Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz

Ez dakit kapitalismo berdeari ongi etorri egin ziona zehazki nor izan zen. Baina badakit zein asmakizunarekin egin zuen egoerak okerrera: erabiltzen dituzten kapsulak birziklatu ere nekez egin daitezkeen kafe-ontzi horiekin. Seguru nago hori izan zela gure etxeetan sartu genuen lehenetarikoa. Aipatu bezala kapsulak ez ziren oso birziklagarriak eta ondorioz eztabaida sutsua eman zen enpresaren kontra sare sozialetan. Aluminioa eta plastikoa. Eta barruan kafe hondar organikoak.

Beraien inbertsioa kolokan ikusi eta konpostagarriak ei ziren materialekin egin zuten kapsula. Eurek sortutako arazoa, eurek konponduz. Eta denak harro. Nolanahi ere, begi bistakoa da kapsulen merkatuak hazten jarraitzen duen heinean, alternatiba jasangarriagoak eskaintzeko presioa ez dela izan litekeen bezain handia.

Kapsulen ondoren, milaka asmakizun berri iritsi ziren. Eta arazo ekologiko bat sortu ondoren, kapitalismo berdea deritzon osasun larrialdia eragin zuten. Aipatzekoa da ez dela ingurumen-kezka bat buruan dutena, baizik eta gehiago saldu ahal izatea eta gero eta kirats handiagoa duen berniz ekologiko bainu bat hartzea.

Eta lasterketa horrekin bat egiten duten azkenak mugikorrak dira.

Mugikorrak kargagailurik gabe saldu zituen lehen enpresa estatubatuarra izan zen, bigarrena txinatarra. Nik dakidanez, bietako inork ez zuen erabaki produktu berriaren prezioa jaistea, osagai bat gutxiago zuelako. Mugikorra, mugikorraren eta kargagailuaren prezio berean. Lehengo egunean lagun batek esan zidan Europar Batasunaren gidalerroak norabide horretan joango zirela, etxean kargagailu ugari ditugulako eta ez dagoelako gehiago eduki beharrik. Eta ideia logikoa da. Kapitalismo basati batek eutsiko ez balio.

Gailu elektronikoen kargari dagokionez, lehenik eta behin nabarmendu behar da azken urteetako berrikuntzaren zati handi bat baterietan zentratu dela. Karga azkarra, karga magnetikoa, haririk gabeko karga… Erosten ditugun mugikorren karga-abiadurak gero eta handiagoak dira. Nire aurreko mugikorrak 18W-ra kargatzen bazuen oraingoak 33W-ra egiten du. Ez daukat 33 W-eko kargagailurik, mugikorrarekin zetorrena ez bada. Aurrekoa erabiliko banu, ez nuke erabiliko ordaindu dudan karga azkarra. Eta zer gertatuko litzateke? Ba, funtsean, mugikorrarekin ez datorren kargadorea erosiko nukeela. Marketinak saldu, nik ordaindu eta enpresak lapurtu didan hori berreskuratzeko asmoz. Berriz ordainduz. Noski.

Hala ere, enpresak berdetzat joko luke bere burua.

Enpresa ustez berde horiek ingurumenaz benetan kezkatuko balira, mugikor modularrak egitea daukatela bururatzen zait. Horrela, mugikorreko kamera apurtzen badut, ez dut beste guztia erabiltzeari utzi behar. Kameraren modulua erosten dut, aldatu egiten dut eta gailua normal erabiltzen jarraitzen dut berri-berriak dauden gainerako osagai guztiekin. Ez da ingeniaria izan behar antzemateko horrela erabat erabilgarriak diren osagai informatiko gutxiago baztertzeko moduan egongo ginatekeela. Baina tira, ideia hau ez da nirea. Berria ere ez da oso berria.

Era eta bide berean, eskertzekoa litzateke zaharkitze programatuaren teknikak erabiltzeari utziko baliote.

Baina ez. Kargadorea kendu. Proposatzen ditudan biak beraien negozio ereduaren kontra egiten dutelako. Denak berdin jarrai dezan.

Zaldibar: datu irekiak eta aktibismoa

Kafepintxo batekin edozertaz txiokatzeko prest egoten den Koldotxuk idatzitako azkena irakurri nuen atzo. Furanoak eta dioxinak ez dira koronabirusa.

Koldotxuren testu hau hain zintzoa izanik, ez naiz ni izango handikerietan hasiko dena. Aitortzen dizuet: ez dakit furanoa edo dioxina mailak nola neurtzen diren, duela hamabost bat egun zer ziren ere justu-justu nekien eta sarean dagoen desinformazioa kontuan hartzen badut, ez dakit -eta saiatu, saiatu naiz-, nola kalte egiten dioten -zehazki-, gure osasunari. Dakidan bakarra da Ligako partidu bat bertan behera utzi badute, gaitza behar duela kontua.

Hau horrela, bururatzen zait zer egin genezakeen neurketa horiekin. Publikoak balira.

Irekia, Euskadiko gobernu irekiaren ernamuina ei da. Open Data Euskadi, Eusko Jaurlaritzaren, menpeko erakundeen eta beste foru eta udal administrazioen datuak aurkitzeko balio ei du. Baina ez galdetu euren bilatzaile ustez irekiei zein den dioxina edo furano maila Zaldibar inguruan. Datu hauek, antza, ez dituzte betetzen irekiak izatekoa ezinbestekoa den zera hori.

Koldotxuren artikulura bueltatuz, oso galdera interesgarria plazaratzen du: Eskuragarri al daude neurketen datuak? Datu gordinak, estazioetatik zuzenean ateratzen direnak. Gai gara datu horiek azaltzeko edo airearen kalitatea nolakoa den abisuak ematen dituen app bat garatzeko? Lehen galderaren erantzuna -behintzat nik dakidala-, ezezkoa da. Bigarrenarena, ordea, baiezkoa.

Gizarte garden eta demokratiko -hitz honen perbertsioaren jakitun naiz- baterantz egin nahi badugu, ezinbestekoak dira datu irekiak. Datu irekiak modu gordinean eman behar diren datu-katalogoek osatzen dute eta -irekiak direnez-, edozeinek hartu, kontsultatu, prozesatu eta erakusteko aukera dauka. Aktibista talde batek kasu. Zaldibarko zabortegiaren arduradun politikoek eta teknikoek ezer gutxi kontatzen digutela kontuan hartzen badugu, ezinbestekoa zaizkigu “Datu gordinak, estazioetatik zuzenean ateratzen direnak“. Datu horiek izango bagenitu, Zaldibar inguruko herriek bihotzez eskertuko luketen aplikazio desberdinak garatzeko aukera izango genuke. Koldotxuk dioenaren harira, adibidez, dioxina eta furano maila onargarria gainditzen denean, jakinarazpenak jasotzeko.

Eta hori interesgarria litzateke.

Baina are interesgarriagoa izango litzateke larrialdi egoera honen inguruan egin behar ditugun hausnarketak egiteko moduko datuak herriak berak, guk geuk, jasoko bagenitu. Ahal dela, modu zuzenean, librean, neurgarrian eta momentuan bertan. Neurketa hauek, eta datu hauen gardentasuna, gobernu talde desberdinen harropuzkerian mende usten baditugu -zoritxarrez azken asteotan argi bezain garbi ikusi dugunez-, jai daukagu. Eta begiztatzen zait agian hardware librean oinarritzen diren gailuak sortu genitzakeela. Zaldibar inguruko etxe desberdinetan kale-neurketak jasoko dituztenak, eta neurketa guzti horien berri emango luketenak web-zerbitzu baten kontra, eta gure jakinarazpenak kontrolatuko lituzkeela azken honek. Agian ez da erabat egingarria, baina aztertzeak merezi duela uste dut. Zoritxarrez hau ez da egingo Aldundi zein enpresa desberdinek -beraien ergelkeriak zuritzeko asmoz-, sortzen dituzten hackatoi moderno eta moloi horietan.

Gaztetxean bildu beharko gara. Eta bai: burua apurtu. Inork egingo badu, herriak egin beharko duelako.

Agian, gure politikariek ez dituzte inoiz horrelako “egizu zuk zeuk” punk filosofian oinarritzen diren zera hauek homologatuko. Baina kontuan hartu behar dugu zeukaten sinesgarritasun apurra erabat galdu dutela eta -ondorioz-, guk ere, ezin ditugula beraien datuak homologatzen jarraitu.

(Doakiela hemendik besarkada bat Joaquinen eta Albertoren senideei eta lagunei. Ezin dut bizi duzuen guztia ulertu. Baina, gehiegikeria honek eragiten digun amorru horrek, behintzat, zerbait hobea sortzeko balio dezala nahiko nuke. Musu bat.)