Hezkuntzan burujabetza teknologikoaren alde

Blogeko bilatzailea erabili dut Hezkuntzan Librezaleri buruz zenbat aldiz idatzi dudan jakiteko asmoz. Hiru aldiz. Eta gaurko honekin laugarrena izango da. Baina iruditzen zait ezinbestekoa dela kontzeptu garrantzitsu batzuk noizean behin gure burmuinetara berriro ekartzea. Ahanzturan erori ez daitezen.

Hezkuntzan Librezale, neurri batean edo bestean hezkuntzarekin lotuta gauden profil desberdineko pertsona talde bat da: senideak, irakasleak, ekintzaileak, hacktibistak, ikasleak… Zerk batzen gaitu? Bada, kezkatuta gaudela ikasgelak digitalizatzen ari diren moduagatik.

Hezkuntza publikoan, zein pribatuan.

Bost dira Euskal Herriko ikasgelen digitalizazio-prozesuaz eztabaidatzen hasteko mahai gainean jarri genituen puntuak. Urte batzuk daramatzagu gai hori lantzen, eta zuetako askok 2019an argitaratu genuen komunikatuaren bost puntuak ezagutzen badituzue ere, baimendu nazazue labur-labur berriz jasotzen.

Bat, gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ikasleon pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Bi, bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da. Hiru, euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Lau, ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Bost, hezkuntza komunitatearengan tresna hauekiko dependentzia sortzeko arriskua arazo larria da.

Aste honetako astelehenean, hilak 8, Hezkuntzan Librezale taldearen irakurketa Legebiltzarrera heldu zen. COVID-19k azkartutako digitalizazio prozesuaz eta gaur egun esku artean ditugun erronkez eztabaidatzeko asmoarekin, ponentzia bat burutu genuen Hezkuntza Batzordean. EH Bildu talde parlamentarioak gonbidatuta.

Ponentzia horren helburua argia zen, goian laburtu ditudan arrazoiak kontutan hartuta, eztabaida prozesu bat bultzatzeko unea iritsi dela uste dugu. Software librean bezala, jakintza kolektiboa eta estandar libreak bultzatzen dituzten alternatibak egon badaude, eta momentua egokia da digitalizazio zentzudun, jasangarri eta arduratsu baten alde egiteko.

Gizarte gisa eztabaidatzeko aukera daukagu. Burujabetza teknologikoa ala kritikoak diren azpiegitura teknologikoak multinazionalen esku utzi?

Hezkuntzan ere elkar topa gaitezen

Aurrekoan, hezkuntzaren esparruan burujabetza teknologikoa sustatzeko beharraz hitz egin nuen. Ikasleen pribatutasuna eta datu horien erauzketatik ekonomikoki bizi diren enpresa handiak aipatuz. Argumentatu nuen, garrantzitsuena ez dela ikasgaien material didaktikoa soilik: material hori nola ematen dugun pentsatzea ere garrantzitsua dela.

Azken finean, “zer” bezain garrantzitsua da “nola”, helburuak ez baititu bitartekoak justifikatzen. Ezta maitasunean ere. Ez beti behintzat.

Esan diezazueket arrakasta neurritsua izan duen artikulu bat izan dela, eta gustatuko litzaidake pentsatzea zuetako batzuei, nahiz eta agian konbentzitu ez, gutxienez, merezi duen garrantzia ematen ez diogun zerbaitetan pentsatzeko balio izan dizuela: pribatutasuna hezkuntzan eta eremu digitalean.

Baina artikulu honen lehen paragrafoan aurreratu bezala, askoz arrazoi gehiago daude burujabetza teknologikoa sustatzeko. Eta Hezkuntzan ere Librezale-n badakigu.

Dakizuenez, Euskal Herriko ikasgeletan software librearen erabileraz eta burujabetza teknologikoaz arduratuta dauden pertsona-taldea da Hezkuntzan ere Librezale. Dozenaka gurasok, irakaslek eta aktibistek osatzen dugu (ikasle bat edo beste ere badagoela pentsatzea gustatzen zait).

Pertsona horien borondatezko lana taldearen hurrengo deialdi publikoan islatuko da: Hezkuntzan librezale topaketak.

Topaketa birtual hauetan bi mahai-inguru izango ditugu, bi saio desberdinetan. Lehenbizikoak balioko du jakiteko nola bizi izan duten hezkuntza komunitateko zenbait partaidek online hezkuntzaren erronka Covid-19-aren alarma egoeran, eta ekainaren 11an izango da arratsaldeko 18:00tan. Bigarren saioan, ekainaren 18an 18:00tan, gizarte gisa hezkuntzaren aurrean ditugun erronka teknologikoei buruz hitz egingo dugu, galdera potolo bat erantzun nahiez: nola egingo diegu aurre erronka hauei kolektibo gisa indartuta atera nahi badugu? Bigarren saio horretan hizlari gisa parte hartuko dut, eta software libreari eta burujabetza teknologikoari begira jarriko naiz, Durangon aurkeztu genuen komunikatuan sakonduz.

Bi saioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztet hemendik ere.

Gustatuko litzaidake azken aste hauetako lanak ehunka iritziren ordaina izatea: hezkuntzaren esparruan burujabetza teknologikoaren eztabaida txertatzeko.

Gaiak gure arreta merezi du.

Material didaktiko ona ala pribatutasuna?

Aste honetan bi gai nituen buruan artikulua idazteko.

Lehenengoa, Covid-19-aren aitzakipean kontaktuen jarraipena egiteko aplikazioei buruzkoa zen. Bigarrena eskola areagotua. Lehenbizikoa oso mamitsua da, baina bigarrenaren alde egingo dut. Gaur inoiz baino garrantzi handiagoa baitu.

Hezkuntzan ere erronka berriak utzi dizkigu Covid-19-ak, eta argi dago erronka horietako asko, teknologia lagun izanda gaindituko ditugula. Bistan da ez naizela hezkuntzan aditua, baina iruditzen zait material didaktikoak eta ikasleen ikasketa-beharrak egokitzen baditugu eta ikasteko aukera emango dieten plataforma teknologiko egokietara bideratzen baditugu, ikasle askori lagunduko diegula koronabirusaren ondorioz ikasketak ez geldiarazten.

Baina honek, berriz ere, dilema handi baten aurrean jartzen gaitu: on line estrategia didaktiko bat definitzean garrantzitsua da ezarri beharreko softwarea? Bada, badirudi askok ezetz sinestarazi nahi digutela, baina noski baietz, oso garrantzitsua da.

Gaur akaso atzo baino zentzu handiagoa du Hezkuntzan ere Librezalek duela hilabete batzuk aurkeztu zuen adierazpenak.

Izan ere, nik interpretatzen dudanaren arabera, bi aukera besterik ez zaizkigu aurkezten. Lehena, funtsezkoena material didaktikoa dela argudiatuz, datu erauzketatik bizi diren -eta aberasten diren-, enpresen aplikazioen erabilera sustatzea da. Bigarrena, hezkuntza-arloko burujabetza teknologikoa material didaktikoa bezain garrantzitsua dela onartzea. Bigarren kasu honetan, gure ikasleek material didaktiko onena izateaz gain, multinazional handien mende ez egoteko moduak bilatzea da erronka honen oinarria.

Ni bigarren interpretazioaren aldekoa naiz.

Hau da, gaur eztabaidatu beharrean, atzo eztabaidatu behar genuena: ikasgelak ikasgeletatik atera eta etxera eramateko bidea, nola egin? Horretarako, ezinbestekoa da software libreko irtenbideak sustatzea eta gure esku dauden neurri publiko guztiak jartzea, ikasleek Internetera konektatu gabe, ikasteko ordenagailurik gabe, ikasteko espazio egokirik gabe eta pribatutasunik gabe gera ez daitezen.

Zer nahiago duzu mediku euskalduna edo mediku ona? Bi gauzak. Ondo da, bada, iritsi da unea, galdetzen digutenean, zuk zer nahiago duzu ikasleak eskolara “joatea” edo ikasleen pribatutasuna errespetatzea? Erantzun dezagun: bi gauzak.

Zoritxarrez, hemen ez dago tarteko biderik, informatika 0 edo 1 da. Burujabetza teknologikoa dago edo ez dago. Bistan da, gaur, ez dagoela. Agian, norbait damututa dago Euskaltel oparitu izanaz. Damutze hitzaren adiera ezagutzen badu behintzat.

Laburbilduz, kontrakoa saldu nahi badigute ere, sendagile ona izatea ez da bateraezina euskaldun izatearekin, eta online ikastea ez da bateraezina pribatutasuna errespetatzearekin.

Baina prest gaude, behingoagatik bada ere, gauzak ondo egiteko? Ikusiko dugu.

Euskal hezkuntzaren egoera teknologikoa kontutan hartuta…

Aurreko blog bidalketa baten aurreratu nizuen moduan, Durangoko Azokako igandean, Hezkuntzan ere Librezale taldeak azken asteotan landutako komunikatuaren berri eman zigun. Sarean aspaldi irakurri daiteke komunikatu hori, izan ere, eragile desberdinei berau aurkeztu eta sinatze fasean egon da taldea Durangon aurkeztu orduko.

Bost dira Hezkuntza ere Librezale taldeak plazaratzen dituen hausnarketak, Administrazioari eskari zuzena eginez eta irakaskuntza komunitateari ohar desberdinak luzatuz. Honela laburtu genitzake: ikasleen datuak esku pribatuetan utzi ordez, datu horien pribatutasuna bermatuko duen sistema baten alde egitea. Chromebook gailuen zaharkitze programatua dela eta, arduragabekeria dela berauen alde egitea. Gailu horietan euskararen presentzia enpresa zehatz batzuen eskutan geratzen dela salatzea, are gehiago, gailu hauen zenbait atal euskaraz ez daudela ohartaraztea. Ikasleak behin eta berriro tresna berdinetara mugatzea hezkuntza digitalaren murrizketa ekarriko duela. Bukatzeko, Microsoft-en eta Google-en azpiegiturak erabiltzea, hezkuntza komunitatearengan, dependentzia sortuko duela.

Argi dago Hezkuntzan ere Librezale taldearen komunikatuaren kontra argumentatu nahi duenak, ezin izango duela egin dokumentuaren argumentu faltagatik.

Administrazioari interpelazio zuzena eginez, honela bukatzen da komunikatua: Administrazioari dei egin nahi diogu digitalizazio prozesuan gidaritza eta laguntza teknikoa egin dezan, azpiegitura libre, jasangarri eta ahaldunduko gaituena ezartzeko; eta ez dezan soluzio komertzial interesatu baten esku utzi gure ikasleon hezkuntza digitala.

Gogoratu Hezkuntzan ere Librezaleren komunikatu osoa irakurri nahi duenak, sarean duela eskuragarri. Irakurketa bat, gutxienez, merezi du. Are gehiago kontuan hartzen badugu, ez direla gutxi izan komunikatu honen alde beraien sinadura utzi duten eragileak.

Bada, bat egiten dut, hitzez-hitz, komunikatu honekin, eta nik ere uste dut badela garaia prozesu honen inguruko eztabaida emateko. Hain zuzen ere, hori da, Kabi@ gunean eztabaidatu genuen gaietako bat eta etorkizun hurbilean eman beharreko pausuak zeintzuk diren zirriborratu genituen. Hala nola, hurrengo bileraren data otsail aldera zehaztu genuen, posibleki Eibarren.

Beraz, adi ibili, eta ni/gu bezala bost puntu nagusi eta eskari hauekin bat egiten baduzu, Hezkuntzan ere Librezale-ren Telegram taldean edo Matrix gelan sartu, informatu eta zure ingurua aktibatu.

Hezkuntzan ere Librezale

Aurrekoetan aipatu izan dudan moduan, geurean, software librearen eta burujabetza teknologikoaren aldeko proiektu ugari gauzatzeko aukera izan dugu.

Eskola 2.0-n egin zelakoan nengoen, baina, bereziki interesgarria deritzot, berriz ere, hezkuntzan software librearen eta burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzea. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasleen eta eskolen behar izan teknologikoak asetzeko, Google eta Microsoft-en alde egingo duela jakin eta gero. Aspaldi sartzen hasiak dira bi enpresa hauek gure eskola publikoetan – eta publikoak ez diren eskoletan ere -. Nire ikasle garaian hasi zuen konkista horrek, are eta hegemonia gehiago hartuko du – guk geroz eta dependentzia gehiago hartzen dugun bitartean – Chromebook-ak homologatu eta masiboki erosten ditugunean. Bada momentua aski dela esateko.

Pentsaezina izango litzateke eskolen jantokien kudeaketa Burger King eta Mac Donalds-en artean banatzea. Besteak beste – eta arrazoinamendu antikapitalistetan sartu gabe -, osasunari edo ekologiari dagokionez astakeria galanta izango litzatekeelako. Zer mezu bidaliko genieke eskolan bazkaltzen duten ikasleei? Pentsaezina, erabat. Bada, nola da posible, hezkuntza fasean dauden haurrei eta nerabeei esparru teknologikoan bi aukera baino ez daudela erakustea? Txiki-txikitatik erabateko dependentzia sorraraziz, Euskal Herrian, software eta jakintza libreak, gihar sozial eta enpresarial itzela duenean gainera. Ulertezina.

Geroz eta gehiago egiten dugu berba burujabetzaren inguruan, elikadura burujabetza, energia burujabetza eta, azken hiloetan, baita burujabetza teknologikoa ere. Gaia jendarteratzeko momentu aproposean gaudela uste dut eta bada garaia afera honek merezi duen errekonozimendu sozialarekin aztertzeko. Ez eraikin ederrenaren bilera gela ederrenean. Kalean baino.

Hezkuntza eta teknologiari erreparatzen badiegu, galdera mordoa sortzen zaizkit buruan. Erronka bezala ulertzen ditut. Adibidez, gizarte indibidualizatu honetan, nola eraman dezakegu burujabetza teknologikoaren alde lan egiten dugunon hausnarketa hezkuntza komunitatera? Nola gizarteratu daiteke gaia? Eta garrantzitsuena: nola bermatu ikasleek, maila praktikoan eta politikoan, eztabaida honetan parte-hartzeko aukera izatea?

Galdera guzti hauek eta beste zenbait erantzuten saiatuko gara Durangoko Azokan. Kabi@ gunean, Burutek taldeak antolatu duen abenduaren 8ko jardunaldian. Goizeko 11:00tatik arratsaldeko 14:00ak bitartean, burujabetza teknologikoari zabalduko diogu tartea. Bereziki hezkuntza alorrean burujabetza teknologikoa sustatzea, izango dugu hizpide nagusi bertaratzen garen guztiok. Burujabetza teknologikoa – modu kolektiboan – definitzen saiatuko gara, Hezkuntzan ere Librezale taldeak azken hilabeteotan landu eta azkendu duen lana aurkeztuko digu eta, bukatzeko, etorkizuneko erronkei aurrez-aurre begiratzeko parada izango dugu Burutek taldearen bigarren asanblada irekian.

Gogoratu, abenduaren 8an, 11:00tan Kabi@-n.

Hezkuntza, askapenerako erreminta bihur dadin, ez menpekotasuna sortzen duen organismo.