Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Erlea gizonen gerretan

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Erlea gizonen gerretan

2008-09-04

Erleak ez du eraso egiten, diote adituek, defenditu egiten du: bere burua eta familia. Arriskua sumatzean eztena sartuko dio erasotzaileari pozoitzeko. Aldi berean “alarmako feromona” zabalduko du airean, ahizpa gehiago bildu daitezen etsaiari min egitera.

Gizakiak gerrarako daukan armarik onena, indarraz gain, irudimena denez, balio militar urrikoa dirudien xomorroa izkilu bihurtu du aspalditik. Antigoaleko eultz bateko 10.000 edo 20.000 erlek min handia egin diezaiokete gogor armaturiko batailoi bati ere. Ez hainbeste militarrak hiltzeagatik, nekez garbituko baitute inor: alergia berezia dutenez gain, edozein kristauk ehun edo berrehun ziztada nahiko ondo eraman ditzake, minak min eta zahagia bezala puztuta, hori bai. Aldiz, erleak urrutiratu eginen ditu soldaduak, mugitzera behartuko, kontzentrazioa galarazi, une baterako behintzat –berriro lasaitu arte- ihesera eraman, oharkabean armarik gabe utzi.

Erlea armatzat lehenbizikoz Zeus jainkoak erabili omen zuen, antzinako bertsolari helenoek kontatua dutenez. Haur txikia zela, Kreta ugartean, ama Rheak seme Zeus Ida mendiko haitzuloan laga omen zuen -hura hil behar zuela zin egin zuen aita Kronosengandik urruntzeko- erle sakratuei aginduz eztiz alhatu zezatela. Baina urrun hartaraino ere iritsi omen ziren lapurrak, lau gizon, mirarizko eztiaren gosez. Lapurrak dio ixtorioak. Edozen gisaz Zeus pottokoak ez zuen jakingo milaka urtez lan hori egiten ohituta zeuden ezti-harrapatzaileak zirena, ziztadetatik babesteko jazki lodiz beztituta, Mediterraneoko nekazarien artean mesolitikotik fosilduta geratzen ziren azken biltzaile-ehiztarietakoak. Kontua da Zeusek bere azti-indarrak usatuz oihal lodien joskurak erre zizkiela, lau gizagajoak larrubixirik utziz. Eleek eztenka josirik, muturrak hautsi beharrean joan omen ziren ihesi. Mitologiako eskena okre eta beltzezko irudiz anfora ederretan bildu zuten buztingile helenoek.

Gizonek azkar kopiatu zuten. Boterezko egiturak eta estatuak antolatzearekin zabaldu ziren gerrak. Herriak defenditzeko harresiak eraiki zituzten, eta erasokor inguratzen ziren soldaduak sakabanatzeko harri eta burdinez gain erlesaskiek ere balio zuten. Erleen erabilera militarraren lehen aipamena Xenofon edo Jenofonte-ren garaikide Aeneas Tacticus-ek egin zuen gerrarako bere eskuliburuetako batean, K.a.ko IV.ean.

Erlea ez zen izkilutzat baliatzen zen animalia bakarra. Pontoko errege Mithridates-ek K.a.ko 83-82 urteetan Erromaren kontra egindako bigarren gerratean daukagu adibidea. Lucius Lucullus gudalburu erromatarrak pontotarren Themiskyra hiria setiatu zuenean, barrendik biztanleek hartzak eta bestelako basapiztiak askatu zituzten harresiak zulatzen ari ziren soldaduen kontra, eta baita erleak ere. Appianos greziarrak idatzi zuen. Ez gainera erlea bakarrik, ezti pozoitsua ere usatu zuten gaurko Turkiaren iparraldean dagoen Pontoko biztanleek erromatarren kontra. Jendeei ondoeza eragiten dien ezti Adelfa eta Rododendroen liliz egindakoak aparteko beste atala merezi du.

Erdi Aroan erleen aipamen frango bada guduketen kroniketan. Gurutzadetan bai kristauek eta bai musulmanek usatu zituzten. Rikardo Lehoi-Bihotzek Hirugarren Gurutzadan Jerusalem bereganatzeko eramandako arsenalaren barruan erle kofoinak aipatzen zituen, nahiz eta historigileek uste duten “hamahiru itsasontzi betetzeko adina erle” esatean doi bat gehiegitzen zuela.

Ingalaterrako Oxford hirian Christ Church elizak gordetzen du Walter de Milemete-ren 1300 urte inguruko eskuizkribu bat zeinetan bi irudiren bidez erakusten baita nola jaurti gaztelu baten barrura erleak haizerrota tankerako katapulta batekin.

Askoz beranduago, Jacob Cats-ek (1577-1660) “De Ouderdom” (Aspaldiko garaiak) liburuan xehetasun handiko grabatuz azaldu zituen soldadu erasotzaileak beren buruak babesten setiatuek harresi gainetik sututa jaurtita zizkieten eultzetatik: disziplinaz lerrokaturik, bakoitzak bere ezkutua buru gainean eta bazterretakoek aldeetan ipinita, erromatarrek famatu egin zuten “dordoka” osatuz. Sistemak ez zituen askorik babestuko milaka erle ikaraturen haserretik ez soldaduak eta ez zamariak, erleak denak sakabanatzen baitzituen.

Espainiarrak Ameriketara heldu zirenean, eztenik gabeko erlea aurkitu zuten han, Melipona. Baina hauek ere borrokalagun balia daitezke, ziztatu ezean koska egiten baitute. Maia Kitxeen “Popul Vuh” liburu sakratuan –XVI. mendean idatzi zen- kontatzen da antzina herri batek beste bat setiatzen zuenean, inguratutako biztanleek kuia-azal handietan biltzen zituztela liztor eta (eztenik gabeko) erleak. “Eta xomorroak zabaldu ziren kea legez, etsaien begi, sudur eta ahoetan sartu ziren, ausiki egin zieten izter eta besoetan, hauek armak bota zituzten eta orduan herriko gizonek hil egin zituzten”.

Ameriketan gero espainiar, portuges, frantses, holandar eta ingelesek Europako erleak hedatu zituzten. XIX menderako han ere nagusi ziren erle eztendunak. Beren erabilera militarra barne. 1862ko irailaren 17a suertatu zen AEBetako gerra zibilean egunik odoltsuena. 24 ordutan 7.753 hilotz geratu ziren guda zelaian eta 18.440 zauritu bildu zituzten. Bestelako arma guztiez gain, konfederatuek gune jakin batean erlategi osoa paratu omen zuten gudalekuan, ipartarrak handik noiz pasako zain. Pennsylvaniako Boluntarioen 132. Errejimendua iritsitakoan, hegotarrek su egin zieten kofoinei. Pennsylvaniakoen buruzagiek gorriak ikusi omen zituzten beren gizonak berriro lerroetara biltzeko.

XX. mendean erlea gerra famatuetan borrokatu da bataren edo bestearen... edo alde guztien kontra. 1914-18ko Gerra Handian ingelesen kontra alemanek erabili zuteneko albisteak badira. Azioetako bat Britainia Handiko prentsan aipatu zen.

1914ko azaroaren 4an Tanga inguruetan –gaurko Tanzaniako iparraldean- izandako liskarrari “Erleen Guda” deitu zitzaion. Byron Farwell-ek kontatu zuen “The Great War in Africa” liburuan, Amazon banatzailean eskuragai dago. “Alemanek erleak beren defentsarako arma gaiztotzat erabili zituztela publikatu zuen ‘The Times’ek. Dena dela, bataila hartan alemanen ‘askari’ afrikarrek ere ihesi egin behar izan zuten. Guda zenbait gunetan ez zen baretu bi aldeetako soldaduak urrundu ziren artio. Afrikako kanpainan Tangakoa izan zen erleek gudariak sakabanatu zituzten lehen aldia, baina ez azkena”.

Alemanek bertako nekazari eta ehiztarien laguntzaz ingelesek pasa behar zuten lekuetan eultzak zintzilikatzen zituzten zuhaitzetatik, bertako erlezainek eta ezti-biltzaileek betidanik egin duten gisan. Eta une egokian, tiro kofoinari, zomorroak itsumustuan erasora behartu. Afrikako erleak ordea, hori ez zekiten hasieran alemanek, Europakoak baino askoz bortitzagoak dira defentsan, talde handiagoetan erasotzen dute eta areriotzat hartu dutena oso urruti arte pertsegitzen dute, berdin kilometro bat baino urrutiago.

Europan, Gerra Handian Austria-Hungariako Inperioaren armadan borrokatu zen Bodog F. Beck, gerra ostean Amerikara joan eta New Yorken arrakasta handiz apitoxina erabili zuen medikua. Berak kontatutako guda bildu zuen A.E. Fife-k, 1939an “The concept of sacredness of bees, honey and wax in Christian popular tradition” doktoradutzako tesian. Becken arabera, alemanek Europako lekuren batean xedera antolatu omen zieten aliatuei, aurrez detektatuta zeukatelako nondik pasa behar zuen gurdi eta zamariz osatutako konboi handi batek. Estugunea hautatu eta erlauntz mordoa prantatu zuten, kaxa bakoitza hariz elektrikari lotuta. Aliatuak iritsi zirenean, eman zioten argindarrari, irten ziren milaka erle saskietatik eta gizonei bezala abereei ekin zieten eztenka. Ez gizonik eta ez zamaririk bizirik atera ez zela esan omen zion Beckek ikertzaileari. Menturaz kolpe haren antolakizunean zerikusiren bat izana zukeen mediku militar erlezainak.

Vietnamen 1960ko hamarkadan Vietcong-eko gerrillariek yankiei prestatzen zizkieten tranpa askoren arteko bat erlez osatua zen. Vietnamdarrek erlea antzinako moduan usatu zuten. Eta geroztik ez dugu erlea gerran erabili den berririk.

Hala ere, erabiliera sofistikatuagoa aurkitu zaio erleari gerrarako: minak detektatzea. Kroazian, Zagreb-eko unibertsitatean, teknika berria ari dira garatzen, oraindik lehertu gabe lurpean datzaten minak aurkitzeko. Hala zabaldu zuen 2007an BBC agentzia britainiarrak “Croatian bees sniff out landmines” izenburua daraman kronikan. Kroazian bada oraindik 1.000 kilometro karratuz goiti lur eremu minaz beteta. 250.000 mina inguru kalkulatzen da ipini zutela azken gerran batzuek eta besteek lurpean, eta horien eztandek 100 pertsona baino gehiago hil dituzte gerra amaituz geroztik. Minak erauztea lan nekeza eta garestia da.

Nikola Kezic irakaslea eta bere taldea Nekazaritzako fakultatean ari dira. Karpa edo xapito handi batean erlauntza bat daukate ipinita. Janaria ipini dieten puntuen inguruan leherkari usaina ere zabaldu dute, eta horrela espero dute erleek aire zabalera irteten direnean janaria eta TNTaren kiratsa asoziatzea. Gero, erleak bazka bila irtendakoan, beroa jarraitzen duten sentsibilitate handiko kameren bidez kontrolatuko dituzte beren ibilian.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan