Gauza federatuak, literatura

Fedibertsoaz berba egiteko gogoarekin esnatu naiz gaurkoan.

Izan ere, azken egunotan, nolabait esatearren, masotodon.eus gizarte-sareko enegarren izen emate fasean aurkitzen gara. Joan den astean hasi zen abordatzea. Orduantxe gertatu zen Twitter gizarte-sare pribatiboak, Espainiako Estatuko zenbait kontu ezabatzeko erabakia hartu zuela. Dirudienez, gehienak ezker espresio politikokoak.

Blog bidalketa honen irakurlearengan lagako dut azken honetaz hausnartzea.

Hargatik edo besteagatik, fedibertsoa osatzen duten zenbait instantzietan erabiltzaile uholdea sumatu genuen. Seguru nago gehien “kaltetutako” instantzia masotodon.social izan zela -izan ere bere zerbitzariak ordu batzuk jausita egon ziren-, edo agian mastodont.cat, non izen ematea desgaitu behar izan zuten. Besteak beste, mastodon.eus-en. Urtebete baino zertxobait gehiagoko bizitza duen proiektu honetan, erabiltzaile olatu horretan kaleratu behar izan genuen, lehen aldiz, erabiltzaile baten profila.

Zoritxarrez -zorionez zenbaitetan-, olatu hauetan gure proiektu txiki eta komunitariora erakartzen ditugun zenbait erabiltzaile, egun gutxiren buruan berriz doaz txorieneara. Edo are okerrago: Twitter-eko jokamoldeak ekartzen dituzte gurera. Azken orduotan, transfobia. Nahiko nuke hauek joateko beharra ez sentitzea, ez etortzekoa baizik. Baina tira, gaur bestelako gaia jorratu nahi nuen. Are gehiago ikusita Gorka Bereziartuak ondo baino hobeto jorratu duela azken aipamen hori.

Azken hileotan, isilka-isilka, bere bidea egiten ari da Elegose irakurle taldea. Izan ere, bere lehen urteurrena beteko du urte berri honetako otsailean eta azken egunotan gauza interesgarriak ikusi ditugu. Nor bere kabuz hausnartu, eta hala nahi balu, konpartitzeko modukoak. Hala egingo dut nik.

Lehenik eta behin, esango nuke, Elegose erreferente bilakatu dela mastodon gizarte-sarean -zein libreak diren beste batzuetan-, euskaraz irakurri nahi dugun norbanako zenbaiten artean. Horri gehituko nioke, seguruenik beste modu batean fedibertsoan geratuko ez liratekeen zenbait erabiltzaile gizarte-sarean aktibo izateko eragina izan duela uste dudala. Eta agian, esperimentu kolektibo interesgarria izan dela -eta izango dela- euskarazko testuentzat. Bukatuko nuke esaten, zoritxarrez azken momentuan materializatu ez bazen ere, Kataluniako instantzia nagusitik lanketa nola egiten genuen inguruko jakin-mina sortu zela. Agian etorkizunean.

Fedibertsoan, euskaran bezala, eduki interesgarria behar dugu. Deigarriak zaizkigun proiektu desberdinak. Eta bide hori aztertu nahi izan genuen -edo behintzat hala da nire kasuan-, Elegose irakurle taldea nolabait aurkeztu genuenean. Lehen urteurren honetan 14 liburu baino gehiago irakurri eta iruzkindu ditugu, euskara hutsean. Eta datu deigarria da, hasi bezain pronto, hilero liburu bakarra irakurtzea adostu genuela kontuan hartzen badugu.

En fin, laburbilduz, uste dut gutxiago kexatu beharko ginatekeela -ni gaur bertan hasiko naiz- olatu hauetan etortzen zaizkigun erabiltzaileek, beti ere arauak betetzen badituzte, gurean egiten duten ibilbideaz eta bertan geratzeko moduko eduki eta proiektu interesgarriak sustatze bidean jarri beharko genituzkeela indarrok. Besteak beste, arauen eta eskubideeen definizioak bere biziko garrantzia badu ere, norbait kaleratu behar badugu, maila kolektiboan egiteko erremintak eduki baditugulako. Falta diren apurrak? Sortuko ditugu.

Bukatuko dut esaten nik gustura entzungo nukeela, beste modu batez ezagutuko ez nukeen musika edo ikusiko nituzkeela gustura, beste modu batez ezagutuko ez nituzkeen filmak.

Software antifak fedibertso antifa

Softwarearen neutraltasunaren afera sakona da. Egia esan behar badizuet egunak ditut. Batzuetan uste dut teknologia, bere horretan, neutrala dela, eta berarekin egiten dugun erabilerak teknologia hori neutrala izango den, edo neutrala izango ez den, definitzen duela. Beste egun batzuetan, ordea, teknologia sortzeko moduak eta munduan nagusi den sistema ekonomikoak teknologia neutrala ez izatera bideratzen dutela uste dut. Oinarrian. Oinarritik.

Hau da hau.

Edonola ere, gaur Fedibertsoaren inguruan berba egitera etorri natzaizue. Fedibertso ingelesetik mailegatutako hitz bat da. Bi hitzen arte nahasketa. Hitz honek nahasten dituen hitzak federazioa eta unibertsoa dira. Hortaz, fedibertsoa unibertso federatua dela esan genezake. Laburbilduz, Fedibertsoa hainbat sare sozialen zerbitzariek osatzen duten ekosistema izendatzen du. Fedibertsoa gaur egun sortze bidean dagoen kontzeptua da. Eta zorionez, software librea izanik eta indargune nagusia komunitatea bera izanik, sortze prozesu horretan parte-hartzeko aukera zabaltzen zaigu.

Nik, gaurko honetan, eztabaida bat elikatuz parte hartu nahiko nuke.

Joan den asteburuan eztabaida sutsu bat eman zen Fedibertsoan. Gab proiektuak adierazpen askatasunaren izenean, eskuin muturreko adierazpenak zabaltzeko askatasuna aldarrikatzen zuen (ederra paradoxa). Beraien aburuz, adierazpen askatasunaren izenean (antza), eskuin muturreko astakirten talde batek babestutako ergelkeriak esateko eskubide osoa zuten. Adierazpen askatasunaren izenean holokaustoa ez zela existitu esan liteke. Antza. Baina ez. Adierazpen askatasunaren izenean ezin liteke horrelakorik esan.

Zer gertatu zen? Ba besteak beste, eduki misogino, homofobo, faxista eta orotar eskuin muturreko ideiak zabaltzeko bozgorailu bilakatu zela.

Gauzak horrela, Tuskyk (Mastodon sare sozialak erabiltzeko baliagarria den Android eta iOS aplikazioetako batek), aldebakarrekoa ematen zuen erabaki bat hartu zuen. Bere aplikazioan domeinu izen hori blokeatuko zuen eta horrela beraien app-a erabiliz ez zioten eskuin muturreko lotsabako horiei “literatura faxista” zabaltzeko aukerarik eskainiko.

Hori egin eta gero, Tusky aplikazioaren garatzailea(k) (ez dakit zenbat diren), beraien burua(k) antifatzat deklaratzen zituzten eta honelako zerbait adierazten zuten:

Ez saiatu gurekin adierazpen askatasunaren diskurtsoaren inguruan eztabaidatzen. Hau da gure adierazpena, #Antifa ikuspuntua baliatuz. Eta egiten jarraituko dugu.

Tusky

(Nik neuk itzuli dut, agian ez da itzulpenik egokiena, hemen daukazue originalera lotura).

Hau irakurri nuenean, egia esan, ez nuen asko hausnartu behar izan. Erabaki egokia zela uste nuen. Faxismoa gelditzeko bere alea eskaintzen zuen modu berean, ez zituelako software librearen askatasunak urratzen. Asteburuan zehar egon den mezu txaparrada eta gero, berdin pentsatzen jarraitzen dut. Tuskyk hartutako erabakia txalotu egiten dut. Are gehiago, erabaki horren alde egoteko bi argumentu ditut.

Lehena, eta garrantzitsuena: faxismoarekiko onargarria den tolerantzia maila bakarra 0 dela. Faxismoarekin, faxismoaz, ez da eztabaidatzen.

Bigarrena, eta blog bidalketa hau idaztearen zergatia: Fedibertsoko mezu desberdinak irakurtzen badituzue, aurkituko duzue nor Tuskyko garatzailea(k) GPL lizentziaren askatasunak urratu izanaz akusatu duen.

Hara! Irakurri ezazue berriz GPLa mesedez.

Zuetako batzuk dakizuen moduan, software librearen aldeko aktibista naiz. Nire ustez, software librea kodea baino askoz gehiago da, bizitza ulertzeko modu bat izan daiteke. Baina ez bizitza bere ikuspuntu erromantikotik. Baizik eta ikuspuntu politikotik.

Software libreak lau askatasun bermatzen ditu. Ez dizuet ezer berririk kontatuko. Lau askatasun horiek, software librearen ekosistema guztia sustengatzen dute. Helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea; aztertu eta aldatu ahal izatea; kopiatu ahal izatea; hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea. Hauexek dira, hain zuzen ere, software librearen lau askatasunak. Eta Tuskyk Gab sare soziala blokeatu izanak ez du askatasun hauetako bat bera ere urratzen.

Bat ere ez.

Adierazpen askatasunaren bandera astintzen duen Gab zerbitzariaren erabiltzaileek, Tuskyk GPL-a urratu izanaz akusatu dute. Baita beste instantzi batzuetako erabiltzaileek ere. Eta bolbora bezala zabaldu da ideia hori Fedibertsoan zehar. “Agian software librea ez da zuentzako”, esaten zion batek baino gehiagok Tuskyri.

Baina, esan bezala, momentuz ez dut akusazio hori sustengatzen duen argudio bat bera ere aurkitu. Agian beraien helburua ez delako software librearen inguruko eztabaida bat sustatzea, baizik eta fakenews itxuradun xantai bitartez Tuskyren kontrako gerra hastea. Agian fedibertsoaren kontrakoa. Zorionez bataila galdu dute. Beraien kodea idaztera kondenatuak izan dira.

Software librea antifaxista izango delako, edo ez delako izango.

Hortaz, gaurko honetan, softwarea ezin da neutrala izan. Neutraltasuna, kasu honetan, neutraltasunaren kontra doalako.