Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz

Ez dakit kapitalismo berdeari ongi etorri egin ziona zehazki nor izan zen. Baina badakit zein asmakizunarekin egin zuen egoerak okerrera: erabiltzen dituzten kapsulak birziklatu ere nekez egin daitezkeen kafe-ontzi horiekin. Seguru nago hori izan zela gure etxeetan sartu genuen lehenetarikoa. Aipatu bezala kapsulak ez ziren oso birziklagarriak eta ondorioz eztabaida sutsua eman zen enpresaren kontra sare sozialetan. Aluminioa eta plastikoa. Eta barruan kafe hondar organikoak.

Beraien inbertsioa kolokan ikusi eta konpostagarriak ei ziren materialekin egin zuten kapsula. Eurek sortutako arazoa, eurek konponduz. Eta denak harro. Nolanahi ere, begi bistakoa da kapsulen merkatuak hazten jarraitzen duen heinean, alternatiba jasangarriagoak eskaintzeko presioa ez dela izan litekeen bezain handia.

Kapsulen ondoren, milaka asmakizun berri iritsi ziren. Eta arazo ekologiko bat sortu ondoren, kapitalismo berdea deritzon osasun larrialdia eragin zuten. Aipatzekoa da ez dela ingurumen-kezka bat buruan dutena, baizik eta gehiago saldu ahal izatea eta gero eta kirats handiagoa duen berniz ekologiko bainu bat hartzea.

Eta lasterketa horrekin bat egiten duten azkenak mugikorrak dira.

Mugikorrak kargagailurik gabe saldu zituen lehen enpresa estatubatuarra izan zen, bigarrena txinatarra. Nik dakidanez, bietako inork ez zuen erabaki produktu berriaren prezioa jaistea, osagai bat gutxiago zuelako. Mugikorra, mugikorraren eta kargagailuaren prezio berean. Lehengo egunean lagun batek esan zidan Europar Batasunaren gidalerroak norabide horretan joango zirela, etxean kargagailu ugari ditugulako eta ez dagoelako gehiago eduki beharrik. Eta ideia logikoa da. Kapitalismo basati batek eutsiko ez balio.

Gailu elektronikoen kargari dagokionez, lehenik eta behin nabarmendu behar da azken urteetako berrikuntzaren zati handi bat baterietan zentratu dela. Karga azkarra, karga magnetikoa, haririk gabeko karga… Erosten ditugun mugikorren karga-abiadurak gero eta handiagoak dira. Nire aurreko mugikorrak 18W-ra kargatzen bazuen oraingoak 33W-ra egiten du. Ez daukat 33 W-eko kargagailurik, mugikorrarekin zetorrena ez bada. Aurrekoa erabiliko banu, ez nuke erabiliko ordaindu dudan karga azkarra. Eta zer gertatuko litzateke? Ba, funtsean, mugikorrarekin ez datorren kargadorea erosiko nukeela. Marketinak saldu, nik ordaindu eta enpresak lapurtu didan hori berreskuratzeko asmoz. Berriz ordainduz. Noski.

Hala ere, enpresak berdetzat joko luke bere burua.

Enpresa ustez berde horiek ingurumenaz benetan kezkatuko balira, mugikor modularrak egitea daukatela bururatzen zait. Horrela, mugikorreko kamera apurtzen badut, ez dut beste guztia erabiltzeari utzi behar. Kameraren modulua erosten dut, aldatu egiten dut eta gailua normal erabiltzen jarraitzen dut berri-berriak dauden gainerako osagai guztiekin. Ez da ingeniaria izan behar antzemateko horrela erabat erabilgarriak diren osagai informatiko gutxiago baztertzeko moduan egongo ginatekeela. Baina tira, ideia hau ez da nirea. Berria ere ez da oso berria.

Era eta bide berean, eskertzekoa litzateke zaharkitze programatuaren teknikak erabiltzeari utziko baliote.

Baina ez. Kargadorea kendu. Proposatzen ditudan biak beraien negozio ereduaren kontra egiten dutelako. Denak berdin jarrai dezan.

The (double) social dilemma

Ados. Horrenbeste input jaso eta gero, The social dilemma ikusi dut asteburuan. Netflix-en.

Horra nire lehen dilema.

Deigarria iruditu zitzaidan dokumentalaren lehen lau minutuetan agertzen diren pertsonek, Facebook, Instagram, Google, Youtube, Apple, Twitter, Palm eta Mozilla Labs-eko langile ohiak, ia osotasunean, “Noren errua izan da?” galderari antzera erantzunen ziotela, “Ez genuen txanponaren beste aldea ikusi. Ez, ezin zaio errua inori bota”. Mozilla-koak ez du lehen galdera erantzuten. Bigarren galdera datorkie gainera, olatu gisa, “Orduan bada arazorik? Zein da?”, denak isiltzen dira, behintzat 5 segundoz. Mozilla-koak ez du bigarren galdera erantzuten.

Baina gai asko jorratzen ditu dokumentalak irauten dituen ordu eta erdian, burbuila efektua, fake news-ak, teknologia enpresen nagusitasun ekonomikoa, ziber-atakeak… Gaixotasun mentalen gaia ere aipatzen dute, baina zoritxarrez ez dute horretan sakontzen. Esango nuke, gai honek beste dokumental bat egiteko beste ematen duelako izango dela. Snapchaten dismorfia terminoa ere erabiltzen dute. Koronabirusa ere aipatzen da. Eta Jaron Lanierren liburu hau.

Gai konplexuz jositako dokumentala da, ondo azaldutakoa eta gomendagarria da berau ikustea. Baina osotasunean aztertzen du algoritmoek gugan duten edo izan dezaketen eragina? Ez. Dokumentalak aplikazioak eta beraien algoritmo teknologikoak jartzen ditu zalantzan, bada zerbait, baina aipatu ere ez ditu egiten algoritmo horiek martxan egoteko beharrezkoak diren sare politikoak eta ekonomikoak.

Netflix-ek ezin duelako kapitalismoa zalantzan jarri. Horra nire bigarren dilema.

Badirudi, teknologia ikuspuntu antikapitalista batetik aztertzea ezinezkoa dela. Baina teknologia ikuspuntu antikapitalista horretatik aztertzen duten norbanako eta talde asko ezagutzen ditut. Hackmeeting-ak bezalako proiektu komunak egin ditugu eta algoritmoak maila kritikoan aztertzen ikasi dugu. Horixe da Netflix-eko dokumentalari aurkitu diodan arazorik nabarmenena: ondoriora heltzeko moduko zimenduak jarri eta, ostruka gisa, azken momentuan, burua porlanean sartu izana.

Izan ere, lehen lau minutuetara bueltatuz, nork sinetsi behar du, hau guztia ez dela inoren errua. Nork sinetsi behar du enpresa teknologiko handienek, guzti hau martxan jarri orduko merkatu azterketa, osoa, egina ez zutenik.

Zu eta ni produktu gisa kokatuz.

Hona bururatzen zaizkidan errudun batzuen izen abizenak: Adam Smith, Mark Zuckerberg, Larry Page eta Sergey Brin, Steve Jobs, Steve Wozniak eta Ronald Wayne, Jack Dorsey, Jeff Bezos… denak gizonak. Eta guzti hau egia bihurtu zitekeela jakinda, legislazioa aldatu ez zuten terrorista zibernetiko-politikoak.

(Kontrakoa dirudiela jakin badakit, baina, aipatu bezala, dokumentala ikustea gomendatzen dizuet. Baina jarri kritikotasunaren txipa eta ahal dela, ez egin ni bezala eta P2P sareetatik jaitsi.)

Trumpak egiten neure buruari

Trumpak: Trump-ek neure buruari egiten dizkion tranpak.

Nik, egia esan, irakurri ditudan hainbeste gauzarekin erabat galdu dut haria. Lehenik eta behin, Huawei eta 5G-rekin hasi zen, eta erabaki batzuk hartzera behartu zuen Google. Ondoren, beste mamarratxada batzuk egingo zituen hor nonbait eta orain Txinatik datorren guztiaren aurka doa, Tik-Tok eta Wechat gisako app-ak barne.

Aplikazio indibidualak zigortzea eta aplikazio horien zuzendaritzak kudeaketa estatubatuar, edo herrialdeari dagokion, bat onartzera behartzea ez da irtenbide bat. Akaso dirudunentzat bai, baina herritarrontzat ez. Esango nuke Trump-ek ondo dakiela hau, horregatik egiten dizkio trumpak neure -eta zeure- buruari.

Ez zait argi geratu noiz itzali zuten PRISM.

Tik-Tok erabiltzaileen datuak biltzen ditu? Noski baietz. WeChat erabiltzaileen datuak biltzen ditu? Noski baietz. Txinako edozein aplikaziok biltzen ditu erabiltzaileen datuak? Noski baietz. Tik-Tok-ek Instagram-ek baino datu gehiago edo Wechat-ek Whatsapp-ek baino gehiago biltzen ditu nork bere erabiltzaileen artean? Ezin dut esan baietz, noski, baina ez dut uste oso oker ibiliko naizenik esaten badut datu-bilketa Txinako arerioena baino askoz etikoagoa izango ez denik. Benetan kezkatu behar nau nire datuak txinara joateak? Estatu batuetara joatea kezkatu beharko nindukeen beste. Ez gehiago, ez gutxiago.

Estatu Batuak ez dira askatasunaren ordezkariak.

Trumpek ezpata askatzea erabaki du eta Estatu Batuetako aplikazioetako txinatar arerioei aurre egitea, horretarako pribatutasunaren eta subiranotasun nazionalaren komodina (edo komedia) erabiliz. Gaizki ulertutako subiranotasun nazional paternlista bat, dena aipatze aldera.

Oraintxe bertan, erronka garrantzitsu baten aurrean gaude. Gizarte gisa aurre ez egitea erabaki dugun kontu sakonei arreta jartzen hastea. Laburrago esanda, plataforma digitalak arautzea.

Inork ez digu tranparik egingo. Ezta ileordea ondo itsatsita duen horrek.

Ezin dugu ahaztu, gehienetan gertatzen den bezala, arazoa ez dela teknikoa, baizik eta politikoa eta ekonomikoa: gaileten munstro bat sortu dugu. Aplikazio horiekin sortzen ditugun datuak bildu, aztertu, egituratu eta dirutan errentagarri bihurtzen dituen app-ekonomia edo kappitalismo berria. Kasurik onenean, datu horiek iragarki gisa merkaturatzen dituzten enpresei salduko dieten gaileten munstroak. Batez beste, aplikazio batek erabiltzaileen datuak bost enpresatara bidaltzen dituela esaten dute zenbait ikerketek, eta egunero-egunero erabiltzen ditugun aplikazioen ehuneko handi batek hamar tracker baino gehiagotara bidaltzen ditu gure datuak.

Eta berdin dit Tik-Tok edo Wechat edo Instagram edo Whatsapp deitzen diren.

(Txinara edo Estatu Batuetara bidaiatu gabe, Euskal Herrian garatzen diren aplikazioen inguruan ere, egunen baten, hitz egitera ausartu beharko naiz. Badago zer aipatu eta!).

Ez zara zu, ni naiz

Trump jauna zenbait egunetan kabreatuta iristen omen da ohera. Tximino-plantetan imajinatzen dut. Hiperkabreatuta. Eta hiperazeleratuta.

Gaurkoa laburbilduz: Twitter plataformak Trump jaunaren txio bat ezkutatzea erabaki ei du eta albisteak ez du presidentearen poztasuna piztu. Twitter-ek dio txioaren testuak -irakurtzeko batere interesik ez dut-, gorrotoa eragin dezakeela. Amerikako Estatu Batuetako presidentearen mezuen mailari so eginez, zerbait berria balitz bezala.

Esan gabe doa ez natorrela bat ideologikoki Trump jaunak sustatzen duen estatu eta ekonomia ereduarekin, baina, badaezpada, hobeto aipatu. Gehien harritzen nauena da hilabete baino gehiagoan ez zuela atzamarrik mugitu estatubatuarrak Covid-19tik babesteko, baina 48 ordu baino ez dituela behar izan Twitter “zigortzeko” neurriak hartzeko.

“Egun handia izango da sare sozialetarako eta inpartzialtasunerako!” txiokatu zuen. Prestatzen ari zen dekretuari buruzko xehetasun gehiago eman gabe.

Handik ordu batzuetara jakin genuen sinatutako dekretuak Estatu Batuetako epaileei (edo) lege bat berrinterpreta zezatela eskatzen ziela. Antza denez, erabiltzaileek argitaratutako edukiengatik Silicon Valley erantzukizunetik salbuesten duena. Sare sozialen aurkako auziak errazagoak izatea da, funtsean, helburua. Edo hori esan digu behintzat. Sare sozialen indarra kontuan hartuta, oso zaila egiten zait horrelakorik imajinatzea. Ipar Amerikako presidentearen hitzetan, historikoki adierazpen-askatasuna errespetatu duen herrialdea da berea, eta praktika antiamerikarra eta antidemokratikoa ei da bere hitzak ezkutatzea. Hipokritagoa izatea ez dirudi gauza erraza.

Hala ere, nire ustez, Trump-ek eskerrak eman behar dizkie gizarte-sare horiei; adibidez, Cambridge Analyticak egin zizkion mesedeak edo Youtubeko algoritmoek, xenofobia eta faxismoa sustatzea ordaintzeko. Besteak beste. Izan ere, niretzako berdin du Twitter izan, Youtube izan, edo Facebook izan. Ideologikoki gauza bera baitira. Ez didazu sinesten? Egin dezagun proba erraz bat. Sartu Youtuben, bilatu espainiar politikari buruzko bideo polemiko bat, adibidez, Pablo Iglesiasena, “markesa” hitza behin eta berriz errepikatuz. Ziur nago, gomendatutakoei erreparatzen badiezu, gutxienez VOXen en Libertad Digitalen hiru edo lau bideo aurkituko dituzula, bide horri jarraitzen badiozu… akabo. Zergatik? Ez zehazki faxismoa goraipatzeagatik, baizik eta sare sozial korporatiboetan polemikak saritzen direlako. Ez al dizue Youtubek inoiz gomendatuko terraplanismoari buruzko bideo bat?

Konspirazio teorietan sartu beharrik gabe, batzuk uste dugu hori ez dela kasualitatez gertatzen eta algoritmo horiek ez direla neutralak.

Trumpen gaira bueltatuz, dekretu berri hau lege-borroka luze baten abiapuntua izango dela aurreikus daiteke. Hala ere, nik Trumpi esango nioke ez dadila hainbeste haserretu, goza dezala bere bizi oparoa eta ez diezaiola haginka egin jaten ematen dion eskuari.

Adierazpen-askatasun handiagoa dugun Fedibertsora pasatzeko gomendatuko nioke? Hobeto ez aipatzea ere; Trumpek bere buruarekin pizten dituen haserre-mailak lasaitzeko arazoak izango lituzke, eta, ondorioz, ezingo luke onartu sare libreetan hainbeste balioesten dugun netiketa. Eta gainera, ez dut nahi, nire erruz, Fedibertsoa zaborrez betetzerik.

Bukatu dut interbentzioa, epaile jauna.

Android vs. bilaketa-motorea(k)

Erabat ahaztuta neukan gauza bat gogoratu nuen aurrekoan sarri irakurtzen dudan blog bateko albisteetako bat irakurri nuenean: Europar Batasunean teknologia enpresa handien praktika monopolistekin amaitzeko asmoz, erabiltzaileak lehenespenez ezarri nahi duen bilaketa-motorea aukeratzeko modua izan behar duela. Iazko martxoan jakinarazi zitzaion Google-i.

Bada, urtebete beranduago eman dio erantzuna AEBtako enpresak. Bederatzi izango dira, defektuz, Europar Batasunean bizitzea dagokigunoi aukeran emango zaizkigun bilatzaileak. Euren artean ezagunenak, DuckDuckGo (DuckDuckGo Inc.), Yandex Search (Yandex Co.) edo Bing (Microsoft Co.).

Baina zer adierazten du zehazki erabaki honek? Alde batetik, Android gailuen defektuzko bilatzailea, erabiltzaileak hala nahi balu, hemendik aurrera ez duela zertan Google-en bilaketa-motorea izan. Bi leku nagusietan izango du eragina erabaki honek, Android gailuen hasiera pantailan aurkezten zaigun bilaketa kutxan eta Chrome nabigatzailean egiten ditugun bilaketetan.

Bestetik -bi gauza adierazten dituela aipatu dizuet-, erabaki honek ez duela, abokatua ez den honen ustetan, monopolioekin bukatzen. Baizik eta enepolioa sortzen.

Hamaikatxo dira Interneten aukeratu genitzakeen bilaketa-motoreak. Nik adibidez, Google erabili ordez DuckDuckGO erabili ohi dut. Bada, horrenbeste badira, nolatan erabaki du Google-k bakarrik bederatzi aukera eskaintzea? Oso erraz azalduko dut. Enpresa teknokapitalistetan guztia erabakitzen den modu berean: diru-truke. Izan ere, zerrenda horretan parte-hartu ahal izateko, enpresa bat egon behar du bilaketa-motorearen atzean. Baina horrekin ez da nahikoa. Iazko abuztuan jakin genuen bezala, norberaren Android gailuan zerrenda horretako bilaketa-motore bat defektuz jartzea erabakitzen duen gailu bakoitzagatik, Google-i ordaindu beharko dio bilatzailearen jabeak. Google-i ohikoa zaion puja modalitatean. Ordaintzeko aukerarik ez duen horrek -sarri bezala-, zerrendaz kanpo dago. Ez da existitzen.

Egia da albiste honek aurrerapauso bat izan daitekeela Google-k gugan duen eragin mugagabeari nolabaiteko hesia ezartzeko -behintzat maila batean-. Baina ez da inondik inora, nahikoa. Norberak erabaki beharko luke religiosoki ordaindutako gailuan zein den, defektuz, erabili nahi duen bilaketa-motorea eta ez zerrenda baten aukeren artean.

Edonola ere, zoritxarrez, Europar Batasuneko monopolioaren kontrako arau honek, beste hamaikatxo bezala, ez digu bide horretan gehiegi lagunduko. Batik bat, blog bidalketa honetan aipatutakoaz gain, ez duelako Google-ek Android-ekin duen monopolioan eragin txikiena ere izango.

Baina tira, honaino irakurri baduzu -positiboan bukatzearren-, zure Android gailuak martxo inguruan zein bilaketa-motore aukeratu nahi duzun galdetzen dizunean, egiozu mesede bat zure pribatutasunari eta aukeratu ezazu DuckDuckGO.

Behintzat, hasierako pausu hori eman dezazun.