izozteak sekulako kalteak eragin zituen Fresno, Kern, Madera eta Tulare konterrietan, laranja eta bestelako zitriko arbolak ihartuz. Hutsunea Espainiako esportatzaileek baliatu zuten beren mandarina hazigabeak hango merkatuan zabaltzeko. Lehendik ere baziren hazirik gabeko barietateak Kalifornian, baina Espainiatik iritsi zirenek urte sasoi zabalagoa hartzen zuten. Izoztearen ondoren, konterriotako nekazari askok Espainiako barietateok landatzeari ekin zion. Eta orain istilua sortu da erleek mandarinondo horien loreak beste batzuen polenekin nahastuz ernaldu dituztenean: fruitu hazidunak ugaritu dira, eta hauek askoz merkeago pagatzen dituzte komertzianteek, askotan erdi prezioan.

Erlezainek aldiz diote barietate horiek iritsi baino lehen zeudela bertan erleak, eta sekula ez dela arazorik izan. Norbaitek izatekotan buruhausteak erleak eta erlezainek dauzkatela, azken urteotako galera masiboengatik. Azkenean eztabaida epaitegiko atariraino iritsi da, eta urrats hori eman aurretik Kaliforniako agintariek erabaki dute batzorde bat sortzea, nekazariek eta erledunek adostasuna alkantza dezaten, heldu den uda aurretik. Albisteek egunkariaren irakurleen artean piztu dituzten erantzunak irakurtzea ere merezi du.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan